[74 urterekin joan da gure artetik Mikel Laboa Euskal kantari eta musikari ezaguna.]
Gaur ez da eguzkia ageri inongo euskal bazterretan, euria eta elurra ari da mara-mara. Euskal zerua berri txarraren tristeziarekin ados jarri dela dirudi. Azken egunetan, osasunez gaizki zebilenaren zurrumurruak oso zabalduak ziren arren, nork pentsatuko zuen Laboak gure artetik alde egingo zuenik? Berak abesturikoak, maiz euskaldun-berrien eta erdaldunen belarrien gozagarri izateko eredutzat jartzen genituen, baina orain ez da berdina izango… orain ahots horrek beste hainbat kontu gogoraraziko dizkigu…joan egin baita.
Berari egin zitzaion elkarrizketa batean, hemen jaso nahi izan dudan honako anekdota umoretsua kontatzen zuen “Gipuzkoa aldeko herri txiki ugaritan ere abestu dut. Zizurkilen adibidez, eszenarioa aire librean zen eta entsaioan jarri genuen Johann Sebastian Bach-en musika; behi pila bat zeuden larrean, eta denak hurbildu egin ziren altabozetara. Gero musikoa hasi zen abesti moderno bat jotzen, eta behi guztiek korrika ihesi egin zuten. Behi haiek behi klasikoak zirela komentatu genuen.”. Orain behi horiek baserriren bateko ukuiluan egongo dira, edo elur azpian hotzak akabatzen apika, eta Laboak beraien herrian emaniko kontzertuaz gogoratzen badira, konturatuko dira zein zorionekoak izan ziren bere kontzertu batean egotean.
Esan behar da ere, euskararen erabileraren inguruan askotan azaltzen zuela bere kezka: “Aurrerapen handia eman bada ere, euskararen erabilera kalean da benetako arazoa. Hor dago kakoa; jende askok euskara badaki eta ez du hitz egiten.”.
Eta Laboak zer eskatu zion bizitzari? “Bakoitzak zerbait egiteko gaitasun bat dugu, eta nik hori eskatzen diot bizitzari; egiten dudan hori ongi egitea, alegia. Berdin dio kalegarbitzaile edo abokatu, injeniero edo kantaria izan; kontua, egiten duzuna ongi egitea da. Ni agian medikuntzara dedikatu izan banintz, orain diru gehiago edukiko nukeen, baina kantagintzara dedikatu naiz. Gizasemeak oso problematikoak gara eta nahi duzuna modu egokian burutzea, ez da bat ere erraza izaten.”.
Egin zuen hori ondo egin zuenaren duda izpirik ez dugu eta aurrerantzean, dagoen tokian dagoela, dagoen bazterrean dagoela…jakin dezala, gaurko egunez gure inguruko bazterrak lanbroaz ezkutaturik daudela eta gure begiak malkoez.
Nik nire aldetik, urte hasieran Gure Bazterrak abestiarekin egin nuen bideoklipa jarriko dizuet hemen…
Aurtengo otsailaren 1ean, asko maite nuen osaba gazteak Hiru Erregeen Mailan bizia galdu zuen eta euskararen inguruan lanean ziharduten pertsona jakitun ugarik ere aurten utzi gaituzte. Beraz, urte hau niretzat heriotzaz betea izan da eta askotan Laboaren abestiek lasaitzen ninduten, baina orain ordea negar iturri izango direla iruditzen zait.
Erabilitako bibliografia:
http://www.euskonews.com/0029zbk/elkar2901eu.html
Bestelako lotura interesgarriak:
http://www.berria.info/albisteak/30746/Mikel_Laboa_hil_da.htm#iruzkinak
http://www.diariovasco.com/20081201/mas-actualidad/cultura/muere-mikel-laboa-200812010953.html
http://www.gara.net/azkenak/12/109611/eu/Mikel-Laboa-abeslaria-hil-da
http://www.eitb.com/bideoak/osoa/40838/mikel-laboa-hil-da-biografia/
http://eu.wikipedia.org/wiki/Mikel_Laboa
Bere abestien letrak:
http://eu.musikazblai.com/mikel-laboa/
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Ez zekiten ezinezkoa zela eta burutu egin zuten.
____________________________________

lana lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.
Permissions beyond the scope of this license may be available at http://www.blogari.net/praxene.
