Egin dezagun bisita txiki bat auzo hau azaletik behintzat ezagutzeko.
La Hormaza auzoa Artziniegako hiriaren herrigunetik hegomendebaldean kokatzen da, Angulo eta Burgosera doan errepidea hartu eta metro gutxira (batzuek beharbada hobeto ukertuko duzue non dagoen txerriki eta odoloste fabrika bat hantxe dagoela esaten badut). Izenak behinola nahiko zabala zen paraje batetik datorkigu. Auzoa eta inguruko lur-sailez gain, La Hormazak egungo Jauregia/El Palacio auzoaren zati bat ere hartzen zuen, bai eta azken urteotan txalet eta etxe berriez josi diren soloak, errepidetik iparraldera Arteko Santutegira doan bideraino. Beheko irudian azken eraikuntzak egin baino lehenago eremu horrek zuen itxura ikusi daiteke: argi antzematen da zelan urbanizazio berriak eginda dauden, antzinako egitura apur bat eraldatuz, baina artean argazkia egin zenean erraza da asmatzea lekuak antzina zuen itxura eta soroak non zeuden. Egungo argazkia ez zen hain polita izango, tamalez.
Hormaza behinola berba generikoa zen, hau da, horma-mota zehatz bat deskribatzeko erabiltzen zen gaztelaniaz, soloak ixteko balio zuen horma bat. Esangura hau ezin hobeto txertazen da Artziniegan izendatzen duen lekuarekin; izan ere, antzina inguru hori guztia llosa handi bat zen, barruan solo edo pieza batzuk zeuzkana, hainbat jaberekin; llosa handi hori hormaza handi batez hertsirik zegoen. Horra izenaren jatorria, argia eta garbia gure herrian. Berba generiko hori mugatzeko, berezi bihurtzeko erdarazko artikulu femeninoa dugu ondoan: La. Eta ez da kasu honetan gehigarri hutsa, horren bidez baita toponimoa toponimo, nire ustez, gazteleraz sortutako izena delako. Artikulu horrek bereziten du hormatza hori egin zitezkeen beste hormatzatetik. Jaso ere beti jasotzen da, ahoz eta idatziz, artikuluarekin. Inguruko herrietan ere (Soxogutin edo Cirionen kasu) bada toponimo hau, artikuluduna beti ere. Retes de Tudelan honekin zerikusia duen beste izen bat dugu, Ormazuela, hau da, hormatza txiki bat.
Zilegi da, hortaz, Artziniegako La Hormaza, jatorria gora behera eta euskal toponomastikan jasotzen dela aintzat harturik, euskararen arauen arabera normalizatzea, Hormatza ontzat ematea, ala, ostera, eutsi egin behar zaio gaurdaino izan duen formari eta toponimoa sortu zen hizkuntza gogoan izan behar ote da?
Ez da kontu erraza, baina uste dut argumentu sendoak daudela erdarazko toponimotzat jotzeko.
Azken erantzunak