Blogosferan han eta hemen nenbilelarik, Gaztelumendiren “Argazkiari begira 5 urte beranduago” mezua irakurri, eta niri ere gure herriko gertakari baten bihozmina etorri zait.
Duela 30 urte inguru, auzolanean, hainbat herritarren artean, “Txozna” izenez ezagun bihurtu zen eraikina altxatu genuen. Ni garai hartan gazte, eta nagusiek orduan irakatsi zidaten iltzeak sartzeko mailuari nola heldu behar zaion. Ikasi ez nuen ondo-ondo ikasi, baina handik aurrera, mailuari, behintzat, taxuz oratzen diot.
Hasiera batean, behin-behineko eraikina, jaietarako. Beranduago eraikin sendoagoa, dirua behar baitzen ikastola sortu berriarentzat. Seme-alabak ikastolara bidaltzea erabaki zuten gurasoek gogor egin zuten lan eraikin sendoa bihurtzeko eta bertan, afari-merienda goxoak eskaintzeko nahi zuten guztientzat. Inguru guztietatik etortzen zen jendea “Txozna”ra zeozer jatera. Herrian giro itzela zegoen, asteburuetan, batik bat. Jende nagusia eta gazteak.>
="EU">Nagusiek urte osoan zehar Ikastolarako lanean, eta gazteok jaietan, jaiak ordaintzeko dirua lortzearren, eta herria giroa mantentzearren.Urte batzuen buruan, Ikastolak bere bidea egin zuen, eta Eskola Publikoan euskarazko eredua sartu zen. Orduan, “Txozna”k afari-meriendak emateari utzi, eta Eskolako umeen jantoki bihurtu zen. Garai horretan, ikasturtean zehar umeen jantoki, jaietan “Jaietako Txozna” eta herrigintzak antolatutako ekitaldi batzuetan herritarrentzako bilgune izan zen
Eta hori horrela izan zen Eskolak eta Ikastolak bat egin zuten arte, eta umeak Ikastolako eraikinera joan ziren arte. Hori gertatu zenetik, herrigintzako bilgune baino ez zenez, Udaleko agintarientzat mehatxu bihurtu zen eraikina. Ez zen komeni herrian herritarrek euren kabuz biltzeko eta iniziatibak izateko gunerik izatea. Eta agintariek pentsatu eta nork agintzen duen erakusteko: Zast! Retro bat ekarri, eta goiz batean, “Txozna” lurrarekin berdindu zuten.
4 urte pasatu dira egun hartatik. Gaur egun, oraindik, bakarren batek edo, aipatzen du “Txozna”, eta “pena bat izan zela botatzea” ere entzun izan dut noizbait. Aipatu, baina besterik ez.
Bota zutenetik, gure herrian herritarren barne-kohesioak eta herri-izaerak zenbat galdu duen benetan baloratzen oso gutxiri igarri diet.
Agintariak, berriz, zera baino pozago hartu zuten erabakiarekin. Argi dago agintariak eta herrigintza ez datoz bat. Zenbat eta herrigintza ahulagoa, agintarien boterea handiagoa.
Egia? Begia bezalakoa! Eta hala ez bazan, ager dadila Zaratamoko Txoznan!
Ez daude Erantzunak mezu honetan...