Berak ez du ikusi, ezin izan du, tamalez duela lau urte gaixotasun luze batek eraman zuelako. Baina Jose Manuel Yarritu, Yarri, ilusio batekin joan zen bizitza honetatik: Artziniegako bide, txoko, larre, baso, auzo eta mendietan barrena egin zituen ibilaldi lasai eta ederrak biltzen zituen liburua, inoiz, jendeari eskaini ahal izatea. Eta lortu du, badaukagulako esku artean liburu zoragarri bat, liburu mamitsua eta aldi berean erraza, oso erabilgarria. Yarrik bere herriari zion maitasuna eta zeukan ezagutza zabala argi erakusten duen liburu bat da, ezelako zalantza barik.
Azkenik, Gorobel eta Carbonilla mendilerroetako mendate guzti-guztien ibilbideak ere azaltzen dizkigu liburuan, hain zuzen ere 1997. urtean Pyrenaica Aldizkarian argitaratu zen artikulu ezin hobean biltzen zuena. Epaimahaikoen esanetan artikulu horrek mugarri bat jarri zuelako mendi-ibilbideen arloan, Euskal Mendizale Federazioak sari berezia eman zion urte horretan bertan.
Euskal herriko bazter eder honekin maiteminduta zegoen ibiltari baten fruitua duzue liburu hau; gure inguruetako izenen oihana ezagutzeko, hankak apur bat nekatuz izenei aurpegia jartzeko ezinbesteko laguna.
Eskerrik asko, Yarri, eta posible egin duzuen guztiok.
Azken erantzunak