Mezua: Ordunte

2006-01-23

Permalink 16:57:07, Atalak: Toponimia, Artziniega, Aiara, Enkarterri, Burgos, 569 hitz  

Ordunte

Behin baino gehiagotan aipatu dudanez, Artziniegan badira historian zehar Aiarako Jaurerriari lotuta egon diren herri batzuk. Gaur egun ere, herriotan, Aiarako forua dago indarrean, Artziniegako hirian ez bezala, nahiz eta bestelako kontuetarako Artziniegarrak diren bete-betean. Bakoitzak bere auzo-alkatea dauka baina 1841. urtetik hona Artziniegako udalerriaren parte dira. Urte horretara arte, ostera, Artziniegak Mendieta, Retes, Santa Koloma eta Soxogutirekin zituen harremanak Ordunteko Batzarraren bitartez kudeatzen ziren, mendi eta basoen ustiaketari zegozkionak behinik-behin.

ordunte

[Gehiago:]

Erdi-aroko batzar hauek ugariak dira Euskal Herrian, azken batean, lurraldea antolatzeko modurik oinarrizkoena baitira. Gugandik hur Zaraobeko eta Ruzabaleko batzarrak ditugu; Orduntekoak ez zituen beste eskumen batzuk ere bazituzten arren, egituraz eta funtsean kontzeptu berbera dira.

Ordunteko Batzarra, beraz, lau herri horiek eta Artziniegako Hiriak berak osatzen zuten. Erakunde burujabea zen, ez zeukan loturarik ez Aiarako Lurrarekin ezta Artziniegarekin ere. Batzarrak Arteko santutegiaren ondoan egiten ziren, eta han ordenantzak ematen ziren eta herri bakoitzerako ordezkariak izendatu. Lehenengo ordenantzak galduta daude, eta gordetzen diren lehenengoak 1623. urtekoak dira, urte horretan jatorrizkoak moldatu zirelako, Diego de la Gamarra Artziniegako alkatea zela.

Kontu historikoak alde batera utzita, gatozen batzarraren izenera, txoko honetan behin baino gehiagotan azaldu zaigun Ordunte horretara.

Lehenengo eta behin, ageriko kontu bat datorkigu burura: zein ote da Ordunte honek beste Ordunterekin duen harremana, Mena haranaren barruan dagoen Ordunteko haranarekin? Antzekotasunek ez dautza izenean bakarrik, izan ere, beste Ordunteko batzar bat osatzen dute eremu horretako herriek (Nava, Ribota eta abar) Horretaz gain, herriak zeharkatuz Ordunte erreka daukagu, eta herrien gainetik Ordunteko mendiak ere badira, eta erdi-erdian “El Ordunte” izeneko muinoa. Ikusten denez, esku artean dugun toponimoak leku bati baino gehiagori egiten dio erreferentzia, denak ere inguru nahiko zehatzean kokatuta, Artziniega eta ondoko Mena haranaren arteko lurretan.

Hori kontuan hartuta, susma daiteke Orduntek, antzina, eremu are zabalago baten izena izan zela, ez zela gaur egun legez Menako lurretera mugatzen, eta, ondorioz, guganaino ere heltzen zela.

Izenaren jatorriaz hipotesi bat baino gehiago proposatu izan da:

• Batzuek ord- erro zeltiarra ikusten dute, gaina edo mendia esan gura duena, bertoko erromantzearen mazo berbaren parkoa hain zuzen. Izenaren jatorria, hortaz, mendi goienetan legoke, Ordunteko mendietan. Erro honetakoak lirateke Kantabrian eta Asturiasen nahiko ugariak diren Ordiales edo Urdiales toponimoak ere.

• Beste batzuen esanetan, latinezko hordeum dago oinarrian (garagarra). Menditik beherako lurrek emango zioten izena hipotesi honen arabera inguruari, Ordunte errekaren ertzetan landatutakoak edo.

