Mezua: AGUR IÑAXIO

2008-12-06

Permalink 13:07:42, Atalak: saregulandia, 585 hitz  

AGUR IÑAXIO

Kaixo Iñaxio.

 

Ez nauzu ezagutzen. Ez gintuzten sekula aurkeztu eta orain ezingo zaitut sekula ezagutu, tamalez. Halere, hainbeste maite zaituen eta hainbeste maite dudan zure seme batek askotan hitz egin dit zutaz.

 

Lurjota gaude guztiak. Hainbeste maite zaituen semearen begietara begiratzen dudan bakoitzean ikusten dut utzi duzun hutsunea. Ez ditut gainontzeko seme-alabak ezagutzen baina gauza bera ikusten da beraien begietan. Eta Manoli. Zer esan Manolitaz. Ama eta emazte. Errotik lapurtu diote bere arnas bide kuttunena.

 

Bizitzeko eskubidea kendu dizute. Indarrez. Manoliri zutaz gozatzeko eskubidea kendu diote. Zure seme-alabei aita maitatzeko eskubidea kendu diete. Bilobei aitona hobeto ezagutzekoa. Bi tiroz. Bi tiro hotz eta maltzurrez. Guztion bihotzetara zuzenduta joan diren bi tiro gupidagabe. Guztioi egin digute tiro, Iñaxio. Zu maite zintuztenei eta Euskal Herria eta bizitzeko eskubidea maite dugun guztioi. Bihotza duenak behintzat, txikituta izango du zuri emandako bi tiroen eztandaz. Bihotzik duenak behintzat. Baina gure bihotzak taupadaka darraite, zurea ordea, indarrez geldiarazi dute. Eta hainbeste maite zaituen semearen begietara begiratzen dudan bakoitzean ikusten dut zure bihotzaren isiltasuna.

 

Asko hitz egin dit zutaz. Guztiaren gainetik pertsona ona zinen. Langilea amorratua. 14 urtetatik lanean jo ta ke. Baserritar guztien moduan beti dago zerbait egiteko, ezta? Baserritar petoa zinen. Euskalduna. Abertzalea. Biziki maite zenuen Euskal Herria. Euskara zegoen beti zure ezpainetan. Izarraitzen magalean jaiotako euskal baserritar petoa. Guzti hori ez da aski izan zuk hainbeste maite zenuen zure Herrian pausoak ematen jarraitzeko. Guzti hori ez da aski izan aske nahiko zenukeen Euskal Herrian bizitzen jarraitzeko.  Guzti hori ez da nahikoa izan 71 urtekin lanataz pixka bat ahaztu eta bizitzen hasteko.

 

Zu eta hainbeste maite dudan zure semea bezalaxe ni ere euskalduna eta abertzalea naiz, Iñaxio. Euskal Herria maite dugu. Euskal Herria aske ikusi nahi genuke. Baina bapatean gure ilusio guztiak mila zatitan zapuztuta geratu dira. Bapatean gure desioak zentzua galdu du. Zuri bi tiro eman dizkizute eta ezin dugu min hori bihotzean dugula ilusioa pizturik mantendu. Poztuko ginateke, zu poztuko zinen bezala, Euskal Herria aske eta pakean ikusiko bagenu noizbait, biziki poztu ere, hori izan baita gure ametsetako bat beti. Baina ezingo genuke zurekin ospatu. Barruan dugun nahigabe honekin ezingo genuke sekula ospatu.

 

Horrela nola aterako degu Euskal Herria aurrera, Iñaxio? Berau gehien maite dutenei tiro egiten bazaie? Ez dut nahi inork zure heriotza ahaz dezan, Iñaxio, ez dut nahi. Giza eskubideak errespetatzen dituen edonork , Euskal Herria maite duen orok eta maitasuna zer den dakien edozeinek gaitzetsiko du zure hilketa, Iñaxio. Ziur nago baietz. Ziur nago mundu guztiak koldarkeria alde batera utzi eta bidean tiroek lekurik ez dutela ohiukatuko dutela. Ziur nago, Iñaxio, ziur nago.

 

Baina zure semearen begietara begiratzen dudan bakoitzean zure hutsuneak hor jarraituko du. Zaude lasai Iñaxio, ematen dakidan maitasun guztia emango diot eta. Zutaz hitz egin diezadan eskatuko diot, izugarri maite baitzaitu. Eta Manoli. Zure seme-alabak berarekin daude. Zure anai-arrebak berarekin daude. Ondo zainduko dugu guztion artean, ez estutu horregatik.

 

Pena ematen dit gutun hau bukatzeak, lehen aldia baita zugana zuzentzen naizela, Iñaxio. Tamalez, beranduegi. Egunero gogoratuko zaitugu. Egunero ikusiko zaitut zure semearen begietan. Bizitza eta Euskal Herria maite duten guztiek gogoratuko zaituzte eta bidegabekeria hau ahobetez salatuko dute.

 

Muxu handi bat, Iñaxio. Ez dakit gutun hau nora bidali. Badakit. Erloko postontzian utziko dut, han zehar ibiliko baitzera zure etxekoei begira. Hantxe utziko dut bai, Izarraitzen. Loiolako euskal baserritar peto batek hori eta gehiago merezi duelako.

 

Noizbait arte, Iñaxio.

 

 

 

 

Erantzunak:

Bidaltzailea: aritz [Bisitaria]
Ufa!
Permalink-a mezu RSS 2008-12-09 @ 14:13
Bidaltzailea: lucia [Bisitaria]
Berbarik berba dekozu arrazoia.
Permalink-a mezu RSS 2008-12-26 @ 14:52
Bidaltzailea: julen [Kidea]
ederra gutuna Sare, tristea baina ederra! aurrekoak erran duen gisara, "berbaz berba arrazoi osoa".

nire animorik beroenak bai zuri eta bai Inaxioren familiari.

ongi segi Sare!!!
Permalink-a mezu RSS 2008-12-29 @ 23:14
Bidaltzailea: Abel [Bisitaria]
Aupa Sare,

Interneten zure txoko hau aurkitu dot edo egia esateko, bilatu dot. Bilatu dot, egun hartatik urtebete pasatu dan honetan, zuri eta Iosuri (eta familia guztiari) animoak emateko. Besarkada handi bat eta aurrera. Askori zer pentsatu eman dotzazuelako, aurrera.

Ondo segi
Permalink-a mezu RSS 2009-12-03 @ 22:21

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Azken erantzunak

Kudeaketa

Sare

Askotan ahanzturan desagertuko zirela uste nuen ideientzat txoko bat aurkitu dut nire barnetik at.

Maiatza 2013
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Sare Gurrutxaga

saregu

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Blog hau sindikatu XML

    Zer da hau?

    Zure bloga eraman

    1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
    2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    powered by
    b2evolution