

Hariz josi zituen eskumuturrak eta orkatilak. Larruz lepoa. Linoa soinean. Azal beltza azpian. Dizdira begiradan. Oroitzapena. Oroitzapenak. Hainbeste. 



Batzutan zein errexa dirudien musika sortzeak...ta ze zaila egiten zaidan neri!!
Irakasle bat behar dut, tambor hotsa sortzeko. Erritmoz.
Baina ze ondo pasatu genuen! Egunek luzeak baziruditen ere berehala igaro zen lehen hilabetea Venezuelan. Andeetako mendilerro malkartsuek uste baino misterio gehiago ezkutatzen zuten beraien bidezidorretan.
Zerua ikutzetik zenbat eta gertuago egon, orduan eta urrunago ikusten ziren bai zerua baita lurra ere. Oxigenoaren eskasiak isildutako eremuan gorputzak geroz eta dardartiago zeuden, maletan ximurtutako berokien esperoan.
Izerdiak larruazala estaltzetik elurraren jarioa ukitzera heldu ginen ti-ta batean. Zorabioa, nekea eta ondoeza ez ziren nahikoak izan gailur hartako edertasuna hondatzeko.
Frailejoiek estaltzen zuten mendia hotzetik babestu guran, eta beraiek txuri eta leun elurrezko basamortu bat irudikatzen zuten.
Bailarak zeharkatuz, errekak jarraituz, mandoen gidaritzapean iritsi ginen herrixka lotsati hartara. "Los Nevados".

Kale batek banatzen zituen alde bateko eta besteko etxebizitzak, elizari ongietorria emateko. Aldapa gogorrean eraikitako etxetxoek barnean jakinminez jositako begiak ezkutatzen zituzten, bisitari berriei so, lur urrunetatik etorritako erromesei so.
Kandelen argi isilpean jandako janari goxo eta epelak eta hamaken kulunkan ilargi betearen babesean izandako solasaldi atseginak begiak itxi zituen Andeen bihotz-bihotzean.

Ilargi beteak argitu gintuen, eguzkia bailitzan. Ilargi beteak argitutako gauetan zerbait gertatzen da nigan, beno, askorengan, baina zorakeriak egitera bultzatzen gaituen indar batek erakartzen gaitu antza.
Atzo ilargiak bidea argitu zigun. Hemen, beste puntan. Ta berari so nengoela, horko begietaz oroitu nintzen. Ilargiari begira zeuden begi zoroetaz. Gure begiak ilargiaren isladan gurutzatu zirela konturatu nintzen. Ilargiari begira zegoen zoro bete horren begiradaz.
Hodeiek alfonbra txuria egin zioten ilargi potoloari zeru beltzean, guri bide aldapatsuko harri txuriek egin ziguten moduan. Gora eta gora, kasik ilargiaren berotasunarekin elkartzerarte.
Bertan, are eta gertuago nabaritu nuen zure begirada, ilargiaren begietatik begira. Zirrara batek larrua zutitu zidan. Hemen beste puntan. Haize putzada batek belarri ostean kilimak egin zizkidan une berean.
Hemen, beste puntan.
Begiko azkurea ez zait joaten, inondik inora. Lastima, krema miragarria hor utzi izana. Bestela, moskitoek ez gaituzte hain gaizki tratatu. Los zancudos no nos picaron demasiado papito! Akaso Erikak ez du gauza bera esango. Bere odola antza denez goxoagoa da. Guretzako repelenterik onena da Bera.
I
Ihintzak berriz bere herriko festak faltan bota ditu. Eta botako ditu. Baina hori dela eta ez da moskitoetaz gehiegi kexatu.
Niri ordea begiak asko pikatzen dit. Nivea pote oso gastatuko dut martxa honetan. Eguraldiagatik izango da akaso. Auskalo. Baina begiak asko pikatzen dit.
Ihintza eta Erikakin bizi naiz, Maribelenean. Edificio Don Leoncioko alokatutako apartamentu batean. Maribel eta bere alaba gurekin bizi dira. Beno, gu bizi gara beraiekin.
Ateak beti zabalik daude Maribelenean. Orokorrean Zeako herritxo honetan ateak beti daude zabalik. Bizilagunen arteko joan-etorriak, sartu-irtenak...Kakalardoen sartu-irtenak, inurrien laisterketak eta apetonamenduak, txorien txorrotxioa ohe gainean...eta zer ez! Ateak zabalik guztientzat.
Irati eta Iratxe, berriz, beste herritxo batean bizi dira. San Franen. Beraiek beste zentro batean lan egiten duten arren, asteburuetan elkartzen gara beti.

Gure zentroan gauzak bere horretan darraite. Lilianak beste erorketa bat jasan du, eta bere beso elbarria oraindik eta minberago geratu da.
Gabrielak kafeagatiko borroka armatuan(bere azkazal, ukabil eta hortzak arma gogor) jarraitzen du. Kontuz!
Quinterori tratamentua aldatu diote, zentrotik ihes egiten jarrai ez dezan. Bera zaintzea Beobia-Donostia prestatzeko entrenamentu egokia izan dezaket.
Etabar, etabar, etabar...
Baina lasai...guztia ez da eta lana hemen. Laister nator gehiagorekin...

Venezuelak ez nau blogalizatu. Guztiz kontrakoa, desblogalizatu egin nau.
Hainbeste kontu kontatzeko eta hain espazio gutxi hemen berauek pausatzeko.
Herrialde honetara eginiko bisita aurrera doa. Gustora gabiltza chavista eta ez-chavista artean. Salsero, merengero edo bayenatero artean. Gure mutxatxitoen artean.
Mutxatxitoekin egiten dugu lan. Hala deitzen diegu hemen lan egiten dugun zentroko neska-mutikoei.
Urritasun psikikoa dutenen zentro batean gaude. Gogorra da unetan bertan egotea. Denetarikoak daude: maitagarriak, ez hain maitagarriak, isilak, eskandalosuak, serioak, irribartsuak... Denetarik dago gure Velereoan.
Kontu gehiagoz bustiko zaituztet berriki, baina bitartean begira-begira nola gabiltzan argazki bidez...http://www.flickr.com/photos/ihintza_agirretxe/





Bostak ditut nirekin.
Bostek sentiarazten didate.
Bostez gozatzen dut.
Bosten beharra dut.
Bostetan sinisten dut.
Bostekin bizi nahi dut.
Batzutan onerako, beste batzutan ez hain onerako. Txarrerako ere bai sarritan. Baina beti bost.
Errealitateari ihesi doanak beraiekin eten eta han urruneko galaxian berriz pizten ditu, zerbait hobeagoaren bila.
Nik itzalita ez nituen arren, su emango diet berriz ere. Ez erretzeraino noski, pizteraino soilik. Beraien beroaz sentitu, sufritu, tristetu, suntsitu, harritu, mugitu, zuritu, gorritu, lasaitu, amestu, pozoindu, kontatu, kontutu, kantatu, sumatu, maitatu, gozatu, horditu, umeldu....
Banoala bostak motxilan sartuta. Kulero batzuk ere. Eta sandaliak. Eta krema. Boligrafo bat edo arkatza. Nahikoa. Minigona ere? Txaketarik ez. Aspirinak. Pintzak, nola ez. Ez zait dena sartuko. Beno banoa, bostak eta ilusio pila bat hartuta. Beste guztia? Ez da ezinbestekoa.

2007ko lehen txapuzoia aste santuan eman nuen. Zoragarria. Bizigarria. Hotza, oso hotza. Hotzegia. 15 bat gradu? Oso hotza.
Gironako ur hotzetan izan zen, ur oso hotzetan. Hotza.
Ez nuen ezer aipatu hemen, zeharo lagata nengoen garaiak ziren antza. Azterketaren bat izan banu bederen...zerbait idazteko...
Ba aste santuan Gironan izan ginen 3 lagun. Ikus-ga-rria. Guztiz gomendagarria. Ze ondo pasatu genuen.
Bertan izan genuen aurtengo lehen kontaktua itsasoko ur gaziarekin, gazi-gaziarekin. Eta hotza. Gorputza berpiztuta etorri ginen, arima baita. Lehen txapuzoia. Gorputz osoko mina. Hamar bat segundu izan ziren Neptunoren tenpluan pasako genituenak. Gehiago ezin zen. Baina handik irtetzean...gorputza bero-bero. Gihar guztiak kontrakziotik erlajaziora pasata. Bizigarria.
Gaur, bigarren txapuzoia hartu dut. Oraingoan Kantauri itsasoan, Getarian. Harroka arte batean sartu gara, goroldio labainkorrarekin gudan, olatu artera, itsaso haserrea gure laztanez baretu guran. Bizigarria izan da. Gaur biziago nago. Busti-busti egin, oraingoan ur ez hain hotzetan. Ondoren, muskerrak baiginen harroka zabal baten gainean luze etzan eta lehortu arte.
Bi-zi-ga-rria.
Ez dakit aurtengo udan bainurik hartuko dudan. Akaso, urteko azkena izan da. Nahiz eta Karibea gertu izango dudan. Tentagarria dirudi...jakinaren gainean egongo zarete...
...bitartean...animatu aurtengo lehen txapuzoira!
Hiru aste geratzen zaizkit hiru hilabeterako Venezuelara abiatzeko. Euskal Herria atzean utziz, lagunak, familia eta nire herria ozeanoaren beste aldera ikusteko.
Artean hiru azterketa geratzen zaizkit. Ez naute bereziki estutu lauhileko honetan azterketek. Bizitzan une guztiak berdinak ez direla guztiok dakigu, eta nik une honetan ez diet eman orainarte eman izan diedan garrantzia ikasketei. Horrek ez du esan nahi atzean uzti ditudanik, ezta gutxiago ere!
Zuei nire berri emateko gogoa nuen aspaldidanik, baina nagikeriak garaitzen nau lauki txuri honen aurrean jartzen naizen aldi oro.
Gaur, ikasteko nagikeria idazteko nagikeriakin borrokan hasi da. Eta zuen laguntzaz, badakizue nork irabazi duen guda.
Venezuela. Nere jomuga esan zidatenetik nonahi ikusi eta entzuten dut herrialde honen izena. Venezuela. Itxura ona dauka, ezta? Chavez dela eta ez dela, Euskal Selekzioaren partidua dela, ez dakit noren ezkonbidaia dela, errefuxiatu hura han izan zela, baten amonaren anaia hangoa dela...Dela...dela...venezuDela.
Eusko Jaurlaritzak emandako beka baten bitartez egingo dut bidaia. Meridako estatura noa, Zea izeneko herritxo batera, Andeen besarkada freskoa jasotzera.
Bertan GKE batekin egingo dugu bat. Saprendeh. (Yo creo ke saprende mucho!) Urritasun psikikoa duten pertsonekin lan egingo dugu boluntario gisa. Ni fisio bezala noan arren, nirekin batera psikologo bat eta kazetari bat ere joango da.
Oraingoz ezer gutxi dakigu bertan egingo dugunaren inguruan, baina gogotsu nago. Burua hortan dudala. Nola kontzentratu hortaz biharko azterketako apunteetan?
Kafesne bat gailetekin hartuko dut, ea motibatzen nauen.
Ez naiz zoratu, lasai. Bi egunetan bi mezu. Ez naiz zoratu, lasai.
Zuen belarrietara zerbait hurbildu nahi dizuet.
Zuetako batek ezagutzen du. Akaso batek baino gehiagok. Baina batek behintzat bai.
Hor zehar aurkitu dut. Nire espazioan.
Argazki bakoitzak zerbait kantatzen dizu belarrira. Sugerenteak dira argazkiak, eta beraien barrutik datozten kantak.
Entzun...entzun...
Ez da publizitatea egiteko modu merke bat. Edo bai.
Entzun...
PD: azkenean argazki bakoitzak leku berdinera garama...bakoitzak asma beza doinu bakoitzari ze argazki dagokion...

Aurrekoan esan zidaten Nafatalinak jadanik kiratsa zeriola. Ez da hala Tete?(milesker gogoratzearren!!) Ez zitzaion arrazoirik falta. Ezta zuei ere. Galduta nabil. Ez dakit non baina galduta nabil, bai. Baina lasai, Gartzen, Pako Lobatoni deitu baino lehen nire buruarekin saiatuko naiz.
Parranda gutxi egin dut. Eibarren ez nintzen izan, Julen. Aritzek gauza bera galdetu dit, ea han izan nintzen. Berak dantza egin zuen antza. Zuk kantatu, suposatzen det.
Eta irakurle txarra naizen arren, zuen etorriei botatzen diet oraindik ere begiratu bat edo beste. Askotan kadukatutako yogurrak bezala harrapatzen ditut. Jateko gogoz, baina jateak zentzurik ez!! Iraungipen data pasata baitute! Eta ez det erantzunik ezartzen. Zer esan daiteke hauteskunde kanpainari buruz, alkate berriak jadanik beren bulegotan daudenean? Deus ez!
Beraz, Bilboko parranda baten zain geratuko naiz, eskuak gurutzatuta ditudala, Mizpira eta Etxek bada ere eguneratu nazaten blogosferako kulebroien berri. Artxandakoa izan zitekeenaren istorio gauzatugabe bat bezala gogoratuko dut betirako, bihotzean, eta alde zarreko zuritoez ito beharko ditut kurtso hasierako ilusio oro.
Beno eta orain nik eguneratuko zaituztet. Hona hemen nire etorkizun hurbilaz lotutako 4 argazki:




Hori da uztailetik aurrera etorkizunak zabalduko didan bidea. Bide ez hain asfaltatua. Bide ez hain erraxa. Baina ilusioz gainezka abiatuko dudan bidea.
Jakin nahi duzue? Zer intuitzen duzue? Txiste errexak ere onartzen dira. Zer ginateke txiste errexik gabe? Zuen txanda.
Laister kontatuko dizuet.
Mua, mua, mua.

Horra artista parea, karakola ta barea, edo hobe esanda Pako ta Mikel, edo Aristi ta Markez, Francisco ta Miguel, akaso. Parea edonola.
Askotan kexatzen gara gure inguruan kultur ekitaldi gutxi egiten direla esanez, baina jendea mugitzen al da benetan kultur ekintza bat iragartzen denean? Jendeak hartzen al du denbora zine, antzerki, kontzertu, poesi errezitaldi, bertso jaialdi edota dantza ikus-entzutera joateko?
Aurrekoan Asier Ormazari entzuten nion Euskal Herrian ez dagoela aretoak betetzeko kultura errotuta. Jendea joaten dela baina oso zaila dela areto bat toperaino beteta aurkitzea. Hori bai, "ikusi beharreko" emanaldi bat dagoen bakoitzean sarrerak agortuak, eta hurrengo egunean etxean egindako lan on bat ikusteko lau katu.
Gaurkoan Leioako unibertsitateko liburutegiko areto nagusian bi artista hauek izan ditugu taula gainean. Mikel eta Pako. Aretoa ez da gauza handia, baina bertan ginenon kopurua ez da handiagoa iza. Nire hatzekin zenbatu ditut bertan ginen 14 partaideon itzalak.
Garestiak direla kultur ekintzak? Ez dut ezetzik esango, ni ere ez bainaiz sarritan joaten denetarikoa, baina garestiagoak dira fulbolerako sarrerak edo pelotarakoak eta estadioak eta kantxak erraxago betetzen dira.
Gaurkoak ez zuen garestiaren aitzakiarik. Debalde izan baita. Halere, unibertsitatean ez du antza erakarpenik sortu. Kartel gutxi ikusi ditut paretetan. Publizitate gutxiegi, agian. Ez dakit zer pentsatu.
Gauza da, lagunarte bat zirudiela, famili giro atseginean. " Hi Pako," "Zer, Mikel" elkarrizketan jardun dute, kantuan, poesian, galdera zailei erantzuna topatu guran, tabuak azalerazi nahian, artista parea. Mikelek bere musikaz goxatuko ginduenaren dudarik ez neukan, baina Pako Aristi jaunak ustekabean harrapatu nau, "Pianoa jotzen ere badaki eta!" eta poeta hutsa izaten jarraitzen du, eta "Hara! Txirula eta aho-soinua!" eta poeta izaten jarraitzen du, eta "Gaita ere, Pako?! Hoiek dituk birikak hoiek" eta poeta izaten jarraitzen du, eta "Mikelekin duoan abesteko ausardia ere ba al dik?! Eta nolako ahots grabe sakona duen berak! " eta...poeta izaten jarraitzen du. Eta ez nekizkien eta jakingo ez ditudan beste mila gauza.
Bien elkarrulertze ironikoak bizitasuna eman dio ikuskizunari. Goxo egon gara geunden apurrok. Eta gogorarazi digute tabuekin biziz gero, bizi ordez, erdi bixi egingo dugula gure bizitza, eta zoriontsu bizitzeko formularen zati handi bat "zarena esaten duzuna izatea" dela.

Denboratxoa pasa da azken ostegun sozialetik. Aste bete baino ez aurreko ostegunetik, baina guztiak ez dira sozialak izaten. Gaurkoak soziala izateko itxura guztia dauka, baina batek daki. Leihotik begira nago. Ikasle pisu aldrebestu bateko logela aldrebestutik. Auskalo zenbatek lo egin duten koltxoi zaharra lurrean botata, maleta ustu gabe bat aldamenean eta Salamankako katedrala begien aurrean. Hiria maisutasunez altxatzen da leiho honen begietatik. Pinuen artetik kinuka eraikuntza ahalguztidun horiek. Herriaren ezaugarri den harri kolore berezi horrekin. Bai, Salamankan aurkitzen naiz. Azterketak bukatuta, unibertsitate ikasleen erreinuan, garai ez oso urrunen oroitzapen hatsa darion hiritxoan. Maitasun berezi batez gogoratzen dut feudo kastilar hau. Bertako kaleetatik pasiaran, gauzak ezer gutxi aldatu direla antzeman dezaket. Akaso taberna baten izena aldatu da edo obretan utzi nuen kale hura biziberritu. Baina Salamankako harriak kolore berdinekoa izaten darrai. Erakusleihotan urdaiazpikoak zintzilik jarraitzen dute. Ikasleek arnasa ematen diote hiri zaharrari. Osteguna da. Salamankak ezin digu huts egin. Ezta guk ere berari. Espero dut biharkoa ostiral asoziala ez izatea. |
Ez nago oso hiztun gaur. Baina zertxobait jardungo dut hemen.
Egia esan, gaurko xedea, guztiz propagandistikoa da. Beste blog baten helbidea gerturatu nahi dizuet, akaso interesatuko zaizue eta.
Blog astun xamarra da, aitortzen dut, baina nere betebeharra da berau saldu gura izatea.
Urtarrila hasi berri, oporraldia bukatu berri, eskolako lanak entregatzen hasteko unea heldu da unibertsitatera.
Euskal Prentsari buruzko lana egin dugu. Hori entzun eta gero, askok ez duzue hau irakurtzen jarraituko. Baina zuk aurrera badarraizu, akaso, interes pixkat duzulako izango da, edo? Ez, akaso hasi duzuna bukatzearren baino ez da.
Dena dela, Euskal Prentsaz dihardugu gure blog horretan. Horri buruz zerbait esateko baduzu, ateak zabalik dituzu. Lana formatu hontan aurkeztu izanaren arrazoi nagusia hori izan baita, jendearen partehartzeaz lana aberastea, alegia.
Guk Euskal Prentsaz uste duguna laburbilzten dugu "gure kritika" atalean. Zuretzat zer da Euskal Prentsa? Ze etorkizun dauka? Ze egoeratan aurkitzen da? ....
Erantzun, erantzun...baina http://www.blogari.net/Gureprentsa blog gunean.
Beno, eta testu hau bukatzearren baino ez baduzu irakurri....zer moduz?? Ondo?? Urte berriak ze itxura dauka?? Zer bazkaldu duzu gaur?? Zelan dijoa hozkirri hori?? Zer da zuretzat Euskal Prentsa?? ;-)
Laster arte!!
Urte berriak bosgarren orduari sarrera eman berri zion. Gauzak nahi bezela hasi ote ziren galdetzen zion bere buruari. Baietz pentsatu nahi zuen. Bai. Baina urteko bosgarren orduan udazken orriz apaindutako pijama soinean zuela pantailari hitz galduak oparitzen ari zen. Ez ote ziren gauzak berak nahi bezala hasi? Baietz pentsatu nahi zuen.
Hortzak garbitu berri, ahoa fresko-fresko nabari zezakeen, azken tabernako garagardo indargearen zaporea guztiz ezkutatu guran. Eta pantailari hitz galduak oparitzen jarraitu zuen, honek urte berrirako zorterik onena opatu ez bazion ere. Eta berriz galdetu zion bere buruari gauzak berak nahi bezala hasi ote ziren. Baietz pentsatu nahi zuen.
Begiak beltzez margoturik zituen oraindik, ilun, zikin, goibel, garbitzeko malko gazien zain baleude legez. Baina malkoak ez ziren beraien lekutik aterako, ez pantaila begira zuten artean behintzat. Baina gero bai, pantailak argiak itzaltzean malkoek begietako ikatz arrastoak eramango zituzten beraiekin. Zergatik ordea? Gauzak nahi bezala hasi baziren? Baietz pentsatu nahi zuen.
Urte berria seigarren orduari atea zabaldu nahian zebilen, eta berak, pantailara begira azken garagardoaren zapore indargea gogoratzen zuen, malkoez begi beltzak garbitzen zituelarik. Gauzak hobeto hasi izan balira ez litzateke pantailari hitz galduak oparitzen egongo. Halere, baietz pentsatu nahi zuen.
Azken erantzunak
Askotan ahanzturan desagertuko zirela uste nuen ideientzat txoko bat aurkitu dut nire barnetik at.
| << | >> | ||
| Urt | Ots | Mar | Api |
| Mai | Eka | Uzt | Abu |
| Ira | Urr | Aza | Abe |