
Bilbo. Igandea. Multi zinemak, arratsaldeko 5:30ak. Aretoak handiak ez diren arren, bete-beterik. Kuriosoena zinema horietan pelikulak gehienez jota aste biz edo hiru astez egoten direla eta areto horretan emango duten pelikula abuztutik dagoela karteldegian. Harrigarria. Pelikula hori “Conversaciones con mi jardinero” da.
Pelikulari buruz ezer jakin gabe sartu nintzen, inolako aurreiritzirik gabe. Hasi zenean enteratu nintzen frantziarra zela. Kasualitatez, irailaren hasieran, Multietan ikusi nuen azken pelikula ere frantziarra izan zen. Kasualitatea.
Pelikula gozoa da. Gidoia eta elkarrizketak apartak, zainduak eta delikatuak. Koloreak eta argiak garrantzi handia du, eta hala islatzen du pelikulak. Erritmoa neurtua. Ez dago ezer soberan eta ez da ezer falta. Enteratu orduko pelikula amaituta.
Pelikula amaitu eta bat-batean beste bi pelikula frantziar etorri zaizkit burura.Orain bi hilabete ikusi nuen “Quand j’etais chanteur” Frantziako zinema aretoetan eta Espainian, berriz, “Chanson d’amour” , eta orain 7 urte Donostiako zinemaldian ikusi nuen “Sous le sable”.
Hiru pelikulatan deigarri egin zaizkit etxeak. Atzoko pelikulan Côte d’Rohne”-eko herri txiki bateko etxaldea eta Pariseko pintore baten atelierra agertzen dira, Depardieuren pelikulan Paris ondoko hiri nahiko handi bateko etxaldea, eta Charlotte Rampling-en pelikulan Landetako etxea. Etxe guztiek antzeko egitura zuten. Ateak sinpleak dira, aspaldikoak, zirrikituak albo guztietan, ez dira ondo egokitzen markoetara. Sukaldearen egitura eta ontziak jartzeko estiloa antzekoa. Dena bistan, zintzilikaturik. Ormak zelan dauden margotuak.
“Sous le sable” pelikulan, egia esan, ez dut gogoratzen, baina azken bi pelikuletan frantziarrei buruz nik nire buruan ditudan topikoak aurkitu ditut. Argi esan nahi dut seguruenik topikoak direla, izan ere,imginatzen baitut Frantzian ere, leku guztietan bezala, txakurrak oinutsik, eta beraz, denetarik egongo dela.
Beti pentsatu izan dut frantziarrak bizizaleak direla, garrantzia ematen diotela bizitzeari. Beharbada, bizitzari berari baino gehiago esango nuke. Pelikula bietan pertsonaiek, arazo, egoera eta zailtasun guztien gainetik, egunerokotasunari bizitzeko modu berezi batez egiten diote aurre, patxadaz, eta ilusioz.