Mezua: Barrenengoak utzi gaitu

2006-01-02

Permalink 16:30:18, Atalak: Albisteak, 321 hitz  

Barrenengoak utzi gaitu

Barikuan Federico Barrenengoa Amurrioko ikertzaileak betiko utzi gintuen, laurogeita bederatzi urterekin, haietako asko eta asko euskalgintzari eta kulturari emanak. Albistea entzundakoan, berehala pentsatu nuen txoko honetatik omenaldi txiki bat egin behar zitzaiola, arrazoi ageriko batengatik: bera izan genuen aurreko mendean gure eskualde honetan toponimia eta onomastika ikerketen aitzindaria. Zaila izango litzateke, imajinaezina gaur egungo ikuspegitik, Aiarako toponimiaren ikerketa ulertzea Barrenengoaren lan zabala kontuan hartu barik.

Nik neuk adibidez“Onomástica de la Tierra de Ayala” lanari esker izan nuen Aiarako toponimia-ikerketekin lehenengo harremana. Hiru liburuz osatutako lan zabala da, eta lehenengoa, toponimiari dagokiona, 1989an atera zen argitara. Bertan, historikoki Aiarako Lurra osatu duten herrietako toponimia historikoaren zerrenda ematen da (Amurrio, Okondo, Aiara bera eta Artziniegako herriak). Geroztik onomastikari eskaini zion beste liburuki bat, eta azkenik aurrekoetan emandako toponimo eta abizenen aurkibide etimologikoa osotu zuen. Gaur egun, lan horren alderdi asko hobetzeko modukoak begitantzen zaigun arren –eta benetan hobetzeko modukoak lirateke- horrek ez dio ezelako garrantzirik kentzen, inoiz ez delako egin hain asmo handiko ikerketarik gurean, eta gutxitan seguru aski Euskal Herriko beste eskualdeetan. Halandaze, tentuz hartu behar dira Barrenengoak emandako zerrenda eta etimologia batzuk, berak azken urteotan aitortzen zuen legez, baina ezin dugu ahaztu bere garaiaren semea izan zirela, bai Barrenengoa bai Barrenengoaren lana eta liburuak.

Beste arlo batzuetan ere lanean ibili zen Federico Barrenengoa, buru-belarri gainera, esaterako Aiarako euskalduntze mugimenduan, AEKn edota ikastoletan. Aiarako euskararen lekukotasunak ere berak batu zituen XX. mendeko azken urteetan, ozta-ozta, eta hari esker dauzkagu esku artean Aiarako azken euskaldunen ahotsak. Horretaz zenbait artikulu idatzi zuen eta bere liburuetan ere testu eta jakingarri batzuk azaltzen dira. Historian ere jardun zuen, eta horren emaitza da bere azken lana: El valle de Ayala (I): de la prehistoria al siglo XVI. Lan horren bigarren atalean ei zebilen lanean osasuna trakestu zitzaion arte.

Euskaltzain urgazlea zen 1979. urtetik ona, eta azken urteotan errekonozimendu instituzionala heldu zitzaion; hala, 2004.ean ohorezko euskaltzaina izendatu zuten. Urte horretan bertan “Urteko Amurriarra” bihurtu zen.

barrenengoa

Goian bego.

Erantzunak:

Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria]
Bat egiten dut zeure omenaldiarekin, xume bezain merezia.
Besterik gabe, goian bego.
Permalink-a mezu RSS 2006-01-02 @ 20:28

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Azken erantzunak

Izenen Oihanean Artziniega eta, oro har, Euskal Herriko mendebaldea abiapuntu hartuta euskal toponimiaz jarduteko txoko bat duzue blog hau. Partehartze, iruzkin eta erantzun guztiak zinez eskertzen dira, jakina.

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Xabi Zalbide

toponimia

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Atalak


Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution