Artxiboak: Martxoa 2008

2008-03-29

Permalink 16:56:33, Atalak: zinema  

Al otro lado

Mugimendu Browndarrak azaltzen du partikula mikroskopiko batzuek ingurune fluido batean higidura berezia izaten dutela. Partikula hauek zigi-zaga mugimendu berezia daukate, ezerk bultzatu gabe mugitzen direla dirudi, norabide jakinik gabe.


Hori gorputz handiagoetan ere gertatzen da, baina molekulak baino handiagoa denez, ez diote eragiten, kolpeak uniformeak baitira bere gainazal osoan. Partikula mikroskopikoa denean ordea, kolpe hauek ez dira uniformeak norabide guztietan, aldakorrak baizik. Ondorioz, deskribatutako mugimendua sortzen da.


 

"Al otro lado" Fatih Akinen filme luzea da.


Zuzendariak filmean hiru familia-egitura aurkezten digu, zigi-zaga mugimenduaren gisa bizitzan mugitzen direnak.


Hiru familia-egitura, azken batean bakarra.


Ama turkiar bat.  Alabari heziketa eta bizitza hobea ematearren senitartekoekin utzi eta Alemaniara puta joaten da. Alaba nagusitzen denean ezkerreko talde armatuko kide egiten da.  Alemanian atzerria eta kartzela ezagutzen ditu.


Aita turkiar bat. Aspaldian alemaniara lan egitera joan zen. Semea jaio berritan emaztea galdu eta berak bakarrik semea hazi eta hezten du . Semea babestearren jainkoarekin berarekin ere haserretuko litzateke. Semea literatura zalea, Alemaniako unibertsitateko irakasle egiten da. Semeak bere bakardadean, noraezean bizi da. Bizitzari zentzua aurkitu nahian Turkiara itzultzen da.


Ama alemandar bat. Gaztetan hippie izandakoa eta munduan zehar ibilitakoa haren nortasuna bilatzen.  Alaba bat dauka, tristezian eta bakardadean nortasuna aurkitu ezinik dabilen alaba. Amak alaba ondo babesten du eta nahi duena ematen dio.


Hiru familia egitura , sei pertsona, bizitzan zigi-zaga mugitzen direnak, elkar gurutzatzen direnak, batzuetan elkarrekin topo egiten dutenak, eta gero, aurrera jarraitzen dutenak zigi-zaga mugimendu horretan.


Zigi-zaga mugimendu hori amaierarik gabekoa da, bakarrik gelditzen da heriotza heltzen denean.


Filmean ere hala gertatzen da, hiltzen direnak uzten diote mugitzeari eta gainontzekoek jarraitzen dute euren mugimenduan, zigi-zaga, edo itsasoak hondartzan bezala ,aurrera eta atzera etengabe.


Filmak ez du ohiko amaierarik, istorioak ixten duen horietakoa. Filmak zigi-zaga mugimenduak bezala, itsasoak hondartzaren kontrako etengabeko mugimenduak bezala, bizitzak bezala, itxi gabeko amaieran gelditzen da, ikusleak nahi duen jarraipena eman diezaion.

----------

2008-03-21

Permalink 21:12:48, Atalak: zaratamoko gauzak  

Zaratamoko historia II

Aurreko mezu  batean jarri nuen gure herrian II. eta III. Mendeko harri bi zeudela elizako ormetan, mende horietatik aurrera XIII. Mendera arte ez genuela Zaratamoko berri gehiagorik. Ba, atzo Bilboko itsas museora sartu eta hara non aurkitu nuen ondoko kartel hau


Bilboko itsasadarraren inguruko biztanleen mugimenduek erakusten dute VII. Mendean bazegoela bizitzarik gure herrian.


Aipua hor dago, baina aipu hori nondik atera duten eta zertan oinarritzen den bilatu eta landu behar. Hor dugu zeregina gure herriko historian interesa dugunok.

----------

2008-03-14

Permalink 11:47:50, Atalak: zaratamoko gauzak  

Txozna

Blogosferan han eta hemen nenbilelarik, Gaztelumendiren “Argazkiari begira 5 urte beranduago” mezua irakurri, eta niri ere gure herriko gertakari baten bihozmina etorri zait.

Duela 30 urte inguru, auzolanean, hainbat herritarren artean, “Txozna” izenez ezagun bihurtu zen eraikina altxatu genuen. Ni garai hartan gazte, eta nagusiek orduan irakatsi zidaten iltzeak sartzeko mailuari nola heldu behar zaion. Ikasi ez nuen ondo-ondo ikasi, baina handik aurrera, mailuari, behintzat, taxuz oratzen diot.

=> Gehiago irakurri!

----------

2008-03-09

Permalink 00:05:51, Atalak: semerimendi  

4+1+1=1

Zazpiak bat moduko eslogan bat izan liteke. Edo formula matematikoa. Baina ez!


Isaias Carrasco PSE-EEko militantea eta Arrasateko (Gipuzkoa) zinegotzi ohia hil du ETAk, bost tiro botata.


Pertsona bati bizia bortizki kentzea, gure gizartean inork ulertzen ez duen ekintza. Onartezina. Gizarte osoa asaldatu duen ekintza.


Halakorik gertatzen den guztietan bezala, politikariek kanpainan egon arren, euren agendan zeukaten guztia bertan behera utzi, eta gertakizunari erantzuteko deiak eta mezuak zabaltzen ibili dira. Komunikabide handi guztiek ere, politikarien diskurtsoen bozgoragailu bihurtu dira.


Hausnartzeko eguna izan arren, politikari batek esana: Bihar espainar guztiak (espainarrak) botoa ematera deituak daude, eta guztiek izango dute aukera batek izan ezik.


Egia da erahil duten zinegotzi ohiak ezin izango duela botorik eman. Baina, bera ote da botoa eman ezin izango duen bakarra? Bera izan ote da hauteskunde kanpainak iraun duen bitartean, bizitza modu bortitzean galdu duen bakarra?


Otsailaren 26an, bat ez, lau emakume erahil zituzten. Lau emakume hil, egun batean eta modu bortitzean. Geroago, oraindik hauteskunde kanpaina barruan beste bat. 4+1


Momentuan apur bat, baina, inor ez zen asaldatu. Egun horretan eta hurrengo egunetan komentarioren bat edo egin zuten, baina hori besterik ez. Komunikabibeetan M. G. S V., M. I., Valladolid, Valencia, Cadiz, Madril, Burgos eta halakorik, eta kitto. Politikariek egunkarietan agertu ostean zeozer esan bai, baina askorik ez, badaezpada. Eta komunikabideek eta politikariek askorik esan ez zutenez,gizartea ere azkenean isilik. Eta honezkero, emakume horiek,-4+1-, guztiz ahaztuta daude.


Emakume horiek ez zituzten, akaso, modu bortitzean erahil? Ez zuten akaso horiek botoa emateko eskubiderik?


Eta emakume horien moduan, kanpaina bitartean zenbat langile hil dira lantegietan modu bortitzean? Eta kotxe istripuetan?


Itxuraz badaude hildakoak eta hildakoak.


Politikarientzat eta komunikabideentzat, heriotz batzuk euren interesen arabera saldu daitezkeen bitartean, beste batzuk isilarazi behar dira. Diskurtsoak eta mezuak  horren arabera antolatzen dituzte politikariek. Samina euren interesen arabera kudeatzen dute.


Filologo eta hiztegigileentzat lana. Politikari hitzaren definizioa.


Nik argi daukat


Politikaria: Iruzur eginez edo gezurrak zabalduz, jendea engainatzeko moduko iritziak sortzen dituena.

----------

semerimendi blog

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

semerimendi

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Blog hau sindikatu

    Zer da hau?

    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    free 
website stats program

    powered by
    b2evolution