Artxiboak: Otsaila 2008

2008-02-28

Permalink 23:26:54, Atalak: Berbalagun  

Agenda Martxoa I

Hilabete barria dator, aukera barriak. Begiratu, aukeratu eta ondo pasa Hilabete osoko agenda pdf formatuan jaitsi gura baduzue klikatu hemen
----------
Permalink 15:18:50, Atalak: Tximintx  

Tximintxek 5: Euskara elkarteak zertarako? Galderak

Euskara elkarteak zertarako hitzaldirako Tximintxeko kideok hainbat galdera prestatu genituen. Horietako askori erantzuna eman bazaio ere, beste batzuk erantzun barik lotu ziren (galderak egin ez zirelako, gehien bat). Horregatik erabaki dugu galdera guztiak blogera ekartzea. Baten batek horietako bat edo beste erantzun gura badu, badaki, hemen plaza librea da.

- Zein diferentzia ikusten dozue zuen gaztaroko euskaltzaleen/euskara alkarteen eta gaur egungoen artean? Zer joan da okerrera eta zer hobera?

- Euskara alkarteek etorkizuna daukee?

- Guk uste dogu alkarte guztiak kulturgintzan mugitzen garela eta askotan danok gauza bardinak egiten ditugula. Kanpotik ere horrela ikusten da?

- Tximintxen jende gaztea eta ez hain gaztea daukagu, baina badakigu beste talde askok arazoak dituztela "errelebo generazionalarekin". Zelan eragin gazteengan euskararen alde lan egiteko grina?

- 5 urte pasa dira, aurrera begira ze nolako erronka berriekin hasi beharko ginateke? Zein bide izan daiteke? Zer proiektu berri?

- Tximintx eguenak beharrezkoak ikusten ditugu, kultur ekitaldiak kontsumitzen ikasi behar dugu. Baina ze bolako tresnak jarri beharko genituzke martxan jendearen parte hartzea aktibatzeko?

- 9-10 pertsona gabiltz buru belarri lanean euskara alkartean, horretan sinisten dogulako. Baina jendea zergatik ez da aktibatzen gure hizkuntzaren egoera ikusita? Eta ez Derion bakarrik.

- Gehientxuenetan euskara alkarteok geure zilari begira egoten gara, norbera bere herrira begira, eta ez dogu alboko herrikoa be ikusten. Txorierrin eskualde mailan koordinazino gehiago egin guran-edo Totoan federazinoa sortu genduan, baia oraindino badago nondik ibili. Eta zer esanik be ez Euskal Herri mailan, Topagunea hor dago, baia Kultur errotarako ezik, ia ez dogu aprobetxatzen. Ez dozu uste gure arteko ezagutza handitu beharko geunkeala? Besteek zer egiten deureen jakin, ezagutzak trukatu eta ekintza jakinak alkarlanean bultzatuz?

- Aurrekoagaz lotuta, Nafarroan zelan dago euskara alkarteen egoera?

- Kultur ekitaldietan zentratzen gara gehien bat, baia hizkuntza bat biziko bada erabili egin behar da eta ez entzun bakarrik (kultur ekitaldi gehienetean entzun baino ez da egiten); horretarako ez ete da hobeto erabilera ohiturak sortzeko egitasmoei (berbalagun, kuadrillategi, ikastaroak, e.a.) indarra emotea?

- Kultur ekitaldi asko antolatu ditugu urte hauetan. Denetarik egin dugu: hitzaldiak, kontzertuak, antzerki emanaldiak, film laburrak, ipuin kontalariak, umeentzako ekitaldiak, bertso saioak, ... Zabalkuntzan lan handia egin dugu, baina ez al litzateke egokiagoa sorkuntzan lan egitea? Gure helburua hizkuntza ohiturak aldatzea bada, sorkuntzak ez al du emaitza hoberik ematen? Esna nahi dut: bertso saio bat antolatzea ondo dago, baina ez al da egokiagoa bertso eskola sortzea?

- Hasieratik aipatu dugu guk bazkideak jagon behar ditugula, bazkideak mimatu. Urteak joan, urteak etorri, horri zelan haginka egin ez dugu asmatu. Zeintzuk izan beharko lirateke lan ildo garrantzitsuenak bazkideekiko? Edo beste era batera esanda, zertarako nahi ditugu bazkideak? Zer helburu bilatu behar dugu bazkideekin?

- Haurren arloa ere hasieratik aipatu dugu, baina oraindik ez dugu asmatu zelan landu. Ekintza puntualak egiten ditugu (oso arrakastatsuak denak), baina ez dugu asmatzen ekintza jarraietara salto egiten. Zuei bide bat proposatzea lar dela badakit, baina zein izan beharko litzateke gure jopuntua? Eskolaz kanpoko ekintzak, aisialdi ekintzak, eskola errefortzuak ala noizean behingo kultur ekitaldiak?

- Aikor aldizkarian ere hartzen du parte Tximintxek. Hilean behin heltzen da gure etxeetara. Arratia aldean hamabostean behin heltzen da, zergatik gurean ez? Ala beste era batera esanda, zein izan beharko litzateke aikorren hurrengo helburua?

- Gazteen artean hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamenak egin dira Euskal Herri mailan. Agian ezagunena Kuadrillategi dugu. Horrelakoak posible al dira gurean? Derion ala Txorierrin antolatu beharko lirateke?

- Helduei dagokienez, emanaldiak antolatu ditugu gehien bat. Ikastaroak antolatzen ere saiatu gara, baina emaitza ez da oso positiboa izan. Helduei dagokienez, zein izan beharko litzateke gure helburua? Ikastaroak, emanaldiak ala sorkuntza?

Eskerrik asko galderak egiten dituztenei: Atotz, Ixone, Eider, Oihana, Belen, Txerra eta Jose Angel.

----------

2008-02-25

Permalink 10:42:02, Atalak: Tximintx  

Tximintxek 5: Euskara elkarteak zertarako? (II)

Derio, Larrabarri baserria. Arrastiko 8ak, Tximintxek 5. Berbaldia: Euskara elkarteak zertarako? 25 bat pertsona, Tximintx, Lagatzu, Zorrizketan eta Totoanekoak, AEKkoak, Derioko kultura zinegotzia, Derioko euskaltzale historikoak, ... Publiko aukeratua, bai horixe.


Urko Aristi. Arribe. Eguraldi mutila, baina baita bere herriko euskara elkarteko kidea ere. Mailope aldizkaria. Euskara elkarteak=euskara eta elkartu. Euskarak elkartzen gaitu, euskararekin elkartzen gara. Euskararen alde baino, euskaraz. Euskara maitasuna bezalakoa da: une gozo asko, baina baita une garratzak ere. Gaintzako Mikaela. Emozioa. Euskara elkarteek egin behar dute txingurri lana.

Juan Luis Goikoetxea. Derio, bertakoa. Optimistak izan behar. Hemen gaudenak selekzioa gara, koherenteen selekzioa. Tximintx da egon ez den errealitatea, sortu egin den errealitatea. Tximintxek sarea egin behar du, erreferenteak sortu. Nukleoa sortu, irakaskuntzak bakarrik ezin duelako. Gauza mikroak egin behar ditugu.


Ixone. Euskara elkarteek etorkizuna daukie?
U.A: Lan asko dago oraindik egiteko. Euskaldunok desbentajan gaude. Azken aldi honeta, euskalgintza anestesiatuta ikusten dut.
J.L.G: Kontzientziadunak behar ditugu. Gizartea ez dago guk bezain kontzientziatua. Bertan gaudenok gure burua formatu behar dugu euskal kulturan. Euskara eta euskal kultura batera doaz, txanpon beraren bi aurpegi. Bestela, begi espainolekin ikusten dugu mundua.
Gabriel: Ados formazioarekin, baina bakoitzak bere neurrian erantzun egin behar du.


Oihana: Kultur ekitaldiak egiten ditugu, egin ditugu. Baina erabilera bultzatzeko ez al daude bide eraginkorragoak hizkuntza ohiturak aldatzeko?
U.A: Erabilera bultzatzeko euskaldunengana jo behar da. Arazoak ditugu horiengana heltzeko. Adibidez, Berbalaguna. Ondo dago laguntza behar dutenenentzat. Baina euskaldunok gure arteak antolatu behar al gara euskaraz egiteko? Ez al dago bide naturalagorik?

Xabi: Hizkuntza arloan, gauzak sortu behar ditugu, euskaraz biziko duten elkarteak. Adibidea: Derioko Lainomendi dantza taldea. Eta gauza xumeagoak (ez horrenbeste hitzaldi ponpoxo eta halakoak): futbol talde bat eratu, adibidez.

U.A: Kultur emanaldiak ondo daude ere gure arteko euskaldunak identifikatzeko.

Miren: Euskaldunok konpleju asko ditugu eta horiek baztertu behar ditugu.
J.L.G: Indioen modura tratatzen gaituzte: Hablas mi idioma.


Belen: Zelan erakarri ahal ditugu gazteak? 20-22 urtetik beherakoak?
U.A: Guk ere arazo hori dugu gure eskualdean. Ez dugu gazterik erakartzen. Autokritika egin behar dugu. Polizia lana ere alboratu egin behar dugu.

Fernando: Euskara elkartearen webgunea zer hizkuntzatan jarri? Euskara hutsez, euskara eta ingelesez, hainbat hizkuntzatan, ...
J.L.G: Euskara eta ingelesez.

Fernando
: Hona etorrita eguraldiari buruzko galdera erantzun behar?
U.A: Eguraldiarekin bezala, euskara elkarteak ere. Pello Zabalaren herri jakituria baliatu eta zientziaren aurrerapenak ere baliatu. Euskara elkarteek ere herri jakituria baliatu, baita teknologia berrienak ere.


Abarrots, Opuseko unibertsitatean. Gizajo bat Iruñean. Satorra zen ala ez zen?

Belen: Aikor zergatik ez hamabostean behin? Hordago handira.
U.A: Garrantzitsuena ikusaraztea da. Lana gehitu egiten da, baina erronka polita da. Baina kalitatea zaindu egin behar da. Bestela, ez du balio.
J.L.G: Niretzat hilero nahikoa (hainbat aldizkari daukat irakurtzeko). Txorierriko euskaltzaleok sarritan elkarrekin egoteko lekua behar dugu.

"Trenbidea egin behar da, nahiz eta gero trena pasako den jakin ez"
----------

2008-02-22

Permalink 11:44:51, Atalak: Tximintx  

Tximintxek 5: Euskara elkarteak zertarako?

Arazo batzuk izan ditugu testuarekin. Barkatu eragozpenak. Saiatuko gara berriro hona ekartzen behar den moduan. Bitartean testua igo egin dugu box-era.

Euskara elkarteak zertarako? berbaldiaren laburpena












----------

2008-02-21

Permalink 09:06:00, Atalak: Tximintx  

Tximintxek 5: Gaur hitzaldia

Tximintxek 5. Gaur hitzaldia izango da Derion. "Euskara elkarteak, zertarako?".

Hizlariak: Juan Luis Goikoetxea (Derio, hainbat urtez Txorierri institutuko irakaslea, Euskaltzaindiako kidea, Mendebalde kultur elkarteko kidea) eta Urko Aristi (Arribe, ETBko eguraldi-gizona, Mailope euskara elkarteko kidea eta Topaguneko zuzendaritza batzordeko kide ohia).

Bereziki gonbidatu nahi ditugu euskara elkarteko kideak direnak, hurbil zein urrunekoak. Eta, oro har, euskaltzale guztiak.

Non:
Derioko Larrabarri baserrian (Derioko eskolen atzean)

Ordua:
arrastiko 8etan.

Gogoratu leku berean euskara elkarteen erakusketa ikusgai dagoela, baita Tximintx euskara elkartearen historia grafikoa ere.
----------

2008-02-20

Permalink 09:03:18, Atalak: Tximintx  

Tximintxek 5, gezurrak ere 5

Orain dela 5 urte, Tximintx euskara elkartea jaio zen. Otsail hartan besoetako umea zen oraindik. Eta, horrela geundela, hilak 20 egin zituen. Eta txapelokerrek Egunkaria zarratu zuten. Jaiotza pozgarria eta heriotza mingarria.

Tximintx ere burubelarri aritu zen Egunkariaren alde. Konzentrazioak Derion (aspaldiko jendetsuenak eta anitzenak), Berria egunkariaren aldeko jaialdia, akzio salmentan, harpidetzak bultzatzen, ...

Bost urte pasa dira. Eta gezurra ari du oraindik ere. Tximintx berriro pozik, 5. urteurrena ospatzen, eta egunkaria oraindik hilda. Gezurra ari du.

Egunkaria libre!!!!











----------

2008-02-19

Permalink 08:54:55, Atalak: Tximintx  

Tximintxek 5: Erakusketa

Aste honetan Tximintxek erakusketa paratu du Larrabarrin. Egunero egongo da ikusgai arrastiko 5etatik 8etara. Bertan euskara elkarteen inguruko erakusketa dago, baita Tximintxen historiari buruzko hainbat lan ere: argazki bilduma DVDn, argazki bilduma ordenadorean (etxera eramateko modua dago 2 euroren truke), kartel bilduma eta abar. Hurreratu.
















----------

2008-02-13

Permalink 00:19:35, Atalak: Berbalagun  

Berbalagun agenda OTSAILA (II)

Hor doatzue otsailaren bigarren zatiaren agenda. Aprobetxatu eta ondo pasa.

----------

2008-02-12

Permalink 12:08:01, Atalak: Tximintx  

Euskara elkarteak zertarako? Mahaingurua

----------
Permalink 12:03:31, Atalak: Tximintx  

Tximintxek 5 urte. Erakusketa Larrabarrin

----------

2008-02-08

Permalink 11:05:08, Atalak: Bestorrene  

Derioztarren argazki zaharrak liburu batean batu ditu Txoriberri elkarteak: “Jenteak argazkiak ekartzen jarraitzen dau”


Urte hasieragaz batera derioztarrek badabe entretenimendua: Derio eta derioztarrak. Argazkiak-fotografías argitaratu barri dan liburuan euren edo senide baten argazkia topatzea; ahaztutako aurpegiak barriro ikustea; jentea zenbat aldatzen dan, ala ez, egiaztatzea; hau edo bestea faltatzen dirala konturatzea… Denboran pasan ibiltzeko eta beste garaiak gogoratzeko liburua da-eta.

Liburua urtarrilaren 25ean aurkeztu zenduen, baina aspaldiko proiektua da, ezta?
Bai, hasieran ez genduan liburu lez planteatu. Gabonetan erakusketak antolatu ohi doguz eta dala urte batzuk argazki zaharrak biltzea otu jakun. Formatu handiago baten erreproduzitu, eta erakusketa egin genduan Kultura Aretoan. Erakusketak arrakasta handia izan eban; egia esan, guztioi gustatzen jaku atxinako argazkiak, gureak edota senide eta lagunenak, ikustea. Erakusketa amaitu ostean, jenteak argazkiak ekartzen jarraitzen eban eta material aberats hori liburu baten jaso behar zala pentsatu genduan.

Zaila izan da hainbeste argazki biltzea?
Danerik egon da. Batzuetan jentea gure atzetik ibili da; eta beste batzuetan guk ibili behar izan dogu euren atzetik. Zailena aukeratzea izan da, beharbada. Espazio-falta dala-eta, ezin izan genduzan argazki guztiak ikusgai jarri erakusketan, eta liburuan be batzuk utzi behar izan doguz kanpo. Hori ez da erreza.

