
Borja, txikitako laguna
zure irriagatik ezaguna
jatortasuna zer den
erakutsi diguzuna.
San Migeleko basajauna
Menditxoko lagun kuttuna
naturarekiko zenuen
zirrara eta maitasuna
Naturarekin bat eginez
berea zinen zinez
negarrez hasi da
zure faltaren minez.
Urjauziko ura
kilker hotsen lilura
denak entzutean
zatozkit zu burura.
Azaroan jaio ginen
batera hazi ginen
une askoren ostean
ustejabean joan zinen.
Oroituko zaitut betiko
begirada goxodun mutiko
zure oroimena galtzen
ez dugu sekula utziko.
Kaixo Iñaxio.
Ez nauzu ezagutzen. Ez gintuzten sekula aurkeztu eta orain ezingo zaitut sekula ezagutu, tamalez. Halere, hainbeste maite zaituen eta hainbeste maite dudan zure seme batek askotan hitz egin dit zutaz.
Lurjota gaude guztiak. Hainbeste maite zaituen semearen begietara begiratzen dudan bakoitzean ikusten dut utzi duzun hutsunea. Ez ditut gainontzeko seme-alabak ezagutzen baina gauza bera ikusten da beraien begietan. Eta Manoli. Zer esan Manolitaz. Ama eta emazte. Errotik lapurtu diote bere arnas bide kuttunena.
Bizitzeko eskubidea kendu dizute. Indarrez. Manoliri zutaz gozatzeko eskubidea kendu diote. Zure seme-alabei aita maitatzeko eskubidea kendu diete. Bilobei aitona hobeto ezagutzekoa. Bi tiroz. Bi tiro hotz eta maltzurrez. Guztion bihotzetara zuzenduta joan diren bi tiro gupidagabe. Guztioi egin digute tiro, Iñaxio. Zu maite zintuztenei eta Euskal Herria eta bizitzeko eskubidea maite dugun guztioi. Bihotza duenak behintzat, txikituta izango du zuri emandako bi tiroen eztandaz. Bihotzik duenak behintzat. Baina gure bihotzak taupadaka darraite, zurea ordea, indarrez geldiarazi dute. Eta hainbeste maite zaituen semearen begietara begiratzen dudan bakoitzean ikusten dut zure bihotzaren isiltasuna.
Asko hitz egin dit zutaz. Guztiaren gainetik pertsona ona zinen. Langilea amorratua. 14 urtetatik lanean jo ta ke. Baserritar guztien moduan beti dago zerbait egiteko, ezta? Baserritar petoa zinen. Euskalduna. Abertzalea. Biziki maite zenuen Euskal Herria. Euskara zegoen beti zure ezpainetan. Izarraitzen magalean jaiotako euskal baserritar petoa. Guzti hori ez da aski izan zuk hainbeste maite zenuen zure Herrian pausoak ematen jarraitzeko. Guzti hori ez da aski izan aske nahiko zenukeen Euskal Herrian bizitzen jarraitzeko. Guzti hori ez da nahikoa izan 71 urtekin lanataz pixka bat ahaztu eta bizitzen hasteko.
Zu eta hainbeste maite dudan zure semea bezalaxe ni ere euskalduna eta abertzalea naiz, Iñaxio. Euskal Herria maite dugu. Euskal Herria aske ikusi nahi genuke. Baina bapatean gure ilusio guztiak mila zatitan zapuztuta geratu dira. Bapatean gure desioak zentzua galdu du. Zuri bi tiro eman dizkizute eta ezin dugu min hori bihotzean dugula ilusioa pizturik mantendu. Poztuko ginateke, zu poztuko zinen bezala, Euskal Herria aske eta pakean ikusiko bagenu noizbait, biziki poztu ere, hori izan baita gure ametsetako bat beti. Baina ezingo genuke zurekin ospatu. Barruan dugun nahigabe honekin ezingo genuke sekula ospatu.
Horrela nola aterako degu Euskal Herria aurrera, Iñaxio? Berau gehien maite dutenei tiro egiten bazaie? Ez dut nahi inork zure heriotza ahaz dezan, Iñaxio, ez dut nahi. Giza eskubideak errespetatzen dituen edonork , Euskal Herria maite duen orok eta maitasuna zer den dakien edozeinek gaitzetsiko du zure hilketa, Iñaxio. Ziur nago baietz. Ziur nago mundu guztiak koldarkeria alde batera utzi eta bidean tiroek lekurik ez dutela ohiukatuko dutela. Ziur nago, Iñaxio, ziur nago.
Baina zure semearen begietara begiratzen dudan bakoitzean zure hutsuneak hor jarraituko du. Zaude lasai Iñaxio, ematen dakidan maitasun guztia emango diot eta. Zutaz hitz egin diezadan eskatuko diot, izugarri maite baitzaitu. Eta Manoli. Zure seme-alabak berarekin daude. Zure anai-arrebak berarekin daude. Ondo zainduko dugu guztion artean, ez estutu horregatik.
Pena ematen dit gutun hau bukatzeak, lehen aldia baita zugana zuzentzen naizela, Iñaxio. Tamalez, beranduegi. Egunero gogoratuko zaitugu. Egunero ikusiko zaitut zure semearen begietan. Bizitza eta Euskal Herria maite duten guztiek gogoratuko zaituzte eta bidegabekeria hau ahobetez salatuko dute.
Muxu handi bat, Iñaxio. Ez dakit gutun hau nora bidali. Badakit. Erloko postontzian utziko dut, han zehar ibiliko baitzera zure etxekoei begira. Hantxe utziko dut bai, Izarraitzen. Loiolako euskal baserritar peto batek hori eta gehiago merezi duelako.
Noizbait arte, Iñaxio.
Ez nago inor hemendik bidaltzen, ezta gutxiago ere. Baina arnasestuka nabil, beat it dela eta.
Ez naiz sekula Michael Jacksonen jarraitzailea izan, ezta izango ere, baina kanta honek pilak kargatzen dizkit, topera gainera. Errexa da kanta on bati buruz ondo hitz egitea, baina neri kanta honetatik gehien gustatzen zaidana bere koreografia da, nola ez. Entzun bezain pronto dantzarako gogoa sartzen zait.
Gaur, flex esnatu naizelako edo batek daki zein arrazoigatik, kanta hau buruan sartu eta bere koreografia ikasteko gogoa sartu zait. Ez dakizue ondo zein zaila den dena ondo koordinatzea.
Animatzen al da norbait nirekin dantzatzera?
Ni ensaiatzen jarraitzera noa!!!
Logelako mahaiaren gainean beti bezala mila trasto dauzkat. Aldizkari batzuk, pelutxe bat, ihauterietako mozorroaren hondakinen bat(oraindik!! une goxoak ez ahazteko edo!), mobilaren kargadorea, malabarak egiteko pilota bat, CD pila bat...puff!! Ez nuke bukatuko zenbatzen hasita!
Baina nahasmen eta kasosaren erdian beti aurkitzen da bertan zegoela ez zenekien zerbait. Hasi eta bukatu gabeko eskutitz bat, agenda zaharren bat, notatxo bat post-it batean, poesia bat...eta hoeik nahasmenari bizitza eta emozioa ematen diote. Ze gustora jasotezn baitira.
Gaurkoan "azukarillo" poltsatxo huts batekin egin dut topo. Post-it baten bila nenbilela eskura etorri zait. Zertarako ote daukat nik azukre poltsatxo bat gordeta!! Pentsatu dut harriduraz. Ez naiz zaborra kolekzionatzen duten hoietakoa baina itxura hori eman dezake, ezta?!
Beno harira. Azukretxoan zera irakurri dut: "las mejores historias de la vida son las que no se pueden contar". Ez dakit. Hasera batean esaldi ona iruditu zait, azukre poltsa baten atzean jarri badute zerbaitegatik izango da ezta!! Baina gero ondo irakurri eta...kontatu ezin daitekeen istorioa beraz onena da?!
Nire ustez, nola kontatu ez dakizun istorio hoiek bai dira onenak. Istorio batek zugan sortu zuen sentsazio hori transmititzeko hitzak edo irudiak aurkitzen ez dituzunean, hori bai dela istorio berezia, onerako eta txarrerako.
Azukretxoak "kontatu ezin daitekeela" esate horrekin hori esan nahi ote zuen!?!?! Zer ginateke gu, blogosferako kontalariok kontatzeko istorio onik gabe?!?!
Beno akaso hau ez da izan oso istorio ona kontatzeko, horregatik kontatuko nuen(azukretxoaren hitzen ustez behintzat) baina zerbait idaztea nahi nuen.
Bide batez, logelako mahaiaren kaosaren erdian nuen argazki kamaratik hartutako argazki hau. Bide horietan murgilduta nagoenean nire eta paretaren artean gertatzen den istorioa ere, zaila deritzot hitzez kontatzea, horregatik uzten dizuet irudia.
This skin is even more fun with the PT Banana Split font, available from Funky Fonts
Original template design by Piechdibi.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 | 31 |
