Zulorik ez dagoen lekuan, haizerik ezin sartu. Arazoa ukatuz gero, arazorik ez.
Euskara eta euskara moduko hizkuntzak ondo daude museotan gordeta edukitzeko edo inoiz inork azterketaren bat egiteko. Baina, horretarako baino ez. Hortik aparte hizkuntza horien existentzia bera ukatu behar da sortzen dituzten arazoekin amaitzeko.
Hala gertatzen da Frantzian. Frantzian frantsesa hizkuntza ofizial bakarra. Gainontzeko hizkuntza txikiak, -katalana, bretoiera, euskara,…- existitu ere ez dira egiten modu ofizialean. Hizkuntza horien existentzia ukatuta, arazorik ez.
Ordua da zezenaren herrialdean ere bazterrak nahasten dabiltzan euskaldunekin eta enparauekin zeozer egiteko. Eta eredurik onena hortxe dugu: Frantzian.
2003ko otsailaren 20an, Goardia Zibilek, espainiako epaileen aginduei jarraiki, Egunkaria itxi zuten eta zuzendaritza taldeko 6 pertsona atxilo eraman.

Egun horietan, gure herrian jende asko mugitu zen euskararen kontrako eraso argi eta basati hori salatzeko. Kontzentrazio jendetsuak egin ziren, Eta bilkura horietan kantuen bidez salatu genituen gertakizunak, eta elkartasuna adierazi.
Horrez gain, elkartasun eta salaketa hori herri osoan zehar zabaltzeko, ohitura zahar bat berreskuratu genuen: Santa eskean . Herrian gertakari latzen bat gertatzen zenean, eta dirua behar zenean, herritarrak bildu eta kantuan Santa eskean ateratzen ziren auzoz auzo, baserriz baserri.
Halaxe, 2003 martxoaren 27an, Egunkariari, langileei eta atxilotuei elkartasuna helarazteko eta laguntza ekonomikoa lortzeko, Santa eskean atera ginen herrian zehar. Auzoz auzo ibili ginen, trikia eta panderoak lagundurik, bertsoak kantatzen.
Azken auto orlegia
Egin digute zentimetroetan
Neurtu ezin den zauria.
Baina izerdi bihurtzen bada
Gure odol isuria
Berriro ere berandu gabe
Izango dugu zoria
Lehen orrian, titularpean,
Ikusteko irudia;
Alegria bat, Oleaga bi,
Hiru Iñaki Uria,
Bai Torrealdai, baita Auzmendi,
Eta Pello Zubiria
Euskal Herriko kioskoetan
Erosten “EGUNKARIA”
Amets Arzallus
Ta bular barrua mindu.
Herri biziak sarri bezala
Aurrera egiten jakin du.
Baina noiz arte?! “itxi eta sortu”
Beti gabiltza berdin gu
Beti erantzun puntualekin
Ezin bidea arindu
Oinarrietan behintzat behar dugu
Bat egiten ahalegindu
Edo gureak egin du!
Maialen Lujanbio
5 urte pasa dira euskaldun guztiok asaldatu gintuen gertakari lazgarri hartatik, baina amets gaiztoa oraindik amaitu. Amesgaiztoa ez da amaitu euskaldunontzat eta epaituko dituzten Torrealdai, Oleaga, Auzmendi, Uria, Zubiria eta Alegriarentzat.
Espainiako sasipeko demokraziaren zaindari diren epaile edo dena delakoek epaiketarekin aurrera segitu nahi dute, euskal kutsua darion edozeri edo Euskal Herrian mugitzen den edonori erakutsi behar baitiote nork agintzen duen hemen, eta nor den menpeko.
Egunkaria itxi zuteneko 5 urte betetzen direnean, inoiz baino beharrezkoago dugu Egunkaria Libre! munduan libre bizi ahal izateko.
Hertzainakoen “Notimeforlove” gogorarazi behar izan dugu aspaldi honetan Euskal Herriaren independentziaren aldekook, edo gogorarazi digute
Batzuk ilegalizatuak, kartzelaratuak, jipoituak, torturatuak garen bitartean, Bilboko alkatearen arabaera, Bilbora txikizioak egitera etorri omen ginen lehengo igandean, gure amorrua bilbotarrei ordainarazi omen diegu. Maitatzeko astirik ez dugunok, geu omen gara, Bilboko alkatearentzat, biolentoak, erasotzaileak, egoeraren errudunak.
