Artxiboak: Iraila 2011

2011-09-20

Permalink 15:30:26, Atalak: Tximintx, Kukuke antzerki eskola  

Emon izena Kukuken

Zergaitik?

Antzerkiaren bidez gure irudimena eta sormena landuko ditugu, ahotsa jorratuko dugu eta gure gorputza martxan ipiniko dugu, lotsa guztiak alde batera utzita. Aktore bihurtuko gara mozorrotzen, makilatzen, sketxak egiten eta era askotako jolas dramatikoak lantzen.

Barnean daukagun irudikatzeko ahalmena aterako dugu hainbat aktibitate artistiko lantzeko: klown, interpretazioa, gorputz adierazpena, gidoi laburrak, koreografiak, arnasketa, erlaxazioa, inprobisazioak, txotxongiloen teknikara hurbildu… eta hau guztia oso ondo pasatuz!!!!

Egunak:

LH1, 2 eta 3. mailak astearteetan 16:30 -18:00.
LH 4, 5 eta 6. mailak asteazkenetan 18:00 -19:30.
DBH asteartetan 18:00 – 19:30.

Lekua:

Larrabarri baserrian – Derion (ume asko apuntatuko balira herri berean, klaseak bertan emateko aukera aztertuko genuke)

Prezioa:

Derion erroldatuta 70 euro, bestela 85 euro (hiruhilabetero)
Informazioa eta apuntatzeko:
635 75 35 95 telefonoan edo tximintx@gmail.com helbidean.

Eta bi bideotxo ikusteko:


----------

2011-09-19

Permalink 16:39:07, Atalak: Berbalagun  

Padelean, eskaladan, informatikan edo soloan arituko gara

Aurten berbalagunek taldeetan parte hartzeko aukera ematen dizue. Zein da baldintza bakarra? Euskaraz bizitzeko gogoa izatea! Berbalagunok izango gara talde hauen arduradunak, eta parte hartu nahi izanez gero, izena ematea baino ez daukazue!

PADEL TALDEA: Zerbait berri ikasteko asmoa? Ondo pasatzeko gogoa? Aurten padel taldeak jarriko ditugu martxan berbalagunen! Denetarik egongo da: ikasten hasiko direnak, apur bat kontrolatzen dutenak, ondo dakitenak, kirola egin nahi dutenak… Hori bai, denon helburua euskaraz aritzea eta, bide batez, ondo pasatzea izango dugu. Ordu bat baino ez duzu behar astean. Anima zaitez!!!



INFORMATIKA IKASTAROA: Iaz hasi ginen ekintza honekin eta helburua informatika ondo ez dakitenei irakastea izan zen. Berbalagun batek emanda, taldean sortutako giroa ezin hobea izan zen! Beraz, euskalduna bazara edota ikasten ari bazara, eta informatika mundua erronkatzat badaukazu, eman izena!!!



SOLOA BERBALAGUNENTZAT
: Lur zati bat zaintzeko prest? Aurten berbalagunok, lagun talde batekin soloa lantzeko aukera eskaintzen dugu. Kasu honetan ere, elkarri irakatsi beharko diogu eta, bide batez, gure lurrak lantzen ikasten dugun bitartean, euskara ere praktikatuko dugu, mihia aske, eskuak jo eta ke! Honetarako, egutegi bat zehaztuko dugu, talde bakoitzak bere aukera izan dezan. Anima zaitez, asko ikasiko duzu eta!



ESKALADA TAILERRA: Menditik gora, rokodromoetan errege… aurten spiderman sena loratu nahi baduzue, gurekin izango duzue aukera. Berdin da adina , berdin bakarrik edo familiarekin, domeketan eskalada tailerrari ekingo diogu! Beldurra alde batera, euskaraz mintzatuko gara. Beldurra behera, gora joango gara!

----------

2011-09-13

Permalink 13:26:53, Atalak: Tximintx  

Derioko euskararen lekukoak sarean

Urte honen hasieran, Tximintx euskara elkarteak Derio eta inguruko 15 pertsona elkarrizketatu egin ditu, Ahotsak proiektuaren barruan.

15 pertsona horien pasarteak eskuragarri daude dagoeneko Ahotsak-en webgunean. Gure herriaren iragana eta gure euskararen gozotasuna dastatzeko pasarte ederrak dira hauek.

Derioko grabazioak:

- Juan Miguel Atxutegi



- Maria Jesus Atxutegi



- Juana Bilbao



- Mirentxu Elorriaga



- German Ibarluzea



- Juan Jose Larrabeiti



- Trini Orue-Etxebarria



- Irene Orroño



Mila esker grabazioan parte hartu duzuen guztioi. Aurrerantzean pasarterik egokienak batu eta DVD batean argitara emango ditu Tximintx euskara elkarteak.
----------

2011-09-12

Permalink 10:37:14, Atalak: Berbalagun  

Itsasne Zubiri, Berbalagun egitasmoaren koordinatzailea: “Gai zehatzak jorratzen dabezan taldeak sortuko doguz aurton”




Berbalagun proiektua inoiz baino indartsuago jatorku. Haren partaideek udako geldialdiari esker hartu dabez indarrak, eta hainbat nobedade ekarri deuskuez aurtengo ikasturterako.

Zeintzuk dira nobedade horreek?
Egitasmoaren funtsa hau izan da orain arte: euskaldun barriak, edo euskerea ikasten zebilzanak, eta euskaldun zaharrak batu, kafe bana hartzen edo paseo bat emoten eben bitartean, euskeraz egin eien. Taldeak sortu ziran herri guztietan, baina taldekideak beste muetatako ekintzak be egiteko hasi ziran eskatzen. Besteak beste, urteerak egin doguz museotara, padel ikastaroa, maskara tailerra, bedar ikastaroa, mendi-urteerak... Aitatutakoek euki daben arrakastea ikusita, gai edo diziplina zehatzak jorratzen dabezan taldeak sortzea erabagi dogu ikasturte honetarako.

Esate baterako?
Igaz padel taldea sortu zan Sondikan eta Loiun, eta aurton be ha jarriko dogu martxan. Horrezaz gainera, informatika, eskalada eta idazketa tailerrak be gura doguz bultzatu, eta lur zati bat edo bi hartu eta han solotxua atondu. Ikasturteak aurrera egin ahala, ziur gagoz proposamen barriak aterako dirala. Guk ahaleginak egingo doguz horreek guztiak, ahal bada, martxan jarteko.

Nortzuek emongo dabez ikastarook?
Berbalagunek eurek. Igaz antolatutako ikastaroak taldekideek emon ebezan, eta oso positiboa izan zan, halan inplikazino gehigarria lortzen dalako.

Zelango eragina eukiko dabez nobedadeek taldeen estrukturan?
Ez dabe eragin handirik eukiko. Ohiko taldeak mantenduko dira eta gura dauanak jarraitu ahalko dau bertan parte hartzen. Baina berariazko talderen baten aritzeko gogoa badau, hori egiteko aukerea be eukiko dau. Era berean, bakarrik ekintza zehatz baten parte hartu nahi badau, ba, ez dago inongo arazorik. Gainera, ez da beharrezkoa berbalaguna izatea, ikastaroetan izena emoteko. Edonork har daike parte.

Badago baldintzarik?
Baldintza bakarra euskeraz aritzea da. Bestetik, ez da beharrezkoa herrikoa izatea, han sortu dan taldean aritzeko. Edozein herritarrak har daike parte edozein herritan antolatzen diran ekintzetan; txorierritarrak ez diranek, baina berton behar egiten dabenek be bai.

Familiei zuzendutako ekintzarik egingo da?
Bai. Igaz, adibidez, maskara tailerra eta mendi urteera antolatu ziran, familia osoari zuzenduta, eta aurton talo tailerra egiteko eskatu deuskue. Familia osoa etor daiteke antolatzen diran urteetara eta Mintza Eguna bezalako ekintza berezietara. Umeentzako jolas tailerra sortzea be pentsau dogu, halan, gurasoak nasaiago ibiliko dira berbalaguneko taldeetan dagozan bitartean. Horren haritik, ondo legoke, seme-alabak eskolaz kanpoko ekintzetan dagozan bitartean, guraso talde barriak sortzea. Izan be, gurasoek euskereaz egiten entzutea eredurik onena da umeentzat.

Ikasturteak urritik ekainera arte iraungo dau, izena emoteko epea?
Ez dago, bakotxak gura dauanean emon ahal da izena. Lagun barriek gugaz bat egitea gura dogu, ekarpenak egiten dabezanak eta euskereagaz konpromiso tinkoa hartzen dabenak. Berbalagunen taldeetan ibiltzea onuragarria da guztiontzat: euskaldun barrientzat, hizkuntza praktikaten dabelako; eta euskaldun zaharrentzat, euskerea sustaten laguntzen dabelako. Are gehiago, euskaldun zaharren papera ezinbestekoa dala esango neuke, taldeetan hizkuntza ondo dakien lagunak egon behar diralako.

Beraz, onuragarria da maila guztietan.
Noski. Lehenengo eta behin, hizkuntza bera zaintzen dalako eta euskerea gehiago entzuten dalako gure herrietan. Gainera, gurean lagun asko dago euskerea dakiena, baina ha erabilteko aukerarik ez dauana, eta asko eskertzen dabe egitasmoa martxan jarri izana. Eta beste aldetik, atxakia ezin hobea da jente barria ezagutzeko eta giro euskaldunean murgiltzeko. Herrien arteko loturea izateko be bada erabilgarria, alkarregaz hainbat ekimen antolatzen doguzalako, eta horretan euskera alkarteen inplikazinoa be oso inportantea da.
----------

2011-09-06

Permalink 13:21:43, Atalak: Berbalagun  

Berbalagunen parte hartu gura?

Eskararen alde zer edo zer egin nahi duzu? Euskara hobetu nahi duzu? Beste batzuei lagundu? Berbalagun programa honek hori betetzeko aukera paregabea eskaintzen dizu. Padelean jokatu, informatika ikasi, txirringan ibili koadrilan, landareak ezagutu eta euren erabilera ikasi, berbaldiak eman edota entzun, eta gainera, euskaraz eta euskarari arnasa ematen; hori eta beste gauza asko duzu Berbalagun. Hartu denbora zeuretzat eta, bide batez, eman aukera besteei. Ondo pasatu, lagunak egin, ikasi, jolastu, ... Pagotxa? Mauka? Txolloa? Ez. Berbalagun duzu! Zeure parte hartzea, zeure burua eta zeure herria lantzea da. Eman izena, eta hobeto egongo gara denok. Galdu lotsa behingoz!

Zer da Berbalagun? Euskaraz berba ondo egiten dutenak eta euskara ikasten ari direnak harremanetan jartzen dituen proiektua da.

EUSKALDUNA ZARA?
Asko dira gure inguruan euskara ikasten ari direnak, baina ez daukate norekin berba egin. Euskaraz egin gura duen horri laguntzeko prest? Hona hemen zure aukera, BERBALAGUNA.
- Nahikoa da astean ordu bete libre izatea.
- Euskaraz berba egin gura duen batekin edo birekin elkartuko zaitugu eta zuek erabakiko duzue non, noiz eta zertarako bildu: kafetxoren bat hartzeko, ibiltzera joateko, zer edo zer ikasteko, jolasteko, ...
- Helburua euskaraz berba egitea da, ez dira klaseak.

Eman egizu izena Berbalagunen ....

EUSKARA IKASTEN ARI(TU) ZARA?
Euskara ikasten ari (edota aritu) zara? Baduzu norekin berba egin? Ez? Berba egitea kostatzen zaizu? Hona hemen zure aukera, BERBALAGUNA.
- Nahikoa da astean ordu bete libre izatea.
- Euskaraz ondo dakien norbaitekin elkartuko zaitugu.
- Zuk erabakiko duzu non, noiz eta zertarako bilduko zaren: kafetxo bat hartzeko, ibiltzera joateko, zer edo zer ikasteko, jolasteko, ...
- Helburua euskaraz berba egitea da, ez dira klaseak.

Eman ezazu izena Berbalagunen ......
Anima zaitez eta parte hartu!

INFORMAZIO GEHIAGO:
Telf: 635.75.35.95
e-mail: txorierri.berbalaguna@gmail.com
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

Tximintx elkartearen bloga

Blog hau Tximintx-ek antolatzen dituen ekintzak eta egitasmoak zabaltzeko leihoa da. ------------------------------------------------------------------------------ Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago. --------------------------------------------------------------------------------------
Estatistikak --------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Nabigatu euskaraz

--------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution