Uda hurbiltzen den heinean, edo ikasturteko nekea metatzen doan neurrian, udako planak egiteari heltzen diogu. Batzuk.
Beste batzuk, ohiko galderei erantzun ezinik ibiltzen dira/gara eta leku exotiko, berezi, cool eta interesgarririk bisitatzeko asmorik ez dutela/dugula, udaren inguruko eztabaidetatik ihes egiten saiatzen dira/gara.
Mendialdera? Hondartzara?
Herriko jaietan presente? minutu bakar bati uko egin barik, opor guztiak ausente?
Gairen bat eskegita gelditu zaizula eta ikasteari ekin beharko diozula?
Auzolandegiak, hizkuntzak ikastera, deskantsatzeko tartea, ordu luzetako gabak erretzeko aukera...
Uda aurpegi anitzetako ispilua da. Urte osoan metatutako behar eta gogoei heltzeko ispiluen gela bihurtu dugu. Batean islatu eta beste gainontzekoetan irudi biderkatua jasotzeko egiten ditugu planak.
Udan zure neurrirako planak egiteko enpresak ugaldu dira azkenaldi honetan.
Eta bakarra da 200€ baino gutxiago kobratuta, 30 plan baino gehiago eskaintzen dizuna.
Yogaren helburua kontzientzia da, kontzientzia suspertzea: Yoga = jabe; Yoga teknikak kontzientzia suspertzeko tresnak ditugu.Oteitzaren hausnarketa izpiritualak gure aurre.indo.europar sustraietara garamatza. "Hutsa" dio Oteitzak: "ezer ez den huts.etik, oro den huts.era" (taza hutsetik, kafe hutsera bezala).
Datorren urtean, 2008ko urriaren 21ean hain zuzen, beteko dira 100 urte Jorge Oteitza Orion jaio zenetik.
Bere omenez eta gure osasun fisiko eta izpiritualerako, aurtengo udako ikastaroan Yoga ariketak egiteaz gain, Oteitzaren "Ejercicios espirituales en un tunel" liburuan proposatutako ariketak egingo ditugu, bere etxean bertan Alzuzako museoan.
Ikaslegoari dagokionez, barne lasaitasun bila dabilen edozeinentzako aproposa da ikastaro hau. bai eta Oteitza zale zein jakin-minez daudenei.Edo Yoga ezagutu zein praktikatu nahi duen edozeini. Artea iraultza moduan bizi nahi duten guztiei. Nor bere buruaren jabe izateko bidea egin nahi dutenei.
Ez da inolako titulaziorik behar; gogoa, murgiltzeko gogoa, ezinbestekoa da.
Psikologian generoaren inguruko ikerketak eta lanak ugaritzen ari diren arren, ikerketa-lerro desberdinetako ekarpenak bilgune komunean jartzearen falta sumatzen da. Horrenbestez, zenbait esparrutan (psikologia sozialean, garapeneko psikologian, psikologia klinikoan, kirolaren psikologian) hainbat profesionalek eginiko lanak plazaratuko dira, gaiaren inguruko komunikazioa areagotzeko eta eztabaida gizarteratzeko.
Ikastaro hau Psikologian eta generoaren ikasketetan interesa duen orori dago zuzenduta, eta bereziki gomendagarria izan daiteke genero ikuspegitik azterketan interesa dutenentzat. Psikologoei, irakasleei, gizarte-hezitzaileei, soziologoei, zein ikasketa hauetako ikasleei zein gaiaren interesa duen orori dago zuzenduta.
Ahozko ipuinak hobeto ulertzeko modu bat sailkapena da, eta ez alferrik, munduaren buelta osoko kulturetan ipuinek mekanika bat eta bera erabiltzen baitute. Berdintzen dituen ezaugarri horrez gain, desberdintzen dituzten moldeak dauzkate, zaletasun propioak, asmatutako moldeak eta oihartzun zaharrak...
Sailkapen unibertsal ospetsuak daude, ez ordea euskal ipuinen sailkapen izena merezi duenik. Gu hutsune hori estaltzen saiatuko gara ikastaroan, W. Websterrek bildu zituen laurogeita bost ipuinak aitzakia hartuta. Ipuinen mekanika ulertzen saiatuko gara, giza geografia aztertuko dugu, ipuinak eredu nagusietan multzokatuko ditugu, heroiak hartzen duen (irten)bideaz hitz egingo dugu, eta zein sentimendu hanpatu nahi den ipuinarekin. Eta hori guzti hori, Websterren eta bildumagile esanguratsuenen errepasoa eginez.
Ikastaro honen bitartez ipuinak aztertzen trebatuko da ikaslea. Irakurri eta esan egingo ditu ipuinak, ez beti osoak ez beti taldeko belarri guztientzat, baina jakingo du ipuin bat birkontatzeko arreta non jarri behar duen.Halaber ikasleak ezagutuko ditu Euskal Herriko ahozko ipuinen bildumak, noiz jasoak diren eta nortzuk diren bildumagileak. Bereziki W. Webster eta bere bilduma ezagutuko ditu.
Ikastaroa Iruñean izango da, UEUko Udako Ikastaroen barruan, 3 egunez.
Ajax (Asynchronous JavaScript and XML) programazio-lengoaiak berebiziko indarra hartu du azken urteetan. Web bidezko aplikazioak eta zerbitzuak eskaintzeko oso ezaugarri interesgarriak eskaintzen ditu hainbat teknologia biltzen dituelako: CSS, Javascript, XML, HTML, XSLT...Hainbat produktu garatu dira teknologia hori erabiliz: Gmail, Filckr, Google Maps... Euskal Herrian ere erabiltzen ari da: zabaldu.com, ztcorpusa.net...
Ikastaroak helburu bi betetzea bilatzen du:
Ajax teknologia ezagutzea eta non aplikatu ikastea.
Praktikaren bidezko erabilera adibideen eta ariketen bidez.
Ikastaroa UEUko Udako Ikastaroen barne izango da, Iruñan, bi egunez: uztailaren 18 eta 19an.
Aeronautika gero eta garrantzi handiagoa izaten ari da Euskal Herrian. Zoritxarrez aeronautika gaien inguruko ezagutza maila oso mugatua da eta zer esanik ez euskarazko terminologia eta kultura aeronautikoa. Ez da exisitzen. Etorkizuneko gaia denez eta bide luzea egiteke dagoenez, lehen pausoa delakoan planteatzen dugu ikastaro hau.
Ikastaroak 3 helburu bete nahi ditu:
Lehenik eta behin, jendearen indar eta interesen balorazioa egitea.
Bigarrenik, terminologia eta gai desberdinak pixkanaka-pixkanaka lantzea.
Azkenik, kultura aeronautikoa sustatzen hasi eta material didaktikoa sortzea.
Txikitan, bizitzan moldatzeko balio izan digun modu bat, rol bat, komunikatzeko era bat ikasi genuen, (adibidez: lotsatia, liderra, kanporakoia edo barnerakoia, esanekoa eta abar). Eta beharbada guk rol hori "ontzat" emanen dugu. Baina ona hoberenaren etsaia izan ohi da. Ontzat edo nahikotzat jotzen dugun horrek, era berean, konformismoan harrapatzen gaitu eta lortzen ditugun emaitzak hobetzea galarazten digu.
Mintegi edo tailer hau praktikoa da funtsean. Bertan, parte-hartzaileak bere muga zaharrak identifikatuko eta komunikazio modu berriak ikasiko ditu, ariketa arin, ugari, dinamiko, eta giro dibertigarrian.
Ahalik eta naturaltasun, argitasun eta jario handienarekin hitz egiteko teknika erraz eta baliotsuak ikastea da ikastaro honen helburua, besteek hobeki ulertzea ahalbidetuz, lanean denbora eta eraginkortasuna aurreztuz, gatazkak konponduz, autoestimua ere hobetuz eta gainerakoekin ditugun harremanetan kalitate handiagoa lortuz eta, ondorioz, horrekin guztiarekin, baita emaitza hobeak eta bizi-kalitate hobea ere.
Ikastaroa Iruñan izango da, uztailaren 16tik 20ra, UEUko Udako Ikastaroen barruan.
Abiapuntua literatura izanik, hitzen eta irudien arteko harremanez hausnarketa egitea da ikastaroaren helburua.
Garai hauetan kontagintzak hartu dituen forma berriez gogoeta egiteko, funtsezkoa da literatura harremanetan jartzea gero eta pisu handiagoa duen kultura bisualarekin eta horretan ahaleginduko da ikastaro hau.
Xede horrekin, hainbat azpiatal landuko dira: komikia, ilustrazioa, zinemagintza eta gidoigintza. Azken urteotan alor hauetan izan da sormen lan interesgarririk gurean eta izan dute diziplina hibrido hauek goraldirik (komikigintzak, edo literaturatik zinemarako egokitzapenek, kasu) eta sortzaile nahiz sormen lan horiei plaza eskaintzea eta haiei buruzko gogoeta egitea ditu ikastaroak helburu, maiz kritikaren eta literatur zirkuituetan bazterrean geratzen diren gaiak baitira.
Ikastaroa Baionan izango da, uztailaren 10etik 13ra.
XX. mendearen 70eko hamarkadan, Gizarte Zientzietako zientifikoek zein hainbat argazkilarik, pixkanaka-pixkanaka, argazkien esanahiei heldu zieten oinarrizko mekanismo psikologikoen isla zirelakoan.
Esaten dutenez, argazkietan bi elementu nagusi bereizten ziren: batetik, argazkiaren egilea; beste alde batetik, argazki baten protagonista (subjektua, objektua, paisaia, talde bat, etab.). Egileari dagokionez, argazkigintzaren atzean gerta daitezkeen eskema kognitiboak, emozioen proiekzioa eta pentsamendu inkontzienteak prozesu psikologikotzat hartu direla literaturan zehar (Akeret, 1973; Spence, 1986). Argazki baten protagonista gisara, ordea, ez dago hainbeste adostasunik norberari (self-report) dagozkion prozesu psikologikoen inguruan
Ikertzaile amerikarrak azken urteetan bildutako tekniketan (analisi tematikoa, aske asoziazioa, atribuzio prozesuak, artikulazio mailak, errealitatearen ilusioa, etab.) oinarrituta hainbat baliabide praktiko izango ditugu hizpide ikastaro honetan. Horretaz gain, Akeretek (1973) abiatutako photoanalysis-teknikaz ere ariko gara, familia eta pertsona arteko dinamikak aztertzeko.
Ikastaro hau Psikologiako ikasle zein lizentziatuentzat prestatu bada ere, beste arloetako ikasleentzat (Kazetaritza, Pedagogia, Antropologia, Filosofia, Gizarte Zientziak) eta gaiaren inguruan interesa duen edonorentzat erabilgarria izan daiteke.
Ikastaroa Baionan izango da uztailaren 10 eta 11an, UEUko udako ikastaroen barruan.
Ia guztiok izaten dugu drogekin nolabaiteko harremana bizitzan zehar, eta onurak eta kalteak ekar ditzaketela jakin arren, gehiengoak ez daki hori baino askoz gehiago haiei buruz.
Ikastaroaren lehen egunetan, droga-menpekotasunaren oinarri neurobiologikoak, droga ezberdinen eragin farmakologikoak gure gorputzean, eta drogak uzteko dauden tratamendu medikuak azalduko dituzte gaian lanean diharduten zenbait adituk. Ikastaroaren bukaeran, honek gizartean duen eragina eta droga-menpekotasunaren beste aspektu batzuk landuko ditugu.
Drogei buruzko ezagutza handitzea da ikastaro honen helburua, eta aurrerago egingo den droga-menpekotasunari buruzko graduondokoaren sarreratzat ere har dezakegu.
Gaian interesa eduki dezaken edonori zuzenduta dagoen ikastaro hau Baionan izango da, uztailaren 9tik 13ra bitartean.
... eta batzuk dagoeneko "beteta" kartela eskegi dute!!!
Atzo, Iruñean Udako ikastaroen prentsaurrekoa eman zuten Irati (Udako Ikastaroen arduraduna), Saioa (Nafarroako arduraduna) eta Lore (UEUko zuzendaria).
Hemendik aurrera Udako ikastaroen berri "Uda neurrira" blogean izango dugu. Jakin dugunez hauek dira berirtasunik nabarienak:
Berrikuntza nabarienak hauxek dira:
1. Iraupena. Lehen aldiz, Eibarren bi aste jarraian burutuko dira ikastaroak. Baionan eta Iruñean aste batez. 2.Egoitza aldaketa. Baionan Bernat Etxepare lizeoan egingo dira ikastaroak eta Iruñean Hizkuntza Eskola Ofizialean. 3. Ostaturik ez da eskainiko. 4. Eibar, Iruña eta Baionan ezezik Lizarran ere hitzaldiak eskainiko ditu UEUk, bertako Udalaren laguntzarekin. 5. Inoiz baino dirulaguntza gehiago daude.
UEUren jarduera akademikoaren berri emango da blog honetan. Era arin eta erakagarrian egin nahi dugu eta bertan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.
Kontaktua: titulazioak@ueu.org