Javier Bardem aktoreak gogor itxura du, bizitzan kolpe asko jasotako boxeolari baten sudur eta guzti. Zinismo puntu bat dauka itsatsita ezpain artean. Begien azpiko bi poltsa handi itsusiek alukeria guztiak ikusitako baten nekatu itxura ematen diote haren begiradari. Egunetako bizarrarekin ibili ohi da, ez du modaren konbentziorik segitzen. Familia gorri bateko seme gorri, ez dio muzinik egin konpromiso sozialari.
Horregatik harritu gaituzte Canneseko saria jasotzerakoan hain tipo zangar batek esandako hitz txit eztiek:
“Nire adiskideari, nire konpaiari, nire maitasunari. Penelope, asko maite haut”. Euskal aktoreren bat imajinatu nahi dut —edo euskal farandulako edozein, neu ere barne—publikoaren aurrean halakoak esaten. Ni, behintzat, neure zapatapean ezkutatuko nintzateke, gutxienez urtebetez.
Eta hala ere, hain da ezohikoa matxo bat halakoak esaten entzutea…
Beharbada dena ez dago hain galduta ere.
Anjel Lertxundi, Berria, 2010/05/25
| Lortu zure stickama doan |
