2009-12-04

Permalink 15:15:10, Atalak: saregulandia  

Zorigaitzeko urteurrenak

Atzo, abenduak 3, urte bete igaro zen zorigaiztoko egun hartatik. Gaur, abenduak 4, urte bete eta egun bat igaro da eta minak hor jarraitzen du. Ametsgaizto honetatik iratzartzeko unea noiz helduko den zain nago aurreko urteko Abenduaren 3tik. Baina badirudi ez garela sekula esnatuko. Badirudi zorigaiztoko urteurrenak kontatzera kondenatu gaituztela. ZERGATIK?

Ez nuen  sekula pentsatuko ZERGATIK hitza hainbestetan errepikatuko zenik nire barnean. Erantzunik gabeko ZERGATIK hitza.

Ez daukat kaleetan paseatzeko gogorik. Oso zaila da herri honetan bizi, kalera atera, eguneroko albistegiak ikusi, egunero Iñaxio bi tiroz hil zuten lekutik pasa, nere maiteari begietara begiratu eta bere Aitte zanataz hitz egitean tragediataz ez gogoratzea. Oso oso zaila da. Urteurrenetan jendeak tragedia bergogoratzen duen arren nere maitearen begiek egunero gogorarazten didate. Guk uneoro daukagu presente.

Ez dut luzatzeko gogorik baina hau da nere bozgoragailu txiki eta bakarra antza. ETA desager dadila amesten dut egunero, desiratzen dut egunero. Ez dezala beste INORK inposatutako sufrimendu honetatik berriro pasa. Bizitza zoragarria den unea noiz helduko ote da? Hori badakigu utopia bat dela baina behintzat ez dezala inork erabaki besteen zoriontasunaren gainean.

Ezer egin ezin dugula uste badugu ere kontra gaudela esate hutsak asko egin dezakeelakoan nago. Herri hau asko ari da sufritzen eta ni behintzat ez noa isilik geratzera.

ETA, utzi Euskal Herriari bakean bizitzen.
----------

2009-03-03

Permalink 10:50:44, Atalak: saregulandia  

Udazken lorea

Borja, txikitako laguna

zure irriagatik ezaguna

jatortasuna zer den

erakutsi diguzuna.

San Migeleko basajauna

Menditxoko lagun kuttuna

naturarekiko zenuen

zirrara eta maitasuna

Naturarekin bat eginez

berea zinen zinez

negarrez hasi da

zure faltaren minez.

Urjauziko ura

kilker hotsen lilura

denak entzutean

zatozkit zu burura.

Azaroan jaio ginen

batera hazi ginen

une askoren ostean

ustejabean joan zinen.

Oroituko zaitut betiko

begirada goxodun mutiko

zure oroimena galtzen

ez dugu sekula utziko.

 

----------

2008-12-06

Permalink 13:07:42, Atalak: saregulandia  

AGUR IÑAXIO

Kaixo Iñaxio.

 

Ez nauzu ezagutzen. Ez gintuzten sekula aurkeztu eta orain ezingo zaitut sekula ezagutu, tamalez. Halere, hainbeste maite zaituen eta hainbeste maite dudan zure seme batek askotan hitz egin dit zutaz.

 

Lurjota gaude guztiak. Hainbeste maite zaituen semearen begietara begiratzen dudan bakoitzean ikusten dut utzi duzun hutsunea. Ez ditut gainontzeko seme-alabak ezagutzen baina gauza bera ikusten da beraien begietan. Eta Manoli. Zer esan Manolitaz. Ama eta emazte. Errotik lapurtu diote bere arnas bide kuttunena.

