Artikulu hau Aikor! aldizkariko 48. zenbakian argitaratu da (2006ko apirilean).

Aurten 20 urte bete ditu Txepetxa euskaltegiak. Beste 10 urte atzera egin eta AEKren sorrerarekin egin dugu topo; beste hamarkada bat atzeratu eta Txorierri berreuskalduntzeko lehen saioak aurkitu ditugu.

Euskararen aldeko lehen mugimenduak
Josu Naberan, Belen Gana eta Jabi Agirre nagusien alfabetatze lanean hasi ziren 1967an. Hurrengo urteetan klase gehienak umeei zuzendutakoak izan ziren. Euskaltzaindiko batzar baterako dokumentuan agertzen denez, 1973an Larrabetzun 15 nagusi eta 50 ume zeuden ikasten (hauek Kili-Kili metodoarekin); Larrondon neska talde bat; Loiun 8 ume eta Goiherrin 20 gazte.
1975-1978, euskara ikastearen booma
1975an euskaldun kontzientzia areagotu egin zen herrietan, politikan mugimendu handia zegoen eta Franco urte horretantxe hil zen. Aldaketa ugari zetorren. Bilbon egindako batzar batean AEK Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundea sortzea erabaki zen, Goierriko Xabi Oleaga tarteko.
AEK-k herrietan berez sortutako taldeak koordinatuko zituen eta laster hasiko ziren klaseak lantegietan (Degremont, Indume-tal, Sacep, Dunlop…). Metodo berriak ere agertu ziren: Euskalduntzen-1, 2, 3 eta Alfabetatze hasieran; eta Jaldi Hadi eta Hitz Egin geroago. Klaseak elizaren lokaletan ematen zituzten, baina laster hasi ziren arazoak, izan ere, irakasle batzuei klaseak ematea debekatu zitzaien, “ateoak” zirelakoan . Lehen udal-hauteskundeen ondoren, klaseak eskoletara pasatu ziren apurka-apurka.
1979-1984, egonkortasuna eta eklipsea
AEK guztiz finkatu zen Txorierrin aro horretan. Eraketa zein didaktika batzarrak sarritan egiten ziren, ikasteko ordu kopuruak hazi egin ziren (6 astero), irakasleak kobratzea “normal” ikusten zen… 1980an lehen Korrikak eta bere leloak “Zuk ere esan bai euskarari!” Txorierri ere zeharkatu zuten. Herri guztietan zeuden gaueskolak eta Errigoitin udako barnetegia antolatu zen.
Baina eklipsea ere heldu zen: matrikulazioa jaitsi eta gaueskolak desagertuz joan ziren. Derion eta Larrabetzun zentralizatu behar izen ziren taldeak. Gainera udal batzuek AEKri eskoletan klaseak ematea debekatu eta beraiek klase horiek antolatzen hasi ziren.
1985, aro berria: Txepetxa euskaltegia.
Korrika-4koTxorierriko Batzordean euskaltegia sortzea erabaki zen, egoerari astindua emateko. Horrela, bada, 1985eko irailaren 20an Txepetxa euskaltegia inauguratu zen Derion, San Miguel auzoko pisu batean. Sabin Gaztañaga buru zela 130 ikasle matrikulatu ziren.
“Lehenengo euskaltegia Derioko San Miguel
auzoko pisu batean inauguratu zen 1985ean.
Korrikaren diruari esker, gaur egungo lokala
zabaldu ahal izan zen hurrengo urtean”
Korrikaren diruari esker, lokal berria (oraingo bera) zabaldu zen hurrengo urtean eta laster emango zitzaion hasiera kulturgintza bultzatzeko plan oparo bati. Txorierrin euskaltegi bat funtzionatzen zuela ikusita, HABEk ere jarri zuen berea. Udal euskaltegia 1988an zabaldu zen. Txepetxak bere martxa jarraitu zuen, Athletic-en klaseak emanez, ekintzak
burutuz: Txalaparta ikastaroa, Euskal Musika tresnen erakusketa, JAFF jaia, Futbito liga…

Lana ez da klasera besterik mugatzen: irteerak, erakusketak, hitzaldiak eta abar ere egiten dira, euskara edozein testuingurutan praktikan jarri ahal izateko
Azken urteak
Belen Gana bertako arduradunaren esanetan, lana ez da euskaltegira besterik mugatzen. “Hainbat urtetan herri ezberdinetako guraso elkarteakaz batera lan egitea be inportantea da, lantegietan klaseak emotea, gaztez betetako EGA taldeak izatea ..."
Metodologiari dagokionez, AEK ren irakasteko modua bera da aspalditik: ikasten dena praktikan ipintzea. “Osotasuna landu behar da, baina garrantzitsuena berba egitea da, herri bateko partaide sentitzea. Kultura hizkuntzeagaz batera joatea inportantea da guretzat. Ikasle asko euskararen aldeko militanteak bihurtzen dira; Korrika batzordeak dira horren lekuko"
HABErekiko harremanak orain hobeak direla dio. "20 urte baino gehiago dira ekintza bidezko irakaskuntza lantzen dugula AEKn, orain "atazetan" oinarritutakoa (HABEk onartuta). Gauza bera azken finean. Orain dela bi urte mailaketa azterketetara aurkezten hasi dira ikasleak eta horrela diru bat berreskuratzea lortzen dute".
Txepetxa sortu zenetik hona, 100tik gora ikasle izan dute urtero Larrabetzutik Erandio Goikoaraino. “AEKn klaseak ematea militante parte bat edukitzea dakar, baina baldintzak asko hobetu dira gaur egun. Loteria, korrika eta abar egiten jarraitu arren, horiek Nafarroa eta Iparraldeko euskaltegiak finantziatzen laguntzeko dira. Ez dugu ahaztu behar une latzak ere pasatu ditugula, euskararen kontrako erasoak, Garzon... "
“Kultura hizkuntzeagaz
batera joatea inportantea
da guretzat”
Sabin Gaztañagak arrastoa utzi zuen euskaltegian
Goierrin, Erandio Goikoan jaio zen 1954an. Gazte gaztetatik pertsona konprometitua izan zen eta Frankismo garaian politikan ibilita kartzela ere ezagutu zuen.
Gaixotasun latza pasa ostean, euskal kulturan murgildu zen. AEKn sartu eta 1985ean Txepetxa euskaltegiko sorreran parte hartu zuen, arduradun legez lehen urteetan.
Urte batzuk geroago AEK-ko Bizkaiko arduradun izendatu zuten. Korrika-7ko antolaketan ibili eta Baionan azken kilometroa korritzera zihoala, buruko minbizia birsortzen zitzaiola nabaritu zuen. Juxtu-juxtu lortu zuen amaierako mezua mikrofonoetatik irakurtzea. Hilabete gutxira hil zen, 1992an.
Sabinek esaten zuenez "euskaltegia txepetxa edo epetxa txoria legez izan beharko da, txikia, baina berton ondo sustraitua".
Ez daude Erantzunak/Pingback-ak mezu honetan...
Blog hau Tximintx-ek antolatzen dituen ekintzak eta egitasmoak zabaltzeko leihoa da.
------------------------------------------------------------------------------

Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.
--------------------------------------------------------------------------------------
Estatistikak
