Artxiboak: Abendua 2006

2006-12-27

Permalink 10:38:44, Atalak: saregulandia, 182 hitz  

Hitzetik...hortzera

 Zer ginateke aho barneko estalaktita txuri edo ez hain txuri horiek gabe? Mini-pimmerrak deuseztutakoa baino ezingo genuke sabeleratu. Edo ahoan bueltaka ibiliaren ibiliz xurgatzen direnak baino ez. Eta ze ederra den kras-kras jatea.

 Hor ditugu halere, askotan abandonaturik, gure gorputzeko zati hil batzuk izango balira moduan. Gogor-gogor hor baitaude, isilik. Eta nik, garbitualdi bakoitzean ez diet minutu bat baino gehiago eskeintzen. Aspertu egiten nau komuneko ispiluari begira egoteak ahotik aparra irten eta eskubila erritmo frenetiko batean mugitzen dudan artean. Ahoa ustu, urez garbitu, toaila pasa eta fuera!!

Ba ez daude hilak antza denez gure hortz maiteak. Noizean behin kanpaitxoa jotzen digute, "hemen gaude eta ez bereziki hilak!!" esaten digutelarik. Orduan ibuprofenoz edo nolotilez ixilarazi nahi izaten ditugu, drogaz ahoa ixilarazi, beste batzuk egiten duten moduan. Baina batzutan pilula oro alferrikakoa da, bihotza ahora igotzen dela baitirudi.

Hortzek irribarre batez pertsona baten alderik politena atera dezaketen moduan, flemoi batez aurpegi bat aldrebestu dezakete. Nerekin egin nahi duten moduan!! Turroi gogorrik ez dut jan ba.

Beraien morroi bihurtu nahi ote gaituzte? Ni behintzat saiatuko naiz erregeen pare zaintzen!! Badaezpada ere!

2006-12-22

Permalink 18:22:21, Atalak: saregulandia, 333 hitz  

Egun hauek...

Gabonetako oporrak. Neguko solstizioko oporrak.

Aste santuko oporrak. Opor motzak. Motz-motzak.

Udako oporrak. Opor luzeak. Luze-luzeak.

Aspaldi oporrik izan gabe nintzen. Bi aste oporretan. Zer da hori!! Bi aste inungo betebeharrik gabe, beno, nik nere buruari ezarritako betebeharrak. Baina oporretan, libre. Bi aste. Jesus jaio dela eta urtea bukatu dela eta erregeak datozela, eta olentzero eta Mari Domingi. Guzti hori dela eta bi aste opor!! Ze ederki!

EITBk ere aurten gabonetako espirituan sinisten dutenak soilik zoriondu ditu. Besteak, neskatxa txinatarraren irriparreaz liluratuta utzi ditu. Gabonetako espiritua aurkitu beharrik gabe.

Espiritua izan edo ez izan jendea alai nabari daiteke. Nola ez da ba jendea alai egongo oporretan badago! Batzuk egun bat edo bi izango dituzte, beste batzuk aste bat inguru. Beste batzuk bi aste opor!! Nola ez gara ba pozik egongo?

Udako oporretan ez bezela, hemen ez dago "bikini operaziorik", "gantz pilaketa operazioa" baizik. Negu gogorrari aurre egiteko. Hotzik ez pasatzeko. Gizakiari gehien gustatzen zaion plazerretako baten bitartez, jatea, alegia. Jan eta jan. Plazerra ematen duten jakiak gainera, gutiziak. Nola ez da ba jendea pozik egongo!?

Ez dakit gabonetako ilusioa non dudan, nonbait baldin badut oraindik, baina pozik nagoela ezin uka dezaket. Oporrak, Santo Tomas, urtean zehar gutxitan jaten diren jakiak mahai gainean(angulak ez diren arren), kanpoan egon diren lagunekin poteo epelak, lehengusuen arteko "Party" jokoak, Gabon zarretako perixia, bufanda potoloaren azpitik ateratzen den lurruna, parrandak, txanpana...

Guzti horrekin zertarako behar ditut kalean dauden argi guztiak? Zertarako Corte Ingleseko eskaintza guztiak? Zertarako opariak eta opariak erosteko buruhasuteak? Zertarako horrenbeste "Zorionak eta Urte Berri on" alde guztietan?

Pozik nago loteria tokatu ez zaidan arren. Pozik nago jendea pozik dagoelako. Oporrak direlako. Eta jendea oporretan pozik egon ohi da.

Urtarrilak 8an izango dira kontuak!! Eta faltan botako ditudanak oporrak izango dira, kanpoan dauden lagunekin izandako poteo epelak, lehengusuekin party jokoak...ez ordea, horrenbeste diru eta energia kostatu duten argi eta publizitateak.

Ondo ondo pasatu neguko solstizioko oporrak!! Eta oporrik ez baduzu...ba, disfrutatu EITBko iragarkiko neskatxaren irribarreaz.

2006-12-11

Permalink 12:35:36, Atalak: saregulandia, 200 hitz  

Arrankatzen ere badaki

Bata dela eta bestea dela, kontua da azken egun hauek etxetik irtetzeko aprobetxatu ditugula. Gabonetako oporren aklimatazio gisa hartutako oporralditxo laburra izan da abenduko zubi hau.

Hor goian dituzue gure bidaiako bi protagonista nagusiak. Ikatz txakurra eta Tortolika zaharra. Arrankatzen ere badaki, txit poliki, txit poliki...

Bi hilabetetako txakurkumeak lehen aldiz zapaldu du Pirineotako elur bota berria, nere antzera kasik-kasik. Ez dakigu zihur ze arrazatakoa den, baina maitagarria da benetan, bere hozkadak, inkontinentziak eta negarrak eta guzti. Hanka motza geratuko den beldur da bere jabe hanka luzea. Baina maitagarria izaten jarraituko du Ikatzek, hanka motz eta guzti.

Tortolikak berriz bi hilabete baino zertxobait gehiago baditu, eta ez da Pirineotako elurra zapaltzen duen lehen aldia, ezta azkena ere, espero. Garbi utzi digu ondo zaintzen eta maitatzen ez badugu burugogor jartzen dela eta berari bultza egiten bukatuko dugula. Jeloskor ote dago txakurrari egin diogun kasu guztiagatik? Arrankatzen ere badaki, Tortolika, Tortolika...

Eguraldiak gozatzen utzi digun apurraren inmortalizazioak erakutsiko ditut posible dudanean. Beste une gogoangarri eta gozoak ezingo ditut banan-banan adierazi. Itxi begiak eta sentitu hotza, izugarrizko hotza, dardara...eta bapatean, toki epel batera sartzeak ematen duen gozamena! Belarriak berotzen, dardara apaltzen, gorputz osoa erlaxatzen...Mila momentu, begiak itxita gogoratzeko.

Arrankatzen ere badaki...

2006-12-02

Permalink 00:45:09, Atalak: saregulandia, 114 hitz  

Gauak

Zergatik ez dit aurrez jakinarazten gauak, goizean esnatzea gorroto dudala.

Zergatik ez nau ohera bidaltzen loak.

Zergatik nago hemen zerbait idazten, bihar goizean une hau gorrotatuko dudala dakidan arren.

Ze gutxi gustatzen zaidan gorroto hitza. Itsusia da. Itsusiagoa, ordea, sentimendua. Ez dut gehiago erabiliko hitz hori. Eta espero dut sentimendua ere ez.

Larunbatetan aspertu arte lo egitea atsegin dut.

Bihar larunbata da eta ezingo naiz lotan aspertu.

Beraz, ez iezadazu eskatu nire burua ulertzeko.

Logure naiz lotan aspertuko ez naizen larunbat baten bezperan, eta gauak eta loak oraindik ez naute ohera bidali.

Hitz hauek kateatuta naukate. Askatu ezinik nabil, akaso gustatuko ez zaizkizun esaldi hauek lotu nahian.

Onena hemen bukatzea.

Gabon.

 

Azken erantzunak

Sare

Askotan ahanzturan desagertuko zirela uste nuen ideientzat txoko bat aurkitu dut nire barnetik at.

Abendua 2006
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Sare Gurrutxaga

saregu

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Blog hau sindikatu XML

    Zer da hau?

    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    free 
website stats program

    powered by
    b2evolution