


Gai nagusia Umorea izango da. Umoreari lotuta egitarauan hainbat ekitaldi antolatu dira.
Stand-ak 317 izango dira eta nobedadeak 554:
Liburuak: 395
Diskoak: 74
Aldizkariak: 18
Bideo-DVD: 23
Argitalpen elektronikoak: 9
Bestelakoak: 35
Azokari buruzko informazioaz gain, edizio honetako liburu eta disko berrien zerrenda, Azokako webgunean kontsultatu daiteke.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 10 urte beteko ditu. Gizartearekin ospatzeko abenduaren 19an Bilboko Euskalduna Jauregian ekitaldi soziala egingo dute ordezkariek. Ospaketa sorreran egon zirenekin, bazkideekin, 10 urte hauetan lagundu duten guztiekin egingo du, administrazioetako arduradunekin, eragile sozial, politiko eta ekonomikoekin egingo du.
Ekitaldian “Euskaraz bai” adierazpenaren edukia gizarteratuko du Kontseiluko idazkari nagusia den Xabier Mendigurenek.
Kalean euskararen erabilera gora doa, Euskal Herri osoko datuak kontuan izanda. Baina motel ari da igotzen erabilera; 17 urtetan %3,4 baino ez da handitu euskararen presentzia kaleetan --duela sei urtetik hona, %0,7 besterik ez--. Kalean entzuten ditugun ehun elkarrizketatik, euskaraz 14 besterik ez dira egun. Herrialdeen artean alde handiak daude, halaber. Gipuzkoa da euskara gehien erabiltzen den eta erabileran gorakada handiena izan duen herrialdea. Araban, Bizkaian eta Nafarroan igoera trabatuago dago. Eta, urteotako joerari jarraiki, Ipar Euskal Herriak eman du berriz ere daturik kezkagarriena: euskararen erabilera behera doa, etenik gabe. Oro har, euskararen ezagutza eta erabilera ez dira maila berean igotzen ari, nabarmen. Bizkaian, esaterako, hamar euskaldunetik seik kalean ez dute euskara erabiltzen.
Euskararen Erabileraren V. Kale Neurketak utzitako datuak eta ondorioak aurkeztu zituen Soziolinguistika Klusterrak, Donostian. 2006an, milaka elkarrizketa eta 185.000 hiztun inguru behatuta egin dute ikerketa.

Bi euskaltzain oso berri izango ditu euskararen akademiak, Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra. Literaturak elkartzen ditu euskaltzain oso berriak, baina akademian izango duten egitekoa oso desberdina izango da. Soziolinguistikaren eta komunikazioaren alorretik egingo du ekarpena Torrealdaik, nagusiki, eta filologiaren eta linguistikaren alorrean, batez ere, Oñederrak.

Uhinen hizkuntza euskara da. Euskara dugu bidelagun. Ttan ttakun irratiko irratsaioa da ‘Uhinen hizkuntza’, Donostiako irrati libre euskaldun bakarrean entzun daiteke. Ahotsa eta musika dira gure euskararen unibertsoaren inguruan aritzeko bidea.