Bilboko alkateak eta haren lagunak, beharbada izango dute maitatzeko astirik, espainolak espainako legeei eta indarrei men egiten dietenekin oso esku zabalak baitira. Espainarrek (eta frantsesek) oso ondo hartzen dituzte haien zipaioak, haiekiko menpekotasuna azaltzen dituztenak.
Baina, kontuz ibil daitezela, euskaldunon kontra ibili barik, espainarrei, suabe-suabe bada ere, aurre eginez gero, edozein unetan Atutxa eta konpainiari gertatu zaiena gertatu ahal zaie eta.
Euskaldunen kontra eta espainarren aurrean otzan eta fidel direnek entzun beharko lukete, Hertzainakoen kanta baino, Bitoriano Gandiagak entzuteko moduan idatzi zuen, eta ezin ederrago Joseba Tapiak “Real Politik” diskan kantatzen duen “Madrilgo lagunak” .
Pena Espainian eta espainol agintariekin ondo moldatzen diren horiek, Bilboko alkatearen moduko horiek, gaztelaniaz hobeto moldatzen direla, edo hobe esanda gaztelania hutsean hobeto bizi direla, eta horrenbestez, nekez irakurriko dituztela Gandiagaren moduko poemak
Inauterien aurreko igandean ohitura dago gure eskualdean txorizoa, urdaia eta ogia hartu, eta mendialdean txitxiburduntzi egiteko. Ohitura horri Kanporamartxo esaten diogu.
Ohitura denik ezin ukatu, gure herrian bezala, Arratia aldeko eta Txoriherriko hainbat herritan egiten da-eta, urtero-urtero.
Nik txiki-txikitan jaso nuen ohitura hori aitite-amarengandik . Txikia nintzela, baserrian txorizoa, makilatxo bat, ogia eta labana hartu, eta gure aitite-amamen baserri gainean dagoen Semerimendira joaten ginen. Han, su apur bat egin eta su horretan erretako txorizoa jaten genuen.
Txikitan baserri ondoko Semerimendira, gero gaztetan, koadrillan-eta, Bistalegrera joaten ginen, eta inoiz Makatza aldera ere bai. Gerora, herriko taldeak hasi ziren antolatzen: guraso elkarteak, euskara taldeak, mendi taldeak,….
2000. urtean Txifumendi mendi taldeak hartu zuen lekukoa, eta azken 8 urteotan mendi taldea eskolako gurasoen elkartearekin batera ibili da antolatzen Kanporamartxo.
Urte horretan, Txifimendik pentsatu zuen mendizaletasuna euskal herriko ohiturekin lotzeko ahaleginik egin zitekeela. Baina erabakia hartu orduko, berandu izan zen Kanporamartxo antolatzeko, Kanporamartxo beti inauterien aurreko igandean egin behar da-eta .
Astirik ez zegoenez, Txifumendik erabaki zuen Kanporamartxo baino, Zeberio eta Orozko aldean ospatzen den Etxeramartxo egitea. Izan ere, Etxeramartxo inauterien igandean bertan egiten da. Eta Kanporamartxoren aldean, mendian baino, normalean etxean egiten da. Zeberion eta Orozkon Etxeramartxo hala egiten bada bada ere, hau da, etxean, Txifumendik urte hartan Kanporamartxo moduan ospatu zuen.
Ohiturak ohitura moduan ospatu behar direnez, azken 8 urteotako egitaraua berdina izan da beti, ea hala inoiz ohitura bihurtzen den.
Goizeko 9ak aldean. herriko plazan geratzen gara. Plazatik irten, eta Uporantza abiatzen gara Semerimendi, Artobille eta Otzagarai aldetik. Upo tontorra egin ostean, Upoko baselizara joaten gara, eta han, Kanporamartxo egiten dugu. Urdaila ondo bete ostean, berriro herrira. Eta herrian herri bazkaria, indaba jana nahi duten guztientzako. Hori guztia giro ederrean. Hala izan dadila urte askoan!