Mezua: Oraingoan, gutia nagusi

2005-09-20

Permalink 21:06:00, Atalak: Toponimia, Artziniega, 809 hitz  

Oraingoan, gutia nagusi

Gaurko ibilaldian Artziniegatik atera eta beste herri batera joango gara, lasai-lasai, erdigunetik La Barcenara doan bidetik. Lehen landa zabala eta gaur egun kiroldegia eta futbol-zelaia den erreka ondoko parajera helduta, errepidearen beste aldean egurrezko seinale batek “Soxoguti/Sojoguti” esaten digu. Haraxe joango gara, gonbidapena pozik onartuta.

[Gehiago:]

“Soxoguti beste herri bat? Zelan ba? Hori izatekotan auzoa da” esan dezake baten batek. Lau baserri eta kito. Baina ez, herria da, bere auzoak eta bere berezitasunak eta guzti. Izan ere, gaur egun Artziniegak dituen mugak ez dira aspaldi-aspaldiko kontua. Bidea hartzen dugun bitartean egin dezagun historia apur bat: 1841. urtean Artziniegak izugarri handitu zuen bere menpeko jurisdikzioa, puztu egin zen ordura arte Aiarako Lurrari zegozkion herri batzuk bereganatuz. Mendieta, Santa Koloma, Soxoguti eta jadanik berbagai izan dugun Retes de Tudela -azken honek Aiara eta Menarekin izan dituen harremanak argi ez dauden arren.- Artziniegako udaleren menpera pasatu ziren. Hori bai, berezkoa zuten Aiarako Foruari eutsi egin zioten eta gaur egun ere indarrean dirau, Aiara eta Okondon bezalaxe. Artziniegan, 1272. urtean hiri-gutuna jaso zuenetik Bizkaiko Forua da indarrean, nahiz eta 1371etik 1817ra Aiarako Jaurerriaren menpe egon. Herriok bazuten Erdi Arotik Artziniegako Hiriarekin hartu eman zuzena Ordunteko Batzarraren bitartez. Batzar hau Arteko Santutegiaren ondoko leku batean biltzen zen (gaur egun oroigarri bat dago bertan) eta larre, baso eta abarren ustiapenerako kontuez arduratzen zen, batez ere. Badira gisa honetako batzarrak Euskal Herrian, Urduñako Ruzabalekoa kasurako.

Soxoguti, beraz, urte horretan egin zen artziniegar. Ez da horrenbeste denbora igaro. Soxotik jaisten den errekastoaren ertzetik goaz La Barcenatik hara, Pozo Negro izeneko lekua bisitatuz (doinu iluneko izena, inondik ere) eta Soxogutiko errota ezkerretan utzita. Errota hau martxan ibili zen XX. mendera arte, eta duela urte batzuk gazte batzuek konponketa lanak egin zituzten, ondare polit hau kontserbatzeko. Ondo geratu da. Inguru bukolikoa da, haltz, askar eta leizarrek edertzen dutena, Utxati mendiko hariztien oinetan. Berehala Soxogutiko lehen etxea ikusten dugu, baserri handi bat, eta errekaren beste aldean, zubia zeharkatuz beste batzuk kamino ondoan, eta goiko aldean Cámara auzoko dorrea, baita Barruelo auzoa ere. Herri osoa ikus daiteke, Zaballa mendiaren mendebaldeko magalean gora eginez, baso itxi batekin topo egin arte. Horixe da Soxoguti. Izenak zer esaten digu, zer izkutatzen du? Entzundakoan konturatzen gara toponimo honek bailaran gora dagoen Soxo herriarekin baduela zerikusirik, alde batetik Soxo dago eta bestetik -guti “arraro” hori. Soxori buruz zeozer argitzea tokatzen zaigu, beraz. Egingo dugu joan-etorri arin bat, eta aprobetxatuko dugu oraindik bisitatu barik daukagun Berrones auzoa bisitatzeko. Soxoko Elizan geratuko gara, Orbilla auzoan, bertako ikuspegi zabala aprobetxatzeko.

Soxo herriak jarraitzen du Aiarako udalerriko hogeita lau herrietako bat izaten. Mendebaldekoena da, Burgoseko mugan bertan dago. Inguru ezin ederrago batean zabaltzen da, Zaballa mendiaren hegoaldeko magalean dagoen Sobrevilla auzotik eta El Valle eta Ubiartetik harago, Urruelaraino, Vallobera eta Anguloko mendaterantz. Soxok toponimia aberatsa dauka, gehiena erromantzea eta itxura zaharrekoa, nahiz eta euskal toponimoak ere arraroak ez izan. Sojo, Soxo, Zollo (duela urte batzuk modan jarri zen bezala)... zer esan nahi ote du? Ikusi dezagun:

IX. mendean, San Felices de Ocako monastegiari egindako donazioaren dokumentu batean agertzen zaigu lehengoz Soxoren izena, beste batzuekin batera "...Id est Angulo, et Salvata et Eversa et Lixarzo et Urzanico et Pando et Fluiso et Erbice Desolio". XII. mendean Solio agertzen da, eta XII. mende horretan bertan ere, Sollo. Hipotesi guztien arabera, izen honen jatorrizko forma dokumentatzen den formarik zaharrena da, Desolio, beharbada latinezko “desolo” aditzarekin zerikusia duena, “basamortu” “edo “abandonatu” esangurarekin. Forma zahar hori Nafarroako Desojo herrian gorde egin dela ematen du. Gure Soxon, itxura guztien arabera, hasierako “de” horren galera transkripzio akats baten ondorio baino ez da, eskribauren batek leku-preposizio batekin nahastu zuelako, eta “Desolio” jartzen zuen tokian berak “De Solio” interpretatu zuen. Geroztik, izenaren eboluzioak “de” hori kontuan hartu barik jarraitu zuen: Desolio>Solio>Sollo>Soxo bidea eginez, gaur egungo Sojora heldu arte. XVII. mendera arte Soxo grafia erabiltzen zen.

Horixe da, beraz, Soxo izenaren jatorriaz egin daitekeen hipotesik sinesgarriena.

Zeharkatu dugu ostera ere Artziniega eta Aiararen arteko muga Soxogutira itzultzeko. Izen hau ez da agertzen dokumentazio hain zaharrean. Antza, lehenik Soxo zegoen, eta ondoren Soxoguti. Soxoren kasuan bezalaxe, XVII mendera arte Soxoguti forma agertzen da, eta geroztik Sojoguti nagusitzen da gaztelaniaren eboluzioarekin bat eginez. Gutxi gora behera izenaren lehen osagaia argituta geratu da, eta -guti berezi hori baino ez zaigu falta misterioarekin amaitzeko. Ez zaio buelta larregirik eman behar, nire ustez Alfontso Irigoienen ustea onartu behar da, bere horretan: “guti” horrek euskaraz esangura zehatza du, gutxi edo txiki (Guti “gutxi” izenlagunaren bustidura bako forma zaharra –egun ekialdeko forma eta zuzena euskara batuan- baino). Sarritan agertzen da “guti/gutxi/gitxi” herrien izenen alboan, beste herri nagusiago batetik ezberdintzearren, hala nola Arabako Lautadako “Miñao Gutxia” eta “Miñao Nagusia”. Nabarmentzekoa da bustidura bako forma agertzea, honek garai zaharretan sortutako toponimoa dela erakusten baitu, izan duen eboluzio modernoa gertatu baino lehenagokoa.

Labur esanda, Soxoguti Soxo txiki bat dugu, goiko aldekoa baino xumeagoa, nonbait, izena ipini ziotenen ustetan, baina bere gutitasunean, guretzat, nagusi.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Xabi [Bisitaria] · http://www.blogger.com/profile/3914615
Ohar txiki bat "Sojo" toponimoa dela eta. Bustamante Bricioren "La Tierra y los Valles de Mena" liburuan irakurri dut Menako Sopeñano herrian "Sojo" toponimo txikia dagoela, eta haran bereko Villasuso herrian, XVIII. mendean, Phelipe de Sojo izeneko auzokoa. Pentsatzekoa da Sojo-ren jatorri berekoa dela.
Permalink-a mezu RSS 2005-12-01 @ 08:29
Bidaltzailea: Xabi [Bisitaria] · http://www.blogger.com/profile/3914615
Ba hori konpondu egin behar da e! azken egun hauek esaterako oso oso egokiak izan dira inguruotatik bisitatxo bat egiteko, politak izaten dira udagoieneko egun eguzkitsuak. Sojora bazoaz ez ahaztu Ibaizar landetxea ikustea, deitu eta jabeek poz-pozik erakutsiko dizute. Terrazatik dagoen bista, benetan, itzela da, berbaz azaltzeko zaila.

Urruela, Orbilla eta Angulo. Ondo aukeratu duzu e! ;-). Ia ba, nik zera esango nuke:

Urruela euskal jatorriko toponimoa begitantzen zait, eta aukera bi ikusten dut etimologiari begira. Baliteke antzinako Urrola (ur+ola) batetik etortzea, erromanizazio goiztiar baten eraginez diptongazioa jaso duena, edo jatorria Urruola (urru+ola) izatea. Uste dut urru horri "gain" esangura eman izan zaiola. Edozelan ere, "ola" osagaia nahiko argi ikusten dut. Bada Lagranen "Urrola" izeneko lekua eta "urru" elementua daukatenak ugariak dira (Urrueta...).

Orbilla beti pentsatu izan dut esangura garbia zeukala euskaraz. Or horrek "gain" esan gura du, eta billa "biribila" da. Beraz, "gain biribila" izango litzateke. Dena dela, zalantza egiten dut ez ote duen zerikusirik izango "Orbijana" gisako patronimiko latinoekin, nahiz eta Soxon arraroa egiten zaidan ll>x>j eboluzioa ez gertatzea.

Angulo horrekin ez nago batere ziur. Ez dakit ebidenteegia edo lar erraza den latinezko "angulus" berbatik eratortzea, beharbada zeozer izkutua izango du atzean, ez dakit. Sarean aurkitu dudan azalpenik bitxiena hauxe da:

...Según la leyenda provendrían de un hijo del Rey Angulo de Escocia, Ludovico Angulo, que fué camarero mayor del Rey de Navarra y Acudió despues en ayuda del Rey de León siendo premiado con las tierras de ese valle.

Leku hauetan (Angulon, Tudelan, Aiarako mendebaldean...) badira beste toponimo bitxi asko, eta uste dut ganorazko bilketa bat eginez gero beste sorpresa asko atera litezkeela.

Orain zure txanda, ze seguru nago zerbait izango duzula poltsikoan sartuta ;-)
Permalink-a mezu RSS 2005-12-01 @ 09:02
Bidaltzailea: Xabi [Bisitaria] · http://euskaltoponimia.blogspot.com
Orbillaren kasuan niri lehen azalpena sinesgarriena egiten zait, batez ere lekuaren beraren kokapenagatik. Urbilla ere ez litzateke hipotesi okerra, izan ere erromantzeak sarritan bihurtzen du hasierako u>o (Orduña, Orzaniko, Artziniegako Orzola...). Dena den, nik lehenengoaren alde egingo nuke, eta ez patronimikoaren aldekoa, zeren Soxon patronimiko baten euskal eboluzio "modernoa" gertatzea eta baita normala. Badaude euskal toponimoak, baina egitura zaharragokoak.
Permalink-a mezu RSS 2005-12-01 @ 09:31
Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria] · http://www.blogger.com/profile/12906795
Ba, kasu honetan, ez daukat gehitzeko gauza handirik. Bat nator zurekin.
Zerbait esateko, eta Orbilla-ri dagokiona, agian, beste aukera bat, Urbilla-rekin harremanetan jartzea litzateke (Urbilleta, Ultzaman)
Gogoratzea, ere, Mena Haranan, Utubilla eta Obilla daukagula.

Urruela-ri buruz, bakarrik esatea, batzutan zaila gertatzen dela ezberdintzea, erromantzezko diminutiboa ala erromantzearen eraginpean sortutako diptongoa denean.
Barruelo-ari lehenengo kasua legokioke, baina Irisuelas (Mena Harana, baina Artziniegatik hurbil) edo Gordejuela-ren kasuan?

Orozkon, Anguru baserria geneukan XVII. mendean, gaur auzoa dena. Dirudienez, dokumentazioan Angulo eta Anguru formak nahasten ziren. Pentsa dezagun Anguru forma, aho euskaldunetatik igaro ondoren sortutakoa dela, baina izan liteke alderantziz?
Beste aldetik, Nafarroan, Gallues/Galoz-en, “Campo de Angullo” eta, Atez-en, “Anguluko Alorra” aurki ditzakegu.
Esanguratsua da ere, ahozkerarena, zeren azentuak bere balioa bait du. Esan beharra dago ere, penintsulan ez dagoela, nik dakidala, Angulo parekoak, toponimia nagusian behintzat, ez dakit mikrotoponimo bezala.
Hala eta guztiz ere, litekeena da "ángulo"-rekin zerikusia izatea. Dirudienez, badago “ang” erroa, Indoeuropeoan, “estua” esanahiarekin, eta hortik letozke “angosto” edo “ángulo” bezalako hitzak, latinetik (eta “ángulo” kasuan, lehenago grekeratik) pasa ondoren, noski. Baina horretaz aritzeak gainditzen nau erabat.
Hitz batean, zalantza asko.
Celtiberia.net-en bazegoen forukide bat, Menakoa zela, eta oso aditua (perejón goitizenarekin). Agian, ondo baderitzozu, luzatuko dut, hor, Angulori buruzko galderatxo bat, ia zerbait argi dezakegun.

(Eskerrik asko, nere komentario ezabatuak desagertarazteagatik, froga batzuk egiten nenbilen)
Permalink-a mezu RSS 2005-12-01 @ 15:38
Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria] · http://www.blogger.com/profile/12906795
Orbijana-rena ez da inolako akatsa gaur egungo lekuizena, baizik.
"Papelera" aurrean (errepide zaharreko beste albora) daukan etxe-multzoa dugu.
Permalink-a mezu RSS 2005-12-01 @ 18:27
Bidaltzailea: Anonymous [Bisitaria]
Ohar labur batzuk:

Urruela
Beste azalpen bat ur frutua eta ola, Urkiola, Arexola eta abar ere daudelako.
Nafarroako toponimian kurru hitza dago ‘gain’ adierazteko, jatorriaz ez daukat ideiarik.

Orbilla
Xabi: Or horrek "gain" esan gura du
>Nik batzuetan entzun ditut halakoak baina ez dakit zertan oinarritzen diren, datu gehiago bazenitu, edo behintzat non irakurri duzun, interesa daukat, baina ez dakit non irakurria dudan or ‘gain’, behin baino gehiagotan.
Bitxikeria modura, Bizkaiko fogerazioetan badago Orbijana izeneko auzoa Gueñes-en, baina behin bakarrik agertzen da, ez dakit akatsa den, ala izena gaizki ghartu zuten. Eta Araban ezaguna da Ormijana herria.
Eta izen honekin bukatzeko ezin utzi aipatu gabe nkrtrriren ekarpena, Urbilla, Urbina, Ubillos, izen ugari daude ‘ur + bil’ egiturarekin, agian Orbilla ere talde honetan sartzekoa da, eta horrek agian erakutsiko luke -il- > -ill- gertatu zela, eta aldaketa hori beharbada, euskararen barruan soilik gertatzen da.

Angulo
Bai, latineko angulus-etik hartua omen. Euskal baliokidea ‘angelu’ litzateke. Baina nkrtrrik jarritako beste datuekin zalantza sortzen da.

Gastiz
Permalink-a mezu RSS 2005-12-01 @ 18:43
Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria] · http://www.blogger.com/profile/12906795
This post has been removed by the author.
Permalink-a mezu RSS 2005-12-01 @ 20:12
Bidaltzailea: nkrtrri [Bisitaria] · http://www.blogger.com/profile/12906795
(Nahi gabe ezabatu dut, hemen daukazue berriro)

Eta zer esan diezagukezu, Urruela, Orbilla eta Angulori buruz (beraien etimologiaren ikuspuntutik, noski)

Beste aldetik, luze hitz egin dut Retes eta bere etimologiaz, baina, lekua ez dut ezagutzen, ezta Sojo ere :-(
Egunen batean hurbildu beharko da, batez ere zeure deskribapenak irukurri ondoren, benetan erakargarriak dira eta!
Permalink-a mezu RSS 2005-12-01 @ 20:15

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Azken erantzunak

Izenen Oihanean Artziniega eta, oro har, Euskal Herriko mendebaldea abiapuntu hartuta euskal toponimiaz jarduteko txoko bat duzue blog hau. Partehartze, iruzkin eta erantzun guztiak zinez eskertzen dira, jakina.

Hurrengo mezua: Teketen i-rratsaioa Berrian Aurreko mezua: ARTXIKER artxibo elektronikoa abian jarri da

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Xabi Zalbide

toponimia

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Atalak


Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution