Izenen oihanetik egindako aurreko osteratxoetan baino gehiagotan
aipatua dut sarritan toponimiaz ardura barik jokatzen dela, esaterako kartelak eta seinalizazioak ipintzeko orduan. Aiarako udalerriko kasua erakusgarria da, eta oraindik zain gaude behinolako akatsak noiz zuzenduko dituzten. Tamalez, ez da bakarra. Lehengo egunean bertan pedalei astintzen nenbilen, Izoriatik Urduñara Ruzabaleko batzarreko herriak zeharkatuz doan errepide malkartsutik, eta Belandia herriko lehen auzora heldu bezain laster "
barrio RUTXI auzoa" zioen kartel berri batekin egin nuen topo.
[Gehiago:]
Rutxi ikusi eta handik kasualitatez pasatzen den bidaiari despistatuak, mendizaleak, edo inguru zoragarri hauek ikusteko hurbiltzen denak, pentsa lezake: “zelako izen berezia auzo batentzako” edo “joño, nik izen horretako txakur bat euki nuen”; ez dakit, horrelako zerbait, ze “Rutxi” arraro horrek pista gutxi ematen du auzo horren benetako izena zein den jakiteko. Esan gura dut: letra horiek ikusita zaila da susmatzea auzo horrek “Urrutxi” duela izena, are gehiago, aspalditik “Belandiaurrutxi” deitzen dela, gutxienez XV. mendetik (eta lehenagotik ziur aski). Gaur egun ahoz Belandiarrutxi esaten da, eta hortik nahasketa. Izen gardena da gainera: Belandia-Urrutxi, urrutiko Belandia, herri horretako azken auzoa, Aiaratik parajeen dagoena, Bizkaitar uharte honetako azken bazterra. Urrutxi eta antzeko formak (betxi, gotxi, barrutxi...) eskualde honetako toponimian oso ugariak dira, hasi Amurrion eta Gordexolaraino, eta bertoko euskararen ezaugarritzat jo ohi dira. Palatalizazioaren ondorioz sortutako aldaerak ditugu, itxura guztien arabera (urruti>urrutti>urrutxi).
Belandia historikoki hiru auzok osotu dute: aipatutako
Belandiaurrutxi auzoak,
Belandiabizkar auzoak (gaur egun
Barrio Medio izenaz ezagutzen dena) eta
Ugarte auzoak. Beste baserri edo auzo txikiagoak badaude herrian, hala nola,
Arbe, Garai eta
Iturrizarra, baina nagusiak horiek hirurak izan dira betidanik. Herria Gorobel mendiaren oinetan dago,
Iturrigorri mendi itzelaren azpi-azpian, eta iparraldera
Babio eta
Burubio mendiak ditu (dokumentazioan
Buruburu, seguru aski Babio izenaren eraginaz eraldatutako toponimoa da) , Aiara eta Amurrioko lurrekin muga eginez. Ingurua, zer esanik ez, natura eta pasaia aldetik ederra da, ikaragarri polita eta aldi berean oso ezezaguna, Gorobeleko haitzak gainean dituela eta baso eta larre berdeez josia
Belandia
Ruzabal izeneko batzarreko herrietako bat da, Mendeika, Lendoñogoiti eta Lendoñobeitirekin batera. Batzarrak lurraldea antolatzeko antzinako moduak dira gure inguruetan, eta Ruzabaleko hau, Euskal Herriko beste batzuen antzera (Artziniegako Orduntekoa kasu) Erdi Aroan sortu zen herri hauen auziak arautu eta artezteko asmoz. Batzarra gaur egun "Alto de la Junta" izenarekin ezagutzen den lekuan batzen zen, Belandiak, Mendeikak eta Lendoñok bat egiten duten tokian bertan. Batzar horiek leku zehatz baten izena hartzen zuten, hau da, ospatzen ziren lekuaren izena, eta hortaz, pentsatu daiteke Ruzabal izeneko tokian egiten zirela. Izena hainbat formatan dokumentatzen da, batez ere aipatutako
Ruzabal moduan, baina baita
Ruyçabal eta
Larruaçabal ere 1498. urtean. Azken forma hori behin baino ez dut dokumentatuta ikusi, baina jatorrizkoa dela esan daiteke zalantza askorik gabe. Ruzabal horrek, geroztik ahoz ere nagusitu dena, erromantze eta idatziaren eraginez sortutako forma ematen du.
Herriaren izena beti dokumentatzen da Belandia edo Velandia formarekin, eta sarritan ikusten da dokumentazioan pluralean ere erabiltzen dela erromantzez, "Las Belandias", "las aldeas de Las Belandias"; beharbada, horrela, Belandia osatzen zuten auzoen nortasuna markatzen zen. Gaztelaniak dena dela bazuen lurraldeen izenekin plurala egiteko joera (Las Asturias, Las Españas...). Etimologiari dagokionez, itxuraz, nahiko toponimo gardena eman lezake: belar+handi, "belardi handia". Ugariak dira euskal toponomastikan "(h)andia" adjektiboa daramaten izenak, baina hipotesi honek traba handi bat du, izan ere, "belar" forma ez da ondo egokitzen inguru linguistiko honetan, arraroa suertatzen da euskal mendebaldean (d/l alternantzia oso ohikoa da, baina Belandiatik oso hur "Bedárbide" izeneko mendia daukagu). Beste hipotesi bat eginez, baliteke izenaren oinarria "Bela" izen zaharra izatea (txori-izena hori pertsona-izen gisa erabiltzen zen Erdi Aroan). Baina Belandiatik hur, Artómañan, Belándika izeneko auzo eta parajea dugu, eta ezinezkoa gertatzen da Belandiarekin duen antzekotasun agerikoari jaramonik ez egitea. Horrek bidea ematen digu antroponimoaren hipotesian sakontzeko, izan ere, Bizkaian ugariak diren -ika/-iga atzizkidun toponimoetan oinarrian pertsona-izenak daudela nahiko onartua dago (Gernika, Bitorika, Sondika, Gatika...). Hala, Belandian ere "Beland" pertsona-izena egon liteke. Arabako Berantevilla herriaren izenean ere antroponimo berbera topatuko genuke, baina bere bertsio erromantzean (Berant-Villa dokumentatzen da). Etimologia gehienak bezalaxe, kontu korapilotsua.
Buruhauste etimologiko hauek alde batera utzirik, Belandiako bazter berdeakak definitzen dituzten toponimo ederrak aurkitzen ditugu, batez ere euskarazkoak. Horren argitan euskararen presentzia historikoa erraz da frogatzen, eta ez hori bakarrik, daukan dentsitatea ikusita ondoriozta daiteke txoko gorde hauetan euskarak Aiarako Sopeñako herrietan eta Urduñan baino luzaroago iraun zuela bizirik, XIX. mendera arte seguru aski. Erdi Aroan aurkitzen ditugun pertsona-izen berezi batzuk ere bertoko biztanleen euskalduntasunaz mintzo zaizkigu; hala, Lendoñon Juan Ozpina izeneko biztanle bat zegoen, eta Belandian bertan Pero Gorri zeritzon auzoko bat. Izen ezin deskriptiboagoak ditugu: lehenengoa ez zen lar atsegina izango eta bigarrenaren ilearen koloreaz zeozer barruntatu daiteke. Argi dagoena da eurek ez zutela ezagutzen Rutxi izeneko auzorik..
Belandiako toponimoak: Garondo, Olaran, Larena, Laorta, Gabiña,Uskáretxa, Mesperutza, Arespakotxa, Aiagan, Batete, Gabiaran, Padura, Zipiaran, Boroko, Artelanda, Legotando, Etxabe, Turrugutxi, Peratxo, Arnóstar, Oroki, Elbérburu, Larrínburu, Bidabe, Larigela, Zabala, Larrintzar, Legotando, Sallurti, Aranburu, Kukutxa, Basoleta, Garai, Mimentza, Ibarra, Abírutxi, Marigotxi, Ojana, Mendiro, Belaran, Torrengeta, Maralde, Espila, Pinos Altos, El Carrascal, Cascajuta, Bazango, Olerre, Isasi, Gameliturri, Olalde, Olámendi, Gostando, Kariaran, Urramendia, Maralde, Arantxu, Artelanda, Gorbeo, Inorrote, Iñarduri, Laku, Izardui. Eskartza, Asperukartza, El Espino, La Hayuela, Iturrizarra, Arantxu, Mimentza, El Cuervo, Izardui, Iñarduri, Fuentenueva.