Artxiboak: Iraila 2006

Gerraren aurkako protesta Tel Aviv-eko queer topagunean.

2006-09-25

[Jatorrizko testua Pedro Carmonarena eta Sandra Fernandezena da. Espainiako Estatuko Diagonal hamabostekarian argitaratu zen (36. alea), eta webgune honetarako www.blogari.net/ortzadar84 euskarara itzuli da]

Nazioarteko urteroko Queeruption topagunea dela-eta, aurten queer mugimendu palestinarraren eta israeldarrarekin batera Tel Aviv-en ia ehunka queer ekintzaile (Europatik, Australiatik eta Ipar Ameriketatik etorrita) batu ziren, iragan abuztuaren 3tik 13a arte. Queeruption-en bederatzigarren aldia izan da, eta aurtengo ekitaldi-egitarauan Israelgo eta Zisjordaniako hainbat lekutan zenbait manifestazio iragarri zituzten. Azkenean aurreikusi baino askoz ere jende gehiago bildu zen, izan ere, antolatzaileak beldur ziren topagunera nazioartetik helduko zen jende kopuruan eragina izango ote zuen Israelek Libanon eta Palestinan eginiko gerra-oldarraldiak.

Queeruption-en bederatzigarren edizio hau World Pride LGTB nazioarteko desfileari erantzuteko modu queer eta propalestinar gisa antolatu zen. Izan ere, Jersusalemen ospatzekoa zen World Pride-ak izaera zinez komertziala eta sionista zuen, Israelgo Gobernuak aurpegia garbitzeko bultzatutako ekitaldia zen. Desfile hura abuztuaren 10erako iragarria zen, baina Israelen Libanoko inbasioa zela-eta eragindako gerra giroarengatik, azkenik bertan behera utzi zuten.

Aurretik ere, 2005. urtean urtebetez atzeratu zuen Israelgo Gobernuak World Pride-a, Israelek Gazatik atzera egingo zuela aitzakiatzat harturik. Aurten ere, bigarrenez jarraian segurtasun arrazoiei heltzen diete jaialdia bertan behera uzteko. Alabaina, queer mugimenduaren eta nazioarteko behatzaileen arabera, desfilea bertan behera uzteko erabakian buruzagi erlijiosoen eta politikari ultrakontserbatzaileen mehatxuek ere eragina izan zuten.

Hainbat parte-hartzailek, Israelera heltzean, mugan, umilazioak eta miaketa indiskriminatuak jasan zituzten. Eta topagunearen egunak gerturaturik, judu ultraortodoxoen hainbat taldek 3000 euroko diru-kopuruak eskaini zituzten "hildako sodomita" bakoitzeko, eta bitartean Jerusalemgo alkateak homosexualitatea gaitzesteko kanpaina bat zuzendu zuen.

Aurten, desfilea bertan behera geratu bada ere, Internet bidez, anonimoki eta baimenik gabe, homofobiaren aurkako elkarretaratze bat iragarri zen World Pride-a ospatu behar zen egunerako, Jerusalemen. Bertan, bestelako LGTB elkarteetako manifestariekin batera, berrehun bat queeruptionkidek esku hartu zuten, "Palestina okupaturik, harrotasunik ez" lelopean. Israelgo queer mugimenduaren ohiko leloa da hori. Manifestazioko queer blokeak Libanoren eta Palestinaren aurkako erasoak gaitzetsi zituen; eta Beiruteko Helem elkarteari eta Palestinako Asuad emakume lesbianen taldeari elkartasun mezuak helarazi zizkien. Queeruptionkide batzuek Libanoko eta Palestinako ikurrak eramatea aitzakia gisa erabili zuten Israelgo Poliziak eta Armadak bortxaz esku hartzeko: manifestari mordoa zauritu zituzten eta zenbait atxilotu egin zituzten. Israelgo prentsaren arabera gerraren aurkako "talde anarkistek" "mezu antisemiten bidez boikotatu zuten" LGTB harrotasunaren aldeko ekitaldi baketsua.

Beltzez jantzirik eta xingola arrosekin, Queeruptionera joandakoek gerraren aurkako beste manifestazio batean ere parte hartu zuten, Israelgo ezkerreko beste alderdi eta elkarte batzuekin batera, Tel Aviv-en, abuztuaren 5ean. Mila baino gehiago ziren manifestariek hainbat herritarren erasoak jasan behar izan zituzten, irainak eta txistua botatzeaz gain, gauzak ere jaurti zizkieten; zenbaitek Israelgo bandera zeramaten (Israelgo % 90 Libanoko inbasioaren alde daude, inkesten arabera). Kasu honetan, manifestarien arteko liskarrak ere izan ziren: Israelgo queerrek, alderdi sozialdemokratetakoen eta komunista sionistetakoen jarrera arbuiatzen zutelako. Izan ere, Libanoko erasoaldi militarra amaitu zedin eskatzen bazuten ere, Armadari gustua egiteko mezuak ere zabaltzen zituzten aldi berean.

Alabaina, queer ekintzaileek aurreko manifestazio bitan jasan zuten biolentzia handiagoa, abuztuaren 4ean eta 11n Bill’in (Zisjordania) herrixkan egindakoetan hain zuzen ere. Bill’in herrixkari bete-betean eragiten dio Israelek Palestinan eraikitako harresiak.

Abuztuaren 11ko manifestazioan batez ere, laurogei bat queer ekintzaile, palestinar erresistente eta bai nazioarteko bai Israelgo elkartasun taldeetako hainbat lagun bortizki kolpatu zituen Israelgo Armadak. "Hau Libano da" oihu eginez, "odolez" blaituta panpinak eta manikiak zeramatzaten manifestariek, Israelgo okupazio indarren errepresioa salatzeko harresiraino egindako agerraldi baketsuan; armada, ordea, oldartu egin zitzaien. Fusilekin eta borrekin kolpatu ostean, gas negar-eragilea erabili zuen armadak, baita "bombas de conmoción" direlakoak ere, eta azkenik, gomazko pilotak, militar erakoak, jaurti zizkieten, legeak agintzen duen distantzia baino gertuagotik. Israelgo ekintzaile bat jaurtigai hauetako hiruk jo zuten buruan eta hiru egun eman zituen koma egoeran. Edizio hau ixterakoan [abuztu amaiera] oraindik ere oso larri jarraitzen du. Queerution-eko antolatzaileen esanetan, ekintzaileak, onik ateratzen bada, betiko izango ditu ondorioak begi batean, belarri batean, eta beharbada burmuinean ere. Beste hamahiru pertsona ere zauritu zituzten, eta horietariko zenbait ospitaleratu zituzten.

Beste ekitaldi politiko zenbait ere antolatu zituen aurtengo Queeruptionek. Jerusalem ekialdean harresia ikustera joan ziren, eta Ramalan (Zisjordania) bat-bateko elkarretaratze batean esku hartu zuten, Libanoko palestinar errefuxiatuen eremuetan Israelek eginiko bonbardaketen aurka.

Jolasez eta LGTB errebindikazio ekitaldiez gain, Queeruptionen izandakoek Palestinako erresistentzia ekintzetan jarduten ikasteko lantegi bitan hartzeko aukera izan zuten. Bestalde, hainbat kritika eraikitzaile ere izan ziren: esaterako, Afrikatik eta Erdi/Hego Ameriketatiko queer-rik ez izatea bertan.

Gay, lesbiana eta transexualen euskarazko webgune bat izan gura du atari honek. Edozein iradokizun, proposamen, edo kritikatarako, eta nahi duzunerako posta-e: aitor[a bildua]gaztesarea.net Blogzkatu nire bloga

Sortzailearen profila

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution