Mezua: "Aberastasun kulturala"

2006-05-10

Permalink 09:58:29, Atalak: Euskal Herria, Albisteak, 220 hitz  

"Aberastasun kulturala"

Datozen egunetan, EAJk Madrilgo kongresuan EAEko herrialdeen izenak euskarazko grafiaz ofizialtzeko proposamen bat aurkeztu behar zuen, Arabaren kasuan grafia birekin (Araba-Álava) eta Gipuzkoa eta Bizkaia euskal grafiaz soilik. Estatuari dagokionez, noski, ze "gure esku" dagoen eremuan horiek baino ez dira. Hala ere, PSOEk eta PPk zuzenketak aurkeztuko zituztelakoan erdal grafia ere onartze aldera, proposamena atzera botatzea erabaki dute.

EAEko lurraldeen izenak euskaratzeko proposamena erretiratu du EAJk

[Gehiago:]

"Aberastasun kulturala". Horixe argudiatzen dute Madrilgo talde politiko batzuetako kide baskoek "Gipuzkoa" eta "Bizkaia" probintzien izen ofiziala soilik euskal grafiaz idaztea ez onartzeko. "Elebitasuna aberastasun kulturala" dela. Hori argudiatu, bai eta lasai geratu ere.

Norbaitek azaldu beharko lieke horrelakoak botatzen duten ahohandiei zer ote den elebitasuna. Ez dute hau irakurriko, baina tira, saiatzearren:

ele+bi> hizkuntza bi; bi+lingua> dos lenguas.

Erraza da, eurek ere ulertzeko modukoa (hori marka!).

Eta zein da kontua orduan? Bada, nik dakidala, ez Gipuzkoan ez Bizkaian (ezta Araban ere, seguru aski, baina kasu apur bat ezberdina da grafiaz gain fonema bat aldatzen da eta) hizkuntza bakarra dago, euskara, eta ondorioz, hizkuntza horren grafiaren bitartez arautu behar dira. Ez dago bi hizkuntzetako tradizio paraleloa, gaztelaniazko izen bat eta beste bat euskarazkoa, grafia kontu hutsa baino ez da. Eta kito, horrela ofizializatu ziren Katalunia zein Galizako herrialdeen izenak galegoz eta katalanez. Baina euskara bestelakoa ei da. Eta Spain is different.

Erantzunak:

Bidaltzailea: joseba lakarra [Bisitaria]
sentitzen dut baina kontua ez dut ikusten zuk bezain argi; inoiz ere ez dut ikusi normala gaztelaniaz idazterakoan Bizkaia, Gipuzkoa, Araba (eta Nafarroa eta Donibane Lohizun edo Maule) idaztea eta bai Guipúzcoa, Vizcaya, Alava (eta bai Navarra,San Juan de Luz eta Mauleón) hizkuntza horretan beti idatzi izan diren bezala eta bertako Erret Akademiak oraingoz agindu bezala. Eta arrazoia sinplea da: ez dut nahi Gazteleratzaindiak guri euskaraz ari garelarik Madrid edo Frantsestzaindiak euskaraz ari garelarik Toulouse idaztera behartzea. Argudio ergela, beharbada, baina niretzat funtsezko bakarra euskaltzaleei dagokienez; guri ez zaigu tokatzen gureaz bestelako hizkuntzetan ezertaz inongo erabakirik hartzea ez badugu onartzen automatikoki gainerako 6000 hizkuntzetako hiztunek eta haien buruzagi ongi edo gaizki hautatuek gauza bera egin dezaten geure hizkuntzaren zeinnahi hitz eta erregelarekin. Autonomia eta independentzia, baina guztiontzat eta benetakoa, alegia.
joseba lakarra
Permalink-a mezu RSS 2006-05-18 @ 21:01
Bidaltzailea: Xabi Zalbide [Kidea]
Gabon Joseba. Neurri batean arrazoia duzula onartu behar dut, hizkuntza jakin bateko toponimoak beste hizkuntza batean zelan ematea, horiekin zelan jokatzea, gaia korapilotsua delako, batez ere estatu berean hizkuntza bat baino gehiago badago. Badira, noski, tradiziozko erabilera batzuk hizkuntza guztietan eta ados nago erabilera horiek ontzat eman behar direla hizkuntza horretan (gaztelaniaz kasu honetan) idazten denean. Eztabaida honek orriak eta orriak eman ditu Espainiako Estatuko probintzia izen batzuk jatorrizko hizkuntzan ofizialtzea ebatzi zenetik.

Baina auzi honetan faktore asko gurutzatzen da eta beste alderdi batzuk hartu behar dira kontuan, nire ustez:

a) zergatik jokatzen den ezberdin euskararekin, Estatuko beste hizkuntza ofizialetako probintzia-izenekin alderatuta.

b)Ezberdindu behar dira alde batetik maila ofiziala, hau da, probintzia batek legalki duen izena (Estatu zentralaren eskumenetan, jakina), eta gaztelaniarako "Gazteleratzaindiak" hobesten duen forma. Nire ustez gauza ezberdinak dira. Baskongadak Espainiako zati diren arte, bederen.

c) Non jartzen den tradizioaren muga erabilera ofizialetan. Esaterako, zuretzat zilegi da Vizcaya gaztelaniaz, baina...Azcoitia?

En fin, galderak...


Dena dela, gai honek, egia esan, ez dit buruhauste handirik sortzen, menturaz itxaropen gutxi daukadalako inoiz Espainiako Estatuak eleaniztasuna modu integratzailean onartzeko, baina tira, ez zait bidezkoa iruditzen "batzuekin bai eta beste batzuekin ez" egin duten gauza arraro hau.
Permalink-a mezu RSS 2006-05-18 @ 22:20
Bidaltzailea: joseba lakarra [Bisitaria]
ados, erabat, diozun guztian. Vizcaya-tik Azcoitia-ra beharbada ez da erraza non moztu behar den... moztu behar baldin bada. Zergatik ez dugu lan hori uzten Gaztelatzaindiaren esku (hartu nahi badu)?
joseba
Permalink-a mezu RSS 2006-05-19 @ 16:36

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Azken erantzunak

Izenen Oihanean Artziniega eta, oro har, Euskal Herriko mendebaldea abiapuntu hartuta euskal toponimiaz jarduteko txoko bat duzue blog hau. Partehartze, iruzkin eta erantzun guztiak zinez eskertzen dira, jakina.

Hurrengo mezua: Isiltasuna eta zentsura DVn Aurreko mezua: NAFARROA GOItik BEHEra

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Xabi Zalbide

toponimia

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Atalak


Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution