Artxiboak: Azaroa 2007

2007-11-30

Permalink 12:27:45, Atalak: semerimendi  

Eman hitza herritarrei

Paulino Luesmak, Espainiako gobernuak iparraldeko probintzietan duen ordezkariak, atzo esan zuen, AHTren kontra daudenei, legeekin eta poliziekin egingo diela aurre. Ez dituztela onartuko AHTren inguruan herritarrek iritzia eman dezaten egingo diren herri kontsultak. AHTren kontra daudenek, manifestazioak, kontzentrazioak eta herri kontsultak egiten dituztenean, mehatxuak eta koazioa erabiltzen dutela gehiengo zabal batek erabaki duenaren kontra.

Haiek jartzen dituzte mugak eta muga horien artean iritzi ezberdinak onartzeko prest badaude ere, sekulan ez dituzte jarrera disidenterik onartzen. Disidentzia zigortu behar den jarrera da

Orain dela hilabete batzuk arratsalde batean  Espainiako irrati bat entzuten ari nintzela aluzinatuta utzi ninduen editorial bat entzun nuen. Ez esaten zuenagatik eta nork eta non esaten zuen kontuan izanda baino.

=> Gehiago irakurri!

----------

2007-11-22

Permalink 16:05:37, Atalak: zaratamoko gauzak  

Abiadura handiko trenik ez!

 

Zaratamo Bizkaiko zabortegia ote? AHT GELDITU!! Tren madarikatu horrek ez dio inolako onurarik ekarriko Zaratamori, eta berriz, urte mordo batean herriaren erdi-erditik pasatuko dira kamioiak zabortegirako bidean. Hori merezi ote dugu?

----------

2007-11-20

Permalink 09:03:42, Atalak: zinema  

Nire lorazainarekin hizketan

Bilbo. Igandea. Multi zinemak, arratsaldeko 5:30ak. Aretoak handiak ez diren arren, bete-beterik. Kuriosoena zinema horietan pelikulak gehienez jota aste biz edo hiru astez egoten direla eta areto horretan emango duten pelikula abuztutik dagoela karteldegian. Harrigarria. Pelikula hori “Conversaciones con mi jardinero” da.

Pelikulari buruz ezer jakin gabe sartu nintzen, inolako aurreiritzirik gabe. Hasi zenean enteratu nintzen frantziarra zela. Kasualitatez, irailaren hasieran, Multietan ikusi nuen azken pelikula ere frantziarra izan zen. Kasualitatea.

 

Pelikula gozoa da. Gidoia eta elkarrizketak apartak, zainduak eta delikatuak. Koloreak eta argiak garrantzi handia du, eta hala islatzen du pelikulak. Erritmoa neurtua. Ez dago ezer soberan eta ez da ezer falta. Enteratu orduko pelikula amaituta.

 

Pelikula amaitu eta bat-batean beste bi pelikula frantziar etorri zaizkit burura.Orain bi hilabete ikusi nuen “Quand j’etais chanteur” Frantziako zinema aretoetan eta Espainian, berriz, “Chanson d’amour” , eta orain 7 urte Donostiako zinemaldian ikusi nuen “Sous le sable”.

 

Hiru pelikulatan deigarri egin zaizkit etxeak. Atzoko pelikulan Côte d’Rohne”-eko herri txiki bateko etxaldea eta Pariseko pintore baten atelierra agertzen dira, Depardieuren pelikulan Paris ondoko hiri nahiko handi bateko etxaldea, eta Charlotte Rampling-en pelikulan Landetako etxea. Etxe guztiek antzeko egitura zuten. Ateak sinpleak dira, aspaldikoak, zirrikituak albo guztietan, ez dira ondo egokitzen markoetara. Sukaldearen egitura eta ontziak jartzeko estiloa antzekoa. Dena bistan, zintzilikaturik. Ormak zelan dauden margotuak.

 

 

 “Sous le sable” pelikulan, egia esan, ez dut gogoratzen, baina azken bi pelikuletan frantziarrei buruz nik nire buruan ditudan topikoak aurkitu ditut. Argi esan nahi dut seguruenik topikoak direla, izan ere,imginatzen baitut Frantzian ere, leku guztietan bezala, txakurrak oinutsik, eta beraz, denetarik egongo dela.

 

Beti pentsatu izan dut  frantziarrak bizizaleak direla, garrantzia ematen diotela bizitzeari. Beharbada, bizitzari berari baino gehiago esango nuke. Pelikula bietan pertsonaiek, arazo, egoera eta zailtasun guztien gainetik, egunerokotasunari bizitzeko modu berezi batez egiten diote aurre, patxadaz, eta ilusioz.

----------

2007-11-15

Permalink 12:47:11, Atalak: semerimendi  

Haranekotrokako talaiatik

Udazkeneko edozein arratsalde. Haranekotrokako zaintzailearen menpeko lurralde guztiari begira. Horiek lur zabalak eta baketsuak. Ia inoiz ez da ezer gertatzen. Zer eta zertarako gertatu behar da, baina?

----------

2007-11-14

Permalink 08:37:46, Atalak: zaratamoko gauzak  

Zaratamo independientea noiztik?

 

Horixe da, hain zuzen, hainbatetan zaratamoztarrok elkarri egiten diogun galdera. Badakigu, edo behintzat entzuna dugu  Arrigorriagatik inoren baimenik gabe banandu ginela eta herri independiente gisa hasi genuela gure ibilbidea, horrek Gernikako Batzar Nagusietan gure eskubide guztiak galtzea ekarri bazuen ere.

 

Hori horrela izan zela badakigu, baina noiz gertatu zen hori?

 

Historian arakatuz gero, Zaratamoren lehen aztarnak elizan ditugu.Bideo honetan agertzen den moduan, bertan, II-III. mendeko harri bat dugu, eta beste bat IV mendekoa, hau da, erromatarren garaikoak, alegia.

 

 

 

">
Hortik aurrera, iluntasuna 1.381 urtera arte. Garai horretako datuetan agertzen da egungo eliza dagoen lekuan bazegoela eliza bat, ez ezagutzen duguna, beste bat baino.

 

Urteetan aurrera eginez gero, 1.551 urtera heltzen gara. Urte horretan, oraindik Arrigorriagako auzoa zelarik, Zaratamok, beste batzuekin batera, herri independientea izatea eskatu zuen Gernikako Batzar Nagusietan. Bertan, ganboatarrak Zaratamo eta gainontzekoen independentziaren alde zeuden eta oinaztarrak, berriz, kontra. Ganboatarrek ez zuten irabazi eta  Batzar Nagusiek Zaratamoren nahiaren kontra ebatzi zuten. Halandaxe, Zaratamori, elizate propioa izan gura bazuen, geratzen zitzaion aukera bakarra independentzia inoren baimenik gabe eskuratzea zen, eta hala egin zuen.

 

Beraz, Zaratamok 1.551 urte inguruan hartu zuen independientea izateko erabakia, Zaratamori buruz dugun hurrengo aipamenean, 1.587koan hain zuzen ere, Zaratamo elizatea  dela agertzen baita.

 

----------

2007-11-07

Permalink 15:24:31, Atalak: euskararen normalizazioa  

Artzain gezurtia

Atzoko THE WALL STREET JOURNAL egunkarian oso iritzi bereziak agertzen dira euskararen gainean. Kazetariak agertzen dituen iritziak eta usteak ulertzeko, ez dugu ahaztu behar egunkari hori aberatsaren egunkarietako bat dela, eta talde horretan aholkulari Aznar dugula.

Eta artikulu horretan argi geratzen da Aznar ikasle bikaina izan dela, bere maisu eta gidari izan den Fragak aspaldi bota baitzituen antzeko iritziak bideo honetan agertzen den moduan:

 

 

 

">
----------

2007-11-05

Permalink 13:00:01, Atalak: txifumendi  

Urte amaierako bazkaria

Urtero legez, Txifumendik urte amaierako bazkaria antolatu du.

 Bazkal aurretik beti mendi irtenaldia egiten da eta aurton Burbona aldera joango gara goizean. Gero, eguerdian,14:30ak aldean, Amurriora jaitsiko gara bazkaltzera.

Urte gogorra izan da Txifumendirentzat, 2007an Zaratamoko udalak ez baitio inolako diru laguntzarik eman. Horrexegatik, irtenaldien gastu guztia bazkideek eta parte hartzaileek haien gain hartu behar izan dute. Eta bazkaria ere halaxe izango da. Inolako laguntza barik, bertaratuko direnek bazkaria oso-osorik ordainduko dute. Argi gera bedi!

Baina, San Martin eguna delarik, udalekoek ez dute ahaztu behar eskailerak gorako eta beherako izaten direla.

Bazkarira joan nahi duzuenok ez ahaztu izena eguena baino lehenago eman behar duzuela, Txifumendiren lokalean zein Elexalde Tabernan.

----------

semerimendi blog

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

semerimendi

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Blog hau sindikatu

    Zer da hau?

    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    free 
website stats program

    powered by
    b2evolution