Nahiko atzeratu omen da liburua…
Uste baino denbora gehiago emon dogu. Argazkiak batu ondoren, aukeratu, sailkatu eta eskaneatu behar dira, eta horrek denbora eskatzen dau. Beste alde batetik, bildutako argazki gehienetan pertsonak agertzen ziran eta, ondorioz, ahalik eta datu gehien emotea interesgarritzat jo genduan: izen-abizenak, datak… Behar horrek nahiko atzeratu gaitu, baina fruitua esku artean dogu azkenean.

Zelango harrera izan dau?
Oso-oso ondo. Jenteak pozik hartu dau, eta egindako beharrak merezi izan dauala uste dogu. Liburu pilo bat saldu dira, eta ez dira gutxi izan hurbildu jakuzanak okerrak zuzentzera: izen hori ez dagoala ondo, data ez dala zuzena… Are gehiago, jentea argazkiak ekartzen hasi da barriro, eta jadanik ehun argazkitik gora batu doguz. Hori dala-eta, pentsatu dogu materiala biltzen jarraitzea, eta horregaz zer egin etorkizunean ikusiko dugu.

Amaitzeko?
Eskerrak emon argazkiak utzi deuskuezan guztieei, eta argazkietan agertzen diran lagunen izenak topatzen orduak emon dabezanak be bai. Barkamenak be eskatu nahi doguz okerrengaitik; egon badagoz-eta. Eta Udalari be eskerrak emon behar deutsaguz, inprimaketaz eta salmentaz arduratu dalako. Beste alde batetik, inork argazkirik utzi nahi badeusku, Marijegaz jarri ahal da harremanetan (94 454 14 35). Eskaneatu ostean berehala itzuliko jako argazkia. Ea hurrengo baten derioztarren argazki gehiago argitaratzeko gai garen!

----------

2008-02-07

Permalink 09:46:23, Atalak: Tximintx  

Tximintxek 5

Tximintx euskara alkarteak 5 urte bete ditu. 2002ko abenduan lehen ekitaldia egin bagenuen ere, gure sorrera ofiziala 2003ko otsailean izan zen, Egunkaria zarratu baino egun batzuk lehenago.

Asko dira urte hauetan Tximintxek egin dituenak (eta beste asko egin beharko ditugunak). Hasiko gara banaka-banaka aipatzen.

Egituratzeari dagokionez, hasi ginenean ez genuen ez dirurik, ez lokalik, ez langilerik, ez bazkiderik. Gaur egun, 100 bazkidetik gora Tximintxen, lokala badugu, langile bat daukagu kontratatua lan-jardun erdiaz. 2007an 25.000 euroko aurrekontua izan dugu. Komunikazio tresnak ere baditugu, blog hau adibidez. Egituratzean pauso sakonak eman ditugu bost urte hauetan.

Deriok kalitatezko kultur emanaldiak izan ditu 5 urte hauetan. Hutsune ikaragarria zegoen gure herrian euskarazko kultur emanaldiei dagokienez. Orain bide luzea dago urratzeko, baina 5 urte hauetan egindakoa ez da makala. Deriora, besteak beste, honako  hauek etorri dira: Joseba Iriondo, Pako Aristi, Asisko Urmeneta, Edorta Agirre, Ramon Agirre, Juan Mari Beltran, Ainhoa Irazu, Agurtzane Ormatza, Unai Busturia, Txan magoa, Kukubiltxo, Oskorri, Sebastopoleko titiriteroak, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Oihana Bartra, Gorka Ostolatza, Gorka Lazkano, Jon Urraza, Fredi, Xabi eta Itsaso Paia, Zirika zirkus, Koldo Ameztoi, Gorringo antzerki taldea, film laburren emanaldiak, Jon Arretxe, Karidadeko Benta, ...

Kulturgintzari dagokionez, bestelakoak ere egin ditu Tximintxek. Urtero-urtero Olentzaroa antolatu dugu, Ipar-Alde abesbatzarekin batera. Urte hauetan nabarmena izan da Olentzeroren ekitaldiak izan dituen hobekuntzak, eta horrek parte hartzean izan duen hobekuntza. Kanporamartxo ere berreskuratu dugu. Jaia xumea da, baina lehen ere horrelakoxea zen. San Martin inguruan ere bertso bazkaria egin dugu lau urtetan. Derion bertsolaritzak duen plaza ia bakarra da hauxe.

Azkenik, Derioko jaiak aipatu behar dira. Hasieratik antolatu ditugu jaietako kontzertu euskaldunak. Urte hauetan honako taldeak pasa dira Deriotik: Gatibu, Sei urte, Urgabe, Insabern, Berri Txarrak, Kauta, Inoren ero ni, Arazoak 11, Sorkun, Piztiak, Zea Mays, Trikizio eta Basaki.

Baina kulturgintzaz gain, Tximintxek ere bestelakoak egin ditu. Eta haien artean, batez ere, nabarmentzekoa da Berbalaguna. 2005eko irailean jarri genuen martxan. Hirugarren ikasturtea egiten ari da ekimena. Oso emaitza onak ematen ari da. Hasierako urtean 25 pertsonek hartu zuten parte, hurrengoan 36 eta aurton 41 ari dira. Orotara 60 pertsona baino gehiago pasa da Berbalagunetik urte hauetan. Ekintza osagarriak ere antolatu ditugu: mendi irteerak, egunpasak, bazkariak, ...

Derioko berbakera batzeko proiektua ere atera genuen aurrean. Sei ikertzailez osatutako talde batek Derioko berbakeraren gaineko ikerketa eta batzea egin zuen, Iñaki Gamindek gidatuta. Aipatzekoa da talde horretan hiru tximintxkidek hartu zutela parte. Horren emaitza izan zen "Derioztarren euskara" liburu eta CDa.

Ikastaroak ere antolatu izan ditugu urte hauetan. Dantza ikastaroa antolatu genuen, baita bertan behera utzi ere. Kantuz ikastaroak, ordea, zorte handiagoa izan zuen eta urtebete iraun zuen. Geroztik saiatu gara behin baino gehiagotan antolatzen, baina momentuz ezin.

Haur eta gazteen arloan ere egin dugu lan. Ikerketa bat egin genuen 2006an Derioko haur eta gaztetxoen aisialdi antolatuari buruz. Ikerketa horretatik abiatuta, ekimen batzuk jarri genituen martxan, baina azkenean bertan behera utzi behar izan ditugu. Dena den, etorkizunean berriro ekingo diogu gai honi.

Eta ez gaude bakarrik. Txorierrin beste lau euskara elkarte badaude, eta horiekin koordinatuta jardun dugu hasieratik, Totoan federazioan. Federazio honek Aikor aldizkaria argitaratzen du, baita Aikor orainkaria ere. Tximintxek ere hartzen du parte erredakzioan Bestorrene kolektiboaren bidez.

Bestelako lan batzuk ere egin ditugu urte hauetan: Berria egunkariaren aldeko diru-bilketa, euskararen aldeko jaietara autobusak antolatu,  Santiago jaietan euskararen egunean lagundu, Txorierriko euskararen egunaren antolakuntzan lagundu, ...
----------

2008-02-01

Permalink 14:55:55, Atalak: eguenak  

Komikien mundua berriro gurean

Iaz ekarri genuen Unai Busturia gurera. Orduan "Numenak. Aita" komiki ederra  argitaratu berria zuen. Oraingoan bigarren komikia dakar besapean "Numenak. Alaba". Komikien munduaz zeozer jakin gura baduzu ez galdu bere hitzaldia. Otsailaren 7an, eguenean, Derioko Larrabarri baserrian arratsaldeko 20:00etan.


----------

Tximintx elkartearen bloga

Blog hau Tximintx-ek antolatzen dituen ekintzak eta egitasmoak zabaltzeko leihoa da. ------------------------------------------------------------------------------ Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago. --------------------------------------------------------------------------------------
Estatistikak

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution