Artxiboak: Apirila 2012

2012-04-25

Permalink 15:56:31, Atalak: Tximintx, Aikor  

Herriarengandik herriarentzat

Aikor aldizkarian Santzokako Ziortza eta Tximintxeko Xabi elkarrizketatu dute jaiak direla eta. Hona hemen elkarrizketa:



San Isidro jaiak maiatzaren 11tik 15era izango dira Derion. Jaiok nobedadeak ekarriko deuskuez aurten; nagusia, kultur taldeek eta herritarrek osatutako jai-batzordea sortu dala. Ziortzak eta Xabik emon deuskue jai-batzordearen eta haren beharrak ekarri dituan nobedadeen barri.

Zergaitik ikusi dozue jai-batzordea sortzeko beharra?
Batetik, aurreko urteetan, egunean zehar giroa baegoan be, gauean ez egoan mobimentu handirik. Bestetik, kultur alkarteok aspalditik ikusten genduan ez zala behar besteko ahaleginik egiten, jai herrikoiak eta parte-hartzaileak bultzatzeko. Egia da alkarteok jaietan parte hartzen genduala, baina bakotxak bere ekintza sustetan eban eta ez zan beste alkarteek antolatutako ekimenetan ibilten. Hau da, alkarteon artean ez egoan ezelango sare komunik. Eta gai horreei biei bultzadea emon behar jakela pentsetan genduan.

Nortzuek osatzen dozue batzordea?
Jai-batzordea sortzeko ideia, batez be Tximintx euskera alkartetik eta Santzoka gazte alkartetik sortu zan. Gugaz batera honeek be badagoz: DerioKOmunikazioa, Lainomendi dantza taldea, Jauntzi Jarauntsi Troupe, Tabernarien alkartea, taldeetan ez dagozan hainbat herritar eta Udaleko langile batzuk. Herriko alkarte guztiok ez gagoz batzordean, baina aitatu beharra dago alkarte batzuetako ordezkariak guregana unean-unean etorten dirala. Datozan urteei begira, gustauko litxakigu jai-batzordean herriko alkarte guztiak egotea.

Zelango onurak ekarriko ditu, zuen ustez?
Lehenengo eta behin, parte-hartzea. Herriengandik herriarentzat egindako jaiak izango diralako. Era berean, alkarteok foru antzeko bat sortu dogu, eta, beraz, alkarteon arteko hartuemona sendotu eta landu egin da; hori funtsezkoa da herritarra izan gura dauan zeozer egiteko.

Eta nobedadeen gainean egiten badogu berbea?
Sukalki Eguna, esate baterako, beste era baten planteau dogu. Orain arte nahiko profesionala izan da, txapelketa modukoa, eta sari handiak emon dira. Aurten, barriz, filosofia hau dogu: sukalkia han prestau, eta, gero, guztion artean herri bazkaria egin. Ekimen herrikoia izango da eta ez da saririk emongo. Azokari be beste ikutu edo ikuspuntu bat emongo jako, eta pintxo poteoa egingo da lehenengo aldiz. Bestetik, kontzertuen aldeko apustua egin dogu, eta barikuan eta zapatuan egongo dira. Kontzertuek estruktura hau eukiko dabe: Txorierriko talde hasibarria, talde ezaguna eta erromeria.

Jai-guneari jagokonez be egongo dira aldaketak, ezta?
Bai. Jaiak herrigunetik gero eta urrunago eroan diran ustea dogu, eta jai-gunea Gernikako Arbola kalean ipiniko da aurton. Kalea trafikorako itxiko da, eta karpa erraldoi bat ipiniko da. Karpapean txosna bi eta eszenatokia atonduko dira.

Berriz erabilteko edalontziak jarriko dozuez salgai.
Horreek txosnetan eta hainbat tabernatan ipiniko dira salgai euro batean. Halan, jai-gunea eta kaleak garbiago egotea lortuko dogu, eta ingurugiroa zaintzen lagunduko dogu. Gainera, ateraten dan dirua hurrengo urteko jaietarako erabiliko da.

Euskera sustatzeko ahalegina be egin dozue.
Ahal dan bitartean, ahalegindu gara euskereak gure arteko hartuemonetan eta jaietan presentzia handia izatea. Adibidez, batzarrak, aktak, eskaerak... euskeraz egin doguz, eta hainbat ekimen be euskeraz izango dira.

Jai-batzordea beharrean dagoan lehenengo aldia da, zer itxaroten dozue jaietatik?
Hasteko, lantalde polita osatzea. Izan be, gu ekimenak koordinetan ibiliko gara, baina herritarren laguntzea eta sostengua be beharko doguz: garbiketeagaz, txosnetan txandak antolatzeko orduan... Eta herritarrak animau eta jaietan parte hartu daiela: lehenengo eta behin, derioztarrak; eta gero gainontzeko txorierritarrak. Eta, jakina, eguraldi ona.
----------

2012-04-23

Permalink 16:28:24, Atalak: Tximintx  

Liburutrailer lehiaketa

literaturia-480x280

Filmak promozionatzeko trailerrak grabatu egiten dira. Liburuak promozionatzeko ordea ez. Baina bide egokia izan daiteke liburuak promozionatzeko, ezta? Hori dela eta, liburu trailerren lehiaketa antolatu dugu Literaturia, Arrekikili eta Tximintx elkarteok.

1. Zer aurkeztu daiteke?

  • Bideo bat, edozein formatukoa eta edozein estilokoa. Bideo hori euskaraz idatzitako edo euskarara itzulitako edozein libururi buruzkoa izan behar da. Bideoak liburua promozionatzeko balio behar du.
  • Bideoan argi agertu behar da zein den promozionatu nahi den liburua, haren egilea eta argitaletxea.
  • Bideoa askoz jota bost minutukoa izango da. Hala ere, hiru minututik beherako bideoak balioetsiko dira.
  • Bideoa euskaraz izan behar da. Hala ere, beste hizkuntzetako azpitituluak ere izan ditzake.
  • Bideoak lizentzia librea eraman behar du. Honako lizentzia hauek onartuko dira: CCBY, CCBY-SA eta CCBY-ND.

2. Noiz eta non aurkeztu?

  • Bideoa 2012ko apirilaren 23tik maiatzaren 23ra arte aurkeztu daiteke.
  • Bideoa liburutrailerra@gmail.com helbidean aurkeztuko da, argi adieraziz nortzuk diren bideoaren egileak eta zein den promozionatu nahi den liburua.
  • Bideoa interneteko edozein atarira ere igo daiteke lehiaketaren epea amaitu aurretik. Atarira igotzen ez bada, lehiaketako atarira igoko dute antolatzaileek.

3. Epaimahaia eta saria:

  • Epaimahaia antolatzaileek erabakiko dute. Hala ere, hiru kidek osatuko dute: literaturan aditua den bat, zinemagintzan aditua den bat eta antolatzaileetako bat.
  • Saria Literaturia egiten den asteburuan jakinarazi eta banatuko da.
  • Saria Literaturian aurkeztuko diren liburu-sorta bat izango da.
  • Literaturian bertan sariketara aurkeztutako bideoekin emanaldia antolatuko da.
----------

2012-04-12

Permalink 20:40:07, Atalak: Tximintx  

HERRIA MARTXAN! MARTXA HERRIAN! Karaokeak

1. Aita Semeak 2. Baratze bat 3. Txoria txori 4. Maite zaitut 5. Guk euskaraz 6. Xalbadorren heriotzean Pastoralaren pausuak
----------

2012-04-11

Permalink 22:21:48, Atalak: Tximintx  

Zure ziztada behar dugu.

----------

2012-04-03

Permalink 12:41:17, Atalak: Aikor  

Berbalagun agenda. APIRILA

----------

2012-04-02

Permalink 13:01:07, Atalak: Tximintx, Berbalagun  

Derioko hiru berbalagun Aikorren

Azken Aikor aldizkarian Derioko hiru berbalagunei elkarrizketa egin diete.



Anek, Ainhoak eta Rakelek Txorierri osoan hedatuta dauden Berbalagun taldeetako bat osatzen dute. Lehenengoa irakaslea da, eta beste biek etxean egiten dute lan. “Baina batez ere amak gara”. Eta hori da hain zuzen lotzen dituzten ezaugarrietariko bat. Amak izatea, eta euskaraz egin nahi izatea.

Goizeko 9ak dira eta, bariku guztietan bezala, hiru emakumeek Derioko eskolako atean egin dute topo. Ane euskaldun zaharra da, eta Rakel euskaltegian dabil ikasten. Euren Berbalagun taldea elkartzen iaz hasi bazen ere, hau ez da egitasmoarekin duten lehenengo harremana, orain dela urte batzuk ere beste talde batean parte hartu baitzuten. Ainhoak, ordea, euskaltegira joateri utzi dio. “Eta hizkuntzarekin harremana galdu nahi ez nuenez, modurik egokiena eta eraginkorrena hauxe zela pentsatu nuen”. Anek esan digun bezala, bera gernikarra da eta Derion 15 urte daramatza. “Herri euskaldun batetik nator eta faltan sumatzen nuen familiatik kanpo ere euskaraz aritzea. Berbalagun egitasmoari esker bete dut hutsune hori. Gainera, askok proiektuan parte hartzen dudala dakitenetik egiten dute nirekin euskaraz, haiek berbalagunak ez badira ere”. Bestetik, Rakelek hizkuntza praktikatu beharra zuen. “Nire ingurua erdalduna da eta, normalean, ez dut euskaraz hitz egiteko aukerarik”.
Kafe bana hartzeko biltzen dira, paseatzeko... eta Inauterietarako mozorroak ere prestatu dituzte, euskaraz aritzen ziren bitartean. “Seme-alaba txikiak edo gaztetxoak ditugu eta, ondorioz, gai asko ditugu komunean. Baina egunerokotasunari lotuta dagoen edozein gai dugu hizpide: futbola, postre hau edo bestea zelan prestatu...”. Berritsuak direla aitortu dute, eta elkarrekin oso gustura daudela. Hain gustura, ezen gehienetan ordubeteko geldialdia ordu biko geldialdi bihurtzen baita. Era berean, elkar ikusten duten bakoitzean, ez dute euskaraz aritzeko aukera galtzen. “Herrian, eskolan, dendan, tabernan, etxerako bidean...”.



Hizketaldi atsegina
Berbalagun egitasmoan aritzea oso baliagarria dela esan digute. “Ainhoa, esate baterako, erraztasun handiagoa du hitz egiteko orduan, eta esaldiak ez ditu hainbeste pentsatu behar”, azaldu digu Anek. “Eta nik lotsa kendu dut”, gaineratu du Rakelek, “lehen lotsa handia ematen zidalako euskaltegitik kanpo euskaraz aritzeak, baina gaur egun, ez”. Erraztasuna lortu ez ezik euskara maila hobetu ere egin dute. Hala ere, gramatikari garrantzi handiegirik ematen ez diotela aitortu digute, eta esandakoa oso astakeria handia ez bada, ez diotela elkarri zuzentzen. “Helburu nagusitzat hitz egitea dugulako, eta ahaleginak horretara zuzentzen ditugu”. Anek bizkaieraz aritzea ere aberasgarria dela azaldu digute, eta euskalki honetako hitz batzuk ikasi dituztela.
Seme-alaba txikiak dituztenez, ezin dute Berbalagun egitasmoaren haritik antolatzen diren ekimen askotan parte hartu, eta hori da duten pena bakarra. “Oso inportantea da guretzat elkarrekin egon eta euskaraz aritzea. Aukera gutxi ditugu herrian euskaraz egiteko... Beno, aukerak badaude, beharbada. Baina gehienetan erdaraz egiten dugu, lotsagatik, baregarri gelditzeko beldurragatik... edo euskalduna nor den ez dakigulako. Pixkanaka-pixkanaka segurtasuna irabazten goaz, eta herrian euskaraz non egin daiteken ezagutzen, eta norekin”.
Barikuetan goiz-goiz bildu eta euskarazko hizketaldi atsegina izatea hiru emakumeen egunerokotasunaren parte bihurtu da. “Eta atsedena ere bada, deskonektatzeko aukera ematen digulako”. Goizeko solasaldiak luze jotzeko asmoa dutela ziurtatu digute.
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

Tximintx elkartearen bloga

Blog hau Tximintx-ek antolatzen dituen ekintzak eta egitasmoak zabaltzeko leihoa da. ------------------------------------------------------------------------------ Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago. --------------------------------------------------------------------------------------
Estatistikak --------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Nabigatu euskaraz

--------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution