Mezua: EGILUZETIK EL REGATORA

2006-11-29

Permalink 21:59:56, Atalak: Toponimia, Enkarterri, 1147 hitz  

EGILUZETIK EL REGATORA

Ezkerraldea aspalditik izan da askorentzat industria, kutsadura eta erlauntza itxurako etxeez betetako erreinua. Gaur egun, lantegi handietako suak amatatuta, bestelako megaparkak, BECak eta enparauak bihurtu dira hango erakusgarri. Baina horren ondoan, barruan eta aldi berean aparte, lehenagoko izaerari zelan edo halan eutsi dion inguru berezi bat dago, Barakaldon bertan: gaur egun El Regato izenaz ezagutzen den haran berde eta estua. Leku eder eta mendien artean gordea.


Urtegia

[Gehiago:]

Harana geografikoki apur bat deskribatzearren, esan behar da Agirtza edo Castaños izeneko erreka dela bizkarrezurra, hegoaldera Sasiburuko mendiak dituela, eta iparraldean eta Mendebaldean Trianokoak. Horrela, Barakaldoko Retuerto auzotik hego-mendebaldera luzatzen da, Eretza mendiaren oinetara heldu arte. Bitarte horretan zehar harana antzinako denboretatik osatzen duten auzoak topatzen ditugu, Retuertoko Ametzaga auzotik hasita, hurrenez-hurren Bengolea, Gorostitza, Mesperutza, Uraga, Aranguren, Egiluz, Arragoa, Anbia, San Roke (parrokia dagoen ingurua), Eskauritza, Zubitxu, Tellitu eta Urkullu. Auzo hauen artean garrantzitsuenetarikoak, Aranguren eta Egiluz kasu, 60. hamarkadan Labe Garaiak urez hornitzeko eraiki zen urtegiaren uren azpian daude gaur egun, eta batzuetan, oso jende gutxi bizi da. Harana XX. Mendean eskualdeak jasan zuen industrializazio bortitzetik kanpo geratu bazen ere, ugariak izan ziren garai batean burdinolak –Urdandegietakoa, esaterako, oso berandura arte ibili zen martxan-, errotak edota meategiak. Trianoko mendien oinetan logikoa da burdinaren industriaren garapena, eta hortxe ditugu erakusgarri Arnabal izeneko lekuan dauden meategi abandonatuak.


Baina gatozen haranaren izenaren gainean argi apur bat ematen, auzoen izenen euskalduntasuna ikusita harrigarri egiten baita haran osoaren izena gaztelaniazkoa izatea. Nondik ote dator “El Regato” hori?

Lehenengo eta behin esan behar da izen hori, lehenengo aldiz, 1790. urtean dokumentatzen dela. Izen nahiko modernoa da, beraz -hain zuzen ere, Barakaldon urte horien bueltan hasten dira euskarazkoak ez diren toponimo txikiak agertzen. Bere jatorria azaltzeko leku batean baino gehiagotan irakurri eta entzun dut izena Uragako errekastotik datorrela; errekasto horri “regato de Uraga” esaten ei zitzaion, eta denboraren poderioz, izenaren osagai berezia galduta, osagai arruntak iraun zuen, eta ez hori bakarrik, bere eremu geografikoa hedatu eta azkenean ibar osoa izendatzera heldu da. Bestelako hipotesi bat geroxeago azalduko dut. Argi dagoena da ordurarte, “El Regato” izena zabaldu arte eta Erdi Aroan bertan hasita, auzoen izenak ditugula dokumentaturik batez ere (Escauriça/Escabriça/Escauriza, Mesperuça, Gorostiça…), toponimo zein abizen gisa. Horien artean, garrantzi handikoa dugu Egiluz izena. Lope García de Salazarrek bere “Bienandanzas y Fortunas” liburuan, esaterako, behin bai

no gehiagotan aipatzen du inguru hauetara etorriz iren “godoak” hizpide dituela: En esta tierra de Varacaldo, de antigo tienpo ovo tres linajes, que son Retuerto e Susunaga e Iraure. E el más antiguo d'éstos fue el de Retuerto, que suçedieron de un cavallero de los godos que pobló en Egilus, cavo Foloeta.”(…) “E otrosí de allí, de Gilus, suçedió otro que pobló en Mesperuça de Varacaldo, del qual suçedió don Sancho López de Varacaldo, que pobló en Vizcaya muchos monsterios, donde viene su linaje.”

Bilboko hiri-gutunean, hiriaren mugak zehazten diren pasarte batean Egiluz toponimoa agertzen da (E otorgo bos que aiades por terminos desde que toma el pubntal de fondon de Zorroza, do se juntan amas las aguas, ribera del agua arriba que viene de Balmaseda, fasta el arroio que viene por somo del campo de Zorroza, que es en derecho de Percheta, e donde do pega el arroio de Azordoiaga e dende como asi como va el cerro a arriba fasta el sel de Eguiluz e asta Fagasarri, e a Olaluceta e a Buxana de suso, asi como vien por sima de la sierra e al bado de Echabarri, e dende como va el camino de fondon de Deusto en derecho de Luchana” ). Ikusten denez, erreza da bertan azaltzen diren toponimoak identifikatu eta kokatzea. Baina kontua da zenbait lanetan Barakaldoko Egiluz-ekin identifikatzeko joera egon dela; hala, Barakaldoko historia eta toponimia asko aztertu duen Goio Bañales ikerlariak Barakaldoko Eguiluz izenaz ari dela, Bilboko hiri-gutuneko aipamena ekartzen du harira, halako identifikazio bat eginez bien artean. Liburu berean paratzen duen mapatxo batean, ostera, hiri-gutuneko Sel de Eguiluz Pagasarri ondoan kokatzen du, leku zuzenean itxura guztien arabera, eta hori ikusita ez du ematen leku beraren aurrean gaudela. Izen bereko leku biren aurrean gaude, nire ustez, hiri-gutuneko pasartean oso argi ikusten delako lekuak non kokatzen diren, alde batetik Bilbok egun

dituen gutxi gora beherako muga berberak direlako, eta bestetik toponimo gehienak bizirik daudelako. Dena dela, blog honetako kolaboratzaile sutsu batek gogora ekarri duen bezala, 1778. urtean “casa de Eguliz” agertzen da Barakaldoko Basatxu auzoan, Burtzeñatik hur eta haranetik apur bat aldenduta; toponimoak eremu zabalagoa izendatzen zuen seinalea ote? Ala soilik Eguliz/Egiluz abizena duen pertsona baten jabetza adierazteko modu bat? Nire ustez honek ez du zertan esan Eguliz izeneko lekua Basatxuraino hedatzen zela, edota Pagasarri ondoko Egiluzeko gorta bestearekin zerikusia zuen, jabetza hutsa izan daiteke.


San Roke eliza

Esan dugu gaur egun zabal dabilen izena erdarazko “El Regato” dela, eta balitekeela Uragako errekastoaren izenetik eratortzea; orduan, nondik ote dator Euskaltzaindiak euskarazko izentzat hobetsi duen Mespelerreka toponimoa? Ikusi dezagun: toponimo hori “Donación del conde Fernán Pérez de Ayala y su hijo Pedro López de Ayala a los monjes del monasterio de Santa María de la Merced de Burceña, del edificio de dicho monasterio y de la torre, casas y tierras adyacentes.” izeneko dokumentuan agertzen da, XV. mendekoa. Pasarte batean honelaxe dio:

 

"…dende el esquinal de la casa et guerta de Pedro Ortiz de Unsaa mi Mayordomo fasta la mar derecho abajo por el camino real que viene de Balmaseda a Portugalete fasta el Regato encañado nombrado de Mespelerreca derecho abajo fasta la mar salada, é río de suso declarado que pasa por delante de la mi Eglesia de Santa Maria de Burceña.

 

Inguru hau apur bat ezagutzen duenak erraz jakin dezake “regato encañado”  horrek seguru aski Agirtza edo Castaños errekari egiten diola erreferentzia, Burtzeñako monasterioaren menpeko lurrak zehazten dituenean. Baliteke, orduan, egungo “Regato” horren jatorria Mespelerreka izatea? Baliteke, jakina, geografikoki hala ematen du, bat eta bera direla, eta gainera, ez dugu ahaztu behar haranean bertan Mesperutza auzoa dagoela, eta izen bien arteko hartu-emana begi-bistakoa dela (mesperu+(t)za, mesperu+erreka). Dokumentazio eta hipotesi hau aintzat hartuta eta antzinako toponimo bati helduta Euskaltzandiak “Mespelerreka” El Regatoko euskal forma zuzentzat ematen du, oinarri asko barik zabaldu diren beste batzuk baztertuz (Mendierreka, Errekatxo…).


Beste toponimo batzuk:

Bustiaga, Urdandegieta, Goikosolua, Arrezurieta, Sotola, Aretxeta, Estubaltza, Antsoleta, Urdaibai, Urresti, Kukutza, Arana, Cotero, Bakuna, Mirandilla, Tiraldai, Gazteluri, Matzerreka, Treskilotxa, Garrastegi, Arluze, Iturrieta, Olarte, Modorreta, Mendiola, Mierreketa, Artegi, Belgarriz, Arantzeta.

 

Artiikulurako erabiki ditudan argazkiak Barakaldoko Imanol Zuaznabarrenak dira.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Gastiz [Bisitaria]
Aspaldiko!
Oharren bat: Lope Garzia de Salazarren aipuan ageri den Foloeta leku izena, Soloeta izango zela pentsatzekoa da. Behin baino gehiagotan ikusi dut ‘s’ garaiak ‘f’ bihurtuta.
Egiluz> Eguliz bihurketa gertatuko zen, beharbada euskara galdu eta gero. Egiluz ere Arabako leku izen ezaguna da, bietan -e galduta.
Azkeneko leku izenen zerrendaz, ugari dira interesgarriak:
Bustiaga, *buztin-aga formara hurbil genezake, baina sudurkaria ez agertzea oztopo larria da.
Mirandilla, Miranda leku izen ezagunaren txikigarria?
Modorreta, Muturreta-ren erdalkuntzea?
Tiraldai, aldai ‘aldapa’ gutxi gora behera, baina lehenengo zatia iluna.
Treskilotxa?
Urdandegieta, interesgarria, inguru honetan ‘txerri’ da forma nagusia (eta agian bakarra). Urdandegieta-ren egituraz, urdan- ‘urdain’ + -tegi + -eta.
Permalink-a mezu RSS 2006-12-04 @ 16:14
Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria]
Hola:

Lehenengo eta behin, esatea, suposatzen dut “sutsu”-arena esaten duzula, gai hauen inguruan daukadan zaletasuna dela eta ;-)
Eskerrik asko, beste behin ere, nere hausnarketen “ohiartzuna egitea”gatik. Ohiartzuna egitea, zuzentzea eta osatzeagatik.

Bakarrik, eman duzun toponimoen zerrenda, haunditzea, ikuspuntu zabalagoa izateko eta buruhausteak haunditzeko etimologia batzuekin:
La Arena, Arrioche (Cueva), Bazarreta, Las Bordas, Bustingorri (Arroyo), Caparresa, El Carrascal, La Costera (Camino de), Ijauji (Arroyo), Linaposa (Fuente.), Las Llanas, Mallararca, Las Maluqueras, Mendierreca (Arroyo), Mezpetua, Monto (Monte), Lamota (monte), Oscariz, Peñucas, La Pozorra, Rebal (Arroyo), Rementería, Rezabal, Roturilla (Arroyo), Salgueta, Turina, Urdaneta, Ureta, Urtu.
“Normalizatu” gabe, ematen ditut izenak, eta, egia esan, ezin izango nuke ziurtatu, denak, gaur egun, “bizirik”, dirauten. Ez ditut aipatu, meategi batzuen izenak, modernoak direlakoetan.
Beste aldetik, zuk aipatzen zenituen Tresquilocha, eta Mendiola, agertzen dira, ere, Trasquilocha eta Mandiola eratan, ez dakit zeintzuk izango diren zuzenenak.

Beste ohar batzuk;

Urdaibai leku-izenaz. Benetazkoa, al da? Esan nahi dut, izen hau, Portugaleteko fundazioaren dokumentuetan agertzen zena dela, ezta? Baina, mende, batzuk, “galdurik” darama, hori bai, dirudienez, kokapena, nahiko finkatuta dago. 1656. urteko dokumentu batean, irakur daiteke “ los montes de Frados, Urdaybay y Burçaco…”. Frados, gaur egun, El Regato eta Galdames mugatzen duen errekastoa daukagu, Burtzako (ez nahastu Larreineta ondoan dagoenarekin) hor daukagu, ere, Max Center, Megapark eta BEC-en begirale modukoa, eta Urdaibai?? Susmo bat, hartu al duzu, izen hau (eta besteak, ere) Bizkaiko Diputazioren Kartografiatik? Urdaibai, bere mapetan, Loiola/El Cuadro, errekaren inguruetan, agertzen zaigu, baina, ez al da hori, bakarrik, balizko kokapena?

Bakuna / La Vacuna-ri buruz, zer esan diezadakezue? Esanguratsua da, aspaldian, “B”z, eta “Ñ”z, agertu izana, hau da, (La) V/Bacuña. Labaka, Labaki, *Labaka-une???????
Sodupe ondoan, baina, Arabako lurretan, Z/Sartuña daukagu.

Tresquilocha-ri buruz, lehenago, esana dut, Trasquilocha aldaera, aurki daitekela ere.
*Tras-Quilocha, *Tras-Esquilocha???????

Tiraldai izenari, ematen du, zerbait falta zaiola aurretik. Batek daki zer izan liteke, denboraren poderioz galdutako zati hori!!!
Hortik nahiko hurbil, Galdamesen, badaukagu Tarablo izena, horko errekasto batek (gero, Galdames ibaia izango dena) izen berbera darama. Dirudienez, aintzinean, Galdames ibai horrek, Taranburu izena zuen. *Taranburu>Tarabru>Tarabro>Tarablo, oso behartuta litzateke???? Aiara aldean, antzeko fenomeno ematen da, ere. Hala eta guztiz ere, Taranburu horri, aurretik zerbait gehiago izatea espero zitekeen, ezta? Errotaran(buru), Berrotaran(buru), Artetaran(buru), edo halako zerbait. (Jarri dudan exenpluak, gaurko EHko leku izenak dira)
Tiraldai izenari, halako irtenbide bat eman lekioke, hau da, aukera pilo bat!!
Azkenean, eta, bitxikeri moduan, esan, Bizkaiko mapetan, Tiraldai oso hurbil (zaila da, zehaztea eskala horietan) Malacuesta izena agertzen zaigula. Erdarazko paralelo bat????

Amaitzeko eta hari honetatik at, esatea, duela, aste batzuk, beste ekarpen bat agertu nuen, Ordunte-ren gaiaren haritik. Hor, Gastiz eta Xabik, “bokalen erorketa”ren kronologiaren arazoa azaltzen zuten.
Kasu bi, aurkezten nituen, agian, kronologiaren arazo hori gainditu lezaketenak.
Denbora luze batean, blog honek, “stand by”n eman duenez, ez litzaidake gustatuko, nire agerraldi hori, galduta eta zuen iritzi barik gera zedila.


Gaurkoz, besterik ez!
Permalink-a mezu RSS 2006-12-06 @ 17:08
Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria]
Zehazkizun bat Urdaibai-ren kokapenaz. Esaten nuen, antzinako dokumentutetan, Frados eta Burçaco leku-izenekin batera, agertzen zela. Uste nuen, Burçaco hori, Goromillo mendi ondoan, haranaren sarreran (goikaldetik) dagoena zena, baina badago beste Burzako bat. Harana ixten duen mendi bat. Eta, hain zuzen, mendi honen magaletatik Frados errekastoa jaisten da. Beraz, Urdaybay hori, alde horietatik egon beharko luke, eta, Bizkaiko Diputazioaren kartografian, iguru horretatik kokatzen dute.
Baina, lehen luzatzen nuen galdera, bere horretan, mantentzen da. Gaur egungo toponimo bat da, ala, mendean zehar galdutako izena, berreskuratu dute?

Beste aldetik, eta Burzako izenari buruz, ez al da bitxia, hainbeste “Burzako” aurkitzea gune txiki horretan. Hiru dauzkagu, 3km. bata bestearengandik, gutxigorabehera. Eta, Ontón, Kantabrian, baina, Bizkaiko mugan, (15km, inguru, beste “Burzako”engandik) beste bat dago. Nondik ote dator izen hau?
Permalink-a mezu RSS 2006-12-08 @ 23:05
Bidaltzailea: Gastiz [Bisitaria]
Nkrtrri-k jarritako leku izenen gainean:
Caparresa ez litzateke Caparreta-ren gaizki irakurrita?
Ijauji, beharbada bigarren zatiak zerikusia du jausi aditzarekin. Agian, ur-jausi izango zen hasieran, u-> i- aldaketa behin baino gehiagotan gertatu izan da: ur + jausi > *Ujausi > *Ijauxi > Ijauji?
Linaposa, uste dut lehenago aipagai izan dela, *lina-potzu-ren desitxuraketa.
Mezpetua, ez da Mezperua izango?
Oscariz, Oskar pertsona izena + -iz? Baina *Oskarriz espero zitekeen.
*Taranburu> Tarablo bilakaeraz, izan al da benetan *Taranburu, hala balitz bilakaera seguruagoa izango litzateke. Dena den, ikusten dudan arazo bakarra sudurkariaren galera litzateke, besteetan ez. *Taran delakoaz, *Errotaran-etik sortua? Izan liteke, *Errotaran> *Rotaran oso ohikoa da e- protetikoaren galera, baina aldaketa gehiegi, agian: *Errotaran-buru edo dena delakotik> *Taranburu, eta azkenik, Tarablo.

Enkartazioetako toponimia behin baino gehiagotan aipagai izan denez blog honetan, tesi baten aipamena egin nahiko nuke, Fernando Fernández Palacios-en Lengua e historia del Asón al Cadagua : (épocas prerromana y romana), 2004. urtekoa (aurreko urtean aurkeztua Madrilgo Complutense-an) eta Interneten jarrita dagoena, lotura zuzena hau: http://www.ucm.es/eprints/4739 (23,8 Mb)
Testua luzea da, 1465 orrialdekoa, eta hobe da deskargatzea eta ordoren irakurtzea oso Mb handikoa delako. Badu atal luzea Asón-etik Cadaguarainoko toponimia aztertzeko 765-1361 orrien bitartekoa. Irakurketa luzea eta mamitsua. On egin!
Permalink-a mezu RSS 2006-12-14 @ 09:27
Bidaltzailea: Xabi Zalbide [Kidea]
Oso interesgarriak egiten dituzuen ekarpen guztiak, benetan, ia gero apur bat idazteko astirik ateratzen dudan. Orain gauza bi besterik ez:

Nkrtrri: Urdaibai toponimoa galduta dagoelakoan nago.

Gastiz: Ez nuen tesia ezagutzen, eskerrik asko!

Laster arte

A, bide batez, jakin ezazue gaur arratsaldeko 7etan Laudioko mapa toponimikoa aurkeztuko dela, udaletxeko hitzaldi-aretoan. Baten bat animatzen bada, badaki.
Permalink-a mezu RSS 2006-12-14 @ 13:35
Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria]
Hau penie!! Lehenago jakitekotan....
Laudion egiten dut lan!

Gastiz, benetan mila esker!!
Oraintxe bertan hasiko naiz jaisten!!
Permalink-a mezu RSS 2006-12-14 @ 19:50
Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria]
Ijauji-ri buruz, Gastiz-ek esandakoaren euskarria izan litekena, Bizkaiko Jaurerriko Foru Artxibategiaren "Archivo de Protocolos" deituriko dokumentuetan "Bortal de Urjaugi o Urfaugi" aurki dezakegu, Barakaldoko leku-izenen artean. Guzti hau "Origenes Históricos de Barakaldo", Txomin Etxebarria Mirones-en liburuxkatik aterata.
Permalink-a mezu RSS 2006-12-17 @ 14:33
Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria]
Eta zelan *Otaranburu eratortzea?? :-)
Permalink-a mezu RSS 2006-12-18 @ 23:18
Bidaltzailea: Gastiz [Bisitaria]
Izan liteke,bai. Bakarrik faltako litzateke proba zuzena aurkitzea, baina, aurkitu ezean, hoberik erakusten ez den bitartean, ongi dago.
Permalink-a mezu RSS 2006-12-21 @ 09:54
Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria]
Hemen naukazue berriro, “Tarablo” leku-izenara itzuliz, eta, hain zuzen ere, Gastiz-ek emandako estekari -Fernando Fernández Palacios. Lengua e historia del Asón al Cadagua : (épocas prerromana y romana)- esker, hor agertzen bait da, Sasiak aipatutako “Taraboro” Barakaldoko, leku-izena, agian, nik, lehenago, ematen nuen, Taranburu bezala, izen berbera.
Horrela, bere eboluzioa izan liteke *Taranburu>Taraburu>Taraboro>Tarabro>Tarablo
Dena dela, hor jarraitzen du, Gastiz-ek ikusten duen “n”-ren erorketaren arazo hori.

Beste aldetik, eta Fernando Fernández Palacios-en lanaren aipamena egin dudanez gero, esan, oso interesgarri eta baliogarria gertatu zaidala, nahiz eta, konturatu, ere, zer korapilatsua den, bakarrik, leku-izen zerrenda batekin, banakako ezagutza zuzena izan gabe, etimologiak egitea.

Besterik ez, beste bat arte!!!
Permalink-a mezu RSS 2007-01-21 @ 19:33
Bidaltzailea: Mikel [Bisitaria]
Urdaibai.
Goio eta biok 2001ean izan ginen inguruko jendearekin eta "Urdaíbi" izena bildu genien Trapaga-Galdames eta Barakaldoko mugarriaren Barakaldoko aldea izendatzeko.
Inkesta egin genuenetik lekuko bat (gutxienez) hil da.
Mkl
Permalink-a mezu RSS 2007-11-14 @ 13:55

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Azken erantzunak

Izenen Oihanean Artziniega eta, oro har, Euskal Herriko mendebaldea abiapuntu hartuta euskal toponimiaz jarduteko txoko bat duzue blog hau. Partehartze, iruzkin eta erantzun guztiak zinez eskertzen dira, jakina.

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Xabi Zalbide

toponimia

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Atalak


Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution