Egun batzuk pasatu dira liburu eder honek
argia ikusi zuenetik, eta dagoeneko esku artean daukadanez pentsatu dut aitzakia ona izan zitekeela blog hau hilda ez dagoela nola edo hala frogatzeko.
"Toponimia Histórica de Barakaldo" izeneko liburu hau
Goio Bañales ikerlariak eta
Mikel Gorrotxategi euskaltzainak burutu dute. Izenak ondo dioen bezala, Barakaldoko udalerriko toponimo historikoak batzen dira (Goio Bañalesek urteak eman ditu artxiboetan arakatze-lan izugarria eginez), bai eta toponimo bakoitzaren
forma normalizatua eta testigantza historikoak eman ere.
Landa-lana ere egin da, jasotako toponimo historikoen egungo forma jasotzeko, eta hori hainbat barakaldarri esker egin ahal izan da. Hala, udalerriko panorama toponimikoaren oso argazki fidagarria lortu da, aldaketa handiak, izugarriak oso denbora gutxian jasan zuen ingurune batean, ezin baitugu ahaztu Barakaldok 5.000 biztanle eskas zituela XX. mende amaieran eta 100.000 baino gehiago XX. mende erdialdean, horrek dakartzan aldaketekin.
Baina liburuan ez dira soilik Barakaldoko toponimoak batu, baita
Alonsotegikoak ere. Izan ere, udalerri hau urte luzez egon zen Barakaldoren "menpe" (lehenago Arrigorriagako elizatearen parte ere izan zen), eta, gainera, egungo udal-dermioaren barruan historikoki barakaldarrak izan diren inguru eta auzo batzuk hartzen dituelako (Sasia, Pertxeta, Torregoiko eta Zamundi inguruak esaterako).
Azkenik,
mapa txukun bat ere badakar liburuak.
Edozein modutan ere oso liburu interesgarria eta ezinbesteko lanabesa toponimia eta historia linguistikoaren aldetik oso interesgarria den inguru hau ezagutzeko.
Barakaldo antzinean Arrontegitik