Atala: Bilbon barna

2007-03-27

Permalink 15:36:11, Atalak: Bilbon barna, 211 hitz  

Naftalina usaineko ipuinak

Agurneri granoak atera zaizkio ahoan. Baita kopetan ere. Ez dago batere gustora, nola egongo da ba gustora bere maitalea milaka kilometrotara urrundu bazaio goizetik gauera? Orain ulertzen ditut Agurneren ahoko granoak. Baita kopetekoak ere.

Arbela berriz berde dago gure eskubitara. Berde eta aldi berean erdi txuri. Klarionak txuritutako arbel berdea. Berdea eta ez grisa, arbel kolore naturala grisa izan arren. Klariona. Zenbat denbora hitz hori esan gabe. Zenbat denbora hitz hori erabili gabe. Hainbat eta hainbat hitzen moduan. Buruan gordeta ditugun hitzak, baina beraien erabilera galdu duguna.

Abakoa izan daiteke beste hitz galdu horietako bat. Gogoratzen dut abakoarekin kontatzen ikasi genuenean. Abakoa, bai. Baina orduzkero hitz hori almazenatuta geratu da. Gaur arte. Gaur bere lekutik ateratzea otu zaidan arte. Baina berriz almazenatuko dut abako hitza. Hitz galduen kutxan.

Kutxa hori astinduko bagenu txuri-beltzeko egurrezko hitzak aterako lirateke bertatik. Eta hitz hoiekin sortutako ipuinek naftalina usaia izango lukete. Zitzak jan ez zitzan kutxan behin sartutako naftalina bolatxoaren usaia.

Beraz, Agurneri ahoan eta kopetan granoak atera zaizkionez naftalina usaineko ipuinak idazteari ekin diot, berak artean, abakoaz bere maitea itzultzeko egunak kontatzen dituelarik. Egunak eta granoak, biak kontatzen ari da Agurne abakoa esku artean hartuta. Akaso, klarionari alergia diolako atera zaizkio granoak, baina ez diot ezer esango, esperoa laburtuko baitio abakoak, eta ez klarionak.

2007-03-07

Permalink 15:14:14, Atalak: Bilbon barna, 366 hitz  

Artista Parea

 

Horra artista parea, karakola ta barea, edo hobe esanda Pako ta Mikel, edo Aristi ta Markez, Francisco ta Miguel, akaso. Parea edonola.

Askotan kexatzen gara gure inguruan kultur ekitaldi gutxi egiten direla esanez, baina jendea mugitzen al da benetan kultur ekintza bat iragartzen denean? Jendeak hartzen al du denbora zine, antzerki, kontzertu, poesi errezitaldi, bertso jaialdi edota dantza ikus-entzutera joateko?

Aurrekoan Asier Ormazari entzuten nion Euskal Herrian ez dagoela aretoak betetzeko kultura errotuta. Jendea joaten dela baina oso zaila dela areto bat toperaino beteta aurkitzea. Hori bai, "ikusi beharreko" emanaldi bat dagoen bakoitzean sarrerak agortuak, eta hurrengo egunean etxean egindako lan on bat ikusteko lau katu.

Gaurkoan Leioako unibertsitateko liburutegiko areto nagusian bi artista hauek izan ditugu taula gainean. Mikel eta Pako. Aretoa ez da gauza handia, baina bertan ginenon kopurua ez da handiagoa iza. Nire hatzekin zenbatu ditut bertan ginen 14 partaideon itzalak.

Garestiak direla kultur ekintzak? Ez dut ezetzik esango, ni ere ez bainaiz sarritan joaten denetarikoa, baina garestiagoak dira fulbolerako sarrerak edo pelotarakoak eta estadioak eta kantxak erraxago betetzen dira.

Gaurkoak ez zuen garestiaren aitzakiarik. Debalde izan baita. Halere, unibertsitatean ez du antza erakarpenik sortu. Kartel gutxi ikusi ditut paretetan. Publizitate gutxiegi, agian. Ez dakit zer pentsatu.

Gauza da, lagunarte bat zirudiela, famili giro atseginean. " Hi Pako," "Zer, Mikel" elkarrizketan jardun dute, kantuan, poesian, galdera zailei erantzuna topatu guran, tabuak azalerazi nahian, artista parea. Mikelek bere musikaz goxatuko ginduenaren dudarik ez neukan, baina Pako Aristi jaunak ustekabean harrapatu nau, "Pianoa jotzen ere badaki eta!" eta poeta hutsa izaten jarraitzen du, eta "Hara! Txirula eta aho-soinua!" eta poeta izaten jarraitzen du, eta "Gaita ere, Pako?! Hoiek dituk birikak hoiek" eta poeta izaten jarraitzen du, eta "Mikelekin duoan abesteko ausardia ere ba al dik?! Eta nolako ahots grabe sakona duen berak! " eta...poeta izaten jarraitzen du. Eta ez nekizkien eta jakingo ez ditudan beste mila gauza.

Bien elkarrulertze ironikoak bizitasuna eman dio ikuskizunari. Goxo egon gara geunden apurrok. Eta gogorarazi digute tabuekin biziz gero, bizi ordez, erdi bixi egingo dugula gure bizitza, eta zoriontsu bizitzeko formularen zati handi bat "zarena esaten duzuna izatea" dela. 

 

2007-01-09

Permalink 22:58:12, Atalak: Bilbon barna, 194 hitz  

Gure Prentsa

Ez nago oso hiztun gaur. Baina zertxobait jardungo dut hemen.

Egia esan, gaurko xedea, guztiz propagandistikoa da. Beste blog baten helbidea gerturatu nahi dizuet, akaso interesatuko zaizue eta.

Blog astun xamarra da, aitortzen dut, baina nere betebeharra da berau saldu gura izatea.

Urtarrila hasi berri, oporraldia bukatu berri, eskolako lanak entregatzen hasteko unea heldu da unibertsitatera.

Euskal Prentsari buruzko lana egin dugu. Hori entzun eta gero, askok ez duzue hau irakurtzen jarraituko. Baina zuk aurrera badarraizu, akaso, interes pixkat duzulako izango da, edo? Ez, akaso hasi duzuna bukatzearren baino ez da.

Dena dela, Euskal Prentsaz dihardugu gure blog horretan. Horri buruz zerbait esateko baduzu, ateak zabalik dituzu. Lana formatu hontan aurkeztu izanaren arrazoi nagusia hori izan baita, jendearen partehartzeaz lana aberastea, alegia.

Guk Euskal Prentsaz uste duguna laburbilzten dugu "gure kritika" atalean. Zuretzat zer da Euskal Prentsa? Ze etorkizun dauka? Ze egoeratan aurkitzen da? ....

Erantzun, erantzun...baina http://www.blogari.net/Gureprentsa blog gunean.

Beno, eta testu hau bukatzearren baino ez baduzu irakurri....zer moduz?? Ondo?? Urte berriak ze itxura dauka?? Zer bazkaldu duzu gaur?? Zelan dijoa hozkirri hori?? Zer da zuretzat Euskal Prentsa?? ;-)

Laster arte!! 

 

2006-11-26

Permalink 21:30:35, Atalak: Bilbon barna, 280 hitz  

LAU, zerbait idaztearren

LAU egun igaro ditut LAU izarretako hotel batean LAU gehi LAU zortzi ez direla ikasi nahian. Asteko LAUgarren egunean hasi genuen, HOGETAHIRUan hain zuzen ere, HOGETAHIRUaz urte berri bati ekin nion egunean.

Maisu BAT eta HOGETAHIRU BAT ikasle ginen. Denok ezagutzen ez genituen gaitasunak aurkitu ditugu gure baitan. Eskuez eta BI gorputzek transmiti dezaketen energiaz baliatu eta existitzen ez zirela uste genuen gorputzaren eta arimaren eremuetara iristea lortu, LORTU!!! Beno, LAU BAT aldiz, ez beti, ez HAMAIKA aldiz. Baina beno, hasteko ez dago gaizki.

Gero, lehen aldiz, Bilboko pisu zaharrean igaro ditut asteburuko gau haizetsuak, bakarrik, ni BAT eta bera bakarrik. Haizearen soinuaz lo hartuz. Haizearen kolpeez esnatuz. LAU haizetara pentsamenduak bultzatuz, barnean bortxa ez ziezadaten.

LAU egunak pasa dira eta laister izango dira beste LAU pisukideak kalle extramadurako BOSTgarren pisua betetzen. LAU pisukideak eta BOSTgarrena ni, eta beste BAT, gure igandetako gonbidatua. SEIgarrena.

SEI izan dira plazara edo beno Getxoko antzokiko eskenatokira igo diren bertsolariak. ZORTZIko txiki eta handian ez dakit zenBAT, HAMAIKA? HOGEITAHIRU? Ez dakit zenbat bertso bota dituzten. Batzuk onak, besteak hobeak eta bateroenbat ez hain ona. Baina tablatuan SEIak, irmo, gogotsu, igande atxaldean Getxo bertso festara berotu guran. Iratxe Ibarrak ez Iratxera ezta Ibarrara ere baizik eta Markinara eraman du finalerako txartel BAT. Beste BOSTak itxaron beharko dute finaleko ZORTZI handien artean dauden edo ez jakiteko. Zorte on.

BEDERATZIAK jota daude, HAMARRAK izateko bidean, HAMAIKA kontu gehiago izango dira eguna bukatuko duten HAMABIAK jo artean, baina bihar ez da HAMAIRU beraz zorte txarrik ez gure artean, nahiz eta, batek daki, badakizu urrutiko intxaurrak HAMALAU gerturatu eta...LAU.

LAU aldiz hasitako post-a bukatuko dut LAUgarren aldiz, zenbakiek beraiekin xurrupatu baino lehen.

Nahi beste laztan, zeuek ipini muga!

2006-11-15

Permalink 21:08:17, Atalak: Bilbon barna, 223 hitz  

Kabian

Asteazkenak dida batean pasako dio txanda ostegunari. Asteak airean doaz Bilbon. Hor ere akaso, baina hemen behintzat bai.

Badira asteak zerbaiten esperoan egonagatik luzeago joaten direnak, baina beti iristen da oharkabean osteguna. Nahiz eta eguneroko sentsazioa geldoa izan, konturatzerako egutegiko suaz erretzen gara.

Gustora nabil.

Kabian aurkitzen naiz pantailari begira. Debaldeko konexioa uzten digute San Inazioko herriko hontan. Giro atsegina arnasten da. Ez da oso handia. Oso etxekoa. Bakarrik etortzeak arduratzen ez duen taberna hoietako bat. Baina ez naiz sarritan inspiratzen leku hontan, hortik nire blogaren antzutasuna.

Katalin daukat aldamenean. Amari ari zaio, teklak zapaldu eta zapaldu. Asteazkena da eta bihar bertan ikusiko du ziurrenik ama. Baina Katalinen amari, neri bezela, zuri bezela, ilusioa egingo dio bere posta elektronikoan irakurri gabeko mezu bat aurkitzeak. Hor ari da Katalin, atzamarrak lehertu beharrean. Kea dariote. Sua bidaltzen ari ote zaio amari? Sutan ote dago? Sutsua ote da? Denbora asko daukat jakiteko, ezagutzeko.

Gaur gauerako filme bat alokatu dut etxepeko bideo-klubean. Bai etxekalte, gustokoa ez dakit, baina aurkitu dut bideoklub bat. Transamerica. Asteazkenetan ez dut uste ezer interesgarririk botatzen dutenik telebistan. Asteartetan bai, House. Ez dugu telebista gehiegi ikusten, alienatu ez gaitzan. Baina alienatuta gaude ta.

Jarraituko dut Bilbon barna zerbait gehiago kontatzen, inspirazioak baimena ematen didanean. Bitartean, nahi baduzu, gure etxeko kontuen berri nire pisukide maite Ainhoaren zozokerian aurki dezakezu. Here. 3garren orrian.

Laster arte.

Azken erantzunak

Kudeaketa

Sare

Askotan ahanzturan desagertuko zirela uste nuen ideientzat txoko bat aurkitu dut nire barnetik at.

Maiatza 2013
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Sare Gurrutxaga

saregu

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Blog hau sindikatu XML

    Zer da hau?

    Zure bloga eraman

    1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
    2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    powered by
    b2evolution