• Blog honetako lagun nekaezina den Nkrtrri jaunak aurreko mezu batean gainetik azaldu digu zein den izen hau azaltzeko bere hipotesia. Bere ustez erdi aroko “Fortun” (Fortunius) izena egon daiteke izen honen erroan. Eskema nahiko erraza litzateke: *Ordun+ate (hasierako f-aren galera eta herskariaren sonorizazioa erraz azaltzen diren fenomenoak dira). Azentua hirugarren silaban egonda -euskal mendebaldeko hainbeste toponimotan lez- hurrengo bokalaren erorketa ere ez da fenomeno arraroa: *Ordúnate>Ordunte

Aurreneko hipotesi biei buruz burura datorkidan galdera da zelan azaltzen den toponimoaren amaiera –nte hori. Dirudienez, -nt talde kontsonantikoa indoeuropeartzat jotzen da eta beste toponimo batzuetan agetzen da. Horretaz ezer gutxi gehitu nezake. Nkrtrriren hipotesiari dagokionez, aipatu dudanez, nik neuk ez diot ezelako traba teorikorik ikusten, azalpen logikoa da, baina berriro ere lekukotasun dokumentalaren aurrean gaude, ez baita dokumentatzen proposatutako forma (Ordunate), salbuespenik gabe nik dakidala- agertzen da Ordunte. Horrek ez du baztertzen hipotesia, inolaz ere, baina ikertu beharko litzateke, ezen azentuaren eraginez jausten den bokalaren fenomenoa nik zerbait “berritzat” (hizkuntzaren diakronian) joko nuke.

Urtegia baino gehiago bada Ordunte, ikusi dugunez. Espero dezagun errota zuriek izena eta izana betiko ez zapuztea, Arteko santutegiaren azpiraino helduko ez liratekeen arren Peñalbako puntatik ere ikusiko genituzke eta.

eoliko

Erantzunak:

Bidaltzailea: Erramun Gerrikagoitia [Bisitaria]
Nik irakurri dut, Xabi, eta iruditzen zait lan ona. Segi zeure bidean.
Permalink-a mezu RSS 2006-01-24 @ 10:06
Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria]
Lehenengoa, eskertzea, nere burutazio "amateur"-ak kontutan har ditzazun, berriro ere. Ohore bat da ;-)
Esatea ere, hipotesi baino gehiago "ariketa teoriko" bat dela, baina bueno, hor geratzen da.
Zuk esaten duzu, azentuak eragindako erorketa hori, mendebaldean gertatzen dela, baina nik esango nuke hedatuago dagoela.
Beste harian, agertzen nuen Errioxako, Ezkarai Haranan, "Urdanta"ren exenpluaren gain, oraintxe bertan, datorkit burura, Olabarta auzoa Oñatin, edo Egiarreta/Egiyarta Dorrau/Torranon.
Argi dago, adibidez, Gallartaren kasuan, bilakaera hau, ez dela betiko kontua (1489 Juan de Gallereta eta Lope de Gallarreta, agertzen zaizkigu) baina, gaurkoa ezta ere.
Interesgarria litzateke, ikertzea Oñatiko Olabarta eta Ezkaraiko Urdantaren adibideak.
Permalink-a mezu RSS 2006-01-24 @ 22:24
Bidaltzailea: tximintx [Kidea]
Zamudion bada auzo bat Bilbotik hur dagoena Galbarriatu izena duena. Dena den, bertako euskaldunok ez dugu Galbarriatu esaten inondik inora Galbartu baizik. Hor ere bokal bi jauzi dira.
Permalink-a mezu RSS 2006-01-25 @ 19:44
Bidaltzailea: Xabi Zalbide [Kidea]
Aupa Tximintx! eskerrik asko oharragatik.

Badakit non dagoen Galbarriatu, baina ez nekien ahoz holan esaten zaiona. Azentuak hor ere bere eragina dauka, itxura guztien arabera. Seguru aski apur bat arakatuz gero horren moduko adibide asko agertuko zaizkigu euskal toponimian, agian ez bakarrik mendebaldean, orain arte ageri diren adibideak nik nahiko "mendebaldekotzat" joko nituzkeen arren.

Orduntera itzuliz, eskerrak ez dira merezi, Nkrtrri, zurea ariketa teorikoa da, argi eta garbi, baina nire ustez gaurdaino egon diren beste hipotesien ondoan leku bat egin dakioke, teoria aldetik zuzena izan daitekeelako. Zein den benetako jatorria? uste dut oraingoz (eta agian betiko) ezin jakin dezakegula.
Permalink-a mezu RSS 2006-01-26 @ 08:50
Bidaltzailea: Gastiz [Bisitaria]
*Ordunate -> Ordunte bilakaera onartzeko kronologia da hemen garrantzizkoenetakoa. Batetik jakin beharrezkoa da noiztik ezaguna zaigu Ordunte forma, gero eta zaharragoa izan, orduan eta arazo gehiago aldaketa hori onartzeko; eta bestetik *Gallarreta -> Gallarta noiztik datorren jakiteak ere erraztuko luke eman beharreko erantzuna, inguru hurbilekoak direlako.

Hala ere, Ortun -> Ordun aldaera ez zait iruditzen hain arrunta. Baina Irigoienen “Pertsona izenak euskaraz” liburuan begiratu eta honako hau aurkitu dut, 242-3. orrialdeetan: “3.274. ORDUNBELÇA: Pero Ocho, dicho Ordunbelça, (1366, PN-XIV, F.Est., 590 orr.), Çurindoain-en.
Bada ORDUNA ere bigarren elementu moduan: Sancho Orduna, (1330, PN-XIV, F.Est., 286 orr.), Uillatuerta-n; Pero Orduna, (1330, PN-XIV, F.Est., 300 orr.), Artaxona-n; Lope Orduna, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 368 orr.), Ariçala-n.
Luis Michelena-k dio: “Enequo Arçeiz Orduna (89, hacia 1200, Arazuri), Sancho Orduna (300, 1243 Olloqui), que quizá esté por vasc. aurdun, contrapuesto a Aurgutia en Irache, etc.”.
Patronymikoa den ORDUNIZ gogoan hartuz gero, ordea, ORDUN pertsona-izena dugu: Pero Orduniz, (1366, PN-XIV, F.Est., 623 orr.), Funes-en. Izan-ere normalki Aur monothongaziorik gabe agertzen da Aurron hitzean. Ikus AURRON, AURRONO, eta, beste alde batetik, Aur gutia-ren kasuan guti elementua adjektivoa da, erdaraz ‘menor’, on ere den bezala, ‘bueno’. Aurdun, ordea, ‘que tiene hijo o hijos’ da.
Edozein modutan ere ezin utz daiteke aipatu gabe, duen antzeko itxuragatik baino ez balitz ere, Ascoli-ko brontze Khristo jaio aurretiko 90 urtekoan agertzen den Ordvmeles Bvrdo F, zein *Ordun + beles formaren laburpena izaitea ere posible moduan hartzen datekeen, brontze bereko Adimels delakoa Adin + bels den bezala, beste alde batetik Beles Umarbeles F, eta Agirnes Bennabels F, direlakoak -beles eta -bels osorik dituztela agertzen baitira, aurrean -n-rik aurkitzen ez dutenez gero. Baina bide hau, agian, denboran urrunegi kokaturik dukegu, eta ezin mugi gaitezke zalantzazko autu-mautuetan baizik.
Beste alde batetik badugu XII mendeko toponymo den Ordun ere: ipsa terra en alfoçe de Egunna in villa que vocitant Ordun, (1116, Santillana del Mar, dok. VII); facio cartula nominata en Vilordun, (1157, Santillana del Mar, dok. XV).
Bada URDUINA emakume-izena ere XIII menderako: ego Sancha filia de Urduina collacia, (1228, El gran Pr. Nav., dok. 208), agian
Permalink-a mezu RSS 2006-01-27 @ 19:21
Bidaltzailea: Gastiz [Bisitaria]
Eta sartzen utzi ez dudana, bigarrenez: "agian
Permalink-a mezu RSS 2006-01-27 @ 19:24
Bidaltzailea: Gastiz [Bisitaria]
"agian *Orduina batetik vokalen assimilazioz sorturikoa.
Eta horretara hypothesi moduan beste aukera batez balia gaitezke: Ordun ORDIZ.
Ez da ahantzi behar, hala-ere, ORDONIO izena Erdi Aroan ugari agertzen dela: sennor Ordonio Ordoniz, (1061, CSM, dok. 167); Ordonio de Arrilucea, (1109, Leyre, f. 123), zein erromatarren garaian Hispania-tik eta Aquitania-tik kanpora agertzen diren Hordeonius, Hordionius, Hordonius formekin konparatu izan baitute J. M. Piel, G. Díez Melcón, eta M. Pidal eta Tovarr-ek, cfr. Wilhelm Schulze, Geschichte lateinicher Eigennamen, Berlin 1904, 306 orr.”.
Beraz, Ordun antroponimoak uste baino jatorri korapilatsuagoa izan lezake.
Permalink-a mezu RSS 2006-01-27 @ 19:25
Bidaltzailea: Xabi Zalbide [Kidea]

*Ordunate -> Ordunte bilakaera onartzeko kronologia da hemen garrantzizkoenetakoa. Batetik jakin beharrezkoa da noiztik ezaguna zaigu Ordunte forma, gero eta zaharragoa izan, orduan eta arazo gehiago aldaketa hori onartzeko; eta bestetik *Gallarreta -> Gallarta noiztik datorren jakiteak ere erraztuko luke eman beharreko erantzuna, inguru hurbilekoak direlako.


Horixe da Gastiz, nik baino askoz ere hobeto azaldu duzu.
Bestalde, oso interesgarria "Ordun" antroponimoaz eta bere arazoez eman duzun iformazioa.
Permalink-a mezu RSS 2006-01-27 @ 19:37
Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria]
Ez dakit, hau norbaitek irakurriko ote duen, zeren eta, blogak, ematen du, ia hilik bait dagoen.

Kasualitateak gai honetara itzultzera behartu nau.
Donostiako (Ibaeta) antzinako lekuizenen artean “LOHIÇTA” bat aurkitzean.
1014 urtetik, gainera, dokumentaturik. Agertzen diren beste forma batzuk; Lohizta, Loizta, Loiztaran, Loiztarain, Loistarain (orandik mantentzen dena, kale bati, izena ematen diona) eta oraintsuagoa (1865) Loistegui.
Ez da zaila gertatzen *Lohitzeta batetik eratortzea. Eta hor izango genuke “kronologiaren” aldetik bokalaren “erorketa” baten adibide goiztiarra (1014)

Eta bide berdintsutik jarraituz, 1060. urtean, Briones-en, Errioxan, Sta. Mª de Aritzeta edo de Arizta-ko ermita agertzen zaigu, gero Sta. Mª de La Estrella izango zena.

Baina, esandakoa, hau, ariketa teoriko bat, besterik ez da.
Permalink-a mezu RSS 2006-11-01 @ 13:45
Bidaltzailea: Xabi Zalbide [Kidea]
Ariketa teorikoa baina oso baliagarria proposatzen duzun teoriaren "euskarri" gisa, erorketa zahar baten lekukoak ekartzen dituzulako.
Permalink-a mezu RSS 2006-12-14 @ 13:37
Bidaltzailea: Gastiz [Bisitaria]
Loizta eta Arizta leku izen biek erakusten dute tarteko e bokalaren galera zaharra. Biek egitura bera dute ''izena + -eta'', nahiz eta lekuak elkarrengandik urrun samar dauden, eta hauek Orduntetik, egitura oraingoz (nire ustez) ezezaguna duena.
Permalink-a mezu RSS 2006-12-21 @ 10:09

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Azken erantzunak

Izenen Oihanean Artziniega eta, oro har, Euskal Herriko mendebaldea abiapuntu hartuta euskal toponimiaz jarduteko txoko bat duzue blog hau. Partehartze, iruzkin eta erantzun guztiak zinez eskertzen dira, jakina.

Hurrengo mezua: Podcast edo i-rratsaioak blogari.net-en Aurreko mezua:

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Xabi Zalbide

toponimia

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Atalak


Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution