
2007ko lehen txapuzoia aste santuan eman nuen. Zoragarria. Bizigarria. Hotza, oso hotza. Hotzegia. 15 bat gradu? Oso hotza.
Gironako ur hotzetan izan zen, ur oso hotzetan. Hotza.
Ez nuen ezer aipatu hemen, zeharo lagata nengoen garaiak ziren antza. Azterketaren bat izan banu bederen...zerbait idazteko...
Ba aste santuan Gironan izan ginen 3 lagun. Ikus-ga-rria. Guztiz gomendagarria. Ze ondo pasatu genuen.
Bertan izan genuen aurtengo lehen kontaktua itsasoko ur gaziarekin, gazi-gaziarekin. Eta hotza. Gorputza berpiztuta etorri ginen, arima baita. Lehen txapuzoia. Gorputz osoko mina. Hamar bat segundu izan ziren Neptunoren tenpluan pasako genituenak. Gehiago ezin zen. Baina handik irtetzean...gorputza bero-bero. Gihar guztiak kontrakziotik erlajaziora pasata. Bizigarria.
Gaur, bigarren txapuzoia hartu dut. Oraingoan Kantauri itsasoan, Getarian. Harroka arte batean sartu gara, goroldio labainkorrarekin gudan, olatu artera, itsaso haserrea gure laztanez baretu guran. Bizigarria izan da. Gaur biziago nago. Busti-busti egin, oraingoan ur ez hain hotzetan. Ondoren, muskerrak baiginen harroka zabal baten gainean luze etzan eta lehortu arte.
Bi-zi-ga-rria.
Ez dakit aurtengo udan bainurik hartuko dudan. Akaso, urteko azkena izan da. Nahiz eta Karibea gertu izango dudan. Tentagarria dirudi...jakinaren gainean egongo zarete...
...bitartean...animatu aurtengo lehen txapuzoira!
Hiru aste geratzen zaizkit hiru hilabeterako Venezuelara abiatzeko. Euskal Herria atzean utziz, lagunak, familia eta nire herria ozeanoaren beste aldera ikusteko.
Artean hiru azterketa geratzen zaizkit. Ez naute bereziki estutu lauhileko honetan azterketek. Bizitzan une guztiak berdinak ez direla guztiok dakigu, eta nik une honetan ez diet eman orainarte eman izan diedan garrantzia ikasketei. Horrek ez du esan nahi atzean uzti ditudanik, ezta gutxiago ere!
Zuei nire berri emateko gogoa nuen aspaldidanik, baina nagikeriak garaitzen nau lauki txuri honen aurrean jartzen naizen aldi oro.
Gaur, ikasteko nagikeria idazteko nagikeriakin borrokan hasi da. Eta zuen laguntzaz, badakizue nork irabazi duen guda.
Venezuela. Nere jomuga esan zidatenetik nonahi ikusi eta entzuten dut herrialde honen izena. Venezuela. Itxura ona dauka, ezta? Chavez dela eta ez dela, Euskal Selekzioaren partidua dela, ez dakit noren ezkonbidaia dela, errefuxiatu hura han izan zela, baten amonaren anaia hangoa dela...Dela...dela...venezuDela.
Eusko Jaurlaritzak emandako beka baten bitartez egingo dut bidaia. Meridako estatura noa, Zea izeneko herritxo batera, Andeen besarkada freskoa jasotzera.
Bertan GKE batekin egingo dugu bat. Saprendeh. (Yo creo ke saprende mucho!) Urritasun psikikoa duten pertsonekin lan egingo dugu boluntario gisa. Ni fisio bezala noan arren, nirekin batera psikologo bat eta kazetari bat ere joango da.
Oraingoz ezer gutxi dakigu bertan egingo dugunaren inguruan, baina gogotsu nago. Burua hortan dudala. Nola kontzentratu hortaz biharko azterketako apunteetan?
Kafesne bat gailetekin hartuko dut, ea motibatzen nauen.
Ez naiz zoratu, lasai. Bi egunetan bi mezu. Ez naiz zoratu, lasai.
Zuen belarrietara zerbait hurbildu nahi dizuet.
Zuetako batek ezagutzen du. Akaso batek baino gehiagok. Baina batek behintzat bai.
Hor zehar aurkitu dut. Nire espazioan.
Argazki bakoitzak zerbait kantatzen dizu belarrira. Sugerenteak dira argazkiak, eta beraien barrutik datozten kantak.
Entzun...entzun...
Ez da publizitatea egiteko modu merke bat. Edo bai.
Entzun...
PD: azkenean argazki bakoitzak leku berdinera garama...bakoitzak asma beza doinu bakoitzari ze argazki dagokion...

Aurrekoan esan zidaten Nafatalinak jadanik kiratsa zeriola. Ez da hala Tete?(milesker gogoratzearren!!) Ez zitzaion arrazoirik falta. Ezta zuei ere. Galduta nabil. Ez dakit non baina galduta nabil, bai. Baina lasai, Gartzen, Pako Lobatoni deitu baino lehen nire buruarekin saiatuko naiz.
Parranda gutxi egin dut. Eibarren ez nintzen izan, Julen. Aritzek gauza bera galdetu dit, ea han izan nintzen. Berak dantza egin zuen antza. Zuk kantatu, suposatzen det.
Eta irakurle txarra naizen arren, zuen etorriei botatzen diet oraindik ere begiratu bat edo beste. Askotan kadukatutako yogurrak bezala harrapatzen ditut. Jateko gogoz, baina jateak zentzurik ez!! Iraungipen data pasata baitute! Eta ez det erantzunik ezartzen. Zer esan daiteke hauteskunde kanpainari buruz, alkate berriak jadanik beren bulegotan daudenean? Deus ez!
Beraz, Bilboko parranda baten zain geratuko naiz, eskuak gurutzatuta ditudala, Mizpira eta Etxek bada ere eguneratu nazaten blogosferako kulebroien berri. Artxandakoa izan zitekeenaren istorio gauzatugabe bat bezala gogoratuko dut betirako, bihotzean, eta alde zarreko zuritoez ito beharko ditut kurtso hasierako ilusio oro.
Beno eta orain nik eguneratuko zaituztet. Hona hemen nire etorkizun hurbilaz lotutako 4 argazki:




Hori da uztailetik aurrera etorkizunak zabalduko didan bidea. Bide ez hain asfaltatua. Bide ez hain erraxa. Baina ilusioz gainezka abiatuko dudan bidea.
Jakin nahi duzue? Zer intuitzen duzue? Txiste errexak ere onartzen dira. Zer ginateke txiste errexik gabe? Zuen txanda.
Laister kontatuko dizuet.
Mua, mua, mua.
Azken erantzunak
Askotan ahanzturan desagertuko zirela uste nuen ideientzat txoko bat aurkitu dut nire barnetik at.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | ||||
| 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 |
| 11 | 12 | 13 | 14 | 15 | 16 | 17 |
| 18 | 19 | 20 | 21 | 22 | 23 | 24 |
| 25 | 26 | 27 | 28 | 29 | 30 | |