 

Bizitzeko eskubidea kendu dizute. Indarrez. Manoliri zutaz gozatzeko eskubidea kendu diote. Zure seme-alabei aita maitatzeko eskubidea kendu diete. Bilobei aitona hobeto ezagutzekoa. Bi tiroz. Bi tiro hotz eta maltzurrez. Guztion bihotzetara zuzenduta joan diren bi tiro gupidagabe. Guztioi egin digute tiro, Iñaxio. Zu maite zintuztenei eta Euskal Herria eta bizitzeko eskubidea maite dugun guztioi. Bihotza duenak behintzat, txikituta izango du zuri emandako bi tiroen eztandaz. Bihotzik duenak behintzat. Baina gure bihotzak taupadaka darraite, zurea ordea, indarrez geldiarazi dute. Eta hainbeste maite zaituen semearen begietara begiratzen dudan bakoitzean ikusten dut zure bihotzaren isiltasuna.

 

Asko hitz egin dit zutaz. Guztiaren gainetik pertsona ona zinen. Langilea amorratua. 14 urtetatik lanean jo ta ke. Baserritar guztien moduan beti dago zerbait egiteko, ezta? Baserritar petoa zinen. Euskalduna. Abertzalea. Biziki maite zenuen Euskal Herria. Euskara zegoen beti zure ezpainetan. Izarraitzen magalean jaiotako euskal baserritar petoa. Guzti hori ez da aski izan zuk hainbeste maite zenuen zure Herrian pausoak ematen jarraitzeko. Guzti hori ez da aski izan aske nahiko zenukeen Euskal Herrian bizitzen jarraitzeko.  Guzti hori ez da nahikoa izan 71 urtekin lanataz pixka bat ahaztu eta bizitzen hasteko.

 

Zu eta hainbeste maite dudan zure semea bezalaxe ni ere euskalduna eta abertzalea naiz, Iñaxio. Euskal Herria maite dugu. Euskal Herria aske ikusi nahi genuke. Baina bapatean gure ilusio guztiak mila zatitan zapuztuta geratu dira. Bapatean gure desioak zentzua galdu du. Zuri bi tiro eman dizkizute eta ezin dugu min hori bihotzean dugula ilusioa pizturik mantendu. Poztuko ginateke, zu poztuko zinen bezala, Euskal Herria aske eta pakean ikusiko bagenu noizbait, biziki poztu ere, hori izan baita gure ametsetako bat beti. Baina ezingo genuke zurekin ospatu. Barruan dugun nahigabe honekin ezingo genuke sekula ospatu.

 

Horrela nola aterako degu Euskal Herria aurrera, Iñaxio? Berau gehien maite dutenei tiro egiten bazaie? Ez dut nahi inork zure heriotza ahaz dezan, Iñaxio, ez dut nahi. Giza eskubideak errespetatzen dituen edonork , Euskal Herria maite duen orok eta maitasuna zer den dakien edozeinek gaitzetsiko du zure hilketa, Iñaxio. Ziur nago baietz. Ziur nago mundu guztiak koldarkeria alde batera utzi eta bidean tiroek lekurik ez dutela ohiukatuko dutela. Ziur nago, Iñaxio, ziur nago.

 

Baina zure semearen begietara begiratzen dudan bakoitzean zure hutsuneak hor jarraituko du. Zaude lasai Iñaxio, ematen dakidan maitasun guztia emango diot eta. Zutaz hitz egin diezadan eskatuko diot, izugarri maite baitzaitu. Eta Manoli. Zure seme-alabak berarekin daude. Zure anai-arrebak berarekin daude. Ondo zainduko dugu guztion artean, ez estutu horregatik.

 

Pena ematen dit gutun hau bukatzeak, lehen aldia baita zugana zuzentzen naizela, Iñaxio. Tamalez, beranduegi. Egunero gogoratuko zaitugu. Egunero ikusiko zaitut zure semearen begietan. Bizitza eta Euskal Herria maite duten guztiek gogoratuko zaituzte eta bidegabekeria hau ahobetez salatuko dute.

 

Muxu handi bat, Iñaxio. Ez dakit gutun hau nora bidali. Badakit. Erloko postontzian utziko dut, han zehar ibiliko baitzera zure etxekoei begira. Hantxe utziko dut bai, Izarraitzen. Loiolako euskal baserritar peto batek hori eta gehiago merezi duelako.

 

Noizbait arte, Iñaxio.

 

 

 

 

----------

2008-08-07

Permalink 21:10:40, Atalak: Belarrixak goxatzeko  

Beat it, just beat it

Ez nago inor hemendik bidaltzen, ezta gutxiago ere. Baina arnasestuka nabil, beat it dela eta.

Ez naiz sekula Michael Jacksonen jarraitzailea izan, ezta izango ere, baina kanta honek pilak kargatzen dizkit, topera gainera. Errexa da kanta on bati buruz ondo hitz egitea, baina neri kanta honetatik gehien gustatzen zaidana bere koreografia da, nola ez. Entzun bezain pronto dantzarako gogoa sartzen zait.

Gaur, flex esnatu naizelako edo batek daki zein arrazoigatik, kanta hau buruan sartu eta bere koreografia ikasteko gogoa sartu zait. Ez dakizue ondo zein zaila den dena ondo koordinatzea.

Animatzen al da norbait nirekin dantzatzera?

Ni ensaiatzen jarraitzera noa!!!

----------

2008-07-30

Permalink 00:19:00, Atalak: saregulandia  

kontatzearen kontua

Logelako mahaiaren gainean beti bezala mila trasto dauzkat. Aldizkari batzuk, pelutxe bat, ihauterietako mozorroaren hondakinen bat(oraindik!! une goxoak ez ahazteko edo!), mobilaren kargadorea, malabarak egiteko pilota bat, CD pila bat...puff!! Ez nuke bukatuko zenbatzen hasita!

Baina nahasmen eta kasosaren erdian beti aurkitzen da bertan zegoela ez zenekien zerbait. Hasi eta bukatu gabeko eskutitz bat, agenda zaharren bat, notatxo bat post-it batean, poesia bat...eta hoeik nahasmenari bizitza eta emozioa ematen diote. Ze gustora jasotezn baitira.

Gaurkoan "azukarillo" poltsatxo huts batekin egin dut topo. Post-it baten bila nenbilela eskura etorri zait. Zertarako ote daukat nik azukre poltsatxo bat gordeta!! Pentsatu dut harriduraz. Ez naiz zaborra kolekzionatzen duten hoietakoa baina itxura hori eman dezake, ezta?!

Beno harira. Azukretxoan zera irakurri dut: "las mejores historias de la vida son las que no se pueden contar". Ez dakit. Hasera batean esaldi ona iruditu zait, azukre poltsa baten atzean jarri badute zerbaitegatik izango da ezta!! Baina gero ondo irakurri eta...kontatu ezin daitekeen istorioa beraz onena da?!

Nire ustez, nola kontatu ez dakizun istorio hoiek bai dira onenak. Istorio batek zugan sortu zuen sentsazio hori transmititzeko hitzak edo irudiak aurkitzen ez dituzunean, hori bai dela istorio berezia, onerako eta txarrerako.

Azukretxoak "kontatu ezin daitekeela" esate horrekin hori esan nahi ote zuen!?!?! Zer ginateke gu, blogosferako kontalariok kontatzeko istorio onik gabe?!?!

Beno akaso hau ez da izan oso istorio ona kontatzeko, horregatik kontatuko nuen(azukretxoaren hitzen ustez behintzat) baina zerbait idaztea nahi nuen.

Bide batez, logelako mahaiaren kaosaren erdian nuen argazki kamaratik hartutako argazki hau. Bide horietan murgilduta nagoenean nire eta paretaren artean gertatzen den istorioa ere, zaila deritzot hitzez kontatzea, horregatik uzten dizuet irudia.

 

----------

:: Hurrengo orrialdea >>

Kudeaketa

Sare

Askotan ahanzturan desagertuko zirela uste nuen ideientzat txoko bat aurkitu dut nire barnetik at.

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Sare Gurrutxaga

saregu

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Blog hau sindikatu

    Zer da hau?

    Zure bloga eraman

    1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
    2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    powered by
    b2evolution