Artxiboak: Maiatza 2008

2008-05-31

Permalink 00:19:05, Atalak: Tximintx  

Derioztarrak 5 kontinenteetan + Apaizac obeto (Jon Maia)

Ez galdu hitzaldi sorta hau, "Derioztarrak bost kontinenteetan" deitu doguna Derioztar gazteek munduan zehar egindako bidaien barri emongo deuskue herriko leku desbardinetan eta hitzaldi-sorta amaitzeko, barikuan Jon Maia bertsolari eta bidaiariak "Apaizac hobeto" espedizioari buruzko bidaia kontatuko deusku Gurea aretoan (sarrera doainik).Hitzaldi guztiak 20:00etan izango dira. Asteleheneko hitzaldia aldatu behar izan dogu eta iragarrita dagoenaren ordez Udane Goikoetxea izango dogu "Txina" bidaitzat hartuta. Informazino gehiagorako, ikusi dokumentua.
----------

2008-05-27

Permalink 09:00:35, Atalak: Bestorrene  

Arte Urbano: “Kaleko kultura hurbildu nahi diegu herritarrei”

Sortzaileek taldean zortzi urte eman ostean, gazteagoek hartu zuten erreleboa iaz. Arte Urbano Derioko elkarteak berregituratze handia izan du, eta horren ardura Eneko, Ibon eta Gontzalek dute gaur egun. Maiatzean ‘VI. Jam Hip-hop’ jaialdia antolatu dute herrian.



Zer da Arte Urbano?
Kultura-taldea gara. Kaleko kultura guztiak batu eta bandalismoarekin zer ikusirik ez dutela erakutsi nahi dugu. Artea dela; eta batzuentzat bizitzeko modua, gainera. Aurten graffitiak landu ditugu, eta iaz batukada eta capoeira. Beste arlo batzuk ere jorratzen ditugu: hip-hop eta breakdance, esaterako. Mugimendu horiek guztiak herriari hurbiltzen ahalegintzen gara, eta kultura marginala izatearen ideia burutik ken dezatela, berez ederrak baitira. Graffitiak, esate baterako, fama txarra du, baina biolentzia gutxitzeko jardueratzat sortu zen bere garaian. Ez da izorratzearren egiten; zentzua du, eta egiten duenak badaki.

Zelako harrera izan dute arte berri horiek gure inguruan?
Hip-hopa nahiko zabalduta dago Txorierrin. Kontzertuak egon dira Zamudion, Sondikan eta Derion, eta talde hasi berriek eszenatoki gainera igoteko aukera izan dute. Sondikan talde bi daude, lau Derion eta beste bat Larrabetzun. Beste alde batetik, graffitia ez dago oso zabalduta gure bailaran; Bilbon egiten da gehiago. Beste modalitateak ezezagunagoak dira gure artean.

Laguntzarik duzue aurrera egiteko?
Taldea hiru pertsonak osatzen dugu gaur egun; hala ere, askotan derrigorrean eskatu behar diegu laguntza lagunei edo anai-arrebei. Aurtengo jaialdian, adibidez, 16 taldek hartu dute parte eta lan handia egin behar izan da. Gustatzen zaigun lana da eta pozik egiten dugu, baina denbora handia eskaini behar zaio. Bateren batek gogorik badu, pozik onartuko genuke horren laguntza.
Aurrekontuei erantzuteko, laguntza jasotzen dugu Udaletik; baina, egia esan, ez dugu diru gehiegi behar: ekartzen ditugun taldeak hasi berriak dira eta ez dute asko eskatzen.

Zelan irten da Hip-hop jaialdia?
Lagun gehiago espero genuen, Xhelazz kartelaren burua zen, ospe handiko abeslaria baita. Dena dela, balantze ona egin dezakegu: taldeak oso pozik irten ziren eszenatokitik, eta publikoa ere bai; eguraldia lagun izan genuen... Ondo, beraz. Eszenatoki ondoan panel batzuk jarri genituen, nahi zuenak bertan margotu ahal izateko. Eta, bide batez, herria ez pintatzea lortu genuen. Muralak bete egin ziren; arrakasta izan zuten.

Eta aurrera begira?
Rap jaialdia egiten jarraitu nahi dugu; baina rock edo punk-rock musika estiloetara ere zabaldu nahi dugu, Txorierriko talde askok musika hori jotzen baitute gaur egun. Lezaman, adibidez, badago gazteek osatutako talde bat oso ondo jotzen duena. Jaialdiaren bidez bertoko taldeei eman nahi diegu aukera gehienbat, nahiz eta kartela betetzeko ezagunagoa den kanpoko talderen bat ekartzen dugun. Baina talde gehienak bertokoak dira.

Ikastaroak antolatzeko asmorik?
Graffiti, batukada eta capoeira ikastaroak antolatu nahi ditugu neguan. Ahaleginduko gara, baina zaila da, gero jende gutxi dator-eta. Graffiti ikastaroa egiten denean, esaterako, graffitiegile on bat ekartzen dugu, parte-hartzaileei zelan hasi zen azaltzeko eta erreferentzia bat izan dezaten. Horrezaz gainera, panelak jartzen dira eta animatzen denak bertan margoten du.

Nobedaderik buruan?
Datorren urtean kontzertuak egin nahi ditugu udan, ekainean-edo, garai horretan ez baitago ezer herrian.
----------

2008-05-19

Permalink 16:23:54, Atalak: Tximintx  

Euskal Herriko grafiti lehiaketa Erandion izango da


Spraikadak, Euskal Herriko Graffiti Lehiaketaren izen eta irudi berria, Erandion izango du bosgarren edizoaren lehiaketa, uztailaren 19an. Izena emateko epea ere ireki dute, ekainaren 27ra arte. Interesatuek, 16 urtetik gorakoak eta euskaldunak badira, beren lanen zirriborroak A3 formatuan eta 7 x 2 proportzioetan aurkeztu ahal izango dituzte graffitiak[abildua]topagunea.org posta elektronikora edo Topagunearen bulegora bidaliz. Antolatzaileek hamar grafitti aukeratuko dituzte uztailaren 19an Erandion lehiatu daitezen, 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariengatik.


Spraikadan parte hartzeko baldintzak

• 16 urtetik gorako gazte euskaldunek parte har dezakete, bakarka nahiz taldeka.
• Teknika eta gaia libreak izango dira.
• Graffitia testuarekin aurkezten bada, testua euskaraz idatziko da.
• Graffitiaren zirriborroa DIN A3 formatuan aurkeztuko da, posta arruntez edo e-posta bidez.
• Aurkeztutako zirriborro guztien artean, hamar aukeratuko dira uztailaren 19an Erandion buruz burukoan lehiatzeko.
• Graffitiak 7 x 2 metroko hormetan egingo dira antolakuntzak emandako sprayak erabiliz. Gainontzeko materiala lehiakideek eramango dute.
• Lehiaketa egunean aldez aurretik aurkeztutako zirriborroa hormaratu beharko da.
• Sari banaketa lehiaketa egunean egingo da.

Izen ematea

Parte hartzaileak, zirriborroarekin batera, ondokoak bidaliko ditu:

• Lanaren izena eta egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa. Nortasun Agiriaren fotokopia.

Posta elektronikoz edo posta zertifikatuz, ekainaren 27a baino lehen bidaliko dira.

Sariak

Hiru sari banatuko dira:

1. 1.500 €
2. 1.200 €
3. 900 €

Antolatzaileek horrela erabakiz gero, sariak hutsik gera daitezke. Antolatzaileen eskumena da lehiaketan bidezko deritzoten aldaketak egitea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak aurreko puntuetan azaldutako onartzea dakar


Oharra:

Informazio gehiago lortzeko, zalantzak argitzeko eta zirriborroak bidaltzeko ondoko zenbaki eta helbideetara jo:

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
Gazte Saila (Amaia)
Arlozabal 8 bis, 1.C
48220 Abadiño (Bizkaia)

946 215 116 edo graffitiak[abildua]topagunea.org







----------

2008-05-15

Permalink 07:33:19, Atalak: Tximintx  

Euskara kutsatu nahi duen tximintxa

Berria egunkarian agertutako artikulua.

Tximintx taldeak euskararen erabilera sustatu nahi du egunerokotasunean ez ezik, baita jaietan ere

ibai maruri

Derio


Egunkari hau ospakizunetan dabil aurten, bost urte beteko dituelako datorren ekainean. Baina ez da bakarra. Derio aldean ere garai bertsuan hainbat euskaltzaleren lanak fruitua eman zuela gogoratzen dute. Aurretik zenbait ekimen bultzatu zituzten arren, Tximintx euskara elkartea 2003ko urtarrilean sortu zen. Antolatu zuten lehen ekitaldietako bat, kasualitatez, Euskaldunon Egunkariaren aldeko kontzertua izan zen. Izena inguruetako herrietakoek derioztarrei deitzeko erabili izan zuten berbatik datorkio.

Ezizen horretaz gain, tximintxa edo zimitza heteropteroen familiako intsektu espezie bat ere bada, eta horietako batzuk gaixotasunen sortzaile edo transmisore izan ohi dira. Elkarteko kide den Oihana Astobietaren hitzetan, gutxi gorabehera, derioztarren %30-35 inguruk daki euskaraz. Eta erabilera, gainontzeko herrietan gertatzen den bezala, hiztun kopurua baino txikiagoa da. Tximintxen helburua, beraz, Derion euskara sustatzea da; herritarren artean bere erabilera areagotzea. Alegia, euskararekiko zaletasuna derioztarrei kutsatzea.

Elkarteak parte hartzen duen ekimenik garrantzitsuenetakoa Berbalagun izenekoa da: beste hainbat herritan ere egiten diren euskaldun berrientzako mintza praktikak. Izan ere, gehien-gehienek euskara ez dute beren ama hizkuntza. Honako hau hirugarren urtea da proiektu horrekin bat egin zutenetik. Halaber, umeentzako ekintza bereziak antolatzen dituzte, batik bat giro euskaldunean murgiltzeko aukera izan dezaten.

 

URTEAK BETE. Esan bezala, hiztunen artean gutxiengoa dira herriko euskalkiari eusten diotenak. Horrela, bada, orain hiru urte, Iñaki Gaminderen eskutik belaunaldiz belaunaldi gorde izan den altxor hori bildu, aztertu eta liburu batean jaso zuten: Derioztarren euskara.

Urte osoan gelditu gabe ibiltzen dira. San Martin egunaren inguruko bertso bazkaria, Olentzeroren eguna, Eguberri eta ikasturte bukaerako umeen ekitaldi nagusiak eta abar inoiz hutsik egiten ez duten hitzorduak izan ohi dira. Hilero, halaber, Tximintx eguenak izaten dituzte. Hitzaldiak, ipuin kontaketak, kultur gaien inguruko solasaldiak eta abar luze bat izaten dira ostegun berezi horien ardatz. Aurten, gainera, 5. urteurrena dela eta, aparteko egitaraua prestatu dute. Ekainean, esate baterako, Derioztarrak bost kontinenteetan hitzaldi sortan munduan zehar ibilitako herrikideen esperientziak ezagutzeko aukera izango da. Hilaren 2an hasi eta 6an bukatuko diren jardunaldi horiei amaiera emateko, Jon Maia bertsolariaren bisita izango dute, Apaizac Obeto izeneko abenturaren berri ematera etorriko baitzaie.

1688an Derioko elizateak Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusietan jarlekua izatea lortu zuenetik 320 urte bete dira. Orain 25 urte, bestalde, 1983ko urtarrilaren 1ean, Deriok independentzia berreskuratu eta berezko udala eratu zuen. Bilboko zati izateari utzi eta berriz ere herri aske egin zen. Bi gertaera horiek gogorarazi nahi izan dizkie herriko alkateak derioztarrei, eta jaietan are gehiago gozatzeko aitzakia moduan aurkeztu. Festarako deia egiten duen pregoiak aurten horixe du hizpide.

Tximintx elkartea ere, sortu zenetik egin izan duen gisara, buru-belarri murgilduko da sanisidroetan. Konpartsa dute, eta gainontzekoekin batera jaitsieran parte hartuko dute. Txosna ere jarriko dute. Bertatik jaietan ere euskara erabiltzeko gonbidapena luzatuko dute.

Urtero festetako kontzertuetako bat elkarteak antolatzen du. Aurten, Etsaiak eta Betagarri taldeek joko dute Almazene kaleko oholtza gainean. Haiek bukatutakoan Trikiziok girotuko du gaua erromeria doinuekin. Ostiral gauean izango da, hamar eta erdietan hasita.

Horrela, Oihana Astobietak dioenez, sanisidroetan izaten diren bi kontzertu gauetako batean «euskararen presentzia bermatzen da». Izan ere, «ekitaldi jakin batzuetan izan ezik, euskarak toki gutxi izaten du egitarauan». Gehienbat umeentzako prestatzen diren jardueretan entzuten da. Nagusientzat egiten direnetan ia batere ez.

Orain arte, ahalegindu izan dira beste emanaldian ere gutxienez zenbait kanta euskaraz izan zitezen. Batzuetan lortzen zuten, beste batzuetan ez. Udalaren egitekoa zen taldea aukeratzea eta kontratatzea. Aurreneko aldiz, larunbatean euskal musikariek osatutako koadrila batek gustu eta estilo askotako doinuak joko ditu Almazene kaleko agertokitik: Akerbeltz taldea. Gaueko hamar eta erdietan ekingo dio lanari.

Hainbeste jai eta parrandaren ondoren, igandean bukatuko dira aurtengo sanisidroak, Sukalki Egunarekin. Goizean goiz hasita, gisatua zeinek hobeto prestatu lehiatuko dira herritar eta bisitariak. Beste batzuek, bien bitartean, ibilaldi neurtuan parte hartuko dute. Kirola eta sukaldaritza azken egunaren ardatz. Ordura arte eta aurrerantzean ere, derioztarren arteko harremanetan gero eta euskara gehiago entzutearen alde lanean jarraituko du Tximintx elkarteak. Festetan izan, zein eguneroko zereginetan izan.

 

 

 

Gaur

11:30-14:0o: Umeentzako parkea.

11:30-14:00: Ardoa dastatzea. Derioko Ostalarien Elkartea. (Sollube kalean).

12:00: Gazteentzako Ekitaldiak. Skate Pista eta akilu-makuiluak. (Mikel Deuna plazan).

12:30: Marrazki Txapelketa. Odol Argia.

16:30-19:30: Umeentzako parkea.

17:00: Umeentzako herri kirolak eta jolasak Kulki taldearekin. (Probaleku ondoan).

18:00: Marrazki txapelketaren sari banaketa

----------

2008-05-13

Permalink 12:34:30, Atalak: Tximintx  

San Isidrotan kontzertu mundiala

Beste urteetan bezala, San Isidroak datoz, asteburu honetan izango dira. Eta betiko moduan Tximintxek txosna jarriko du jaigunean.

Horrez gain, aurten kontzertu mundiala antolatu dugu bariku honetarako, maiatzak 16:

Etsaiak
Betagarri
eta amaitzeko Trikizioren berbena ordu txikiak arte.






----------

2008-05-12

Permalink 18:02:43, Atalak: Berbalagun  

III. mintza eguna: aurten etxetik gertu



Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatuta, Algortan eta Erromon izango da ekainaren 14an, larunbatarekin, III. Mintza Eguna. Aurretik Iruñean eta Donostian egin ondoren, egun horretan Euskal Herri osotik etorritako 400 berbalagun espero dituzte. Aurten derioztarrok ez dugu aitzakiarik etxean bertan izango da-eta.
 
Mintza Egunari hasiera emateko, Algortako Portu Zaharrean egingo diete ongi etorria berbalagunei. Ondoren hamaiketakoa egin eta kalejiran joango dira Algorta erdialderaino, bertan metroa hartu eta Erromon bazkaria eta Patxi Perezen erromeriaz gozatzeko.

Iazko Mintza eguneko zenbait argazki:








----------

2008-05-11

Permalink 18:23:41, Atalak: Berbalagun  

Argazkigintza ikastaroa

Derioko Berbalagunak antolatuta, Argazkigintza ikastaroa izango de Derion hurrengo egunetan.

Datak: maiatzaren 24a eta ekainaren 7a.
Ordutegia: goizeko 9:00tatik 14:00tara.
Irakaslea: Josu Gaintza argazkilaria.
Non: lekua oraindik zehazteke.

Edukiak: 10 orduko ikastaroa izango da, teoriko-praktikoa. Argazkiak hobetzeko teknika nagusiak azalduko dira. Horrez gain, argazkiak moldatzeko programa nagusien berri ere emango da.

Matrikula: 10 € Berbalagun eta Tximintxeko bazkideek. 12 € besteek.
Matrikula egiteko: 635.75.35.95 telefonoan edo tximintx[abildua]gmail.com helbidean.
Epea: maiatzaren 22a arte edo plazak amaitu arte (plaza kopuru mugatua).



 
----------

2008-05-07

Permalink 09:28:47, Atalak: Bestorrene  

Unai Garitagoitia, txorizalea: "Txepetxa ez da bertoko txoririk txikiena"

Unai Garitagoitia Zuluaga. Deustun jaio, eta Derion bizi da gaur egun. Bulego baten lan egin arren, denbora asko emoten dau txoriei adi, izan be Lanius Bilboko ornitologia alkartearen kidea da. Unaik argi dauka Txorierriko txori kopurua beherantz doala eraikuntzak zabaltzen diran neurrian.



Noiztik zaletasun hori?

Betidanik izan dot txorietarako zaletasuna. Aitak, oraindino dodazan prismatikoak, oparitu eustazan txikia nintzala. Gaztaroan itxi eta orain dala bost urte ekin neutsan barriro. Lanius alkartean sartu eta eurakaz nabil.

Asko zarie zaletasun hori dozuenok?
Jente pilo batek dau natura eta txorietarako zaletasuna, baina alkarte bateko kide diranak gitxi dagoz. Alkartean 25 bat lagun bagara be, gitxi gara mugitzen garenak. Baina, gero, Interneten zein liburutegietan kontsulta asko egiten dira txorien inguruan. Siberiatik Indiara migratzen dan txori bat Lamiakon agertu zan orain dala gitxi. Harrigarria izan zan, bertara leku askotako ehundaka zale hurbildu ginan-eta. Esan beharra dago txoria topatzen lehena derioztar bat izan zala; oso txorizalea da bera be.

Zergaitik txoriak?
Natura gustatzen jatzu, erakartzen zaitu... eta naturan errazen ikusten diran animaliak txoriak dira. Horrezaz ganera, espezie ugari dagoz. Txorierritik buelta bat emonez gero, 20-30 ezberdin topa daitekez. Eta joko bat balitz bezala da: artatxoria ikusten dozu, baina ondo erreparatzen badeutsazu, artatxori arrunta ez dala konturatzen zara. Marrak, lumak... ondo begiratu behar dira.

Zer egiten dozue Laniusean?
Zentsuak, txoriak zenbatu... Hori programa zientifiko bati jarraituz egin behar da. Urteerak be antolatzen doguz: Urdaibaira, Abrara, Gorbeiara, Santoñara, Doñanara...
Beste alde batetik, SEO Estatuko alkartearen lan batzuk koordinatu doguz Bizkaian, eta Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako lantxoren bat be egin dogu. Taldekide batzuek publikazioak argitaratzen dabez euren kabuz –Urdaibai, esate baterako-, eta alkarteak Urtekari Ornitologikoa plazaratzen dau.

Zelango teknika erabiltzen dozue behaketak egiteko?
Pertsonen eta lekuen arabera izaten da hori: batzuek gurago dabe leku baten gelditu txorien zain; eta beste batzuek, txorien bila joan. Hasieran prismatikoak erabiltzen genduzan; eta orain, lurreko teleskopioa. Argazki kamara ona eta objektibo garestiak behar dira argazkiak ateratzeko. Dena dela, teleskopioko okularrean jartzen diran kamera digitalak atera dabez merkatura, eta gero eta argazki hobeak egiten dira.

Osasuntsu dagoz txoriak Bizkaian?
Txori bakoitzak bere habitata dau, eta hori desagertzen dan heinean txoria be desagertuko da. Gero eta eraikin gehiago altxatzen dabilz, lur-zorua gitxitzen doa... eta horrek guztiak eragina dau. Adibidez, Europan enara-populazioa gutxitzen doa. Baina, ostera, enara antzeko beste espezie batzuk gorantz doaz.

Eta Txorierrin?
Nahiko egoera ona euki dogu orain dala gitxi arte, baina, bertora bizi izatera etorri nintzanean hegazti-populazio haundiagoa egoan; harrapari gehiago, adibidez. Teknologi Parkea be asko haunditu egin da, eta han berdea egon arren, ez da gauza bera; ez da natura. Pinudi asko dagoz, eta txori mota batzuk zuhaitz horreetara ondo moldatzen badira be, baso horreek ez dira batere naturalak. Eukalitadiak be ez dira habitat egokiak... Hariztiak eta landak oso leku aproposak dira txoriak bertan bizi izateko, baina Txorierrin haresti gitxi doguz eta landak be gero eta gitxiago daukaguz.

Zaila da txepetxak ikustea?
Ez, Berreaga mendi lerroan txepetx asko ikus daitekez. Neguko atlasa egiten ibili nintzanean, txepetxak ikustea oso erraza dala konprobatu neban. Txori horrek urte osoa emoten dau berton. Baina ez da inguruko txoririk txikiena; beste bat dago: erregetxoa.

Araba-zozoek oihartzun haundia izan dabe komunikabideetan...
Hirietan tenperatura gradu pare bat altuagoa dala ikasi dabe, gainera hirietan ez dago harraparirik, eta gustatzen jake han biltzea. Horrek enbarazua sortzen deusku; edozelan be, neguko arazoa da bakarrik . Eta egiten dabilzanak ez dot uste arazoa konponduko dauanik. Izan be, belatzak erabiltzen dabilz, eta, holan, txoriak lekuz aldatzea baino ez dabe lortuko. Ez dauka konponketa errazik. Azkenean ohituko gara, usoekin bezala.

Zelan konpontzen zarie ehiztariakaz?
Ondo ez. Indar handia dabe Txorierrin eta Bizkaian. Batzuek mendia eurena dala uste dabe, inork baino eskubide gehiago dabela. Dana dala, euren artean mota bi bereizi behar doguz: ehiztariak, hau da, errespetua erakutsi eta legeak betetzen dabezanak; eta “eskopeteroak”.
----------

Tximintx elkartearen bloga

Blog hau Tximintx-ek antolatzen dituen ekintzak eta egitasmoak zabaltzeko leihoa da. ------------------------------------------------------------------------------ Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago. --------------------------------------------------------------------------------------
Estatistikak

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution