Artxiboak: Maiatza 2007

Ttan Ttakun irratiko programazio berria

2007-05-30
Donostiako irrati euskaldun libreak programazio berria du. Ttan Ttakun, 106.8 FM.

Programazioa:
http://www.ttanttakun.com/index.php/programazioa

Ondarroan izando da Euskal Eskola Publikoaren jaia

2007-05-30

Ondarroak (Bizkaia) hartuko du aurten Euskal Eskola Publikoaren Jaia. Igandean izango da, eta aurten hamaseigarren ekitaldia izango du. Egitarau zabala prestatu du Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (EHIGE), betiere Ondarroara joango diren gazteen eta familien parte-hartzeari bideratuta.


Berria ikusteko:

http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=harian&data=2007-05-30&orria=020&kont=006

D ereduko ikasleen %33 ez dira euskalduntzen

2007-05-27
Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskatuta euskararen ulermen mailaren inguruan egin duen azterketaren emaitzak ezagutarazi ditu: 6. mailako D ereduko ikasleen %67k, B ereduko %39k eta A ereduko %2k gainditu dute B1 azterketa. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 1.599 ikasleri egin die galdeketa ISEIk. B1 mailak, ikasgaiak euskaraz ikasteko hizkuntzaren ezagutza bermatzen du. Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren hitzetan, "ereduen sistema gainditu beharra dagoela erakusten du azterketak". Txostena ikusteko: http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/dokumentuak/2007/euskararen_b1_maila_LHn.pdf

Alderdi politikoen ERANTZUNAK

2007-05-26
Kontseiluak alderdi politikoen hautagaiei euskarari buruzko hiru galdera zuzendu zien kanpaina hasieran, orain, bukaeran erantzunak dokumentu honetan jaso ditu. Hiru iturri izan ditu erantzunak jasotzeko: zuzenean bidalitakoak, Martin Ugalde Foroan antolatutako mahai-inguruan azaldutakoa eta Berriak egindako elkarrizketa digitalak. Kontseilura oso erantzun gutxi bidali dituzte hautagaiek, nahiz eta euskalgintzako ordezkaritza zabal batek publikoki eskaera egin zuen eta zuzenean hiriburuetan aurkezten diren alderdi politiko guztiei eskaera egin.

Erantzunak:
http://www.kontseilua.org/txostenak/Euskalgintzaren%20galderak%20alderdiei-%20ERANTZUNAK.pdf

Getxoko hizkuntza-politikarako proposamena

2007-05-21

Getxoko Bizarra Lepoan euskara elkartean hizkuntza-politikan aurrera egiteko proposamena egin du. Proposamen ikusgai jarri dute helbide honetan:

http://www.blogari.net/bl/2007/05/21/proposamena

Hiru galdera hautagaiei

2007-05-17

 

Euskalgintzak alderdiei zuzendu nahi dizkien galderak, hautagaiek zer egin behar duten jakiteko Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, hauek dira:

 

1.- Zure alderdiak kudeatuko duen Administrazioak noiz eskainiko ditu zerbitzu guztiak euskaraz? Eta noiz lan egingo du euskaraz?

 

2.-  Administrazioak aurrekontuaren zer portzentaia erabiliko du euskararen normalizaziorako?

 

3.- Zer aldaketa egingo ditu corpus juridikoan? Udalak euskararen aldeko arautegi edo ordenantzarik ezarriko du, edo daudenak hobetuko ditu?

 

Hiriburuetako hautagaien erantzunak jasoko ditu Kontseiluak egunotan.

Bidaltzeko helbidea: komunikazioa@kontseilua.org


Euskalgintza "/tmp/phpLqMb8I"

Nabigatzailea euskaraz

2007-05-14
www.sustatu.com
Microsoft Internet Explorer:
Herramientas - Opciones de Internet - General -
Idiomas – Agregar;  eta han barruan gehitu Euskara (Vasco edo Basque
moduan azalduko da. eu da euskararen kode
internazionala)
 
Netscape edo Mozilla:
Edizioa - Hobespenak - Navigator - Hizkuntzak -
Gehitu
      Edit - Preferences - Navigator - Languages - Add
      Edición - Preferencias - Navigator - Idiomas -
Añadir; eta han barruan gehitu Euskara (Basque edo Vasco
moduan azalduko da. eu da euskararen kode
internazionala)

Basauriko azken euskaldunak

2007-05-14

Koldotxuren blogean irakurrita:

http://www.blogari.net/koldotxu

 

Jon Arretxe eta Fabian Laespadak burututako lana DVD formatoan aurkeztuko da maiatzaren 15ean, 19:00, Ibaiganeko Kultur Etxeko Areto Nagusian.

Lan honen argitalpena Euskarabilaren ekimenaren ondorioa da, Basauriko Udalaren laguntzarekin batera.

Eguraldi ederra uholdeei aurre egiteko Herri Urratsen

2007-05-13
Herri Urratsek aurten ere ez du hutsik egin, lehengo astean Senperen (Lapurdi) uholdeak oso handiak izan ziren arren. Euskaltzaleek, ordea, egunotan lan asko egin dute euskararen aldeko festa egin dadin.

Euskara eguna debekatua Portugaleten

2007-05-13

Portugaleteko udaleko ordezkariek larunbat honetarako antolatutako Euskera Eguna ospatzea debekatu dute. Dirudienez arazo tekniko batzuk omen daude,eta beraz, larunbaterako Euskal Herrian Euskaraz kolektiboak antolatutako ekitaldiak bertan behera utzi zituzten.

Hizkuntz Eskubideen Behatokia ezagutarazteko gidoi lehiaketa

2007-05-07

Oarsoaldeko Hitzan argitaratua:

Film labur bat egiteko gidoi lehiaketa antolatu du Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak. Bilgunea aspaldi dabil Oiartzunen Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren berri ematen: «Behatokia euskal herritarren hizkuntza eskubideez arduratzen da. Erakunde horren lana eta zerbitzua erabiltzearen garrantzia gizarteratzeko beste ekimen bat» da film laburra egitea.

 

«Film laburra egin nahi dugu, hizkuntza eskubideen urraketen berri eman eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren funtzioa adierazteko», esan dute Ttur-tturrekoek. Horretarako, gidoiak behar dituzte eta lehiaketa prestatu dute.

 

Aurkezten diren gidoi edo istorio guztien artetik Ttur-tturrek «egokiena» iruditzen zaiona aukeratuko du, «helburua beteko lukeen aztertuz eta gerora film laburra grabatzea bideragarria izango litzatekeen kontuan hartuta».

 

Ttur-tturrekoen asmoa «DVD bat egitea da, ikastetxeetan ematen diren motibazio saioetan, hizkuntza eskubideen gaineko jardunaldietan, gazte bilguneetan..» erabili nahiko lukete.

 

Bizkaian, errenta aitorpena euskaraz!

2007-05-06
Berrian argitaratua:
http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2007-05-06&orria=006&kont=008

Urtero bezala errenta aitorpena egiteko garaia heldu zaigu. Eta aspaldiko aldarrikapena da errenta aitorpena euskaraz egin ahal izatea. Guk barrirokideok ez dugu aukera hau alferrik pasatu gura, eta «barriro» ere errenta aitorpena euskaraz egiteko deialdia egiten dizuegu. Edozelan ere, aitorpena euskaraz egiteko deialdiaz gain, gogoetatxoa egin gura dugu guk, beste gai hauetaz ere:

-Dirudienez, erakundeen aldetik, ez da euskararen erabileraren aldeko mugimendurik egin behar. Gizartean ere hedatu eta sustraitua dagoen ideia. Erakundeek errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera eskaintzen dute, eta kito! Erabileraren kontzientziazioa, eta erabileraren aldeko ekimenak, beste elkarteen zeregina, omen; Euskal Herrian Euskarazena, Kontseiluarena...

-Aitorpena euskaraz egiteko inolako iragarkirik azaldu ez denean, erakundeek hausnarketa egin beharko lukete, Bizkaian gizarteko %20 euskalduna izanda, zergatik ez du %3k baino aitorpena euskaraz egiten? Aitorpena euskaraz egitearen aldeko iragarkiak, ez lirateke bestelakoak izan beharko? Hala nola «Egizu euskaraz zeure eran, ez lotsatu, gu zurera moldatuko gara eta». Bestalde, jende askok administrazio hizkera ez du ezagutzen, eta askotan ez ulertzearen beldur da. Kasu horretan zergatik ez errenta egiten den bitartean euskaraz aritu, eta amaitu ostean, zalantzak uxatzeko, bi modeloak eman, bata euskaraz eta bestea erdaraz? Horrelako ekimenez ez al litzateke gehiago erabiliko euskara? Euskaraz egiteko iragarkia egite hutsa baino gehiago (eta gehiagotan) egin daitekeela pentsatzen dugu.

-Zoritxarrez, oraindino administrazioen irudia erdalduna da. Bakan batzuk dira ausartzen direnak euskaraz egitera, aurretik euskaraz egiten entzun ez badute, edo horren aldeko gonbitik ez badago (errotulazioa elebiduna, baina berba nagusiak erdaraz). Horrexegatik uste dugu administrazioak jarraitu beharko lukeela izan euskaraz egitearen aldeko kanpainen buru.

Ikusten dugunean hizkuntzaren izatea edo ez izatea erabileran dagoela (erabiltzen ez diren hizkuntzak hilak dira) ez dugu ulertzen administrazioak inolako ahaleginik ez egitea jendeak euskara erabil dezan, kasu horretan errenta aitorpena euskaraz egiteko deialdia. Jakina denez administrazioak honen edo haren aldeko (edo kontrako) kanpainak antolatzen ditu jendearen jarrerak, egiteko erak, zein ohiturak aldatu gura dituenean eta gizartean eragin gura duenean. Beraz, berriro diogu, euskalgintzan, eta euskal komunitatean kezkarik nagusiena erabilera denean, eta errenta aitorpena euskaraz egiteko aldarria izan denean, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diogu aipatutako kanpaina egin dezan. Faltan ditugu aurreko garaiak, kanpainak egiten zirenekoak, edota, errenta aitorpena euskaraz egiteagatik Aldundiak zorioneko gutuna igortzen zigunekoak.

Erabileraren inguruan, eta honekin neurri handi batean, bat gatoz, Jose Manuel Odriozolak BERRIAn (07-04-26) honakoa idatzi zuen: «Euskara jakiteak ez gaitu euskaldun egiten... definizioaren bila hiztegira jota honako definizio hau agertzen baitzaigu ia beti: 'euskalduna euskara dakien pertsona da'. Jakina, definizio horren okerraz berehala jabetzen gara, hala ere: ingelesa jakiteak ez gaitu ingeles bihurtzen, edo beste edozein hizkuntza jakiteak ez gaitu hizkuntza horri darion identitatearen jabe egiten... Hizkuntza, ezer izatekotan, ekintza soziala delako, eta ekintza komunikatibo eta kognitibo horren lantegian euskararen hitzik lantzen ez bada, ez dago euskaldunik».

Guk Barrirotik (Bizkaiko Foru Aldundian euskara sustatzeko taldetik Barriro@bizkaia.net) errenta aitorpena, zein beste edozein idazkia, galdera... administrazioan euskaraz egiteko deialdia egin gura dugu. Edozein arlo bezala, administrazioa ere euskaldun!

Zure erabilerak euskalduntzen gaitu!

Jesus Pascual. Barriro Bizkaiko Foru Aldundiko euskara taldearen izenean


Barakaldoko Udalean ez dago euskara ikusterik

2007-05-05

Barakaldoko Udal Gobernuak urteetan zehar abian jarritako hizkuntza politikaren balantzea egin dute Barakaldoko euskalgintzako erakundeek, ekintza sinboliko batekin batera. Han adierazitakoak ekarri dituzte hona Sasiburu Euskara Elkarteak.

Udaletxe aurrean elkartu ziren herritarrak, bertako Udal Gobernuak kaltetutako barakaldar euskaldunak direla gogoraraziz. Urteetan zehar udalerrian abian jarritako hizkuntza politikak ikusmena larriki kaltetu diela adierazi zuten.

Udalak ekoizten dituen euskarri komunikatibo ia guztietan euskararekiko irizpide murriztaileak erabiltzen dira SasibururenEuskara Elkartearen arabera.

Beren hitzetan: “Irizpide hauek, barakaldar euskaldunon hizkuntza eskubideak baztertzeaz gain, gure ikusmenarengan eragin zuzena dute”.

Momentu honetan gogora ekarri zuten Euskararen Erakundeen Kontseiluak burututako Udalen hizkuntza politikaren neurketan, Barakaldoko Udalak, eskuratu ahal diren 10 puntutatik 1,13 besterik ez zituela lortu (Gasteiz, Iruñea eta Santurtzi bezalako herrien baino puntuaketa nabarmen kaxkarragoa).

Hizkuntza politika berria behar dela ere aldarrikatu zuten. “Gure ikusmen eta hizkuntza eskubideen osasunak hizkuntza politika berri baten behar dute... “

EUSKARA BAI, MIOPIARIK EZ !!

Hizkuntza-eskubideak apustuetan?

2007-05-05

EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratutako apustuak ustiatzeko baimena aztertuta, Behatokiak kritikatu du euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko irizpiderik jarri ez izana. "Euskara baloratu besterik ez da egingo, eta zehaztu gabeko neurri txiki batean", salatu dute.

Behatokiak jada 2005ean esparru honetan ere euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko bidea egiteko eskaera egin zuen, hau da, prebentzio lana egin zuen. Behatokiak eskutitz bana igorri zien Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Herrizaingo Sailburuei, zein Hizkuntza Politikarako sailburuorde eta Joko eta Ikuskizun zuzendariari.

Gaur argitaratutako Aginduan, aldiz, euskararen erabilera, beste hainbat elementurekin batera, baloratu besterik ez dela egingo ezarri dute. Behatokiaren arabera, onartezina da lurralde honetako "berezko hizkuntzaren" erabilera puntuen bidez saritzea, eta hizkuntza hori ez erabiltzeko bideak zabaltzea. Izan ere, esleitzeko balorazio-irizpideetako 100 puntutatik 25 lokaletan ezarriko diren segurtasun eta kalitate neurriak baloratzeko dira, eta bertan, besteak beste, euskararen erabilera baloratu da.

Behatokiak esleipena jasotzen duten enpresekin harremanetan jartzeko asmoa du herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko bitartekoak jar ditzaten.

Mozilla Gehigarrien webgunea euskaraz

2007-05-05

Mozilla fundazioak orain gutxi bere produktuentzako gehigarriak biltzen dituen webgune berria eman zuen argitara, hobekuntza ugarirekin eta erabiltzaileek behar zuten berehala aurkitzeko helburuarekin.

Gainera, berrikuntza nabarmenetariko bat webgunea hizkuntza desberdinetara itzultzeko aukera da. Librezale taldeak euskarara itzuli du euskal komunitateak gustoko gehigarriak eskuratzeko inongo arazorik izan ez dezan. Agian, akats batzuk egongo dira itzulpenean, beraz okerreko zerbait aurkitzekotan jakinarazi Wikian:

http://wiki.librezale.org/index.php/AMO-akatsak

Iritzia: Euskaldunok geurean oraindik arrotz

2007-05-05

TXILLARDEGI Idazlea eta hizkuntzalaria

Berrian argitaratua.

Mende heren bat joan da Franco Bahamonde hil zenez geroztik. Kataluñak, ezagunak diren arazo guztien gainetik, aurrera atera du 31 urte honetan bere kataluñartasuna. Kataluña ez dago Ipar-Murcia bihurtzeko arriskutan. Katalana izatea katalanez mintzatzetik hasten da.

Euskal Herrian, aldiz, jator hitzegingo badugu, ez gara oraindik abiatu. Irlandatik bertago gaude Kataluñatik edo Flandriatik baino. Nazio pizkundeen multzoan salbuespen eta porrotaren eredu bihurtu dena bide dugu gogoko.

Alegia, errotik arrotza litzatekeen «Euzkadi»ra hurbiltzen ari gara.

Telebistaren termometroak asaldatzen gaitu, eta zalantzatarako atekarik gabe uzten. Neurketek erakutsi dutenez, gure tele-ikusleek %96ak hautatzen dituzte erdal hedakinak, eta %4ek bakarrik ETB1.

Joera bera nabaritzen da irratien arloan. Edozein bazterretan entzuten dira «Cuarenta principales», eta enparauak; eta oso oso leku gutxitan Euskadi Irratia, Euskadi Gaztea, eta abar. Geure hedakineekiko boikota zinez da harrigarria.

Euskara ez da inondik ere euskal mogimenduaren ardatza.

Hots, «buruti hasten da arraina kharatsen» zion Oihenartek bere Atsotitzetan (ikus 106.garrena). Eta gurean, zoritxarrez, «burutik» datoz kiratsa eta minbizia.

Mila diximulutan mazorroturik, euskararekiko mespretxu zaharrak tinko dirau.

Oraindik ere jende askok, are ustezko «abertzale» mordo batek ere, debekatu egiten du lasai bere aurrean euskara erabiltzea.

Hizkuntza ez da dena. Ingelesez jakite hutsak ez gaitu ingeles egiten. Egia. Baina ingelesez ez jakiteak ez digu ingeles kulturaren ataria zabaltzen.

Hizkuntza ez da dena. Noski. Baina mutu geldituko ez bagara, mintzairaren hautua egin behar dugu aurrenik kultura mamitzerakoan. Eta Hegoaldean hautu bakarra hau da: euskara ala espainiera.

Fartsaren maila oso gora joan da. «Egun on, bai» elkarretaratzean esan, eta kitto. Espainierazko hitzontzikeria guztia, mirakuiluz, euskaldundurik gertatzen!

Hala ere ezer ez zaio mingarriago alienaturik ez dagoen herri bati, bere hizkuntzarekiko mespretxua eta uko faktikoa baino.

Jose Mari Iturraldek azkeneko «Mugalari»an (2007-IV-28) ezagutarazi duen adibidea are argitsuago gertatzen da giro honetan.

`Tamer' izeneko palestinarraren kasoa azaldu digu: «Tamerrek oso ondo daki euskaraz -dinosku Iturraldek- eta euskal gaiak bere egin ditu».

Non dira gure puntuzko elebakarrak? Zeren zai daude beren inguruan espainieraren inposaketari uzteko? AEKn, HABEn, eta beste anitz ikasgutan, milaka lagunek (milaka, bai) ikasi baitute gure hizkuntza.

Unamunok Kierkegaard filosofo existentzialistaren obra hobeki ulertzeko danieraz ikasi zuen. Maxwell fisikari hilezkorrak, bide beretik, italieraz ikasi zuen; Carlo Matteuci Pisako irakaslearekin harremanetan hasteko.

Gogora dakarkit honek aspaldian abertzale baten ahotik entzun nuen xelebrekeria: «yo no hablo vasco porque soy de Estella». Estellakoa izan arren, oso ongi zekien frantsesez eta ingelesez.

Horrelako esaldiek ostiko galanta zaizkigu geure bizi guztian barrena hizkuntza nazionalaren alorrean ahal izan dugun guztia egin dugunoi.

Orain badakigu Koldo Izagirre eta Joseba Sarrionaindia, esate baterako, maila handiko autoreak direla Literaturaren alorrean.

Eta «non-fiction» sailean, maila goreneko autoreak direla Joxe Azurmendi eta Paulo Iztueta, beste bi izen ematekotan.

Euskarari uko hertsia egiten dion jendeak, hala ere, ez du hau somatu ere egiten. Jakina. «Paso» egiten dute lasai asko. Areago: euskal letrak zertan dauden irizpide anpurus eta harroputzak emateko ez dira batere herabe. Badakizue: itsuago, ausartago.

Euskal Literatura azaltzen zuen jesuita hark aitortu zidana gogorazten dit honek; garbi esan baitzidan «Leturiaren egunkaria ezkutua» liburuan ETAko militante baten pasadizuen kondaira egiten dudala uste zuela... Euskaraz ez zekien, noski.

Oso urrun gaude oraindik espero zitezkeen jarrera eta praxietatik.

Eta denbora joanago, eta okerrago.

Euskarazko itzultzaile autonomatikoa

2007-05-05

Eusko Jaurlaritzak prozesu bat abiatu du euskarazko itzultzaile automatiko bat sortzeko. Horretarako, eta lehiaketa publikora deitu aurretik, hizkuntzen prozesamendu automatikoan lan egiten duten bost enpresatara jo du: Euskal Herriko hiru (Eleka Ingeniaritza Linguistikoa, EmergiaTech eta InterLan System) eta Kataluniako bi (Automatic Trans eta Translendium).

Larzabalgo ikastolaren alde 210.000 euro lortzeko kanpaina

2007-05-05

Landa milaka pago kanpaina abian ezarri du Pagatxa elkarteak. Seaska erakundea Larzabalen (Nafarroa Beherea) eraikitzen ari den ikastetxea hornitzea da kanpainaren helburua. Seaskak bere gain hartu du ikastetxea eraikitzeko diru zama, baina eskola materiala ikastetxearen gain gelditzen da. Heldu den eskola sartzerako prest izango da egoitza, eta materiala erosteko behar diren 210.000 euro lortzea da Pagatxaren erronka, ikastetxeak behar dituen ordenagailuak eta abar erosi ahal izateko.

D ereduan matrikulatzeko deia Nafarroan

2007-05-05

Hauteskundeak irabaziz gero, Nafarroako eredu elebiduna british school izango dela iragarri zuen, aste honetan, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak. Hau da, ingelesa eta gaztelaniazko eredua. Eta, horretarako, hurrengo sei urteetan eredu hori hogeita bost ikastetxetan ezarriko zutela iragarri zuen. Bestetik, D eredua eskaintzen duten Nafarroako 53 ikastetxeko zuzendarien elkarteak, NIZE-k, euskarazko ereduaren baliagarritasuna defenditu zuen, eta aurrematrikulazio kanpainaren atarian, eredu horren alde egitera deitu zuen.

:: Hurrengo orrialdea >>


irratsaioa

Uhinen hizkuntza euskara da. Euskara dugu bidelagun. Ttan ttakun irratiko irratsaioa da ‘Uhinen hizkuntza’, Donostiako irrati libre euskaldun bakarrean entzun daiteke. Ahotsa eta musika dira gure euskararen unibertsoaren inguruan aritzeko bidea.

| Hurrengoak >

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Uhinen hizkuntza

uhinen

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution