Jose Iturrate jauna Artziniegan abade ibili zenean, artxiboak eta historian arakatzeko ardura hartu zuen, beste herri batzuetan egin zuen legez. Jakinmin eta lan horren ondorioz Artziniegako historiari buruzko ikerlan batzuk egin eta eman zituen argitara, esaterako Arteko Santutegiaren historia jorratzen duen
“El Santuario de la Virgen de la Encina” liburua. Artikulu laburragoak ere plazaratu zituen, hala nola, antzinako ospitalearen inguruan, lehengo zerbitzu militarraren inguruan... lan politak eta estimatzekoak denak ere Artziniegako historia ezagutzeko. Baina gatozen harira. Iturratek, horrelakoak egiten zebilela, dokumentazio interesgarria topatu zuen, eta kasu batzuetan baita bere lanen eranskin moduan agertu ere. Adibidez, arestian aipatutako liburuaren azken orrialdeetan, berak artxiboetan aurkitutako Artziniegako bizilagunen
errolda zaharrak dakartza, hurrenez hurren 1573., 1642., 1710., 1768., 1822. eta 1891. urteetakoak. Dokumentu hauek balio historiko eta onomastiko handia daukate, alde batetik herriko antzinako antroponimoak aztertzeko bidea ematen dutelako, eta bestetik biztanleen jatorria arakatzeko tresna izan daitekeelako, batez ere erroldarik zaharrenetan zeren garai zaharretan, dakigunez, abizenak sarri askotan sorlekua edo jatorriaren isla baitzen. Horrela, behinolako egoera linguistikoaren zantzuak ere topatu ditzakegu, eta, beharbada, aurreko artikulu baten erantzunetan komentatzen nuen auzian argi apur bat bota.
=> Gehiago irakurri!