Mezua: Hizkuntz-mugaz zenbait ohar eta ideia labur

2006-03-31

Permalink 12:21:41, Atalak: Toponimia, Enkarterri, Burgos, 812 hitz  

Hizkuntz-mugaz zenbait ohar eta ideia labur

Lehengo egunean Henrike Knörrek euskararen mendebaldeko mugaz esandako kontu batzuk berrirakurtzen nenbilen eta ordutik ideia batzuk darabilzkit buruan bueltaka. Saiatuko naiz labur-labur garbira pasatzen.

[Gehiago:]

Dakigunez, eta sarritan aipatu dugunez, normalean toponimia ikertzea historia linguistikoan arakatzeko tresnarik baliagarriena dugu, batez ere testigantza zuzenak aurkitzea gaitzagoa suertatzen ohi delako. Euskal herriko mendebalde honetan ere, halaxe gertatzen da, eta horretan sakonduko ez badut ere (beste baterako utzi beharko) neurri batean behintzat euskara-erromantze muga historikoa eta euskarak atzeraka egin duen bidea ezarri dezakegu, toponimia aztertuz eta bestelako testigantzak aintzat harturik.

Hemendik asago, Nafarroa erdialdean esaterako (Uxue, Eslaba, Artaxoa...), ildo horretako ikerketa zabal, zehatz eta oso ondo dokumentatuak egin dira (Belasko eta Salaberrirenak) eta horrela azken mendeotako hizkuntza-panoramaren nahiko ikuspegi zehatza izatea lortu da, hizkuntzen arteko mugei dagokienez, bai eta hizkuntza horien ezaugarriei dagokienez ere. Gure inguruan pareko egoera baten aurrean gaude, eta oraindik ikerketa orokor baten faltan bagaude ere, lan baliagarriak egin dira eta horiek kontuan hartuta nahiko argi antzeman dezakegu euskara eta erromantzearen muga historikoa nondik nora doan. Ikuspegi sinple batek esango liguke, hortaz, alde batera euskarazko toponimoak nagusi diren edo izan diren lurraldeak leudekeela, eta beste alde batera euskal toponimorik gabeko lurraldeak, goi Erdi Arotik hona, behinik behin. Aldaketa hori, zenbaitetan, pixkanakakoa gertatzen da eta muga lausoa da (Enkarterriko leku batzuetan, Galdames-Sopuertan kasu) eta beste kasu batzuetan paisaia toponimiko euskaldunetik erromantzerako jauzia kilometro gutxitan gertatzen da, dela geografiak eraginda, dela argitu beharreko beste faktore batzuengatik (Aiara-Losa mugan edota Artziniegan...).

Hala ere, gutxi gorabeherako banaketa hori egonda ere, berez “euskal eremu toponimikoa” deitu genezakeenetik kanpo leku izen berezi batzuekin egiten dugu topo. Fenomeno hori eskualde batzuetan ikusten da, eta, jakina, batetik bestera aldeak daude, ez dira egoera berdin-berdinak.

Karrantza aldean, adibidez, ukaezina da toponimia erromantzea dela eta Cantabriakoaren jarraipen argia dela, harekin bat egiten du osorik eta ez digu biderik ematen haran eder horren behinolako euskalduntasun baten arrastorik bilatzeko (batzuk saiatu badira ere). Hala ere badira Karrantzan antzinako geruza toponimiko baten azken aztarnak izan litezkeen izen batzuk. Ikusi ditzagun haietako batzuk:

Baicote, Bierre, Bayena, Burgüeno, Gallazos, Gorbea, Lanzalea, La Lusa, Umadernia, La Maya, Orga, Salduero, Urrío...

ranero

Erromanizazio goiztiar baten aurretiko hizkuntzaren hondarrak? Baliteke. Ezin duguna baieztatu da hizkuntza hori euskara ala beste hizkuntza bat ote zen. Gisa honetako toponimo ilunak Cantabria zein Asturiaseko lurretan ere sarri agertzen zaizkigu, eta batzuk euskararen arrastoak topatzen saiatu badira ere, oraindik antzinako hizkuntza kantabrikoen filiazioa argitu barik dagoen auzia da.

Apur bat hegoalderantz eginda, Ordunteko mendiez honaindi, Mena Haranean toponimia erromantzearen nagusitasuna erabatekoa da. Hala ere Ingrid Horch ikerlari alemaniarrak bere tesian dioenez (Aiarako eta Menako toponimiari buruzko tesia egin zuen Bonneko Unibertsitatean 1991. urtean), ematen du Mena hizkuntza eta kultura ezberdinen arteko antzinako muga batean dagoela, eta horrela, Goi Erdi Aroko birpopulaketen ondorioz halako elebitasun bat gertatu zela eta leku batzuek euskarazko izena hartu zutela. Jose Maria Sasiak, bere “Toponimia euskérica de Las Encartaciones” liburuan (1966) euskal toponimo ugari aipatzen ditu Mena haranean (Aretxas, Azabide, Galagorri, Goiri, Larrate, Larrea, Marure, Ugatxas, Urkia, Ugerri, Ugerti..) baina ez du erreferentzia dokumentalik ematen eta Sasiak asmatu eta eraldatzeko zuen joera ikusita, zaila da sinesgarritasunik ematea.

Horchek dioena zehazteko nik uste dut gaur egun Menako udalerriaren barruan dagoen Tudelako Merindadera jo behar dugula, hau da, Aiarako mugan dagoen lurraldera. Bertan antzeman dezakegu Goi Erdi Aroko balizko elebitasun edo euskalduntasun horren lekukotasun toponimikoak, nik dakidala honako toponimo hauek agertzen baitzaizkigu:

Artieta, Egaña, Allu, Gurdieta, Ojuveri, Dabala

tudela

Badakigu inguru hauek IX mende inguruan Asturiaseko erregeek birpopulatu zituztela, erresumaren ekialdeko mugan zeudelako. Horrek, noski, eragina izango zuen egoera linguistikoan. Garai ilunak dira ordukoak, dena dela, eta zaila da gauzak ziurtasunez esatea.

Azkenik, hirugarren eta azken jauzitxoa eginez, toponimia aldetik oso deigarria dugu Burgoseko Losa haraneko Junta de Villalba, non euskal toponimiaren adibide argiak agertzen diren, bai herrien izenetan (Zaballa, Murita) bai eta toponimia txikian ere (Satiaga, Zabal, Antaceta, Ogarte, Vizcardoa, Egelliz, Ochala, Rollarte, Urbina...).

villalba

Hemen, nire iritziz eta ikerketa sakonik egon ez arren, nahiko ziur esan daiteke Erdi Aroan euskara izan zela hizkuntza arrunta, eta hori nahiko deigarria gertatzen da, zeren Losako beste lekuetan euskal toponimoen arrastorik ez baitago. Horretaz gain, ematen du inguruotako erromanizazioa aspaldikoa dela, izan ere Pisoraca-Favliobriga erromatar galtzada k harana zeharkatzen zuen, eta galtzada horren bidean zegoen herriska batean (Casarejos) eraiki zen 853. urtean Losako San Martin monastegia, gerora Valpuestako elizbarrutiaren gune garrantzitsua izango zena, eta hain zuzen ere Valpuestako lehen apezpikuak lurperatuta ei dauden lekua. Ezin dugu ahaztu teoria batzuen arabera (nire ustez nahiko zehatzak) Valpuestako elizbarrutia gaztelaniaren sorlekua izan zela.

Egoera hau azaltzeko modu bi bururatzen zaizkit: bata, erdi aroko birpopulaketen garaian Aiara eta Urduñako beheko herrietako jendea Gorobeleko mendateak igaro eta Losako inguru horretan bizitzera joan zela, euren jatorrizko hizkuntzari eutsiz mende batzuetan ondoko herriak erdaldunak izanagatik, eta bestea, herri horiek lehendik ere euskaldunak izatea, erromatarren garaietatik gutxienez. Sinesgarriagoa egiten zait lehenengo hipotesia, Goi Erdi Aroan gisa horretako populazio-mugimenduak izan zirela frogatuta dago eta, baina behin eta berriro esan dudan lez, ezin ziurtasun osoz esan.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Erramun Gerrikagoitia [Bisitaria]
Gustura irakurria, eskerrak izkiriatzea gatik holako lanak zeinak gaituzten aberasten kulturalki.
Permalink-a mezu RSS 2006-04-01 @ 10:30
Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria]
Ekarpen txiki bat bakarrik, gaurkoak dira Camino de La Rate eta Arroyo de La Rata lekuizenak, Villasana, Ovilla, Anzo eta Barruso inguruan aurki ditzakegu.
Ugatxas-i dagokiona, guztiz ziurtatuta ez eduki arren, uste dut Balmaseda udalerritik oso, oso hurbil, dagoen muino baten izena dela; Ugaza.
Beste aldetik, eta beti bezala, oso interesgarria da zeure artikulutxoa. Eta, beti bezala ere, pena bat da, EHko mendebala eta inguruko egoera historiko-linguistikoaren ikerpen sakonagoak ez egotea.
Permalink-a mezu RSS 2006-04-02 @ 15:48
Bidaltzailea: Xabi Zalbide [Kidea]
Eskerrik asko zehatapenengatik.

Beharbada gehiegi esan dut Sasiak ekartzen dituen toponimo guztiei sinesgarritasuna kenduta; esan gura dudana da zail ikusten dudala Menan kontaktu-guneetatik kanpo euskal toponimiaren adibideak aurkitzea. Sasiak akatsak egin zituen eta urrunegi joan zen nire ustez batez ere Enkarterriko mendebaldean euskal toponimi bilatu guran, baina bere lana aprobetxagarria da zalantz abarik. Baina tira, hobeto ikertu beharko litzateke Menako toponimi historikoa apur bat argitzeko. Dena dela, argi dago antzinako garaietatik ia toponimia erromantzea baino ez dela topatzen.
Permalink-a mezu RSS 2006-04-03 @ 10:57

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Azken erantzunak

Izenen Oihanean Artziniega eta, oro har, Euskal Herriko mendebaldea abiapuntu hartuta euskal toponimiaz jarduteko txoko bat duzue blog hau. Partehartze, iruzkin eta erantzun guztiak zinez eskertzen dira, jakina.

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Xabi Zalbide

toponimia

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Atalak


Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution