Larunbatean manifestazioa Ezkarozen

2007-05-08

Larunbat honetan, Nafarroa Pirinioko ia 100 hautetsik deituta manifestazioa eginen dugu Ezkarozen. PIRINIOA BIZIRIK lelopean Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Luzaide, Orreaga, Erroibar, Artzibar eta Esteribarko herritarrak bilduko gira Nafarroako Gobernuak proposatu duen Garapen Planak ez duelako gure eskualdeko egoera larria aldatuko, eta exigitzen dugu benetako Garapen Plan bat martxan jartzea; eskualdea indarberrituko duen plana, benetan ez badugu biztanlerik gabe gelditu eta hiriko bizilagunen bigarren bizileku eta atseden-leku bihurtu nahi.





PIRINIOA BIZIRIK

Gutuna

2007-05-08

PIRINIOA  BIZIRIK

 

            Hilabete hauetan, ziurrenik, entzun edo irakurri izanen duzue Nafarroako Gobernuak Pirinioa Garatzeko Plan Estrategiko bat martxan jarri nahi duela.

 

            Gure lurraldearen arazo larria dela kausa, Nafarroako Pirinioko toki entitateek behin eta berriro eskatu dute plan hori garatzea; izan ere, gero eta biztanle gutxiago ditugu gure herrietan, ekonomia tradizionala atzera doa, eta, horri, ez zaio alternatibarik ikusten, ez dago gazteak eskualdean bizitzen gelditzera animatzen dituen pizgarririk.

 

            2004. urtean gure komunitateko Gobernuak Nafarroako Lurraldeko Estrategia prestatu zuen. Haren bidez  datozen 25 urteren bitartean gure komunitatean garatu nahi diren jarduketa lerro orokorrak proposatu ziren. Horri alegazioak egiteko epean Nafarroako Pirinioa osatzen duten toki entitateek (Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoa ibarretako Batzorde Nagusiak eta Nabaskoze, Luzaide, Auritz, Orreaga, Erroibar, Oroz-Betelu, Urraulgoiti eta Artzibarko  Udalak) argi ikusi zuten zein zen gure eskualderako han erabakitzen zen etorkizuna, eta, hori dela eta, exijitu zuten berehala aktibatzea eskualderako Emergentziazko Plan bat. Alegazio hori kontuan hartu zen, eta ondoren  Nafarroako Parlamentuak eskakizuna biltzen zuen Lurralde Estrategia onetsi zuen (2005eko ekaina). Erabaki horri jarraikiz, 2006ko urtarrilaren 23an Nafarroako Gobernuak Pirinioa Garatzeko Plan Estrategikoa egitea erabaki zuen.

 

            Planaren garapenaren jarduketa eremuan  Agoitz eta Irunberri sartu zituzten. Gure ustez horien errealitate sozioekonomikoak ez dauka zerikusirik Pirinioko herrietakoarekin, eta, hortaz, hasieratik jarri genuen zalantzan eskualde horiek sartzea eta eskatu genuen jarduketa eremutik kanpo gelditzea, baina gure eskaera ez zen haintzat hartua izan.

            Plan Estrategikoaren jarraipena egiteko mahai bat osatu zen eta horretan Nafarroako Gobernuko Departamendu guztietako ordezkariek parte hartu zuten (hori guztiz positiboa iruditu zitzaigun, departamendu guztietako ordezkariak elkartzea ez genuelako inoiz ere lortu); horietaz gain toki entitateetako sei ordezkari zeuden, Lurraldearen Antolakuntza, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamenduko Kontseilariak izendatuak, eta Cederna-Garalurreko ordezkari bat. Planaren idazketaz eta haren jarraipen teknikoaz Nasursa enpresa publikoa arduratu da.

           

Hasieratik 94 hautetsik esan genuen batzorde horretan eskualdean bertan hautatutako toki entitateetako ordezkari gehiago egon beharko luketela eta baita horiei laguntza emango lieketen teknikari gehiago ere, eskualdetik bertatik lanean aritzeko. Gure helburua zen eskualdetik bertatik lan egitea, irizpideak batuz eta ikuspegi orokorra kontuan hartuz, hala nola toki entitateen ekimenak zein eskualdean lan egiten duten agente ekonomiko eta sozialenak bilduz. Baina planetamendu hori ere ez zen kontuan hartu.

 

            Joan den irailean 2007-2009 epealdiko Garapen Planaren edukia aurkeztu zen eta hori gauzatzeko aurreikusitako dirua 211 milioi eurokoa zen. Haisera batean, aurreikusitako dirua ikusita, planteamendu serioa eta plan bikaina zirudien.

            Baina, hura zehazki  aztertu ondoren (analisi hori Pirinioko 106 hautetsik berretsi dute), ikusi dugu proposatzen dituen zenbait neurri Nafarroako Gobernuko Departamenduetako planetan eta aurrekontuetan sartuak zeudela, hots, gure eskualdean egiten ari diren jarduketak biltzen dituela, eta ez dela  inolaz ere ez, toki entitateetako ordezkariek proposatutakoa isladatzen; toki entitateek proposatzen zutelako Plan Estrategikoaren jarduketek izaera berezia izan beharko luketela, eskualdean martxan dauden jarduketen osagarri.

            Planaren baliabide ekonomikoen %70 (aurreikusitako 211 milioi eurotik 145 baino gehiago), plana prestatu baino lehen aurreikusita zeuden proiektuetarako da, hots, aldez aurretik honestita zeuden edo gauzatzen ari ziren, eta horien garapena ez dago planaren menpe. Adibidez, Jakako autobidea, horretarako 50 milioi euroko aurrekontua  ezarri da.

            Eskualdetik eskatutako Garapen Planarekin bat egiten duten neurriak aurrekontu osoaren %14 dira, gutxi gora behera 30 milioi euro. Horietako neurri asko ikerketa edo proiektuetara mugatzen dira, eta eskualdeko garapenean eragin gehien izan ahalko luketen neurriek aurrekontu txikia dute.

           

Plan horretan ez dira kontuan hartu eskualdetik proposatu eta eskatutako zenbait neurri, haren garapenean benetako eragina izan ahalko luketenak. Neurri horiek arlo batzuekin dute zerikusia, hala nola ESKUALDE BARNEKO ERREPIDEEN HOBEKUNTZA (Isoko Mendatearen erabateko konponketa, Erroko tunelak, Auritz-Izaba errepideko hobekuntza lanak), LANPOSTUEN SORRERA (politika eraginkorrak, Aezkoa-Erro, Zaraitzu eta Erronkarin lanpostuak sortuko dituztenak, batez ere emakumeentzako lanpostuak, Nafarroako Gobernuko benetako inplikazioa eskatzen dutenak, Sodena edo antzeko baten bidez), ETXEBIZITZEN SUSTAPENA (eskualde osoa zeharberritzeko lehentasunezko eskualdea deklaratzea, kontuan hartuz bertako etxebizitzak mantendu eta zaharberritzeak kostu handia suposatzen duela, eta etxebizitza babestuak egitea ahalbidetuko duten politika eraginkorrak aurrera eramatea) eta GIZARTE-POLITIKEN HOBEKUNTZA NABARMENA (batez ere Osasuna eta Hezkuntza arloetan, horietan lan egiten dutenen egonkortasun-eza nabaria delako, eta zentroek behar handiak dituztelako ekipamenduei zein ematen dituzten prestazioei dagokienez).

 

            Aipatutako guztiagatik, uste dugu Nafarroako Gobernuak proposatu duen Garapen Planak ez duela gure eskualdeko egoera larria aldatuko, eta exigitzen dugu benetako Garapen Plan bat martxan jartzea; eskualdea indarberrituko duen plana, benetan ez badugu biztanlerik gabe gelditu eta hiriko bizilagunen bigarren bizileku eta atseden-leku bihurtu nahi. Horrelako plan bat egiteko beharrezkoa da Nafarroako Gobernuko Departamendu guztien, toki entitateen, eta eskualdean ekonomia zein gizarte arloan lan egiten duten agenteen elkarlana eta koordinazioa eta beharrezko baliabide ekonomikoak jartzea, bestela irudia garbitu besterik ez dugu lortuko.

 

            Datozen hauteskundeak direla eta, alderdi politiko guztiei eskatu nahi diegu jarrera garbia erakutsi eta benetako konpromezua hartzea Pirinioa bizirik mantentzeko.

            Hauteskunde kanpainaren hasiera aprobetxatuz, Pirinioko biztanle guztiei dei egiten diegu, ideologia politikoak alde batera utzitza, EZKAROZTIK (Ibarreko Etxearen aurrean) OTSAGIRAINO egingo den MANIFESTAZIOAN parte hartzera, heldu den maiatzaren 12an, 19:00etan, ondoko lemapean:

 

 

 

 

¡POR UN PIRINEO VIVO.  PIRINIOA BIZIRIK!

 



Hau blogaren deskribapen luzea da.

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

pirinioabizi

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Atalak


Estekak

    Artxiboak

    Blog hau sindikatu XML

    Zer da hau?

    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    free 
website stats program

    powered by
    b2evolution