Mezua: Etimologietatik praktikara

2006-01-12

Permalink 14:20:36, Atalak: Toponimia, Besterik, 374 hitz  

Etimologietatik praktikara

Atzo bertan Arrankudiagatik pasatzean gauza batek arreta eman zidan, eta hausnarketa bat egiteko bidea eman dit. Sarritan pasatzen naiz herri horretatik, baina atzokoan konturatu nintzen zeozer berria dagoela bazterrotan: baserri eta auzoen izenak azaltzen dituzten seinale berdeak. Seinaleak egokiak iruditu zitzaizkidan kolore eta forma aldetik, sano ondo ikusten delako izena baita interes handirik eduki barik ere. Horrela agertzea, ageriko leku batean, toponimoa erabilgarri bihurtzen du eta oso lagungarria da izen hori normalizatzeko eta kasu askotan berreskuratzeko. Hala ere, Arrankudiagako seinaletako toponimo batzuen forma zalantzazkoa begitandu zitzaidan. Emango dut adibide pare bat, deigarriak gertatu zitzaizkidanak:

[Gehiago:]

· Zabale, Arene, Iberlanda: Ahoz esaten diren legez agertzen dira toponimook. Asimilazio bokaliko hau oso arrunta da mendebaldean. Idatzizkorako, dena dela, uste dut komenigarria dela jatorrizkoa berreskuratzea: Zabala, Arana eta Ibarlanda. Beste aukera bat da ahozko formari eutsi eta hori islatzea seinaletan. Azken batean, udalaren esku dago egun Euskaltzaindiak ematen dituen jarraibideei jarraitzea ala ez.

· Bidekurze: Ez dakit ahozko forma “bidekurse” izango den, baina hala balitz ere, euskararen erregela grafikoetara egokitu beharko litzateke, nire ustez.

Bitxia da, baina Bizkaiko kartografia ofizialean forma hauetako asko modu egokian agertzen dira. Hau da, borondate onarekin, asmo zuzen batekin, jokatu dute Arrankudiagan; poztekoa da eta horrela ondare toponimikoari bere garrantzia ematen zaio. Irizpidean huts egin dutelakoan nago. Edo agian ez, agian, arestian esan bezala, beste modu batera jokatu dute nahita.

Beste kasu adierazgarria Aiarakoa da: Duela urte batzuk Aiarako udalak auzo eta baserrietako izenak adierazteko panelak ipini zituen. Orduan, barra-barra agertu ziren edonon orduan ch-dun toponimo euskaldunak, jatorria kontuan hartu barik ipinitako formak eta, azken batean, irizpide finko barik jarritako izenak eta batez ere euskara kontuan hartu barik. Oraindik hantxe diraute panelek, adibidez Llantenon euren Chabarri, Pizparruchi, Chabe, Zalduerte eta abarrak erakusten. Hori duela urte gutxi izan da, ez nabil Francoren denboraz berbetan. Ordukoa konpontzeko asmoz, azkenaldian Felix Muguruza, Mikel Gorrotxategi eta Alberto Agirre ibili dira Aiarako auzo guztien izenak batzen, ikertzen eta normalizatzen. Horren emaitza etxeetan banatuko den liburuxka bat izango da eta suposatzen dut seinaletako hutsak zuzendu egingo direla. Behinolako errakuntzak konpontzen, beraz.

Adibideak seguru aski zenbat gura topatu ditzakegu hurrean zein urrunean. Azken batean, honek argi uzten du toponimiarekin zuhurtziaz eta seriotasunez jokatu behar dela, eta oso komenigarria dela arreta berezia eskaintzea arlo hau ikertzeari. Ez gaitezen lan bikoiztuetan ibili.

Zer deritzozue?

Erantzunak:

Bidaltzailea: Gastiz [Bisitaria]
Bai, arrazoia duzu, dirua gastatu baino lehenago egin beharreko lana ez zuten bete eta egunen batean, aldatu beharko dituzte eta berriak jarri, forma zuzenekin. Bitartean, ‘euskararena’ serioa ez den kontua agerian geratuko da, batzuen intereserako ondo. Oraindik gogoan dut ‘Luxaondo’, ‘Lanteno’, ‘Lanteno-Erreta’ eta abar. Argi dago, dena den, Aiarako lurretan toponimiaren ofizialtzea lan zaila dela, denok dakizkigun arrazoiengatik.
Ez da nahikoa borondate ona izatea.

Bide batez, eta hau off-topic delakoa da, ziur: Zergatik Garobel zena orain Gorobel bihurtu digute? Ezagutzen dudan lekuko bakarra Garibairena da, Barrenengoaren libururen batean aipatua; bestelako iturririk, lekukorik ba al dago/zegoen izen honetarako?


Permalink-a mezu RSS 2006-01-24 @ 18:09
Bidaltzailea: Xabi Zalbide [Kidea]
Egia da, bazter hauetan oztopotxoren bat dago kontu hauetarako, ikustea besterik ez dago zelan dauden "Menagaray" dioten kartelek harro-harro eta zuzendu barik. Eta txarrena da euskara bera barregarri geratu daitekeela. Ia gauzak hemendik aurrera hobeto egiten diren.

Gorobel oker ez banago Lope Garcia de Salazarren Bienandanzas y Fortunasen agertzen da:

E siguieron el alcançe matando en ellos que no dejaban ninguno a vida fasta el arbol de Luyaondo, e porque se tornaron de allí pasándoles llamaron el arbol gafo, e los leoneses que escapar podieron, salieron por la peña Gorobel que es sobre Ayala, e como ençima de la sierra dixeron a salvo somos. E por esto le llaman Saluada, e porque en Padura fue deRamada tanta sangre llamaron Arrigorriaga...

Ez dakit iturri bakarra den, uste dut baietz.
Permalink-a mezu RSS 2006-01-24 @ 20:39
Bidaltzailea: Gastiz [Bisitaria]
Ez nuen uste Garobel izenak hain oinarri txikia zeukanik. Lope Garcia de Salazar, behitzat, ez zen oso urrunekoa, eta litekeena da iturri zuzena izatea lekua adierazteko. Baina bitxia egiten zait inolako forma lagungarririk ez egotea, toponimo eratorriren bat edo… Behintzat ‘peña Gorobel’ hori ez du ematen mendi soil baten izena zenik, bestela ezaguna genuke.
Permalink-a mezu RSS 2006-01-27 @ 19:27

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Azken erantzunak

Izenen Oihanean Artziniega eta, oro har, Euskal Herriko mendebaldea abiapuntu hartuta euskal toponimiaz jarduteko txoko bat duzue blog hau. Partehartze, iruzkin eta erantzun guztiak zinez eskertzen dira, jakina.

Hurrengo mezua: Berbalagun, euskara praktikatzeko eta erbiltzeko proiektu berria Aurreko mezua: Lurra

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Xabi Zalbide

toponimia

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Atalak


Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution