
Derioko Berbalagunak datorren ikasturtera arte agur esan du. Dena den, horrek ez du esan gura udan euskara ikasteko eta erabiltzeko aukerarik ez dagoen. Hona ekarriko ditugu horietako aukera asko:
- Barnetegiak: hainbat eta hainbat aukera dago Euskal Herrian. Barnetegi mota ezberdinak (guraso barnetegiak, gazte barnetegiak, ibiltariak, ...), data ezberdinetan. Eskaintza zabala, benetan. Zerrenda bat egin du Karrajuak bere blogean.
- Txorierriko AEK (Derio): EGA eta hobekuntza ikastaroak. Ikastaroak izango dira uztailean, 2tik 27ra (goizez, ikastaro trinkoa). Izena emateko azken eguna, ekainaren 29a. Informazio gehiagorako pasa euskaltegitik, 94.454.39.67 telefonora deitu edo txepetxa[abildua]aeknet.net helbidean.
-Txorrierriko Udal Euskaltegia (Derio): udako ikastaroak ere antolatzen ditu, baina ezin izan dugu horren gaineko informaziorik lortu. Informazioa lortzeko pasa Udal Euskaltegitik, 94.454.00.62 telefonoan edo euskera[abildua]txorierri.org helbidean.
- Labayru (Derio): Labayru ikastaroak antolatu ditu Derioko seminarioan. Hainbat eta hainbat ikastaro antolatu ditu: Alfabetzatze mailak (3 maila, bizkaieraz), Goi mailak, EGA ikastaroa, Hobetze maila, Bizkaiera lantzen, Mintzamena, hizkuntza eskakizunak ateratzeko ikastaroak, itzulpen ikastaroak eta euskara teknikari izateko ikastaroa. Honen gaineko informazio gehiago hemen.
2005eko irailean jarri genuen Berbalaguna martxan Derion. Lehen ikasturtea oso arrakastatsua izan zen eta iazko irailean bigarren ikasturteari ekin genion.

Ikasturtean zehar 39 pertsona ibili dira Berbalagunean, hainbat taldetan banatuak. Adin aldetik, denetarik izan dugu: hasi 20 urtetik eta 68 urtera. Genero aldetik, neskak gehiago mutilak baino.

Eta zer egin dute? Ba, apur bat denetarik: paseoan ibili, mendira joan, txutxumutxetan ibili, bidaietan bizitakoak trukatu, ...

Horretaz gain, Berbalagun proiektuaren inguruan bestelako ekitaldiak egin dira: hilero euskarazko agenda atera, mintza egunera egindako txangoa, Bizkaiko Bertsolarien finalera egindako beste txangoa, ...

Baina ikasturtea amaitu da eta horrekin agur esango digu proiektuak datorren ikasturtea heldu arte. Irailean elkar ikusiko dugu, hortaz. Iazkoan 40 baietz esan genuen eta ez dugu lortu 40era iristea. Baina batera geratu gara, dedio. Datorren urterako apusturik ez dugu egingo, badezpada.
Baten batek nahiko balu irakurri, 2006-07 ikasturteko memoria, fitxategia internetera igo egin dugu. Memoria.


Ekainaren 16an Tximintxek antolatuko du 2007ko Batzar Orokorra. Batzarra goizeko 11etan hasiko da Derioko KZgunean (Uribe plaza, Txozna auzoa). Batzar horretan urteko kontuak, urteko balantzea eta hurrengo urterako asmoak azalduko ditugu.
Horrez gain, Batzar Orokorraren hurrengo astean urteko kuota kobratuko dugu. Bazkide gehienen kontu korrontea badugu, baina batzuena falta zaigu. Kontu korrontea eman ez baduzu, gure bulegotik pasatu eta eman edo bestela telefono honetara dei dezakezu: 635.75.35.95 (Oihana).
Aprobetxatu nahi dugu ekainaren 7an eta 17an izango ditugun ekitaldien berri emateko. Ekainaren 7an, Larrabarrin, Pako Aristi idazlea ekarriko dugu eta literatura eta bizitzari buruz egingo du berba. Hitzordua arrastiko 8etan izango da. Ekainaren 17an, berriz, Txan magoak umeentzako emanaldia eskainiko du, ikasturteari horrela amaiera emanez. Emanaldia arrastiko 5etan izango da, Gurea aretoan. Sarrerak 2 €tan izango dira umeentzat eta 3,5€ helduentzat.
Tximintx euskara elkartea







Blog hau Tximintx-ek antolatzen dituen ekintzak eta egitasmoak zabaltzeko leihoa da.
------------------------------------------------------------------------------

Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.
--------------------------------------------------------------------------------------
Estatistikak