EAk PNVren altzotik salto egitea erabaki ondoren, Zaldibarko eakideek, EA moduan aurkeztu beharrean, hautagaitza independiente bat hasi dira prestatzen datozen udal hauteskundeetarako.
Azken urteetan hartu dituzten erabaki bitxien artean, beste bat. Oraindik bitxiagoa, egia esan. 1999an EAk bere zerrenda propioak aurkeztea erabaki zuen aurretik zinegotziak zituzten herrietan. Zaldibarren bazuten zinegotzi bat. Hala ere, Zaldibarko EA PNVrekin aurkeztu zen. Hauek laugarren tokia utzi zioten zerrendan eta halaxe aukeratu zuten Rafa Urizar. Honek, ordea, dimisioa aurkeztu zuen 2000.ean. Eta, bitxikeria, bere ordez ez zen beste EAko bat zinegotzi egin, PNVko bat baizik. EA zinegotzi barik geratu zen. 2003.eko putxerazoan PNV-EA zerrendan, berriro ere laugarren postua utzi zioten EAri. Halaxe aukeratu zuten Javier Irazabal, Arrigorrikoa edo. Irazabalek ez zuen, eta ez du, tutik ere ezagutzen Zaldibarren. Eta Zaldibarrek ere ez du bera ezagutzen.
Eta orain, zer bururatuko eta "independiente" bezala aurkeztea. Kasu bakanetakoa, non alderdiak bereak eta bi egiten dituen alderdi bezala ez aurkezteko.
Azken 3 ia 4 urteetan ohikoa bilakatu den legez Zaldibarko Udal ilejitimoak Zalduherrik aurkeztutako mozio zein proposamenei ez die inolako jaramonik egiten. Udal errejistroan sarrera eman ostean alkatearen mahairaino iristen dira berak aztertu ditzan. Eta horrela pasatu dira ia lau urte, Zalduherrik aurkeztutako mozio eta proposamen guztiek udaletxe barruan egiten duten biderik luzeena alkatearen mahai gainerainoko bidea izan delarik.
Berdina gertatu da Zalduherrik joan den urtarrilaren 12an urjentziaz aurkeztu zuen mozioarekin. Mozio honetan besteak beste, Espainiar gobernuari euskal preso politikoen eta bereziki Iñaki de Juanaren aurkako zigor politika bertan behera utzi eta bere berehalako askatasuna exijitzea proposatzen zen. Baina udal ilejitimo honek, orain arte behintzat, ez du inolako sentsibilitaterik ezta ausardiarik ere erakutsi, eta orain, hain egoera larriaren aurrean beste behin ere, Zaldibarko udal ilejitimo honek bere "demokrazia partikularra" aplikatzen jarraitu du: herriaren proposamenak ezta tratatu ere, are gutxiago ezker abertzaletik datozenak! Halako morroiekin lan gutxiago espainiar epaitegi faxistentzat. BENETAN LOTSAGARRIA!!
Hona hemen Zalduherrik aurkeztu zuen mozioa hitzez hitz:
MOZIOA
Behin baino gehiagotan eskatu zaie Udal honetatik estatu espainiarrari eta frantziarrari beraien espetxe politika aldatzeko. Presoen eta beraien senitartekoen aurkako mendekua beste oinarririk ez duen politika horrek, sufrikarioa beste ezer ez du ekartzen Euskal Herrira. Horregatik, euskal gizarteak berak ere hainbat aldiz, beste hainbat modutara eskatua du bortxazko eskubideen ukazio iraunkor horrekin lehen bait lehen bukatzeko.
Urteetan zehar gizaki eta preso gisa dagozkien oinarrizko eskubide denak zanpatu ondoren eta zigor osoa beteaz kanpora irteteko garaia iritsi zaienean, zigor berriak egotzi nahi zaizkie, Nazioarteko Zuzenbidearen oinarrizko arau denak gainetik pasatu eta praktikan hil arteko zigorra martxan jarriaz. Kartzela politika hau Euskal Herrian ireki nahi den prozesu politikoaren kontrako norabidean doa.
Presoak bahitu politiko gisa erabili nahi dituen kartzela politika honi emandako erantzun gisa ulertu behar da Iñaki de Juanaren gose greba. Abuztuaren 7an hasi eta gaur arte luzatzen den ekimen honek, herri eragile eta herritarren babesarekin batera estatu frantziar zein espainiarrek kartzela politika aldatzeko balio behar du. Ekimenaren gordintasunak nozitutako injustizia uzten du agerian eta presoen eskubideen urraketak irauten duen egun bakoitzak, atzeraezinezko ondorioak sortu ditzake.
Hau dena kontuan izanik eta instituzio publiko gisa Udal honek herriaren aurrean duen ardura bere gain hartuaz, honako puntu hauek aurkezten ditugu Osoko Udal Batzarrean eztabaidatu eta onartuak izan daitezen:
1.- Udal honek, euskal preso politikoen eta bereziki Iñaki de Juanaren aurkako zigor politika bertan behera utzi eta bere berehalako askatasuna exijitzen dio Espainiako Gobernuari. Era berean, Udal honek, bere elkartasuna adierazi nahi dio Iñaki de Juanari.
2.- Udal honek, indarrean dagoen legea egikarituz, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten eta zigorraren 2/3 beteta duten presoen askatasuna eskatzen du.
3.- Udal honek, Euskal Preso Politikoen eskubide guztiak errespetatuak izatea exijitzen die frantziar eta espainiar Gobernuei, eta presoak egoera politikoaren baitan truke-txanpon gisa erabiliak izatea ez dugula onartuko adierazten du. Era berean, presoak, Euskal Herriak estatu espainiar eta frantziarraren aurka duen gatazkaren ondorio diren heinean, konponbide prozesuan ere parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzen du Udal honek.
4.- Erabaki honen berri Rodriguez Zapatero Espainiako Presidenteari eta herritar guztiei emateko konpromisoa hartzen du Udal honek.
Euskal Herrian, 2007ko urtarrilean
Nolako herria nahiko zenuke? Galdera hau erabili du Zaldibarko Udalak, tokiko Agenda 21eko foroan parte hartzeko luzatu duen gonbidapenetan.
Udal kudeaketa optimizatzeko eta udal politikan iraunkortasun kontzeptua barneratzeko garatu duela Agenda 21 prozesua dio.
Tokiko Agenda 21 hiru printzipio nagusitan oinarrituta ei dago: inguru giroari errespetua eta babesa, ekitatea eta justizia soziala eta azkenik, garapen ekonomiko orekatua.
Zalduherrik, gonpidapenik jaso ez duen arren, parte hartu du azaroan eta abenduan zehar burutu diren jardunaldietan. Izan den partaidetza handia izan da. Mahai gaineratu ondoren, batzuk azal besteak sakon, eztabaidatu diren gaiak hainbat izan dira. Ez da bero aldirik falta izan, ezta barre zantzurik ere.
Zaldibarrek bere txikitasunean dituen alde positiboen aldean honako hauek azpimarratu behar: kalitatezko irakaskuntza eskaintza dugula, gazteen formakuntza maila ona. Mendiarekin eta naturarekin dugun gertutasuna, garraio publikoaren eskaintza ona eta abar.
Ahultasunen artean ostera, asko izan da, aipagarrienak: kirol ekipamentu urriak, etxebizitza premiei erantzun beharra, pertsona nagusientzako zerbitzu falta, ekintza kulturalak ospatzeko kulturetxe baten falta, herri barruko zarata, kotxe asko, aparkaleku falta, lurzoru publikorik ez izatea, ur ornidura eta saneamendu sarea Zaldibartar orok ez edukitzea, energía kontsumo altua, herriko denda eta komertzioen egoera txarra, inmigrazioari Zaldibartarrekin eta era berean Zaldibartarrei inmigranteekin integrazioa errazteko planak martxan jartzeko premia, baserri munduaren egoera kaskarra eta abar.
Guk Zalduherriko kideok, Agenda 21eko foroa Udalgintzako lan tresna gisa ulertzen dogu. Nahiz eta jakin badakigun Zaldibarko Udalak eskuragarri dituen antzeko herremintak (arlokako kontseiluak kasu) ez dituela erabiltzen edota erabili duen bakarra (euskara kontseilua) zaborretara bota duela. Dakigun moduan Udal plenoak goizeko 9etan egiteak ez duela Zaldibartarren parte hartzea bermatzen, kontrakoa baino. Beste horrenbeste plenoak bi hilabetetik behin egin beharrean hiru hilabetetik behin egiteak. Ezin ahaztu gainera 252 Zaldibartarren eskubideak urratzen dituela Udal honek, dagozkien bi eserlekuak lapurtuz.
Nolako herria gurako genukeen jakin arazteko nahiko lorratz utzi dugulakoan gaude. Ikusteko dago ordea, Zaldibarko Udalak Agenda 21a Jaurlaritzatik etorriko zaizkion diru laguntzak jaso ahal izateko bakarrik martxan jarri duen hala ez.
Gauza bat behintzat sinesten diogu gure alkate jaunari. Herria hobeto ezagutzen dutenak, bertan bizi direnak direla. Badira bi urte herriko Arau Subsidiarioen barriztapena egiteko eskatu ziola Udalak arkitekto bati eta 2005eko udaberrian aurkeztu zuen aurrerapenean baita duela hiru hilabete aurkeztu duen proposamenean, ez zaio gure herria batere ezagutzen duenik antzematen.
Larregi eskatzea litzateke orduan, denbora apur bat hartuz, bi hilabete edo, Alkateak herritarrak ekarpenak egitera animatuko balitu denon neurriko Arau Subsidiarioak onartu ahal izateko behingoz? Bestela, arkitekto Bilbotar honek eginiko proposamenari alegazioak aurkeztea da gelditzen dan bide bakarra eta epea abenduaren 29an amaitzen da.
Apartheidari aurre egiteko Zaldibarko ezker abertzaleak eratutako bilgunea 2003ko otsailaren 15ean. Herri bilgune gehienak bezala legez kanpo jarri zuten espainiar estatuaren aparatuek, faxistek alegia.Dena dela, faxista ez diren ustezko demokrata batzuk dira, egunero egunero, probetxu handiena ateratzen diotenak jasaten dugun apartheidari. Udal hauteskundeetan zinegotzi bi atera genituen eta euren aulkietan PNV eta PSOEko usurpatzaile bana jesartzen da. Zalduherriren ildo nagusiak, kalean eta udalean landuak, 2005ean honako hauek izan dira: - Etxebizitza duinak behar dituztenentzat. Etxebizitza sozialak eta alokairua. Espekulazioa, udalak bultzatua, salatu. - Herri ondarearen defentsa, bereziki Elexoste eta Sanjuangoa eraikinak eta bere ingurua. - Kultur Etxea Elexoste-Sanjuangoan egitea. - Nekazal lurrak babestu - Durangoko hiltegiaren alde. - Euskararen alde. - Prekarietatearen aurka, lan duin baten alde. - Apartheidaren aurka - Euskal presoak eta iheslariak etxera.
