Mezua: Artziniegarrak, 1573.

2006-05-25

Permalink 10:29:51, Atalak: Toponimia, Onomastika, 2093 hitz  

Artziniegarrak, 1573.

Jose Iturrate jauna Artziniegan abade ibili zenean, artxiboak eta historian arakatzeko ardura hartu zuen, beste herri batzuetan egin zuen legez. Jakinmin eta lan horren ondorioz Artziniegako historiari buruzko ikerlan batzuk egin eta eman zituen argitara, esaterako Arteko Santutegiaren historia jorratzen duen “El Santuario de la Virgen de la Encina” liburua. Artikulu laburragoak ere plazaratu zituen, hala nola, antzinako ospitalearen inguruan, lehengo zerbitzu militarraren inguruan... lan politak eta estimatzekoak denak ere Artziniegako historia ezagutzeko. Baina gatozen harira. Iturratek, horrelakoak egiten zebilela, dokumentazio interesgarria topatu zuen, eta kasu batzuetan baita bere lanen eranskin moduan agertu ere. Adibidez, arestian aipatutako liburuaren azken orrialdeetan, berak artxiboetan aurkitutako Artziniegako bizilagunen errolda zaharrak dakartza, hurrenez hurren 1573., 1642., 1710., 1768., 1822. eta 1891. urteetakoak. Dokumentu hauek balio historiko eta onomastiko handia daukate, alde batetik herriko antzinako antroponimoak aztertzeko bidea ematen dutelako, eta bestetik biztanleen jatorria arakatzeko tresna izan daitekeelako, batez ere erroldarik zaharrenetan zeren garai zaharretan, dakigunez, abizenak sarri askotan sorlekua edo jatorriaren isla baitzen. Horrela, behinolako egoera linguistikoaren zantzuak ere topatu ditzakegu, eta, beharbada, aurreko artikulu baten erantzunetan komentatzen nuen auzian argi apur bat bota.

[Gehiago:]

1573KO BIZILAGUNEN ZERRENDA

Zerrenda honetan ondoko leku hauetako bizilagunak azaltzen dira: Artziniegako hiriko harresien barruko hiru kaleetakoak (1596. urteko aipamen bati esker badakigu orduan Artziniegako harresiak zutunik zeudela), Retes eta Sobiñasekoak, Gordelizkoak, Soxogutikoak eta Campijokoak. Jakina, zerrendan ez dira agertzen bizi ziren guztiak, hau da, “bizilagun” maila zutenak agertzen dira, eta horietaz gain alargunak, bai hirikoak bai auzoetakoak ere (viudas y quartas) . Guztira 133 izen agertzen zaizkigu. Halanda ze, orduko artziniegarren nahiko lagin handia da, baina ez, ostera, herriko biztanle guztien erakusgarri. Beste zehaztapen bat egitearren, esan behar da “Retes y Sobiñas” dioen puntuan, pentsatzekoa dela soilik Retes de Tudelako Villasús izeneko auzoko bizilagunak agertzen direla, auzo hori Hiriaren menpean egon baita betidanik. Soxogutiko baserriren bat ere urteetan egon zen Artziniegako Hiria eta Soxogutiren artean “dantzan”, eta baliteke zerrendan agertzen diren auzokideak San Roman eta inguruetan bizi izana.


1· IZENAK

1573ko izenei dagokienez ez dago aipatzeko aparteko konturik, garai haietan ohikoak ziren izenak agertzen dira. Gizonezkoen artean Pedro,Juan, Diego eta horrelakoak dira ugarienak, eta andrazkoen artean, ostera, Mari eta Catalina. Gizonezkoen izenak: Diego, Pedro/Pero, Lope, Gonçalo, Domingo, Juan, Tristán, Bartolomé, Francisco, Tomás, Lucas, Martín. Andrazkoen izenak: Mari, María, Catalina, Marina, Teresa, Juana, Sancha,Ana


2· ABIZENAK

Arestian esan bezala, garai zaharretan abizena pertsona baten jatorria argitzeko tresna ezin hobea izan daiteke, izan ere, jaiotze lekuari egiten zion erreferentzia sarri askotan; hala, Lope de Largatxa izeneko baten semeari Francisco izena ipiniz gero, ez zen Francisco de Largatxa izango, ezpada Francisco Lopez de Largatxa, eta are gehiago, Mendietan jaiotzen bazen, Francisco Lopez de Mendieta izango zen. Jakina, abizen toponimiko bat edukitzeak ez du zertan adierazi aipatutako leku horretan jaiotako pertsona bat daukagula aurrez-aurre, horretan ere salbuespenak egon daitezke eta familiatik etorritako abizena izan daiteke. Hortaz, ezin da baztertu biztanle batek Orrantia abizenekoa izanda ere, herri horretan barik Artziniegako hirian bertan jaiota izatea. Zerrendatxo horretan ere nagusi dira oso itxura horretako abizenak, batzuk leku bati erreferentzia egiten diotenak, eta beste batzuk patronimikoari eta sorlekuari. Bada, era berean, abizen deskriptibo bat (Delgado), baina salbuespena da, orduan patronimiko eta toponimikoak erabat nagusi ziren seinale.

2.1· Toponimoak

Artziniegako 1573.eko zerrendan begirada arin batean hainbat tokiren izenak antzematen dugu abizenetan. Nahiko ziur kokatu daitezkeenak sailkatu ditut, eta hain argiak ez direnak beste aparteko puntu batean sartu:

·Artziniegako lekuak Ez da agertzen leku askorik, seguru aski garai haietan Artziniegako hiriak auzo gutxi zuelako eta biztanle gehienak harresien barruan bizi zirelako.

Sobiñas: Retes de Tudela herriko auzoa. Artziniegako Hiriaren menpe zegoen. Gaur egun utzia dago.
San Román
: Artziniegako baserria da gaur egun, Soxoguti aldean
Palaçio: Artziniegako auzoa Mendieta eta Campijo artean, Santa Kolomatik hur, pando mendiaren azpian. Gaur egun hiru baserri daude.
La Campa
: Ez da ziurra, baina gaur egungo Las Campas auzoari egin diezaioke erreferentzia.
Campijo: Artziniegako auzoa, Burgoseko mugan Artzatik oso hur.
Saracha
: Artziniegako auzoa desagertua. Hiria eta Barretaguren izeneko dermioaren artea. Gaur egun Saratxaguren toponimoa daukagu.

·Aiarako lekuak Aiarako beste herrietan jatorria zuten biztanle ugari agertzen da

Oribe: Soxoko auzoa. Antzina Uribe forma ere agertzen da
Menoio
: Aiarako herria.
Verganza
: Lezamako udalerriko auzoa, Orozko eta Baranbiotik hur.
Garavilla: Llantenoko auzoa, Lapetaratxetik hur, Artziniegako mugan.
Chavarri
: Llantenoko auzoa, Aspuru mendiaren azpian eta Artziniegatik hur.
Murga
: Aiarako herria.
Hubalde
: Hubaldi forma ere agertzen da. Izan daiteke Aiarako Madaria herria, izen zaharra “Obaldia” zen. Orue: Larrinbe herriko izen zaharra omen da. XVI. mendean San Mamés de Orue agertzen da.
Inoriza: Gaur egun Inorza, Llantenoko auzoa.
Basabru: Llantenoko auzoa, Garabilla auzoaren ondoan. Basaburu forma ere agertzen da.
Sojo: Aiarako herria.
Hurruela
: Soxoko auzoa.
Ayala: Haranaren izena.
Norzagaray
: Costera-Opellorako auzoa. Jatorriz Inortzagarai. Hasierako bokalaren elisia oso fenomeno zabala da Aiaran eta Enkarterrin. La Viña: Soxoko auzoa. Quexana: Aiarako herria. Aiarako jaunen sorlekua eta oinetxea bertan dago.
Sobrevilla: Soxoko auzoa.

· Ordunteko Batzarreko herrietako lekuak

Retes: Izen hau ezin da jakin Retes de Tudela edo Retes de Llantenori egiten dion erreferentzia. Seguru aski batzuetan bati eta besteetan besteari, baina ezin da jakin. Denak sailkatu ditut Ordunteko batzarraren barruan baina jakinda ez duela zertan izan.
La Cámara: Soxogutiko auzoa
Mendieta: Ordunteko batzarreko herria.
Tramarría: Santa Kolomako auzoa. Gaur egun hutsik dago.
Santa Coloma
: Ordunteko Batzarreko herria,
Braceras: Santa Kolomako baserria, Burgoseko mugan.

· Tudelako merindadeko lekuak

Muntiano: Tudelako merindadeko herri bat da, Artziniegatik Mercadillora doan bidearen ertzean, “Alto de Ro” baino lehenago. Gaur egun Montiano
Quintana: Cirion eta Lorciotik hur dagoen herrixka.
Çirión: Anguloko herria. Herri honen antzinako izena Dábala zen.
Luengas
: Tudelako Santa Olajako auzoa.
Santiago (de Tudela): Tudelako merindadeko herria.

· Aiegako lekuak

Orrantia: Aiegako herria
San Pelayo: Aiegako herria
Arza: Aiegako herria, Artziniega eta Gordexolako mugan
Antuñano
: Aiegako herria

· Gordexolako lekuak

Allende: Iratzagorriako baserria, Aiega eta Herrerías ibaiek bat egiten duten lekuan kokatzen da.
Doyega: Gordexolako Rodayega auzoa izan daiteke.
Mezcorta
: Iratzagorriako baserria,
Ametzkorta izenekoa. Hasierako bokalaren elisia fenomeno zabala da Enkarterriko toponimoetan (Txabarri, Ñarritu...)

· Bizkaiko lekuak

Sopelana: Uribe kostako herria.
Munguia: Bizkaiko hiri garrantzitsua.
Cortaza
: Seguru aski Cortazar. Ezin daiteke ziurtasunez kokatu, baina Bizkaian badira izen horretako auzo eta baserriak, hala nola, Ispaster herriko Kortazar auzoa.

· Cantabriako lekuak

Toranzo: Cantabriako haran handi bat; Pas errekak zeharkatzen duena.
Nobales
: Novales izeneko herri bat dago Alfoz de Lloredon, Cantabria mendebaldean. Dena dela, nahiko toponimo zabala da, eta izan daiteke Mena edo Cantabriako beste lekuren bat.

· Kokatu gabeko beste leku batzuk Agertzen diren beste leku batzuk ezin daitezke segurtasunez kokatu. Itxuraz, ematen du gehienak Burgos, Cantabria edo Enkarterrikoak izan daitezkeela, edo agian beste kasu batzuetan Artziniegakoak bertakoak. La Carrera, Molinillo, Urribari, Castillo, La Valla, La Torre, El Campo (hau Soxokoa izan daiteke, oso abizen ohikoa baita han Erdi Arotik hona), Oyos, Arboledo, Pandos

2.2· Jatorria kopurutan

Agertzen diren lekuen izenak ikusita, eta abizenak sorlekuaren adierazlea dela hipotesi sinesgarri moduan hartuta, Artziniegako orduko biztanleen jatorria sailkatu daiteke, eta kopuruak eman. Honela geratuko litzateke kontua:

- Artziniegan eta bere auzoetakoak 14 dira.

- Aiaran jatorria dutenak 30 dira.

- Ordunteko Batzarra osatzen duten herrietan jaiotakoak 26 dira.

- Tudelako merindadean eta Angulo haranean jatorria dute 9 biztanlek.

- Mena haraneko Aiegako lurretan 8 biztanle jaio dira.

- Enkarterriko Gordexola herrikoak 5 dira, antza denez Artziniega ondoan dagoen Iratzagorria auzkoak.

- Bizkaiko beste lurralde batzuetan jaiotakoak 2 dira.

- Cantabriako lau biztanle egon daitezke, “Novales” izeneko lekua zehaztasunez kokatu ez dugun arren.

- Kokatu ezin izan ditudan beste leku batzuetan jaiotakoak 24.


biztanle


3· BIZTANLEAK ETA HIZKUNTZA-EGOERA

Behin biztanleen gutxi gorabeherako jatorria ikusita, atera ote daiteke ondoriorik orduko egoera soziolinguistikoaz? Hau da, azterketa txiki honek ematen al du pistarik garai hartan euskarak eta erromantzeak Artziniegan zuten presentzia zelakoa zen asmatzeko? Bada zalantzarik gabe, bai, pistaren bat ematen digu: - Orduko garaietan itxura guztien arabera erdaldunak ziren lekuetan sortutako biztanleak zeuden, hala nola, Cantabriako lau (ezin ahaztu dezakegu Artziniega Santanderreko elizbarrutiaren menpe zegoela), Tudelako herrietan sortutakoak edota Aiegako lurretan jatorria zutenak. Tudela eta Aiegako herriek betidanik izan dute oso lotura eta hartu-eman estua Artziniegarekin, eta badirudi euskara Erdi Aroa arte ez zela bertan arrotza izan. Ematen du XVI. mendean erromantzea nagusi zela, baina ondo aztertu beharko litzateke herriok euskararekin izan zuten kontaktua. - Sorlekua Ordunteko Batzarreko herrietan (Mendieta, Retes de Tudela, Santa Kolama eta Soxoguti) zuten biztanleak oso ugariak dira, normala den bezala. Izan ere, herri hauek izan dira Artziniegako Hiriarekin harremanik hurbilena izan dutenak. Herri hauetan, toponimiaren argitan, ematen du erromantzearen presentzia nahiko aspaldikoa dela, baina honetan ere ezin gauza ziurrik esan. - Oso nabarmena da Aiarako beste leku batzuetako izenen presentzia (Menoio, Berganza, Murga, Norzagaray...), Artziniegan aiarar jatorriko biztanle nahikotxo zegoen seinale. Gordexolako abizen batzuk ere agertzen zaizkigu, bai eta Bizkaitar jatorriko auzoko batzuk ere (Martin de Munguía, Lucas de Sopelana). Hauek guztiak pentsatzekoa da euskaldunak izan zitezkeela. Beraz, datu hauen argitan susmatzen da erromantzea eta euskara elkarren ondoan bizi ziren Artziniega baten aurrean gaudela, eta ez hori bakarrik, inguruetako jendeen bilgune zen hiri bat zela Artziniega, bere iraganbide-izaeragatik hainbat jende erakartzen zuen leku aberatsa. Bestelako datu batzuek ere elebitasun horren zantzuak ematen dizkiguten arren (toponimia, kasu), hortxe daukagu mende bat geroagoko testigantza, 1682ko azaroko Batzar Nagusietako agiria. Lekukotasun horrek bidea ematen du pentsatzeko Artziniegako euskal hiztun-komunitatea sendoa eta zabala zela, eta dokumentuetan gutxitan islatutako aldea bada ere, hortxe ezkutuan bazegoela euskalduntasun indartsu bat.

Eranskina: Artziniegako biztanleak 1573an.

Calle de Abajo: Tristan Diez de Oribe, Pedro de Toranzo, Pedro Ruiz de Muntiano, Pero Matínez de Nobales, Juan de Cortaza, Juan de la Carrera, Diego de la Cámara, Pedro de Retes, Pedro Ortiz de Allende, Juan Saez de Retes, Pedro de Mendieta, Martín de Munguía, Pedro de Menoio, Diego de Sobiñas, Pedro de Verganza

Calle de Medio: Juan Ortiz de Molinillo, Juan de Quintana, Lope de Muntiano, El Alcalde ordinario, Diego Gomez de Urribari, Pedro de Tramaría, Lope Ruiz de la Cámara, Lope de la Cámara, Domingo de Mendieta, Pedro Ortiz de Santa Coloma, Lope de Çirion, Lope de Palaçio, Diego Lopez de Sobiñas, Gonçalo de San Roman, Diego de Verganza, Diego de Retes, Juan Ortiz de Tramaría, Diego de Castillo, Diego Ortiz de Allende, Bernabé de Barçena, Juan de Orrantia, Francisco de Mendieta, Marina Saez de San Pelayo, Juan de la Cámara, García de la Valla, Juan Ortiz de Garavilla, Pedro de la Campa, Juan Lopez de la Torre, Lucas de Sopelana

Calle de Arriba Pedro de Garavilla, Juan de Chavarri, Juan Ortiz de Mendieta, Martín de Allende, Juan de Allende, Juan Perez del Campo, Pedro de la Sierra, Juan de Murga, Domingo de la Campa, Domingo de Murga, Juan García de Palacio, Maestre Juan de Doyega, Lope de Allende, Francisco de Mezcorta, Francisco Perez de Barcena, Juan de Verganza, Lope de Hubalde, Juan de Orue, Pedro de Muntiano, Juan de Inoriza, Pedro del Campo

Viudas Maria de Palacio, Marina Saenz de Retes, Catalina Ortiz de Retes, Catalina de San Pelayo, Ana de Arboledo, Maria de Quintana, Juana de Verganza, Catalina Ruiz La de Pelayo, Maria de San Pelayo, Mari Saenz de Basabru, Sancha de Molinillo, Mari Saenz de la Cámara, María Delgado, Mari Saenz de la Carrera, María de Retes, Catalina de Sojo, María de la Villa, Catalina Delgado, María del Campo, Elvira Perez de la Viña, Catalina de Retes, Mari Saenz de Hurruela, Mari Lopez de Ayala, Teresa de Luengas

Quartas María de Sojo, Catalina de Vergança, Marialta, Catalina de la Carrera

Gordelliz Juan Martinez de Nobales, Diego de Nobales, Juan de Pandos, Juan de Quintana, Juan de Menoyo

Retes y Sobiñas Pedro del Campo, Juan Gonzalez de Sojo, Pedro de Saracha, Juan de la Carrera, Juan Garcia de Palacio, Juan de Palacio

Sojoguti Juan Saenz de Norzagaray, Juan de Norzagaray, Bartolomé de Norzagaray, Pedro de la Camara, Lope de Norzagaray, Gonçalo de San Roman, Juan de la Cámara, Diego de Hurruela, Tomás de la Cámara
Campijo
Pedro Ortiz de Santa Coloma, Juan Ortiz de Santa Coloma, Diego de Braceras, Diego de Antuñano, Diego de Campijo, Diego Saenz de Santa Coloma, Pedro Lopez de Saracha, Pedro de Saracha, Diego de Saracha, Francisco de la Torre

Viudas de fuera y Gordeliz Marina de Arza y su sobrina, Catalina de Santiago, Mari Saenz de Oyos, La de Pedro de la Cámara, Catalina de Molinillo, María Saenz de Quexana, María de Sobrevilla, María Ortiz de Antuñano, Juana de Antuñano

Erantzunak:

Ez daude Erantzunak mezu honetan...

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Azken erantzunak

Izenen Oihanean Artziniega eta, oro har, Euskal Herriko mendebaldea abiapuntu hartuta euskal toponimiaz jarduteko txoko bat duzue blog hau. Partehartze, iruzkin eta erantzun guztiak zinez eskertzen dira, jakina.

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Xabi Zalbide

toponimia

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Atalak


Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution