Urtean 1.550.868 tona zabor sortzen da Euskal Herrian, eta ia gehiena zabortegietan metatzen da
a. sarasola-A. rENTERIA (BERRIA)
Gero eta hondakin gehiago sortzen da urtetik urtera. Etxeetan hainbat gai birziklatzearen kontzientzia handitzen joan bada ere, eta salbuespen txikiekin, konpostatzea bezalako tratamendu motak kasik ez dira erabiltzen Euskal Herrian, sortzen den hiri hondakin zatirik handiena organikoa izanik ere. Hala, Euskal Herri osoan dauden zabortegietan metatzen doa etxeetan egunero sortzen den zabor gehiena. Eta euskal herritar bakoitzak 1,4 kilo hiri hondakin sortzen du egunean, 518,23 kilo urtean, alegia. Orotara, Euskal Herri osoan 1.550.863 tona zabor sortzen da urtean.
Datuek diote, gainera, gero eta zabor gehiago sortuko dela etorkizunean ere. Izan ere, hiri hondakinen sorkuntza gizartearen kontsumo-ohiturei lotuta dago; gero eta ekoizpen eta kontsumo gaitasun handiagoa, orduan eta hiri hondakin gehiago sortzen da. Horren lekuko, datu bat: 1995. urtean herritar bakoitzak 454 kilogramo zabor sortu zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan -orotara 976.154 tona hondakin sortu ziren-. 2005.ean, berriz, 545,6 kilo zabor sortu zituen biztanle bakoitzak -1.165.799 tona orotara- . Hamar urtetan, beraz, % 17 hazi da herritar bakoitzak sortutako hondakin kopurua.
Arabar, bizkaitar eta gipuzkoan sortzen den zabor gehiena (%35a) materia organikoa da, %28 papera eta kartoia, %12 plastikoak eta %9 beira. Ordea, konpostatzen den kopurua oso urria da (%2). Zaborren erdia baino gehiago (55,8) zabortegietara doa; %26,7 birziklatzera eta %15,6 errauste plantara. Nafarroan sortzen den zaborraren materia organiko zatia handiagoa da oraindik:%43. Beste %20 papera eta kartoia da, %9 beira eta %7 plastikoak. Ipar Euskal Herrian, aldiz, sortzen den hondakin guztien %55 Girondako (Frantzia) errauste plantara eramaten da, eta beste %45a zabortegira. Euskal Herria osotasunean hartuz gero zabortegien hautua da nagusi, nabarmen gainera.
Bizkaia da, oraingoz, errausteko planta duen lurralde bakarra. Bigarrena egiteko nahia ere badute agintariek. Eta asmo bera dute Gipuzkoakoek, azken udal hauteskundeen ostetik aurkako alderdiek indarra hartu badute ere. Birziklatze, konpostatze eta tratamendu mekaniko-biologikorako plantak ere badaude aurreikusita bi herrialdeotan. Ipar Euskal Herrian zabortegi, konpostatze eta birziklatze planta gehiago iragarri dituzte ere; errauste plantarik ez, ordea, ezta Nafarroan zein Araban ere.
Nafarroa
Nafarroan 2005ekoak dira hiri hondakinen egoeraren inguruan eskuragai dauden daturik eguneratuenak. Urte hartan, 275.064 tona hiri hondakin sortu ziren herrialdean; hots, 464,3 kilogramo biztanleko. Osaerari dagokionean, hiri hondakinen kopururik handiena (%43,7) materia organikoa izan zen, eta ondoren, papera zein kartoia (%20,1), beira (%9,1) eta askotariko plastiko motak (7,4), hurrenez hurren.
Zaborrari emandako tratamenduari dagokionean, gehien gehiena hiru zabortegi nagusietara eramaten dute zuzenean: Iruñerriko zaborra jasotzen duen Gongorako zabortegira, Lizarraldeakoa biltzen duen Carcarrekora eta Tuterako El Culebretera eramaten dute. Azken horretan biometanizazioa ere egiten dute, eta Carcarrekoan, berriz, konpostatzea ere, zaborra zuzenean isurtzeaz gain.
Iruñerriko zaborraren arazoak ez du aterabide erraza. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren asmoa zen Arazurin biometanizazio planta egitea. Eta eraikuntza ia bukatuta bazegoen ere -lanean ere hasi zen garai batean- Espainiako Auzitegi Gorenak behin betiko itxiarazi berri du, plantak gertuen duen herria bi kilometro baino gertuago dagoelako eta, beraz, legea beteko ez lukeelako.
Bizkaia
Bizkaian 628.292 bat tona hiri hondakin sortzen dira urtean, 2005eko datuei erreparatuta; 552,797 kilogramo biztanleko. Hala, Bizkaia da zabor gehien sortzen duen herrialdea oro har, baina baita biztanleko ere. Zabor horren kopururik handiena zabortegietara doa, baina beste zati bat (iaz %32 inguru) Zabalgarbiko errauste plantan erretzen da. Kopuru hori bikoiztu eta %65eraino iristeko asmoa dute Bizkaiko agintariek, beste errauste planta bat egiteko xedearen alde egin baitute. Horretarako, Bilboko zaborrak jaso nahi dituzte errauste plantan. Baina oraingoz, ordea, Artigasko zabortegira eramaten ditu hiriburuak sortzen dituen hiri hondakinak, eta gauza bera egiten jarraitzeko asmoa du. 143.000 tona zabor sortu zituen iaz Bilbok. Dena dela, bigarren errauste planta eraikitzeko tramiteak datorren urtean hasiko dituzte agintariek.
Hala ere, hori ez da Bizkaiari begira agintariek aurreikusitako azpiegitura bakarra. Eusko Jaurlaritzaren EAEn hiri hondakinak planifikatzeko eta kudeatzeko ildoak dokumentuaren arabera, konpostatzerako instalazio zentralizatu bat jarriko da, «beste zenbait instalazioren laguntzarekin». Horietan, urtean, lehen mailako hondakinen 32.000 eta 36.000 tona jasotzea aurreikusten da. Era berean, zaborraren tratamendu mekaniko-biologikorako instalazio bat egitea ere jasotzen du dokumentuak.
Gipuzkoa
Bizkaiaren atzetik, hiri hondakin gehien sortzen duen herrialdea da Gipuzkoa. 2005. urtean 378.063 zabor tona sortu zuen; 548,945 kilo gipuzkoar bakoitzeko. Zabor gehiena zabortegietara eramaten dute gipuzkoarrek ere, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa da zabortegiak ixten joatea eta hondakinen zati handi bat Zubietako gainetan egin nahi duten errauste plantara eramatea.
Ez da polemikarik gabeko azpiegitura, ordea. Hura kudeatzeko Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa osatu zuten aurreko legealdian errauste plantaren aldeko indarrek. Alabaina, plantaren aurka dauden EAE-ANV eta EB-Berdeak nagusi dira Gipuzkoako mankomunitaterik handienean, San Markoskoan. Dena den, Partzuergoak, Aldundiak eta Donostiako Udalak Zubietako proiektuarekin aurrera jarraitzeko eta lanak 2009an hasteko asmoa agertu dute. Nolanahi ere, urrian ixtekoak ziren San Markosko zabortegia, baina, oraindik ez dute halakorik egin.
Konpostatzeko hiru instalazio egiteko asmoa ere badute agintariek, «gaikako bilketan urtean jasotzen diren 60.000 tonari erantzuteko». Horiek ez ezik, bestelako azpiegitura batzuk ere iragarri dituzte Gipuzkoako Hondakinen Partzuergotik: hainbat transferentzia planta, garbiguneak eta hondakin geldoetarako planta bat.
Araba
Araba osoan 159.444 tona hiri hondakin sortu ziren orain bi urte; biztanleko 528.385 kilo. Bizkaia eta Gipuzkoaren atzetik, biztanleko hiri hondakin gehien sortzen duen herrialdea da.
Arabak dagoeneko badu zaborraren tratamendu mekaniko-biologikorako instalazio bat, Gasteizen. Aurretiazko bereizketa mekanikoaz gain, digestio anaerobiorako eta digestio aerobiorako lineak ditu, eta baita gaika biltzen den materia organikoa konpostatzeko zati bat ere. Konpostatze linea horretan, urtean 18.000 tona inguru jasotzea aurreikusten dute agintariek.
Bizkairako eta Gipuzkoarako ez bezala, ez Eusko Jaurlaritzak eta ezta Arabako agintariek ere, ez dute aurreikusten lurraldean sortzen diren hiri hondakinak erretzeko errauste plantarik eraikitzea.
Ipar Euskal Herria
Ipar Euskal Herrian sortzen da zabor kopuru txikiena Euskal Herri osoan: urtean 110.000 tona inguru; 404 kilo biztanleko.
2003an sortu zen Bil ta Garbi sindikatua; hondakinen plana plantan ezartzea da 2008an ukanen duen erronka nagusia. Hondakindegia Senperen duen Bizi Garbia sindikatuaren salbuespenarekin (35.000 biztanle), Bil ta Garbik Ipar Euskal Herriko zaborrak eta Biarnoko hiru herritakoak kudeatzen ditu. Ez du hondakinen bilketa egiteko eskumenik. Tratamendua da duen eskumen bakarra.
Ipar Euskal Herriko errauste planta bakarra Baionan zegoen, Bacheffores eremuan. Urte luzetan ingurumenaren aldeko taldeen kritika zorrotzak jaso ondoren, planta ixtea deliberatu zuen Bil ta Garbik 2005ean. Bost urtez 60.000 tona inguru igortzen ditu Bordelera trenez eta Girondan errausten dituzte. 25.000 tona Senpereko Zaluaga zentroan lurperatzen dituzte, Bil ta Garbik bere plana garatu bitarte.
Ipar Euskal Herria bi eremutan banatu du sindikatuak, mendebaldea eta ekialdea. Eremu bakoitzak zaborra bereizteko gunea, konposta ekoiztekoa eta azken hondakina lurperatzekoa ukan beharko ditu. Ekialdeko eremuan, Bil ta Garbik Zuberoako Sarrikota Pea herria hautatu du hori egiteko. Protesta ugari egon ziren Sarrikota Pean. Txostena aitzinatu ahal izateko CLIS izeneko lautariko batzordea osatu dute, ingurumenaren aldeko taldeak bertan daudelarik. Usaian hondakindegia lanean delarik osatzen da batzordea, baina salbuespen gisa aitzinetik osatzea onartu du Paueko Prefetak. Elkarrekin adosturik bi ikerlan ezarri dituzte abian, emaitzak erkatzeko aburuz.
Erronka handiena mendebaldeko eremuan du Bil ta Garbik, oraindik ez baitu atzeman azken hondakinak lurperatzeko tokia. Urtea bukatu aitzin ikerketei ekin nahi zien baina Altain Iriart sindikatuko presidenteak akordioa hobestea erabaki eta horrek atzerapena eragin du balorizazio sistema plantan ezartzeko tenorean. Anartean Bil ta Garbik behin-behineko egituraketa dauka, hondakindegi pribatu eta publikoak baliatuz, horien artean Hazparneko Hazketa zentroa.
horra! horra!
gure olentzero
pipa........
«Denok kontzientzia hartzen badugu, hondakinak murriztea posible da», azaldu du Carlos Ormazabal Gipuzkoako Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatuak. Ni ere hondakinak murrizten, Donostiako 21 sendirekin egindako azterketa plazaratu du Aldundiak. Prestakuntza ikastaroa eta hondakin prebentzio sorta jasotzean %15 gutxitu zituzten etxeko hondakinak hautatutako familiek. Datua Gipuzkoa osora barreiatuz, 45.000 tona zabor gutxiago lirateke urtean.
Birziklatzeko ohitura zuten familiak aukeratu eta hilabetez eurek sortutako hondakinak neurtu zituen Aldundiak. Gero hondakinak murrizteko prebentzio sorta eta ikastaroa eman zieten. Orduan lortutako emaitzak liburuxka batean jaso dituzte. 12.000 ale banatuko dituzte prebentzio kanpainetan parte hartu dutenen artean, eta Interneten ere ikusi ahalko da.
Hondakinak %15 murriztearekin batera zaborren gaikako bilketari esker, %25 jaitsi zen zuzenean zabortegietara igorritako zarama. Etxeko konposta da Javier Zarraonaindia Ingurumen zuzendariaren esanetan, ikerketan «emaitza onenak eman dituena». Bataz beste zaborrak %30 murrizten lagundu zuen, nahiz eta lorategia eta baratza duten etxeetan bakarrik ezar daitekeen konposta. Hala, 21 familietatik 14k ez dute hori erabili.
Bestalde, ura botilan edan ordez iturritik hartzea hautatu zutenek %70 murriztu zituzten era horretako plastikozko ontzien hondakinak. Itzultzekoak diren beirazkoak erabili zituztenek, halaber, %20 gutxitu zuten zabor hori. Haur-oihal berrerabilgarriak eta postontzietan propaganda ez onartzeko hautuak ere hondakinak gutxitzeko balio izan du, familien erdiek iragarkiak jasotzen jarraitu arren.
INFORMAZIOA ETA KONTZIENTZIA. «Informazioa, sentsibilizazioa eta ingurumen heziketa» dira funtsezkoak hondakinak gutxitzeko Zarraonaindiaren ustez. Dei egin die gipuzkoar guztiei hondakinak gutxitzeko prebentzio neurriekin bat egin dezaten. Azaldu du lehen aldia dela horrelako azterketa egiten dela eta 2016. urtean 2006ko hondakin maila izatea dutela helburu.
institutuaren berriak,.... argitaratzeko gunea