Kobayashi eta Maskawa japoniarrak eta Nambu estatubatuarra izango dira aurtengo hiru sarituak
Arantxa Elizegi
Azken helburua unibertsoaren sorrera azaltzea duten ikerketak saritu ditu aurten Fisikako Nobel sariak. Medikuntzakoekin herenegun gertatu bezala, Fisikako saria ere hiru zientzialarirentzat izango da: bi japoniarrak, Makoto Kobayashi eta Toshihide Maskawa; eta estatubatuarra hirugarrena, Yoichiro Nambu. Hirurek egindako ikerketei esker Unibertsoaren simetriarik eza azaltzeko teoria berriak garatu ditu gizarteak. Horien arabera, maila subatomikoan gertatzen diren desbideratzeak dira simetria ezaren erantzuleak.
Nambu izan zen lehen aldiz simetriaren berezko haustura aipatu zuena. 1960an aurkeztu zuen teoriaren arabera, simetriaren haustura hori da superkonduktibitatearen eragilea -korronte elektrikoak erresistentziarik aurkitzen ez duenean agertzen da superkonduktibitatea-. Hutsaren ikerketan erabiliko zuen aurrerago teoria hori, eta hala azaldu zuen, hutsean, alegia, energia ia ezereza den kasuetan, ez dela simetriarik.
Teoria praktikara
Simetriaren berezko haustura 1964an atzeman ahal izan zuten lehen aldiz; baina Kobayashi eta Maskawa izan ziren, 1972an, partikulekin egindako esperimentuen bidez hura frogatu zutenak. Materia quarkez eta leptoiez dago osatuta, eta bi fisikari japoniarrek azaldu zuten hiru mota quark behar zutela egon. Bi eta hogei urte artean behar izan zituzten mundu osoko zientzialariek Kobayashi eta Maskawaren teoria egiaztatzeko. Zehazki, 1974an, 1977an eta 1994an frogatu ahal izan zuten hiru quark mota zeudela: charm, bottom eta up. 2001ean, Stanfordeko (AEB) partikula azeleragailuan eta Tsukubako (Japonia) KEKen egindako esperimentuek erakutsi zuten partikulen simetria hauts zitekeela. Hala frogatu zuten 30 urte lehenago bi fisikari japoniarren aurkeztutako teoria.
Hiru zientzialariek, ordea, lehendik ere jaso izan dute saririk egindako lanagatik. Nambu Tokion jaio zen 1921ean, baina aurrerago AEBetako herritartasuna jaso zuen. Hala, AEBetako Zientzien Domina eta Japoniako Kulturaren Ordena jaso ditu. Beretzat izango da sariaren erdia. Beste erdia, berriz, Maskawa eta Kobayashirentzat izango da. Gaur, bestetik, Kimikako Nobel saridunak jakinaraziko dituzte.
Berria, 2008/10/08
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
| Lortu zure stickama doan |