Artxiboak: Otsaila 2007

2007-02-05

Permalink 19:26:33, Atalak: Diskoak  

AFRO-SOUL
AFRICA HOT
Waleoyejide

Shamanwork 2006.

AFRO-BEAT MELENGA

Afro-beat musikaren inguruko irakurketa anitzen artean Waleoyejiderena ez da izango ziurrenik ausartena edo indartsuena, baina bai, AEBtan gero eta orokorragoa den jarrera baten adierazle; gaur egungo soul, R&B edota hip-hop komertzialena afro-beat berezkoarekin uztartzea,belaunaldi beltz berriak Kutiren altxorrera hurbiltzeko asmoz, espero dut. Melenga.
----------
Permalink 18:48:01, Atalak: ostatua  

Rachid Taharen disko berria. DIWAN 2: ARBASOEN LURRETAN ZEHAR


Rocka eta musika Maghrebiarrak uztartzen ospea lortu arren, nahiz eta, bere jarrera kritikoak rai musikaren errebeldea ezizena ekarri, hamaika aldiz musika tradizionalen ustezko babesleen geziak jaso baditu ere, Rachid Tahak ongi ezagutzen du bere herriko, Aljeriako, musika. Horren adibide gertatu zen duela 8 urte kaleratutako "Diwan" (Universal 1998) diskoa.

Erro musikaletara egindako bidaia honetan Tahak hainbat klasiko bisitatzen eta gaurkotzen zituen, bidean errespetu eta ausardiaren arteko alkimia txukuna lortu zuelarik. Agian, hori dela eta, topa daiteke disko honetan bere arrakastarik nagusienetakoa Dahmane El Harrachi handiaren "Ya Rahah" kantuaren bertsioa, alegia.

Handik 8 urtera eta tartean rock, elektronikaz, eta funk musikez betetako 4 disko igaro direlarik (The Clash taldearen "Rock The Casbha"; kantuaren bertsioa barne) , Rachid Tahak berriro heldu dio orduan hasitako bidaiari eta “Diwan 2” (Universal 2006) lana kaleratu berri du joan den urte amaieran. Disko berri honetan kantariak indarberritu egiten ditu kantutegi Magrebhiarreko hainbat kantu klasiko, bide batez, egileak omenduz. Houari Blaoui eta Ahmed Wahby Oraniar egile handiak; “Rani” eta “Mataouel Dellil” kantuetan. Egiptiar mamuak esnatzen ditu Oum Kalthoum eta Abdel Halim Hafezen bertsioak eginez: “Ghanni Li Shawaya” eta “Gana el Hawa” piezetan, eta nola ez, behin zortea ekarri zion Dahmane el Harrachiri omenaldi bikoitza egiten dio “Kifache Rah” eta “Maydoum” kantuen bidez. Hala eta guztiz ere, arrazakeria ironikoki salatuz eta bere erro Afrikarrak baieztatuz Francis Bebey argiak idatzitako “Agatha”, eta Mohamed Mazouniren kantutegitik ateratako “Ecoute Moi Camarade” kantua eta haren tronpeta “mariachiak” dira “Diwan 2” honetako gauzik “xelebreenak”.

Dena den, ez pentsa musika “tradizionalez” betetako beste disko akustikoa denik. Urteetan garatutako sena gidari, kantu guzti hauei irakurketa gaurkotua egin eta rock musikaren eraginez janzten ditu. Horretarako dauka alboan Steve Hillage ekoizle eta aspaldiko “burkidea”. Horrela, darbouka, bibolin eta denbirrek ez dute borrokarik egin behar bateria eta gitarra elektrikoekin, elkarren artean uztartu eta osatu egiten dira, espantukeri eta gehiegikeri arriskuak alde batera utzita. Hortxe agian Taharen musikaren erakargarritasunaren sekretua; nahasketa horren neurri eta tamaina egokia. Finean, Rachid Taha ez baita kantari tipikoa, ez baitu rai kantarien ahots gozo eta landua, rocketik musika tradizionaletik baino gertuago, zakarra eta urduria da haren ahotsa, larritasun egoera etengabean dagoenarena. Arbasoen aintzinako lurretan baino Lyoneko bazter auzoetan hezitako ahotsa.

Carte De Seour, Magrebheko musika eta rocka uztar zitezkeela erakutsi zuen lehen taldean, haren lehen taldean, nabaria zen hori. Are nabariago bakarkako lehen diskoetan “Barbes” (Universal 1991) edota “Rachdi Taha” (Universal 1993), edota “Voila Voila” bezalako kantu erreboltari eta dantzagarrietan (inoiz kantariak lortu duen arrakastarik handienetakoa). Ondoren, “1,2,3 soleil” (Universal 1999) diskoak Magrebheko musiken”gailurrean kokatu zuenean beldur ginen ez ote zen gure “iraultzailea” hondatuko. Bai zera! Hainbat urte nahiko “ilun” eman ondoren, duela hiru urte kaleratutako “Tekitoi” (Universal 2004) diskoarekin kontrakoa erakutsi zuen, berriro. Horregatik, bereziki estimagarria da arbasoen lurretan zehar egindako osteratxo erakargarri hau, bere begirada, begirada argia eta hein handi batean zintzoa delako.

Hemen duzu entzungaia Daniel Brownek joan den urtean Essauiran egindako elkarrikzeta.

Hau berriz haren biografia osoa da.
----------

ostatua blog

Munduan egiten diren musika eta horretan ari diren musikarien inguruan aritzeko gunea.

Bilaketa

Azken erantzunak

  • (0)

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution