2007-03-01

Permalink 18:23:18, Atalak: Diskoak  

MUSIKA ETA IRUDIAK: LAU AUKERA

DVD musikalen zabaltzearekin eta dokumentala genero “menor” izateari uztearekin batera gertatu den filma musikalen berpizkundearen harira, gaur egun gure merkatuan topa daitezkeen lau filmen aipamena egingo dugu.

Istambuletik Nashvilera, Cohenengandik Sezen Aksurengana, azalpen film hutsak baino gehiago dira herri musiken inguruan dabiltzan lau film hauek. Gehienetan ohikoa den zuzeneko emanaldiaren isla fidela baino gehiago da, adibidez, Jonathan Demme zinema zuzendari ezagunak Neil Youngen inguruan osatutako “Heart & Gold” filma. Bertan Kanadiar kantariaren alderik bareena, countryena, agertuko zaigu.

Prairie Wind diskoaren aurkezpenaren baitan Nashvillen (nola ez ba, country musikaren ikono den hirian) grabatutako zuzeneko emanaldi honetan Youngen kanturik klasikoenetako batzuk topatuko ditugu eta era berean, kantariaren alderik intimistenarekin gozatu. Filmak ez du askoz ere gauza gehiago, ez bada emanaldia hasi baino lehen bertan parte hartuko duten musikari guztien azalpena jasotzen duen DVDaren lehen zatia. Hala eta guztiz ere, halako maisutasunez mugitzen du zuzendariak kamara dirdira berriak topatuko dituzula Kanadiar ustez lehorraren hainbat kantu hilezkorretan eta bere zuzenekoan. Hor dago koska!

Beste zuzeneko emanaldi baten testigantza, hainbat kantari ezagunek Cohenen omenez burututakoa, jasotzen du Liam Lumsonen “I’M Your Man” filmak. Beth Orton, Handsome Family, Nick Cave, Rufus Waiwright, Linda Thompson, Anthony, Teddy Thompson.. eta beste hainbat bildu ziren Cohenen kantu ezagunenetakoen bertsioak egiteko. Oraingo honetan, kantu eta kantu tartean, parte hartzaileen iritziak eta Cohen bera ikusi ahal izango dugu, bai, bere kantuen azalpen modukoak egiten, zein, bere bizitzako pasarteak kontatzen, edo, poemak irakurtzen. Guzti honek Montrealekoaren ibilbidea ulertzeko pieza oso interesgarria bihurtzen du dokumental eta musikalaren erdi bidean kokatu beharreko filma hau.

Alexander Hacke musikariak Istambulen zehar egindako bidaia musikalaren kronikatzat jo dezakegu, berriz, Fatih Akin zuzendariaren “Crosing the Bridge” filma. Einstuzende Neubaten talde esperimentaleko baxujoleak Europa eta Asiaren arteko zubian bizi den mundu bat erakusten digu, tradizio sakonen eta berrikuntza basatien artean garatzen ari den herri baten musiken berri ematen digu. Kale musikarien dehiadarretatik, eguzkia Bosforoan itotzen ari dela, Sezen Aksuren presentzia izugarrira. Aynur eta Kurdoen musikatetik, Sertan Ereneren “kabaretera”. Gaur egungo musika Turkiar urbanoaren aberastasunaren berri ematen digu, ijitoen ezkontza barne, zuzendariak.

Dokumentaletik gertuen egon daitekeen filma da hau. Tonua ere oso hurbilekoa du, eta ikusleak arretaz jarraitzen ditu musikari Alemanaren ibilerak honek etengabe musika eta musikariak ezagutzeko aukera ematen diolarik. Une egokienean egindako filma dugu, are gehiago kontuan hartzen badugu une honetan, Istanbul, irekiten dagoen hiria dela eta hau guztia asko alda daitekeela urte gutxiren buruan (Turkiak Europan sartzea lortu ondoren).

Gaurkoan aipatuko dizugun laugarren filmak Finlandiar zuzendari batek, Mika Kaurismakik (Aki Kaurismakiren anaiak) Brasildar musikekiko duen grina erakusten digu. Horretarako kamara bizkarrean hartu eta duela urte batzuk ahaztutzat jotzen bazen, azken urteetan indarrez berpiztu den “Choro” musikaren kronika egiten digu. Horretarako Riora joan eta antzokietatik bazter auzoetara eramango gaitu, azken aldiko artista entzutetsuenak eta klasiko ahaztezinak ezagutuz bidean. Lau aukera ezin hobe musikak eta irudiak uztartzeko.
----------

2007-02-05

Permalink 19:26:33, Atalak: Diskoak  

AFRO-SOUL
AFRICA HOT
Waleoyejide

Shamanwork 2006.

AFRO-BEAT MELENGA

Afro-beat musikaren inguruko irakurketa anitzen artean Waleoyejiderena ez da izango ziurrenik ausartena edo indartsuena, baina bai, AEBtan gero eta orokorragoa den jarrera baten adierazle; gaur egungo soul, R&B edota hip-hop komertzialena afro-beat berezkoarekin uztartzea,belaunaldi beltz berriak Kutiren altxorrera hurbiltzeko asmoz, espero dut. Melenga.
----------
Permalink 18:48:01, Atalak: ostatua  

Rachid Taharen disko berria. DIWAN 2: ARBASOEN LURRETAN ZEHAR


Rocka eta musika Maghrebiarrak uztartzen ospea lortu arren, nahiz eta, bere jarrera kritikoak rai musikaren errebeldea ezizena ekarri, hamaika aldiz musika tradizionalen ustezko babesleen geziak jaso baditu ere, Rachid Tahak ongi ezagutzen du bere herriko, Aljeriako, musika. Horren adibide gertatu zen duela 8 urte kaleratutako "Diwan" (Universal 1998) diskoa.

Erro musikaletara egindako bidaia honetan Tahak hainbat klasiko bisitatzen eta gaurkotzen zituen, bidean errespetu eta ausardiaren arteko alkimia txukuna lortu zuelarik. Agian, hori dela eta, topa daiteke disko honetan bere arrakastarik nagusienetakoa Dahmane El Harrachi handiaren "Ya Rahah" kantuaren bertsioa, alegia.

Handik 8 urtera eta tartean rock, elektronikaz, eta funk musikez betetako 4 disko igaro direlarik (The Clash taldearen "Rock The Casbha"; kantuaren bertsioa barne) , Rachid Tahak berriro heldu dio orduan hasitako bidaiari eta “Diwan 2” (Universal 2006) lana kaleratu berri du joan den urte amaieran. Disko berri honetan kantariak indarberritu egiten ditu kantutegi Magrebhiarreko hainbat kantu klasiko, bide batez, egileak omenduz. Houari Blaoui eta Ahmed Wahby Oraniar egile handiak; “Rani” eta “Mataouel Dellil” kantuetan. Egiptiar mamuak esnatzen ditu Oum Kalthoum eta Abdel Halim Hafezen bertsioak eginez: “Ghanni Li Shawaya” eta “Gana el Hawa” piezetan, eta nola ez, behin zortea ekarri zion Dahmane el Harrachiri omenaldi bikoitza egiten dio “Kifache Rah” eta “Maydoum” kantuen bidez. Hala eta guztiz ere, arrazakeria ironikoki salatuz eta bere erro Afrikarrak baieztatuz Francis Bebey argiak idatzitako “Agatha”, eta Mohamed Mazouniren kantutegitik ateratako “Ecoute Moi Camarade” kantua eta haren tronpeta “mariachiak” dira “Diwan 2” honetako gauzik “xelebreenak”.

Dena den, ez pentsa musika “tradizionalez” betetako beste disko akustikoa denik. Urteetan garatutako sena gidari, kantu guzti hauei irakurketa gaurkotua egin eta rock musikaren eraginez janzten ditu. Horretarako dauka alboan Steve Hillage ekoizle eta aspaldiko “burkidea”. Horrela, darbouka, bibolin eta denbirrek ez dute borrokarik egin behar bateria eta gitarra elektrikoekin, elkarren artean uztartu eta osatu egiten dira, espantukeri eta gehiegikeri arriskuak alde batera utzita. Hortxe agian Taharen musikaren erakargarritasunaren sekretua; nahasketa horren neurri eta tamaina egokia. Finean, Rachid Taha ez baita kantari tipikoa, ez baitu rai kantarien ahots gozo eta landua, rocketik musika tradizionaletik baino gertuago, zakarra eta urduria da haren ahotsa, larritasun egoera etengabean dagoenarena. Arbasoen aintzinako lurretan baino Lyoneko bazter auzoetan hezitako ahotsa.

Carte De Seour, Magrebheko musika eta rocka uztar zitezkeela erakutsi zuen lehen taldean, haren lehen taldean, nabaria zen hori. Are nabariago bakarkako lehen diskoetan “Barbes” (Universal 1991) edota “Rachdi Taha” (Universal 1993), edota “Voila Voila” bezalako kantu erreboltari eta dantzagarrietan (inoiz kantariak lortu duen arrakastarik handienetakoa). Ondoren, “1,2,3 soleil” (Universal 1999) diskoak Magrebheko musiken”gailurrean kokatu zuenean beldur ginen ez ote zen gure “iraultzailea” hondatuko. Bai zera! Hainbat urte nahiko “ilun” eman ondoren, duela hiru urte kaleratutako “Tekitoi” (Universal 2004) diskoarekin kontrakoa erakutsi zuen, berriro. Horregatik, bereziki estimagarria da arbasoen lurretan zehar egindako osteratxo erakargarri hau, bere begirada, begirada argia eta hein handi batean zintzoa delako.

Hemen duzu entzungaia Daniel Brownek joan den urtean Essauiran egindako elkarrikzeta.

Hau berriz haren biografia osoa da.
----------

2007-01-23

Permalink 20:21:04, Atalak: Diskoak  

NINA SIMONE REMIXED & REIMAGINED

RCA 2006 ERREPERTORIO HILEZKORRA Galdera inozoak erantzuteko diskoa izan daiteke; nolakoa litzateke Nina Simoneren musika gaur egun? Erantzunak ordea ez du zer ikusirik galdera horrekin. Finean, gustu musikal ona duen hainbat DJ eta ekoizle, dagoeneko, hilezkorra den errepertorioari beste osteratxoa emateko aitzakia bikaina baino ez. Ongi dago, fina da eta errespetua somatzen da..
----------
Permalink 20:15:16, Atalak: Diskoak  

K’NAAN: THE DUSTY FOOT PHILOSOPHER

Track & Field 2005

FRESKO ETA ENTZUNGARRIA

Joan den urtea bilakatu zen, diskoak bi urte izan arren, Europan K’ Naan Somaliar- Kanadiar kantariaren lana ezagutzekoa. Nabari da hip-hoparen erroetatik hurbil bizi dela eta topikoetan erori behar askotariko diska kaleratu du, hip-hop klasikoenari, adar berritzaileenei, Somaliar herri musikari eta musika “beltzei” begira. Freskoa da eta entzungarria.


----------

:: Hurrengo orrialdea >>

ostatua blog

Munduan egiten diren musika eta horretan ari diren musikarien inguruan aritzeko gunea.

Bilaketa

Azken erantzunak

  • (0)

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution