
Azken urtetan arrakasta gehien jaso duen kantautore Europarra.
DAMIEN RICE: BARRUAREN GARRASIA
Kantautorerik klasikoenen zordun, ez da harritzekoa historia dramatikodun Tim Bukley edota Nick Drake burura etortzea Damien Ricen ibilbidea aipatzerakoan. Espero dezagun aurreko biekin betetako madarikazioa, arrakasta handia baina bizitza laburra, ez betetzea Irlandarraren kasuan. Alde batetik, oraintsu kaleratutako bigarren lan luzearen, “9” (heffa 2006), harira, kantariaren gainbehera goiztiarra iragartzen dutenen susmoa betetzen den ala ez jakiteko. Mito bilakatu baino lehen, bederen. Bestetik, bere ibilbidearen ezaugarriek hamarkada honetako kantautorerik eredugarrienetakoa bilakatzen duten ala ez jakiteko.
Geuk ez dugu, bere lehen lan luzeak, “0” (WB 2002) eragin zigun zirrara ahaztu nahi. Baina, era berean, ez genuke, Europar kritikaren zati handi batek egin bezala, oraindik azaldu ez duen gaitasunik edo ardurarik aitortu nahi. Bi disko, nolanahi ere, oso onak izanagatik, ezbaitira aski inor “azken urtetako kantaririk hoberena...” edota “Jeff Bukleyn oinordeko..” izendatzeko. Egia esateko, orain arteko erritmoa mantenduz gero, bi disko 6 urtetan (2000 garrenean hasi zen bakarka kantari), denbora dezente beharko du haren inguruan esandako guztiak baieztatzeko. Beste kontu bat da haien kantuek lortu duten oihartzun publikoa.
Lehen singlea kaleratu zuenean “The Blowers Daughter” (2001) zuzenean iritsi zen salmenta zerrendetako 20. postura. Kantu berdina “The Closer” filman agertzeak, areagotu egin zuen kantariaren ospea eta, beraz, guztia prest 2002an “0” kaleratu zuenean arrakasta zuzena lortzeko, kasualitatea, bai kritikarien eta baita entzuleri zaletuenaren artean. Disko borobila zen hura, harribitxiz betea, soiltasun akustikoan oinarritutako kantu dramatiko baina ederrez josia. Epikotasun sinesgarria eta emozio bilutsiak, aspaldian entzundako kantari baten lehen diskorik borobilenetakoa zen . Nahiz eta, askok, inbidiak jota ziurrenik, James Blunten bigarrena zela aipatu! “Eskimo” edota “Cool Water” bezalako kantuek gehiegi entzundako “The Blowers Daughter” itzaltzen zuten eta txalo batean jaso genuen folk zaleok.
Lehen disko horretatik 4 urte pasa dira Rice jauna bigarrena kaleratzen ausartzeko. Badakizu, bigarrena oso erronka latza da, batik bat, lehenak halako entzutea lortzen duenean. Horregatik hartu du, agian, Dublinekoak hainbeste denbora bigarren lana kaleratzeko. Lerro berdinari jarraiki, instrumentalki jantziagoa da eta horrek une askotan kantuen alde “epikoa” areagotzen du, gehiegi esango genuke, Nick Caven itzala luzea baita. Hala eta guztiz ere, diskoaren oinarria kantu akustiko melodikoak izaten jarraitzen dute, askotan ekaitza elektrikoan amaitzen badira ere. Zailagoa izango da disko honetako kantuak TBko publizitatean edota telesailetan entzutea (azken hilabeteetan Ricen kantuak Shakirarenak baino gehiago entzun dira, askoren harridurarako). Zailagoa izango da bigarren honek aurrekoak lortu zuen kritika eta entzuleri iritzi adostasuna lortzea, artista gehiago ditu, dagoeneko ibilitako bideak ibiltzen ditu berriro, ez dago himno bilakatzeko moduko kanturik..... Bigarren disko bati dagokionez kontinuismo eta ikerketa tarte horretan kokatu beharko genuke, pixka bat ez atzera eta ez aurrera, tartean geratzen den kantu bilduma gisara.
Horrek ez du esanahi disko txarra denik, ezta gutxiagorik ere. Disko bikaina da. Ez dugu uste izar mediatikoa bihurtuko denik, baina, ezin dugu ziurtatu denok espero dugun kantautore eraginkor eta handi hori bilakatuko denik, bide onetik doala uste dugu, hori bai. Hirugarrenaren zain gauzka.
HAINBAT KANTU ZAHAR