Artxiboak: Urtarrila 2007

Txuri txuri

2007-01-24

Txuriturik daukagu auzoa, txuriturik dago Mendielorri!

Auzoa Euskal Herri osoan izan da gaur ikusgai euskal telebistaren bitartez, Mendielorriko auzoan hartu baitutuzte elurraren irudiak. Bertan, bat eskiatzen etxera bidean agertu da batetik eta Elorri ikastetxeko haurrak kanpoan jolastuz.

Ez gara bakarrak auzoko edertasunaz ohartu garenak!

Bidali zuen argazkiak: tximinitik@yahoo.es

Bagatoz bueltan...

2007-01-22

Blogari.net lakua txukuntzen jardun omen da egun hauetan zehar, guri ez digute abixatu eta saretik at utzi gaituzte! Hori dela eta egun batzutan berri berriak sartu ezinik ibili gara. Kanpoko arazoen erruz ezin izan dugu auzoko berri hemen jaso. 

Bihartik aurrera berri gehiago!

 

 

 

Gol festa

2007-01-15

Atzo Sadar futbol zelaira hurbildu zirenek ez zuten izan ez aspertzeko betarik izan! Nahiz eta, zaletuetariko asko ziur resakarekin egon, larunbat gaueko Hatortxurock zela eta, eztarria berotzeko aukera izan zuten bost golekin! 5-1 irabazi zuen Osasunak Betisen aurka.

Lehen zatian 2-0 aurretik jartzea lortu zuen Osasunak Soldado eta Puñalen golei esker. Betisek aldea murriztea lortu zuen, baina bigarren zatian Osasuna izan zen jaun eta jabe. Soldadok, David Lopezek eta Webok sarturiko golekin festa bihurtu zen Sadar futbol zelaia. Amaieran 5-1 markagailuan!

Ia asteazkenean beste 5 gol sartzen dizkioten Athletico Madrili!

 

 

Auzoa ezagutuz I

2007-01-14

Gaur ibilbide bat proposatuko dizuegu inguruak ezagutzeko: Auzotik Badostainera igoko gara, goitik bistak ikusteko.

Elorri ikastetxetik hasiko dugu ibilbidea, Señorio de Amokain kalea hartuz amaieraraino. Ondoren, auzoko goiko partera doan bidea hartuko dugu eta rotondara heltzean Badostainera doan bidean barneratuko gara. Kolore gorriko bidetik gorantz abiatuko gara. Bertatik inguruetako paisaiak ikusteko aukera daukagu: Monrealeko higa, Taxoareko mendi lerroa eta Erreniega.

Behin Badostainera iritxita kale nagusitik jarraituko dugu eta ondoren ezkerretara doan lehen bidea hartuko dugu aldapa txiki bat igoz. Bertan tailer bat azalduko zaigu Construcciones zubillaga. Bere ondotik doan bidea hartuko dugu. Goian zuhaitz baten ondoan geldituko gara inguruari begiratzeko. Bertatik, San Cristobal eta inguruetako mendiak ikusiko ditugu. Beste aldera begiratuz gure auzoa ere primeran ikusiko dugu.

Bidea jarraituz auzora iritxiko gara berriz ere. Lasai joanez gero, 45 minutuko ibilbidea egingo dugu, astia dugu beraz pintxo bat hartzeko etxeratu aurretik. Horretarako "La bodegita del medio" tabernan sartuko gara pintxo aukera handia baitu!

Gazteluko pintadak

2007-01-12

Ezagunak ditugu auzoan bai lakua eta baita alboan duen gaztelua ere. Ondare historikoaren lekuko dugu gaztelu hau, baina badirudi Udaletxeak ez duela dirurik gastatu nahi bertako hormak garbitzen. 

Begiratu irudietan. Pintadaz beterik ditu gaztelu honek paretak eta atea. Hilabeteak daramatza horrela eta hor jarraituko dutela dirudi, ez baitu ematen inork horiek garbitzeko asmorik duenik. Bien bitartean, zergatik ez ditugu paretak garbi mantentzen?

PintadakPintadak

Liburutegia edo...

2007-01-11

Ixilik!Astelehenean izan genuen Civivox zentroa ezagutzeko aukera, zehazki, bertako liburutegia ikustera joan ginen.

Sartu eta berehala, zarata nagusi eta hori gutxi balitz megafoniatik musika jarrita eta ez zen ez musika klasikoa. Apalak bete nahian dabiltzala esan daiteke, erdi hutsak eta liburu berrien artean udaran kaleraturiko zenbait ale ikus zitezkeen. Berria da eta oraindik amaitzeke dagoela esan daiteke. Baina, ekainean zabaldu zuten zentroa eta nik uste eduki dutela astia fundamentu gehiagorekin betetzeko.

Materialaren falta arazoetariko bat da dudarik gabe, baina, ez gehien harritu ginduena. Liburutegi batean ixiltasuna da nagusi, bai irakurtzen ari denarentzako edo bai ikastera joan denarentzako ere. Ba guk topatu genuena honatx: gazte bat baloiarekin lurrean botata jolasean, beste bi etxeko lanak eginez guztiek entzuteko moduan, amak tertulian, eta ixiltasuna eskatzen inor ez... Hori ikusita nik uste dut ikastera joan nahi duenak hobe duela beste toki bat topatu.

Hori al da liburutegia?

 

Berdinketa lortu du Osasunak Madrilen

2007-01-10

Errege kopako kanporaketa jokatu zuen atzo Osasunak Athletico Madrilen aurka. Vicente Calderonen jokaturiko norgehiagokan 1-1eko emaitza erdietsi zuen Osasunak.

Jokalari gorritxoak Weboren gol bati esker aurretik jarri ziren markagaiulan lehen zatia amaitu baino bost minutu lehenago. Eskura izan zuten garaipena, baina, Fernando Torresen gol batek berdinketan utzi zuen kanporaketa. Osasunak lorturiko emaitza ez da txarra izan, izan ere, oraindik jokatzeke dute etxeko partida. Hala, bere zelaian 1-1 emaitza mantentzea nahikoa dute Errege Kopan aurrera egiteko.

Informazio gehiago:

http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=kirola&data=2007-01-10&orria=027&kont=009

Mendielorriko berriak

2007-01-09

Iruñako Mendielorri auzoko berrien bloga duzu honakoa. Auzoko albiste, bitxikeri eta besteak beste, ekintzen berri ematea da gure asmoa. Guztion horria da honakoa, guztion artean eginez gero gauza gehiago jartzeko aukera izango dugu eta. Auzokoa bazara eta zerbaiten berri eman nahi baduzu hemen duzu aukera. Gurekin harremanetan jartzeko idatzi honako helbidera: tximinitik@yahoo.es

Blogaren izena auzo osoan ikusten den tximinia dela eta jarri dugu. Tximini horretatik auzo osoa ikusten da, auzoko berri jasoko dugu bertatik, kea beharrean berriak irtengo dira www.blogari.net/tximinitik blogetik.

Ongi etorri gure tximinira

 

 

 

 

 

Mendielorriko (Iruñako auzoko) berriak. Auzoko gertaera, bitxikeri eta ekintzen berri jasotzeko bloga. Guztion artean egina eta guztiontzat.

Sortzailearen profila

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Atalak


Artxiboak

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution