
Horra artista parea, karakola ta barea, edo hobe esanda Pako ta Mikel, edo Aristi ta Markez, Francisco ta Miguel, akaso. Parea edonola.
Askotan kexatzen gara gure inguruan kultur ekitaldi gutxi egiten direla esanez, baina jendea mugitzen al da benetan kultur ekintza bat iragartzen denean? Jendeak hartzen al du denbora zine, antzerki, kontzertu, poesi errezitaldi, bertso jaialdi edota dantza ikus-entzutera joateko?
Aurrekoan Asier Ormazari entzuten nion Euskal Herrian ez dagoela aretoak betetzeko kultura errotuta. Jendea joaten dela baina oso zaila dela areto bat toperaino beteta aurkitzea. Hori bai, "ikusi beharreko" emanaldi bat dagoen bakoitzean sarrerak agortuak, eta hurrengo egunean etxean egindako lan on bat ikusteko lau katu.
Gaurkoan Leioako unibertsitateko liburutegiko areto nagusian bi artista hauek izan ditugu taula gainean. Mikel eta Pako. Aretoa ez da gauza handia, baina bertan ginenon kopurua ez da handiagoa iza. Nire hatzekin zenbatu ditut bertan ginen 14 partaideon itzalak.
Garestiak direla kultur ekintzak? Ez dut ezetzik esango, ni ere ez bainaiz sarritan joaten denetarikoa, baina garestiagoak dira fulbolerako sarrerak edo pelotarakoak eta estadioak eta kantxak erraxago betetzen dira.
Gaurkoak ez zuen garestiaren aitzakiarik. Debalde izan baita. Halere, unibertsitatean ez du antza erakarpenik sortu. Kartel gutxi ikusi ditut paretetan. Publizitate gutxiegi, agian. Ez dakit zer pentsatu.
Gauza da, lagunarte bat zirudiela, famili giro atseginean. " Hi Pako," "Zer, Mikel" elkarrizketan jardun dute, kantuan, poesian, galdera zailei erantzuna topatu guran, tabuak azalerazi nahian, artista parea. Mikelek bere musikaz goxatuko ginduenaren dudarik ez neukan, baina Pako Aristi jaunak ustekabean harrapatu nau, "Pianoa jotzen ere badaki eta!" eta poeta hutsa izaten jarraitzen du, eta "Hara! Txirula eta aho-soinua!" eta poeta izaten jarraitzen du, eta "Gaita ere, Pako?! Hoiek dituk birikak hoiek" eta poeta izaten jarraitzen du, eta "Mikelekin duoan abesteko ausardia ere ba al dik?! Eta nolako ahots grabe sakona duen berak! " eta...poeta izaten jarraitzen du. Eta ez nekizkien eta jakingo ez ditudan beste mila gauza.
Bien elkarrulertze ironikoak bizitasuna eman dio ikuskizunari. Goxo egon gara geunden apurrok. Eta gogorarazi digute tabuekin biziz gero, bizi ordez, erdi bixi egingo dugula gure bizitza, eta zoriontsu bizitzeko formularen zati handi bat "zarena esaten duzuna izatea" dela.

Azken erantzunak
Askotan ahanzturan desagertuko zirela uste nuen ideientzat txoko bat aurkitu dut nire barnetik at.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | |||
| 5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 |
| 12 | 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 |
| 19 | 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 |
| 26 | 27 | 28 | 29 | 30 | 31 | |