Artxiboak: Azaroa 2007

2007-11-30

Permalink 12:19:27, Atalak: Tximintx  

Lehentasunak Derion

Tximintxeko kide den Txerrak bere blogean zehaztu ditu Derion balizko biziberritze plan batek izan beharko lituzkeen lehentasunak.  Lan hau egin zuen hiznet ikastaroa egiten zuen bitartean.

Lehentasunak Derion
----------

2007-11-29

Permalink 14:28:32, Atalak: Tximintx  

Euskararen eguna Derion



Txorierriko Mankomunitateak urtero antolatzen ditu hainbat ekitaldi Euskararen eguna dela eta. urtero, eskualdeko herri bat aukeratzen dute eta aurten Deriori tokatu zaio. Hainbat ekitaldi izango dira.

Ume eta gazteentzat:
- Azaroak 30: "Bazen behin zirkoa", 4-5-6 urteko umeentzat. 9:30tan eta 12:00tan Gurea aretoan.
- Abenduak 3: Magic Clown, 7-8-9 urteko umeentzat. 9:30tan eta 12:00tan Gurea aretoan.
- Abenduak 3: "Iñaxitoren ametsak" bertso-antzerkia, 10-11 urteko umeentzat. 10:00tan Derioko kiroldegian.
- Abenduak 4: "Larru haizetara" antzezlana, gazteentzat. 17:30tan Gurea aretoan.

Helduentzat:
- Abenduak 1: ETBko Euskal Kantarik Onena zuzenean. Derioko frontoian, arrastiko 20:00tan. Sarrerak 2 €.
- Abenduak 2: Bertso saioa: Xabier Paya, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Jon Maia. Gurea aretoan, arrastiko 19:00tan. Sarrera doan.
----------

2007-11-21

Permalink 12:16:37, Atalak: Berbalagun  

Bi errepidean: berbalagunak telebistan

Bi errepidean programan Berbalagunak agertu dira. Zehazki, Algortako berbalagun proiektua.
----------

2007-11-19

Permalink 13:37:06, Atalak: Tximintx  

Derioko gazteak sutanblai programan

Orain dela bi aste Derioko hainbat gazte elkarrizketatu zituzten ETB1eko sutanblai programan. Bideoak ekartzen saiatu gara, baina ezin izan dugu. Beraz, loturak jarriko ditugu bideoak ikusi ahal izateko.

Lehen bideoa.

Bigarren bideoa.

Hirugarren bideoa.
----------

2007-11-15

Permalink 16:05:22, Atalak: Aikor  

Aurten Txorierriko euskararen eguna Derion izango da

Horren inguruko elkarrizketa egin diote Laura Martinezi Aikor aldizkarian.



Abenduaren 3an Euskara Eguna ospatuko da eta data horren inguruan hainbat ekitaldi edukiko ditugu Txorierrin azaroaren 30etik abenduaren 4ra bitartean. Euskara Egunak 7. edizioa beteko du aurten, eta Derio izango da horren eszenatokia.

Txorierritar guztiengan pentsatuz antolatu dituzue ekitaldiak: umeentzako zein gazteentzako antzerkiak, helduentzako bertso-saioa, EKO musika-ikuskizuna… Hala ere, eskoletako ikasleek ekintzetan partehartze handiagoa izatea nahi izan duzue eta nobedade batzuk egongo dira…
Bai, gure helburua, umeak ekitaldiak ikusi ez ezik ekintzetan bertan ere inplikatzea izan da, eta horretarako egun batzuk lehenago eskoletan ekintza horiei buruzko prestaketak egingo dituzte. Horiek horrela, eurei zuzenduta dauden ekitaldien aurretik ekintzen aurkezpena egin dezatela pentsatu dugu. Euskara Eguna aurten Derion ospatuko dugunez, bertako eskolako umeak izango dira beste eskoletakoei aurkezpena egingo dietenak, eta datorren urtean dagokion herriko umeak izango dira aurkezleak. Beste alde batetik, Lau teilatu abestia hartu eta Txorierrirekin lotutako hitzak jarriko dizkiote abestiari bertsogintzan dabiltzan gaztetxoek, ume guztiek ikas dezaten. Era berean, eskola bakoitzak hizki batzuk hartuko ditu ‘euskara’ hitzetik, eta eskoletan kartulina desberdinetan margotuko dituzte. Gero, eszenatokian guztion artean osatuko dute ‘euskara’ hitza, ume guztiek Lau teilatuko “txorierritarren bertsioa” abesten duten bitartean.

Batzuk eskola pribatuetako umeek ezin dutela Txorierriko Euskara Egunean parte hartu kexatu dira…
Lehenengo eta behin, aztertu beharko litzateke Txorierriko zenbat ume dauden eskola pribatuetan, eta portzentajea oso txikia izango litzateke, ziur asko. Gure filosofia hau da: gauzak bertokoentzat antolatu behar ditugu, eta eskola publikoetan dauden ume guztiak Txorierrikoak dira, salbuespen barik. Badakigu, idealena Txorierrira ikastera datozenentzat eta ikasle guzti-guztientzat ekintzak prestatzea dela , baina kasu honetan kopuruak itzel igoko lirateke eta antolakuntza aldetik ezingo genioke aurre egin.

Ekitaldiak eskolako ordutegitik kanpo egitea konponbidea izan liteke.
Baina eskarmentuagatik badakigu jende gutxi hurbiltzen dela eskola-orduetatik kanpo antolatzen diren ekitaldietara. Herri bereko umeak hurbil litezke, baina beste herrietakoak, ostera, oso gutxi. Ekitaldiak eskolako ordutegiaren barruan egiten badira, berriz, mugimendu eta partehartze itzela egoten da.

Zein helburu du aurtengo Euskara Egunak?
Urtero duena. Tristea da Euskara Eguna egin behar izatea, baina uste dut urteetan egiten jarraitu beharko dugula. Helburua jendea euskararen inguruan kontzientziatzea da, umeek euskarari buruz hitz egin dezatela egun batzuetan behintzat, euren artean euskaraz egin behar dutela kontura daitezela… ez dakit horrekin lortzen den ala ez. Urtean zehar hainbat kanpaina egiten dira euskararen inguruan, eta gauza txiki horiekin zerbait handia lortuko ahal da! Guk, behintzat, horren itxaropena dugu.



Aurreko edizioei begira, zelan izan da partehartzea?
Ekintzen arabera. Batzuk oso arrakastatsuak izan dira; Benito Lertxundiren iazko kontzertua, esate baterako, eta beste batzuk ez hainbeste. Hala ere, aurretik sumatu ezin den kontua da hori: batzuetan ekitaldi batek arrakasta itzela izango duela pentsatzen duzu, eta ez da horrela izaten. Edo alderantziz.

Txorierri, berez, eskualde euskalduna da; hala ere, gaztelera nagusi da berton.
Kanpotar asko datozkigu bertora bizi izatera eta horiek gazteleraz egiten dute. Txorierriko populazioa gora doa etengabe eta ondorioz, eskualdea erdaldunduz doa. Kanpainak egiten dira jende erdalduna euskara ikastera animatzeko, seme-alabak D eredura eramateko… Baina gutxika-gutxika jorratu ahal dugun bidea da; ez urte batean edo bitan, baizik eta urte askotan. Beste alde batetik, bertokoak ere animatu behar dira euskaraz egitera edo dakitena erabiltzera.

Mankomunitatetik hainbat kanpaina aurrera eraman duzue –merkataritza arloan, eskoletan, udaletako barne planak, elkarteei zuzendutakoak…- baliagarriak dira horiek benetan?
Guk espero genuena baino okerrago atera diren gauzak egon badaude: seme-alaba euskaldunak dituzten guraso erdaldunei zuzendutako hitzaldiak, adibidez. Baina arrakasta izan duten hainbat ekimen ere badaude: euskararen aldeko jaietara joateko autobusak, Berdinean ere, eman euskaraz kanpaina, elkarteei zuzendutako itzulpen zerbitzua, merkataritzan aurten egin ditugun bi kanpaina bereziak…. eta abar. Gure eginbeharra Txorierri ahalik eta euskaldunena izatea da, eta hori lortzeko ahaleginetan jarraituko dugu.

Lehen aipatu duzun moduan, tristea da Euskara Eguna ospatu behar izatea.
Bai, beste hizkuntza batzuek ez dute horrelakorik behar, erdarak edo ingelesak adibidez, eta Euskara Eguna existitzen den bitartean, oraindik ere beharrizan handia dagoela esan nahiko du horrek. Beno, halako ekintzen bidez euskara erabiltzea lortzen da, behintzat… Hemendik 20 urtera Euskara Egunik ez badago, xanpainarekin ospatuko dugu. Bitartean, txorierritar guztiak antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Guztiontzako ekintzak daude eta ondo pasatzea eta euskara erabiltzea da gure helburua.
----------
Permalink 11:20:11, Atalak: Aikor  

Derio elizatetzat jo zuten duela 319 urte



Irailaren 24a, astelehena, derioztarrek pozik ospatu zuten eguna izan zen, Gernikako Batzar Nagusiek Derio elizatea egun horretan aintzat hartu baitzuten orain dela 319 urte. Hurrengo lerrootan Andres Bañosek horren gainean idatzitako artikulua jaso dugu. Artikulua Beitu Derioko udal aldizkarian argitaratu zuten irailean.
1688. urteko irailaren 24a. Hori data inportantea izan zen Derio herriarentzat, egun horretan Gernikako Batzar Nagusiek eskubide osoko elizatetzat onartu zuten-eta. Gehienek aldeko botoa eman zuten, eta Deriori 72. eserlekua eta botoa egokitu zitzaizkion. Uribeko Merindadearen barruan 32 zenbakia eskuratu zuen. Horrela, Derio Batzar Nagusietan sartu zen azken elizatea izan zen, harik eta XIX. mendearen erdialdean Bedia onartu zuten arte.
Batzar Nagusietan lekua izatea ez zen erreza, eta elizate batzuek ez zuten inoiz lortu. Zergatien artean hauek aipa daitezke: biztanle gutxi zituztelako, tirabiran zebiltzalako lurrak zirela-eta, edo beste herri batzuetatik desanexionatu zirelako Batzarren baimen barik. Azken motibo horrengatik, adibidez, ez zuten Basauri elizatetzat hartu, hori Arrigorriagatik banandu zenean.

Batzar Nagusietan parte hartzeko zailtasunak

Derio nahiko berandu sartu zen Gernikako Batzar Nagusietan, eta horretan lehen aipatutakoak bezalako zergatiek eragina izan zuten, ziur asko.
XVI. mendetik behintzat Derioko lur-zati handi bat Mungiarena zen, eta, 1883. eta 1888. urteetan gertatu zen moduan, baliteke hango erregidoreak ahaleginak egin izana hiriak elizatea anexiona zezan. Eta hori ere Batzar Nagusiek Derio lehenago onartu ez izanaren arrazoia izan liteke.
Gernikan ospatu zuten bilkuran eta aktan azaltzen den moduan, Antonio Miguel Zaldua eta Ugarte jauna, Bilboko biztanlea eta Derioko erregidore leiala zenak hala eskatu zuen: “Derio eta horko biztanleak eta etxeak aintzat hartzea”. Horrela, Derio Bizkaiko Jaurerriko aginte-organoetan sartu zen.
----------

2007-11-13

Permalink 14:36:44, Atalak: Berbalagun, Bestorrene  

Jürgen Wolf, Tandem fundazioko hizlaria: “Berbalagun proiektuek hizkuntzarekin harreman emozionala izaten laguntzen digute”

Wolfek euskaraz hitz egiteko beldurra kentzen lagundu zigun joan den hilabetean. Tailerra Derioko Berbalagun taldeak antolatu zuen eta alemaniarrak gakoak eman zizkigun lotsa kendu ahal izateko.

Alemaniarra zara, baina euskalduna ere bai.
Nortasun-agirian alemaniarra naizela dakar, baina nik hainbat hizkuntza ezagutzen ditut. Ondorioz, ez dut neure burua ezer berezitzat jotzen. Gizakia naiz, alemaniarra eta euskaldun berria ere bai. Dena dela, aspaldi honetan ez dut asko euskaraz hitz egin, jendeak aprobetxatzen baitu nirekin alemanez aritzeko.

Noiz ikasi zenuen euskara?
Duela 20 urte, Madrilen. Euskal Herrira 1988. urtean etorri nintzen lehendabiziko aldiz. Neskalagunak Bilbora etorri behar zuen, garai hartan egiten zebilen tesia dela-eta. Ni ere animatu nintzen bertora etortzera, baina Bilbora baino, Donostiara joan nahiago izan nuen.

Derioko Berbalagun Tximintx euskara elkartearen ekimena da. Zertan laguntzen dute proiektu horiek hizkuntza baten ikaste-prozesuan?
Hizkuntza horretan hitz egiteari diogun beldurra kentzen, gramatika praktikan jartzen, gauzak hobeto gogoratzen… Horretaz aparte, hizkuntza pertsona bihurtzen da, hau da, hizkuntza horrekin harreman emozionala izaten laguntzen digute. Eta beste mundu batean murgildu ere egiten gaituzte. Euskaldunen mundua beste mundu bat da, eta Berbalagun bezalako ekimenek mundu horretara eramaten gaituzte.

Eta nola galdu euskaraz hitz egiteko lotsa?
Ba, ekimen horiek erabat baliagarriak dira. Ikasten dabilena babestuta sentitzen da: beste pertsona biren aurrean hitz egingo du, baina horiek ez diote hainbeste zuzenketa egingo. Elkarrizketa nagusi da, eta zerbait ulertzen ez badu, galdetzen du lasai asko. Era berean, besteek hitz egiteko orduan erabiltzen dituzten esamoldeak-eta bereganatzen ditu. Horrek asko laguntzen du, izan ere, gauza bat da hizkuntzaren gaineko teoria ikastea, eta beste bat, hizkuntza hori erabiltzea.
----------

2007-11-12

Permalink 12:33:05, Atalak: Tximintx  

Txarriak eta bertsoak

Zapatua, azaroak 10. Eguraldi ederra. Lagun onak txokotik Derioko eskoletara. Eskolak. Jantokia. Lana egin behar, txokoan baino gehiago.


Bazkaria ederra. Rementeria nagusi, laguntzaile kuadrila ere ederto. Porrusalda, odolosteak eta giarra. Ezin hobeto. Ardaoa eta ura, ahaztu barik. Tarta gozoa eta patxarana.


Bertsolariak hasi behar. Fredi eta Ortzi trikia eta panderoa hartu, eta bazterrak alaitu.



Algortako familia, paiatarrak: Xabi, Fredi eta Itsaso. Eta gai-jartzaile, Derioko Ortzi. Librean hasi. Bateri zein besteri egurra, bateri zein besteri burla. Barreak eta giro ezin hobea.









Gaika. Seriotu dira bertsolariak. Baina emozioez gainezka jarraitu dute. Barre eta erreibindikazio, iragana eta etorkizuna. Ederra benetan. Puntuka jarri dira gero: berriro ere barre algarak. Eta amaitzeko agurrak. Fredirena antologikoa.



Bizkaiko txapelduna izan da lehendabiziko aldiz gurean. Paiatarrak lehendabiziko aldiz batera bertsotan (bueno, beste bertsolaririk gabe). Bertso saio ederra: denetarik eta berritzailea. Itsaso beste ahots bat gehitu dio anaien kalapitari. Gozoa eta ederra.



Ostean, Deriotik poteoa, baita Zamudion ere. Baina horiek beste kontu batzuk dira. Datorren urterako listoia altu jarri dugu, baina gaindituko dugu, dudarik ez izan. Leku berrian izango ote da Txarriboda? Auskalo .....

----------

2007-11-11

Permalink 19:10:14, Atalak: Berbalagun  

Berbalagun Mendi Irteera

----------

2007-11-09

Permalink 13:20:45, Atalak: Tximintx  

Txarribodaren lekua aldatu behar izan dugu

Azken orduko mezua: txarriboda ez da izango iragarri bezala, Lagun onak txokoan. Bazkaria Derioko institutuan izango da.

Arazo batzuk egon dira txokoarekin eta ezin izango dugu erabili. Txokoaren estatutuek zapatuetan umerik ezin dela sartu esaten dute. Iaz salbuespen gisa umeak sartu ahal izan ziren, baina aurten txokoaren batzak ez du baimenik eman umeak sartu ahal izateko.
----------

2007-11-07

Permalink 11:30:19, Atalak: Berbalagun  

Berbalagun mendizalea martxan

Derioko Berbalaguna ikasturte honetan nobedade batekin dator: Berbalagun mendizalea. Orain arte, egon da lau pertsonako talde bat mendi txangoak egiten zituena. Ikasturte honetan, berriz, talde horrek beste guztiei ateak ireki eta Berbalagun mendizalea jarriko dugu martxan.

Berbalagun mendizaleak hilero egingo du txango bat. Txangoak errazak izango dira, edonork egiteko modukoak. Txangoak izango dira hile bakoitzaren hirugarren domekan (salbuespenak salbuespen). Beraz, agendetan apuntatzen joan, sofatik altxa eta ariketa apur bat egin, gure menditxoak ezagutuz.



Eta zelan joango gara mendira, ba? Derioko plazan lotuko gara, goizean eta kotxez antolatu ondoren, hara egingo dugu txangoa. Bakoitzak eramango du bere janaria, bere arropa eta abar. Berbalagunak gidariak jarriko ditu, baita bestelako informazioa ere.

Lehen txangoa Urduñara izango da. Hara joango gara, Santiago mendian dagoen otsategi (lobera) bat ikustera.
----------

2007-11-05

Permalink 14:16:28, Atalak: Tximintx  

Zapatu honetan Txarriboda bertso bazkaria

Zapatu honetan, ohitura legez, Tximintx euskara alkarteak Txarriboda antolatu dau, Lagun Onak txokoan, Derion.

Txarriboda alaitzeko, bertsolariak etorriko dira aurten be: Algortako paiatarrak hain zuzen be: Fredi, Xabi eta Itsaso Paia. Trikitilariak ere egongo dira.

Izena emateko bi modu daude:
- Tximintx euskara elkartean: 635.75.35.95 telefonoan edo tximintx[abildua]gmail.com-en.
- Txorierriko AEKn: Gorbeia kalea, Derio.

Tximintxeko bazkideek eta Berbalagunek 13 euro pagatu beharko dituzte eta besteek 16 euro.
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

Tximintx elkartearen bloga

Blog hau Tximintx-ek antolatzen dituen ekintzak eta egitasmoak zabaltzeko leihoa da. ------------------------------------------------------------------------------ Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago. --------------------------------------------------------------------------------------
Estatistikak

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution