Tximintxek 5: Euskara elkarteak zertarako? Galderak
Euskara elkarteak zertarako hitzaldirako Tximintxeko kideok hainbat galdera prestatu genituen. Horietako askori erantzuna eman bazaio ere, beste batzuk erantzun barik lotu ziren (galderak egin ez zirelako, gehien bat). Horregatik erabaki dugu galdera guztiak blogera ekartzea. Baten batek horietako bat edo beste erantzun gura badu, badaki, hemen plaza librea da.
- Zein diferentzia ikusten dozue zuen gaztaroko euskaltzaleen/euskara alkarteen eta gaur egungoen artean? Zer joan da okerrera eta zer hobera?
- Euskara alkarteek etorkizuna daukee?
- Guk uste dogu alkarte guztiak kulturgintzan mugitzen garela eta askotan danok gauza bardinak egiten ditugula. Kanpotik ere horrela ikusten da?
- Tximintxen jende gaztea eta ez hain gaztea daukagu, baina badakigu beste talde askok arazoak dituztela "errelebo generazionalarekin". Zelan eragin gazteengan euskararen alde lan egiteko grina?
- 5 urte pasa dira, aurrera begira ze nolako erronka berriekin hasi beharko ginateke? Zein bide izan daiteke? Zer proiektu berri?
- Tximintx eguenak beharrezkoak ikusten ditugu, kultur ekitaldiak kontsumitzen ikasi behar dugu. Baina ze bolako tresnak jarri beharko genituzke martxan jendearen parte hartzea aktibatzeko?
- 9-10 pertsona gabiltz buru belarri lanean euskara alkartean, horretan sinisten dogulako. Baina jendea zergatik ez da aktibatzen gure hizkuntzaren egoera ikusita? Eta ez Derion bakarrik.
- Gehientxuenetan euskara alkarteok geure zilari begira egoten gara, norbera bere herrira begira, eta ez dogu alboko herrikoa be ikusten. Txorierrin eskualde mailan koordinazino gehiago egin guran-edo Totoan federazinoa sortu genduan, baia oraindino badago nondik ibili. Eta zer esanik be ez Euskal Herri mailan, Topagunea hor dago, baia Kultur errotarako ezik, ia ez dogu aprobetxatzen. Ez dozu uste gure arteko ezagutza handitu beharko geunkeala? Besteek zer egiten deureen jakin, ezagutzak trukatu eta ekintza jakinak alkarlanean bultzatuz?
- Aurrekoagaz lotuta, Nafarroan zelan dago euskara alkarteen egoera?
- Kultur ekitaldietan zentratzen gara gehien bat, baia hizkuntza bat biziko bada erabili egin behar da eta ez entzun bakarrik (kultur ekitaldi gehienetean entzun baino ez da egiten); horretarako ez ete da hobeto erabilera ohiturak sortzeko egitasmoei (berbalagun, kuadrillategi, ikastaroak, e.a.) indarra emotea?
- Kultur ekitaldi asko antolatu ditugu urte hauetan. Denetarik egin dugu: hitzaldiak, kontzertuak, antzerki emanaldiak, film laburrak, ipuin kontalariak, umeentzako ekitaldiak, bertso saioak, ... Zabalkuntzan lan handia egin dugu, baina ez al litzateke egokiagoa sorkuntzan lan egitea? Gure helburua hizkuntza ohiturak aldatzea bada, sorkuntzak ez al du emaitza hoberik ematen? Esna nahi dut: bertso saio bat antolatzea ondo dago, baina ez al da egokiagoa bertso eskola sortzea?
- Hasieratik aipatu dugu guk bazkideak jagon behar ditugula, bazkideak mimatu. Urteak joan, urteak etorri, horri zelan haginka egin ez dugu asmatu. Zeintzuk izan beharko lirateke lan ildo garrantzitsuenak bazkideekiko? Edo beste era batera esanda, zertarako nahi ditugu bazkideak? Zer helburu bilatu behar dugu bazkideekin?
- Haurren arloa ere hasieratik aipatu dugu, baina oraindik ez dugu asmatu zelan landu. Ekintza puntualak egiten ditugu (oso arrakastatsuak denak), baina ez dugu asmatzen ekintza jarraietara salto egiten. Zuei bide bat proposatzea lar dela badakit, baina zein izan beharko litzateke gure jopuntua? Eskolaz kanpoko ekintzak, aisialdi ekintzak, eskola errefortzuak ala noizean behingo kultur ekitaldiak?
- Aikor aldizkarian ere hartzen du parte Tximintxek. Hilean behin heltzen da gure etxeetara. Arratia aldean hamabostean behin heltzen da, zergatik gurean ez? Ala beste era batera esanda, zein izan beharko litzateke aikorren hurrengo helburua?
- Gazteen artean hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamenak egin dira Euskal Herri mailan. Agian ezagunena Kuadrillategi dugu. Horrelakoak posible al dira gurean? Derion ala Txorierrin antolatu beharko lirateke?
- Helduei dagokienez, emanaldiak antolatu ditugu gehien bat. Ikastaroak antolatzen ere saiatu gara, baina emaitza ez da oso positiboa izan. Helduei dagokienez, zein izan beharko litzateke gure helburua? Ikastaroak, emanaldiak ala sorkuntza?
Eskerrik asko galderak egiten dituztenei: Atotz, Ixone, Eider, Oihana, Belen, Txerra eta Jose Angel.
Erantzunak, Pingback-ak:
Erantzun: