Ezkerraldea aspalditik izan da askorentzat industria, kutsadura eta erlauntza itxurako etxeez betetako erreinua. Gaur egun, lantegi handietako suak amatatuta, bestelako megaparkak, BECak eta enparauak bihurtu dira hango erakusgarri. Baina horren ondoan, barruan eta aldi berean aparte, lehenagoko izaerari zelan edo halan eutsi dion inguru berezi bat dago, Barakaldon bertan: gaur egun El Regato izenaz ezagutzen den haran berde eta estua. Leku eder eta mendien artean gordea.

Harana geografikoki apur bat deskribatzearren, esan behar da Agirtza edo Castaños izeneko erreka dela bizkarrezurra, hegoaldera Sasiburuko mendiak dituela, eta iparraldean eta Mendebaldean Trianokoak. Horrela, Barakaldoko Retuerto auzotik hego-mendebaldera luzatzen da, Eretza mendiaren oinetara heldu arte. Bitarte horretan zehar harana antzinako denboretatik osatzen duten auzoak topatzen ditugu, Retuertoko Ametzaga auzotik hasita, hurrenez-hurren Bengolea, Gorostitza, Mesperutza, Uraga, Aranguren, Egiluz, Arragoa, Anbia, San Roke (parrokia dagoen ingurua), Eskauritza, Zubitxu, Tellitu eta Urkullu. Auzo hauen artean garrantzitsuenetarikoak, Aranguren eta Egiluz kasu, 60. hamarkadan Labe Garaiak urez hornitzeko eraiki zen urtegiaren uren azpian daude gaur egun, eta batzuetan, oso jende gutxi bizi da. Harana XX. Mendean eskualdeak jasan zuen industrializazio bortitzetik kanpo geratu bazen ere, ugariak izan ziren garai batean burdinolak –Urdandegietakoa, esaterako, oso berandura arte ibili zen martxan-, errotak edota meategiak. Trianoko mendien oinetan logikoa da burdinaren industriaren garapena, eta hortxe ditugu erakusgarri Arnabal izeneko lekuan dauden meategi abandonatuak.
Baina gatozen haranaren izenaren gainean argi apur bat ematen, auzoen izenen euskalduntasuna ikusita harrigarri egiten baita haran osoaren izena gaztelaniazkoa izatea. Nondik ote dator “El Regato” hori?
Lehenengo eta behin esan behar da izen hori, lehenengo aldiz, 1790. urtean dokumentatzen dela. Izen nahiko modernoa da, beraz -hain zuzen ere, Barakaldon urte horien bueltan hasten dira euskarazkoak ez diren toponimo txikiak agertzen. Bere jatorria azaltzeko leku batean baino gehiagotan irakurri eta entzun dut izena Uragako errekastotik datorrela; errekasto horri “regato de Uraga” esaten ei zitzaion, eta denboraren poderioz, izenaren osagai berezia galduta, osagai arruntak iraun zuen, eta ez hori bakarrik, bere eremu geografikoa hedatu eta azkenean ibar osoa izendatzera heldu da. Bestelako hipotesi bat geroxeago azalduko dut. Argi dagoena da ordurarte, “El Regato” izena zabaldu arte eta Erdi Aroan bertan hasita, auzoen izenak ditugula dokumentaturik batez ere (Escauriça/Escabriça/Escauriza, Mesperuça, Gorostiça…), toponimo zein abizen gisa. Horien artean, garrantzi handikoa dugu Egiluz izena. Lope García de Salazarrek bere “Bienandanzas y Fortunas” liburuan, esaterako, behin bai
no gehiagotan aipatzen du inguru hauetara etorriz iren “godoak” hizpide dituela: “En esta tierra de Varacaldo, de antigo tienpo ovo tres linajes, que son Retuerto e Susunaga e Iraure. E el más antiguo d'éstos fue el de Retuerto, que suçedieron de un cavallero de los godos que pobló en Egilus, cavo Foloeta.”(…) “E otrosí de allí, de Gilus, suçedió otro que pobló en Mesperuça de Varacaldo, del qual suçedió don Sancho López de Varacaldo, que pobló en Vizcaya muchos monsterios, donde viene su linaje.”
Bilboko hiri-gutunean, hiriaren mugak zehazten diren pasarte batean Egiluz toponimoa agertzen da (“E otorgo bos que aiades por terminos desde que toma el pubntal de fondon de Zorroza, do se juntan amas las aguas, ribera del agua arriba que viene de Balmaseda, fasta el arroio que viene por somo del campo de Zorroza, que es en derecho de Percheta, e donde do pega el arroio de Azordoiaga e dende como asi como va el cerro a arriba fasta el sel de Eguiluz e asta Fagasarri, e a Olaluceta e a Buxana de suso, asi como vien por sima de la sierra e al bado de Echabarri, e dende como va el camino de fondon de Deusto en derecho de Luchana” ). Ikusten denez, erreza da bertan azaltzen diren toponimoak identifikatu eta kokatzea. Baina kontua da zenbait lanetan Barakaldoko Egiluz-ekin identifikatzeko joera egon dela; hala, Barakaldoko historia eta toponimia asko aztertu duen Goio Bañales ikerlariak Barakaldoko Eguiluz izenaz ari dela, Bilboko hiri-gutuneko aipamena ekartzen du harira, halako identifikazio bat eginez bien artean. Liburu berean paratzen duen mapatxo batean, ostera, hiri-gutuneko Sel de Eguiluz Pagasarri ondoan kokatzen du, leku zuzenean itxura guztien arabera, eta hori ikusita ez du ematen leku beraren aurrean gaudela. Izen bereko leku biren aurrean gaude, nire ustez, hiri-gutuneko pasartean oso argi ikusten delako lekuak non kokatzen diren, alde batetik Bilbok egun
dituen gutxi gora beherako muga berberak direlako, eta bestetik toponimo gehienak bizirik daudelako. Dena dela, blog honetako kolaboratzaile sutsu batek gogora ekarri duen bezala, 1778. urtean “casa de Eguliz” agertzen da Barakaldoko Basatxu auzoan, Burtzeñatik hur eta haranetik apur bat aldenduta; toponimoak eremu zabalagoa izendatzen zuen seinalea ote? Ala soilik Eguliz/Egiluz abizena duen pertsona baten jabetza adierazteko modu bat? Nire ustez honek ez du zertan esan Eguliz izeneko lekua Basatxuraino hedatzen zela, edota Pagasarri ondoko Egiluzeko gorta bestearekin zerikusia zuen, jabetza hutsa izan daiteke.

Esan dugu gaur egun zabal dabilen izena erdarazko “El Regato” dela, eta balitekeela Uragako errekastoaren izenetik eratortzea; orduan, nondik ote dator Euskaltzaindiak euskarazko izentzat hobetsi duen Mespelerreka toponimoa? Ikusi dezagun: toponimo hori “Donación del conde Fernán Pérez de Ayala y su hijo Pedro López de Ayala a los monjes del monasterio de Santa María de la Merced de Burceña, del edificio de dicho monasterio y de la torre, casas y tierras adyacentes.” izeneko dokumentuan agertzen da, XV. mendekoa. Pasarte batean honelaxe dio:
"…dende el esquinal de la casa et guerta de Pedro Ortiz de Unsaa mi Mayordomo fasta la mar derecho abajo por el camino real que viene de Balmaseda a Portugalete fasta el Regato encañado nombrado de Mespelerreca derecho abajo fasta la mar salada, é río de suso declarado que pasa por delante de la mi Eglesia de Santa Maria de Burceña.
Inguru hau apur bat ezagutzen duenak erraz jakin dezake “regato encañado” horrek seguru aski Agirtza edo Castaños errekari egiten diola erreferentzia, Burtzeñako monasterioaren menpeko lurrak zehazten dituenean. Baliteke, orduan, egungo “Regato” horren jatorria Mespelerreka izatea? Baliteke, jakina, geografikoki hala ematen du, bat eta bera direla, eta gainera, ez dugu ahaztu behar haranean bertan Mesperutza auzoa dagoela, eta izen bien arteko hartu-emana begi-bistakoa dela (mesperu+(t)za, mesperu+erreka). Dokumentazio eta hipotesi hau aintzat hartuta eta antzinako toponimo bati helduta Euskaltzandiak “Mespelerreka” El Regatoko euskal forma zuzentzat ematen du, oinarri asko barik zabaldu diren beste batzuk baztertuz (Mendierreka, Errekatxo…).
Beste toponimo batzuk:
Bustiaga, Urdandegieta, Goikosolua, Arrezurieta, Sotola, Aretxeta, Estubaltza, Antsoleta, Urdaibai, Urresti, Kukutza, Arana, Cotero, Bakuna, Mirandilla, Tiraldai, Gazteluri, Matzerreka, Treskilotxa, Garrastegi, Arluze, Iturrieta, Olarte, Modorreta, Mendiola, Mierreketa, Artegi, Belgarriz, Arantzeta.
Artiikulurako erabiki ditudan argazkiak Barakaldoko Imanol Zuaznabarrenak dira.
Azken erantzunak
Hurrengo mezua: Ni neu Aurreko mezua: Web 2.0 aplikazioak milaka