Atala: Itsasoak ekarritako boteilatik...

2007-01-01

Permalink 05:36:00, Atalak: Itsasoak ekarritako boteilatik..., 197 hitz  

Urteko bosgarren ordutik

Urte berriak bosgarren orduari sarrera eman berri zion. Gauzak nahi bezela hasi ote ziren galdetzen zion bere buruari. Baietz pentsatu nahi zuen. Bai. Baina urteko bosgarren orduan udazken orriz apaindutako pijama soinean zuela pantailari hitz galduak oparitzen ari zen. Ez ote ziren gauzak berak nahi bezala hasi? Baietz pentsatu nahi zuen.

Hortzak garbitu berri, ahoa fresko-fresko nabari zezakeen, azken tabernako garagardo indargearen zaporea guztiz ezkutatu guran. Eta pantailari hitz galduak oparitzen jarraitu zuen, honek urte berrirako zorterik onena opatu ez bazion ere. Eta berriz galdetu zion bere buruari gauzak berak nahi bezala hasi ote ziren. Baietz pentsatu nahi zuen.

Begiak beltzez margoturik zituen oraindik, ilun, zikin, goibel, garbitzeko malko gazien zain baleude legez. Baina malkoak ez ziren beraien lekutik aterako, ez pantaila begira zuten artean behintzat. Baina gero bai, pantailak argiak itzaltzean malkoek begietako ikatz arrastoak eramango zituzten beraiekin. Zergatik ordea? Gauzak nahi bezala hasi baziren? Baietz pentsatu nahi zuen.

Urte berria seigarren orduari atea zabaldu nahian zebilen, eta berak, pantailara begira azken garagardoaren zapore indargea gogoratzen zuen, malkoez begi beltzak garbitzen zituelarik. Gauzak hobeto hasi izan balira ez litzateke pantailari hitz galduak oparitzen egongo. Halere, baietz pentsatu nahi zuen.

 

 

2006-10-28

Permalink 02:10:34, Atalak: Itsasoak ekarritako boteilatik..., 256 hitz  

Han zaude, erakusleihoan

Ederki gogoratzen dut. Denboratxo bat igaro da lehen aldiz praka haiek erakusleiho hartan ikusi nituenetik. Aurrez ere sarri pasatzen nintzen beraien aurretik, baina behin, hantxe ikusi nituen. Zoragarriak ziruditen begirada batean. Eta bizitza guztia zeramaten nere begien aurrean, norbaitek eskura zitzan zain.

Desiatzen egoten nintzen erakusleihoaren aurretik pasatzeko, praka eder haien presentzia nabaritzeko baino ez bazen. Nire aurpegian irribarrea marrazteko gaitasuna zuten. Nahiz eta beraiek ez jakin.

Banekien edozein egunetan ez nituela bere lekuan aurkituko. Norbait beraietaz jabetuko zela. Beste gorputz baten larru bilakatuko zirela. Eta nahiz eta nire begi bistan halakorik ez gertatu, ziur naiz batek baino gehiagok probatuko zituela prakok, behin eta berriz.

Baina han darraite oraindik ere, erakusleihoan. Gutxitan pasatzen naiz beraien aurretik. Gutxitan begiratzen ditut begi lotsatiz. Gutxitan izaten dut minuturen bat beraien inguruan pasatzeko aukera. Gutxitan. Oso gutxitan.

Baina halere, ez dut adorerik erakusleiho barrura sartu eta prakak probatzeko. Hain ditut gustoko, ezen, ez nuke nahi beraien xarma apurtzerik. Ez nuke nahi ikusterik eta ohartzerik nire neurrikoak ez direla, sekula niretzat izango ez direla. Nire larru izan nahi ez dutela.

Horregatik ez naiz ausartzen erakusleihoaren beira zeharkatzera. Beste praka batzuk probatzen ditut noizean behin. Beste praka batzuk janzten ditut noizean behin. Beste praka batzukin joaten naiz mendira noizean behin, edo parrandara, edo ohera. Baina badakit prakak han daudela, erakusleihoaren bestaldean, norbaitenak izateko gogoz, edo ez. Misterioz jantzitako prakak. Desira pizten duten prakak. Hantxe, gertu baina aldi berean beste unibertso batean baleude legez.

Eta ZU, ez zara ohartzen ezertaz. Noski, ez dakit prakek irakurtzen badakiten ala ez. Edo irakurtzen nauzun, ala ez.

2006-09-12

Permalink 01:04:09, Atalak: Itsasoak ekarritako boteilatik..., 136 hitz  

looking

Oinetan, mesanotxe gainean aspaldidanik nuen baselina igurtzi zidan. Oin garratzak goxatu nahian. Behatz lodi-lodiko gogortasunarekin jolastuz. Kili-kili zaporetsua.

Baselinako bere hatz arrastoari begira pasa nituen hurrengo asteak. Nire oinen garraztasuna behin ta berriz ukituz. Bere igurtziaz amestuz.

Asteak pasa nituen nire burkoan itsatsita zegoen bere txanpuaren usaia garuneko azken txokoraino garraiatzen. Irudimena pizten duen txokoraino. Bere txanpuaren usaia gogoratuz. Txanpuaren usaiaz jolastuz.

Asteak dira ordea nire burkoak asteetako nire izerdi usaia baino ez duela. Baina oraindik irudimenaren azken txokoko etengailura heltzea lortzen dut gauero, bere usaia gogoratuz.

Azkenik, eroskian bere txanpua aurkitu nuen. Gauero sartzen naiz ohera ile garbitu berriarekin, umel-umel, burko-azal berriaren gainean burua pausatuz. Gauero igurtzitzen ditut oinak bere hatzek arrastoa utzitako baselinaz, leunki. Gauero besarkatzen dut, bera. Besarkatzen nau, berak.

Gaur, itsasoari begira, berriz agertuko ote den galdetzen diot nire buruari.

 

2006-08-02

Permalink 00:26:22, Atalak: Itsasoak ekarritako boteilatik..., 196 hitz  

Goazen eskutik helduta...

Triste iratzarri ninduen.

Gaueko mozkorrean guztiz itxi gabe utzitako persianak ez zuen eguneko argia ezkutatzen.

Beltz ikusten nuen persianatik zetorren argia.

Tabako hatsa zerioten izaren artean.

Arropak lurrean.

Musika tristea entzuteko beharra nuen.

Negar egiteko gogoa nuen.

Ispiluan ez nuen gaueko makilaiaren arrastoz zikindutako aurpegi bat baino ikusten.

Eta ile aldrebes batzuk. Aske. Zoro.

Ez nuen atsegin aurrean nuena.

Ez neukan arrazorik.

Gauzak ez zeuden txarto.

Parrandatxo bat bota berri nuen lagun artean.

Negar egitea behar nuen.

Arrazoirik gabeko isuria.

Musika melankolikoa entzun nuen.

 

Malkoek irrist egin zidaten begiotatik.

Lausoa garbituz.

Barrenean irriarentzat tartetxo bat egin guran.

Patuak aspaldian aurrean izan dudan filma tristeenarekin gurutzatu ninduen.

Guztia irentsi nuen.

EDERRA.

Bizitza amets bat dela erakutsi zidan.

Ez dakigu inork noiz iratzarriko garen bertatik.

Ez zuen merezi triste egoteak.

Baina ametsek batzutan eskenatoki ilunagoa izan ohi dute.

Batzutan kiratsa dariote.

Eta doinu tristeak.

Amets hoietaz gozatzen dut maiz.

Negar egiten gozatzen dut maiz.

Itsasoan argitu nahi izan nuen iluntasuna.

Zeru ilunak itsasoa gris marraztuta zuen.

Baina bizitzako bainurik goxoena eskaini zidan.

Amets iluna argitu zidan.

Kiratsa gozatu.

Doinuak alaitu.

Malkoek itsasoa gazitu zuten.

Barrenean irriarentzako eta lasaitasunarentzako tokia utziz.

Ispilu aurreko aurpegi margotua maitatzeko beharra daukat.

2006-07-12

Permalink 00:36:16, Atalak: Itsasoak ekarritako boteilatik..., 104 hitz  

Harritza

Harri gainean itsasoari begira denbora luzez egoten bazara ipurdia hoztu, gogortu eta lokartzeko arriskuan eror zaitezke. Baina merezi du.

Jendeak ez du harrizko "hondartzarik"(harritza??) nahi. Ezin da oinutsik gustura paseatu. Baina ez zaizu hondarra sudurzuloraino sartzen. Ezin da luze etzanda postura eroso bat aurkitu. Baina toaila garbi-garbia egon ohi da. Beraz, merezi du.

Orokorrean "harritzak" ez daude hondartzak bezain eskuragarri. Hara joan egin behar da. Askotan oinez joan behar da. Eta eskerrak horri. Espero dut hemendik 100 urtetara ere berdin jarraitzea. Jendez lepo ez betetzea. Lasaitasun bila doanak baino ez topatzea horrelako txokoak.

Eta zer hobeagorik San Fermin post baterako horrelako harritza bat baino...

:: Hurrengo orrialdea >> Azken erantzunak

Kudeaketa

Sare

Askotan ahanzturan desagertuko zirela uste nuen ideientzat txoko bat aurkitu dut nire barnetik at.

| Hurrengoak >

Maiatza 2013
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Sare Gurrutxaga

saregu

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Blog hau sindikatu XML

    Zer da hau?

    Zure bloga eraman

    1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
    2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    powered by
    b2evolution